euskaraespañol

Kongresua

Zahartzearen abentura

Noiz eta non

Noiztik: 2014/04/03 Noiz arte: 2015/01/23, 09:30 - 12:10

Kokapena

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Osteguna, apirilaren 3an, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko 'Antonio Beristain' entzunaretoan, Donostian, Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoaren Espainiako Sozietatearen XXI. Biltzar Nazionalaren eta Laguntzaile, Gerokultore eta Zaintzaileentzako VI. Jardunaldien inaugurazio ekitaldia egingo da.

Ekitaldian parte hartuko dute:

  • Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea
  • Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua
  • Ander Rodriguez, Gipuzkoako Gizarte Politikako foru diputatua
  • Josu Ruiz, Donostiako Kiroletako eta Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkaria

Agerraldien ostean, Arantza Urretabizkaia idazleak 'Contra la vergüenza a envejecer' izeneko irekiera-hitzaldia eskainiko du.

'La aventura de envejecer' lelopean, UPV/EHUk apirilaren 3an eta 4an, osteguna eta ostirala, 300 biltzarkide baino gehiago elkartuko ditu, tartean erizaintzako profesionalak, sendagile geriatrak eta erizaintzako langileak, osasun eta gizarte zerbitzuen arlo desberdinetakoak: lehen mailako arreta, ospitaleko arreta, egoitza zentroak, eguneko zentroak, eriondoko unitateak eta arreta soziosanitarioko unitateak. Horrez gain, beste kolektibo batzuk ere presente izango dituzte, esaterako gerokultoreak eta zaintzaile ez profesionalak.

Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoaren Espainiako Sozietatearen XXI. Biltzar Nazionala eta Laguntzaile, Gerokultore eta Zaintzaileentzako VI. Jardunaldiak Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoaren Espainiako Sozietateak, UPV/EHUko Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolak, Gipuzkoako Erizaintza Kolegio Ofizialak eta Matia Fundazioak elkarlanean antolatu dute. Halaber, pertsona nagusiak zaintzeak elkartzen dituen profesional eta zaintzaileen kolektibo zabal bati zuzenduta daude. Biltzarraren helburua adinekoak zaintzen jarduten diren profesionalen figura sustatzea eta bultzatzea da, zehazki esateko eginkizun profesionala esparru horretan garatzen duten erizaintzako profesionalen figura. Ildo beretik, azken xedea bertaratutakoek beharrezko ezagutza, trebetasunak eta jarrerak eskuratzea edo eguneratzea da, adineko pertsonei arreta eskaini eta zaintza lanak zuzen betetzeko.

Bileraren programaren garapenean diziplina aniztasuna aintzat hartu da; horren haritik, lan metodologia anitza izango da, jardueran parte hartuko dutenek parte hartzea eta elkarrekintzan aritzea errazteko. Hortaz, osoko erakusketak, mahai-inguruak eta tailer espezifikoak uztartuko dira, eta horrek ahalbidetuko du bai biltzarrean planteatutako helburuak garatzea, bai parte hartzaileek norbanako beharrizanei egokien erantzuten dieten gaiak hautatu ahal izatea.

Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoaren Espainiako Sozietatea 1987. urtean eratu zen elkarte gisa, eta harrezkero jarduera ugari garatu ditu, besteak beste estatu mailako biltzarrak eta zaintzaileentzako jarduerak, betiere erizaintza geriatriko eta gerontologikoari lotutako oro defendatzeko eta sustatzeko dagokion esparruaren barruan, alderdi deontologikoetan, etiko-legaletan, duintasunari dagozkion alderdietan eta prestigio tekniko, kultural, zientifiko eta ikerkuntzako alderdietan. Donostiako UPV/EHUko Erizaintzako Unibertsitate Eskolak, halaber, unibertsitateko zein kanpoko kolaboratzaile sarearekin harremanak izateko premia ezarri du bere estrategiatik. Horren haritik, zientzia elkarteak eta osasun zentroak aliatu klabeak dira graduko prestakuntza garatzean eta profesionalen etengabeko prestakuntzarako. Hala, hasiera-hasieratik zientzia ekimen ugari antolatu dituzte elkarrekin eta beste elkarte batzuekin batera. Une honetan Erizaintza Geriatriko eta Gerontologikoaren Espainiako Sozietatearekin batera antolatu du aipatutako foroa, zaintza lanei dagokienez hazten ari den gai baten inguruan esperientziak trukatu eta ikasteko.

Harremanetarako datuak

Informazio gehigarria