‘Finnish Association for Scholarly Publishing’ elkarteko kideek UPV/EHU bisitatu dute
Finlandiako hamabi bat editore akademikok hurbiletik ezagutu dute euskarak Unibertsitatearen argitaletxe politikan bizi duen egoera
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/10/24
Finlandiako Finnish Association for Scholarly Publishingeko editore akademikoen talde batek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua bisitatu du asteazkenean, urriaren 17an. Taldeko buru Pauliina Raento Tampereko Unibertsitateko irakaslea izan da, eta, bisitan, finlandieran edo suedieran espezializatuta dauden sozietateek argitaratutako aldizkari akademikoetako editoreak izan dira. Helburu nagusia euskarak argitaletxe politikan bizi duen egoera hurbiletik ezagutzea izan da, eta Unibertsitateko zientzia informazioak Europako testuinguruan duen zabalkundea ezagutzea.
Bidaia ‘Finnish Association for Scholarly Publishing’en hezkuntza programan sartzen da; hura nagusiki finlandieraz lan egiten duten 110 sozietate eta argitaletxe txikik eratzen dute. Finlandiako Zientziaren Editoreen elkarteak kide guztiek dituzten interes eta eskubideak ikuskatzen ditu, batik bat egile eskubideak eta zientzia argitalpenarekin zerikusia duten beste gai batzuk, eta ikastaroak, ibilaldi tematikoak eta erakunde eta kideentzako bekak eskaintzen ditu. Helburua da zientzia argitalpenen posizioa sendotzea, kideen arteko lankidetza sustatzea eta nazioarteko erkidegoaren eta argitalpen zientifikoaren elkarreragina bultzatzea.
Bilera bi ordu baino gehiagokoa izan da eta, bertan, Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea eta Teresa Agirreazaldegi Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria anfitrioiak izan dira. Beraiek UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzuaren datu esanguratsuak eman dituzte: zerbitzuaren egitura, argitalpen kopurua eta ezaugarriak, argitalpen lerroak, aldizkariak… Euskarazko argitalpenak nabarmendu dituzte; izan ere, “interes handiko arloa da”, esan du Teresa Agirreazaldegik. Bestalde, Jon Zaratek UPV/EHUk euskarazko argitalpenak sustatzeko dituen politikei buruz hitz egin zuen.
Finnish Association for Scholarly Publishing elkarteko kideak, egunotan, Euskadiko erakunde eta instituzioak bisitatzen ari dira, informazio zientifikoaren zabalkundean eta Europako testuinguruan euskararen errealitatea ezagutzeko.