euskaraespañol

Atzerrian euskara irakasteko prestakuntza ikastaro berria jarriko du abian UPV/EHUk

Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/22

Euskal Herriko Unibertsitateak, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzaren bidez eta, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko unibertsiteteetan eta goi mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaro berria emango du udazkenetik aurrera. Nekane Balluerka UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak eta Mari Jose Olaziregi  Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariak aurkeztu dute programa berria gaur Donostian.

Egungo mundu globalizatu eta berdintzailean euskarari eta euskal kulturari ikusgarritasuna eta prestigioa ematen dieten ekimenak sustatzearen garrantzia nabarmendu du errektoreordeak.

Ikastaro berriak euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea xede duela azaldu du eta irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu dutela ere adierazi du. Hauek dira helburu nagusiak: Lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan; Euskararen berezitasunak eta espezifikotasuna testuinguru elebakarretan edo/eta eleanitzetan; Alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta; eta azkenik, atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzea, IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez.

Ikastaroa honakoei bideratutakoa da: EGA duten graduko edo lizentziaturako unibertsitate tituludunei -lehentasuna emango zaie Giza Zientzietan lizentziatuei- eta ezagutza areagotu nahi duten bigarren hizkuntzetako irakasleei, bereziki euskara bigarren hizkuntza gisa irakasten dihardutenei.

Formakuntza programa 2014an eskainiko da lehen aldiz, irailaren 26tik azaroaren 15era bitartean, eta Mari Jose Olaziregik eta Jesús Cuenca de la Rosa Euskal Herriko Unibertsitateko Bisitarientzako Hizkuntza Ikastaroen koordinatzaileak zuzenduko dute.  Alor ezberdinetako puntako adituek eskainiko dituzte lehen programa honetako eskolak, hainbat gai jorratuz; besteak beste, euskara irakasteko metodologia, gaitasun komunikatiboa eta motibazioa, syllabus-aren antolaketa, curriculumaren diseinua, ahozkotasuna edo teknologia.

Bernart Etxepare lehen euskal idazlearen bidea jarraitu zuen Gabriel Aresti gogoratu nahi izan du Mari Jose Olaziregik, "Harri eta Herri" argitaratu zela 50 urte bete diren honetan, urteurrenarekin bat eginez. Euskara gure identitate kolektiboaren adierazgarri inportanteena dela azpimarratu du Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariak, eta pozik agertu da UPV-EHUrekin batera egindako elkarlanaren emaitzaz. Adierazi duenez, Institutuak  16 herrialdetako 34 unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura irakasten duten 28 irakurle ditu une honetan, euskal ikasketen nazioarteko 5 Katedretaz gain.  Bestalde, Institutuaren eta UPV/EHUren lankidetzaz ere "Excellence in Basque Studies" ikastaroa eskaintzen da Udako Ikastaroetan -aurten laugarren aldiz- harrera bikainarekin, bataz beste 90 ikasle biltzen baititu urtero.