euskaraespañol

E-mprende 2014 txapelketako lehen saria Informatikako Magna SIS enpresa juniorrak irabazi du

Talde txapelduna Gorka Maiztegi Etxeberria, Fernando Lozano Pajarón, Jeremías Pérez Contell, eta Alberto Calvo García ikasleek osatu zuten

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/23

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Magna SIS enpresa juniorrak lehen saria irabazi du Gestionet enpresak antolatutako 'E-mprende 2014' enpresa simulazioko lehiaketan; sariak 2.000 euroko zenbatekoa du. Bigarren postua ICOLAN  taldeak eskuratu zuen (1.500 €), eta hirugarrena, berriz, SNORKEL taldeak (500 €). Horrez gain, bost sari berezi ere banatu ziren, bakoitza 150 eurokoa.

Lehiaketa enpresa sortu berri baten kudeaketa simulatzean datza: nor kontratatu eta zenbateko soldatak ordaindu, denbora zein zereginetan eman, bezeroak nola kudeatu, kontratu berriak nola lortu, etab. Lehiaketan, hilabetez enpresa hobekien kudeatu zuten bost taldeak finalerako sailkatu ziren, duela gutxi BEAZko Bizkaia Sortzailea espazioan egin zena, Bilbon.

Talde irabazlea Magna SISeko lau kidek osatu zuten: Gorka Maiztegi Etxeberria, Fernando Lozano Pajarón, Jeremías Pérez Contell, eta Alberto Calvo García; lehen biak Ingeniaritza Informatikoko ikasleak dira, eta beste biak, aldiz, graduondoko ikasleak dira UPV/EHUko Informatika Fakultatean.

"Iaz sari berezietako bat lortu genuen, enpresa bereko kideek osatutako talde onenari, eta horren ondoren edizio honetan lehen saria irabazi izana aintzatespen handia da, eta oso harro gaude. Irabazi dugun dirua, eskudirutan, gure kideen prestakuntzarako erabiliko dugu, besteak beste, gure sektoreko hitzaldietara joatea bezalako ekintzekin", azaldu du Gorka Maiztegik.

Magna SIS UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikasleek eratu eta erabat kudeatutako enpresa bat da. 2012. urtean sortu zen, ikasleen zerbitzura dagoen tresna gisa, lan arloko esperientzia jasotzeko, eskuratutako jakintza akademikoa enpresa proiektu errealetan aplikatuz. Magna SIS Junior Enpresen Euskal Federazioaren bazkide da.