‘Cárceles y derechos. Enfermedad, acumulación de condenas, alejamiento’ liburua oso azterlan zehatza da eta bi kontzeptu hauen artean bereiztea du helburu: espetxe politika eta espetxeratutako pertsonen eskubideak, betiere oinarrizko eskubideen eta Zuzenbidearen teoriaren ikuspegitik eginda. Azterlana egiteko, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutakoa, egileak ardatz izan ditu terrorismoaren aurkako legedia aplikatzearen ondorioz zigorra betetzen ari diren espetxeratutako pertsonen egoera eta Auzitegi Nazionalak, Auzitegi Gorenak, Konstituzio Auzitegiak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epai esanguratsuenak.
‘Cárceles y derechos’ liburuak espetxe politikaren eta pertsonen eskubideen arteko talka aztertzen du
Iñaki Lasagabaster Herrarte UPV/EHUko katedradunaren aburuz, “auzitegiek ez dituzte espetxeratutako pertsonen eskubideak bermatzen”
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/06/27
Azterlaneko ondorioei dagokienez, Iñaki Lasagabaster UPV/EHUko katedradunak hau adierazten du: “Euskal Herriko presoei aplikatzen zaien espetxe politikak eraginda, haien oinarrizko eskubideak urratzen ari dira sistematikoki. Espetxeratutako pertsonen eskubideen kaltetan ‘espetxe politika’ (eskubideak izan badirela ahaztu egiten duena, nonbait) batez ere arduradun politikoek, baina baita auzitegiek ere, gehiegitan azpimarratzeko akats larri horrek sortzen du aipatutako egoera”.
Zuzenbide Penitentziarioaren azterlan sakona da, gaur egun arte behar adina analizatu ez dena. Iñaki Lasagabaster katedradunak arreta eza dagoela adierazi du, “oro har, Zuzenbidea historikoki espetxeetako ateetan egon delako, baina ez duelako garrantzi handirik izan espetxe barruan”. Zehazki, Lasagabaster irakasleak alderdi hauek aztertu ditu: oso gaixo dauden espetxeetako presoen egoera, kondenen metaketa eta presoen edo senideen etxetik urrutiko espetxeetako barneratzea.
Irakasleak bere analisitik ondorioztatutakoaren arabera, auzitegiek ez dute betetzen espetxeratutako pertsonen eskubideak bermatzeko eginkizuna. Eskubide horiek espetxe politikaren muga dira eta nazioarteko arauek eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Jurisprudentziak bermatuta daude. Lasagabaster katedradunak adierazten duenez: “Hori gorabehera, agintari politikoek eta auzitegiek eskubide horiek urratzen jarraitzen dute”.
“Askatasunik ez duten pertsonek dute beharrezko babes juridiko handiena oinarrizko eskubideen arloan, era horretara eragozteko—katedradunak baieztatzen duenez— Estatuak bere ahalmenak erabil ditzan ordenamenduak nahi ez dituen helburuetarako, esaterako, botere publikoetako bahituak bilakatzeko beste xede batzuen bilaketan edo mendekuan”.
‘Cárceles y derechos” UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua da liburuaren argitaratzailea eta UPV/EHUpress-en kalitate zigilua du. Bereizgarri horrek ziurtatzen du jatorrizko lanak gutxienez bi adituk, parekoen itsu bikoitzeko sistemaren bidez, egindako kanpoko azterketa bat gainditu duela.