“Munduan egoteko modua aldatu dit”, ziurtatu zuen Evak, Mugarik Gabeko Ingeniaritzak (MGI) GKEarekin Garapenerako Lankidetzako Gradu Amaierako Praktika eta Lanen Programan parte hartu ondoren. Ekimena orain dela 20 urte sortu zen, eta Gasteizko Irakasle Eskolaren lankidetza-praktiken proiektu batean izan zuen aurrekaria. Joan den asteartean, programaren hogeigarren urteurrena ospatzeko ekitaldian egindako lana aitortu zitzaien aintzindariei eta ekimena sortu eta garatzeko ezinbestekoak ziren beste pertsona batzuei.
1.300 ikaslek 110 GKErekin lan egin dute Latinoamerika, Asia eta Afrikako 37 herrialdetan
Garapenerako Lankidetza Bulegoak UPV/EHUren Garapen Lankidetzako Gradu Amaierako Praktika eta Lanen programaren 20. urteurrena ospatu du
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2023/05/25
2000. urtean hasi zen guztia, Juanjo Celorio garai hartako Gasteizko Irakasle Eskolako irakasleak Ekuadorko eskola indigenetako ikasleentzako praktika tutorizatuen programa bat abian jarri zuenean. Proiektuak hazten jarraitu zuen 2003an AUSI (Nazioarteko Elkartasuneko Unibertsitate Elkartea) sortu zen arte, eta, ondoren, ezagutzen dugun ‘Ekilore Munduan’ bihurtu zen. Urte berean (2003), Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Garapenerako Lankidetzako Gradu Amaierako Praktika eta Lanen Programa onartu zuen. Horrela, unibertsitateak izaera ofiziala eman zion garapenerako unibertsitate-lankidetzarekiko konpromisoari, eta bere ikasleen eta irakasleen esku jarri zituen garapenerako lankidetzako jardueretan parte hartzeko bitartekoak, bere prestakuntza akademikoaren zati gisa.
«Parte hartzen duten titulazioetan jauzi kuantitatiboa gertatu da: nabarmen handitu da osasun-zientzien, ingeniaritzen edo arkitekturaren ikasleen partaidetza”
Estibaliz Sáez de Cámara Oleagak, UPV/EHUko Iraunkortasuneko eta Gizarte Konpromisoko zuzendariak, gogoratu zuen bezala, “ordutik ia 1.300 ikaslek egin dituzte praktikak herrialde pobretuetan, garapenerako lankidetzan, Ikasketa Amaierako Egitasmoetan edo Gradu Amaierako Lanetan (GrAL). Hogei urte hauetan zehar, Bizkaia Aretoko auditorioan gogoratu zuenez, Asiako, Afrikako eta Latinoamerikako 37 herrialdetan, 110 erakunderekin elkarlanean, ekimenetan parte hartu dute ikasle hauek. Herrialde horietataik, Ekuador, Nikaragua eta Argentina nabarmentzen dira”.
Saez de Camarak “oso positiboki” baloratzen zuen egindako bidea. “Atzera begiratuz gero, azaldu du, gero eta gehiago dira parte hartzen duten ikasleak eta jarduera horien tutore diren irakasleak. Gainera parte hartzen duten titulazioetan jauzi kuantitatibo bat gertatu da: hasiera batean gizarte-eremuarekin lotutako ikasle gehiago baziren, gaur egun nabarmen handitu da beste prestakuntza batzuena, hala nola osasun-zientziena, ingeniaritzena edo arkitekturarena”.
Aintzinako lagunak berriz elkartu ziren
Joan den asteartean, maiatzak 23, hogeigarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zen Bizkaia Aretoan, eta ozeanoaren bi aldeetako aspaldiko lagunen elkartzea ahalbidetu zuen. Horiek guztiak jakitun dira mugarri baten partaide izan direla, orduan inork ez baitzuen hitz egiten 2030 Agendaz, ezta GJHez ere.
AINTZATESPENAK
Ekitaldian, Iraunkortasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak bere lana aitortu zien bertaratutako hainbat pertsonari, proiektu hori errealitate izan zedin. Hauek izan ziren omenduak:
Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (HEFA), programan parte hartzen duten 330 ikaslerekin eta 10 lankidetza-hitzarmenekin.
Arrate Aguirrezabal, Psikologia Fakultatea, Garapenerako Lankidetzako Praktiken tutorea.
Haurralde Fundazioa, Euskal Lankidetza Erakundea.
Iratxe Amiano, Clara Murgialday, Espe Etxeandia, Juanjo Celorio eta Estíbaliz Martínez, Garapen Lankidetzako Praktika eta eta TFG Programaren sustatzaileak
Guillermo Quindós Garapen Zientifiko-sozialerako eta Transferentziarako errektoreordearekin batera, Eva Ferreira errektoreak topaketa ireki zuen. “Ikaslearen praktikak, eta are gehiago gradu-amaierako lanak, prestakuntza akademikoaren funtsezko elementuak direla. Garapenerako lankidetzari lotutako programetan kokatzen direnean, beste kultura batzuetako pertsonekiko hurbiltasunak, desberdintasun-egoeren analisiak eta gureaz bestelako giza errealitateekiko sentsibilizazioak dimentsio zabalagoa eta sakonagoa hartzen dute, arlo akademikoarekin bat egiten dutelako. Funtsezko balio erantsi hori babesten eta bultzatzen jarraitu behar dugu”.
“Eta badakit nola aldatzen zaien bizitza programa honetatik pasatzen diren ikasleei, baina baita haien inguruneari ere”, ziurtatu zuen Ferreirak. “Nire semeak – azaldu zuen – programa honetan parte hartu zuen ni oraindik errektore ez nintzenean, eta bere Ikasketa Amaierako Egitasmoa egin zuen Mugarik Gabeko Ingeniaritza GKErekin egindako praktika batzuetan. Horri buruz hausnartzeko aukera eman zigun, eta ezagutu ahal izan nuen egiten duten lana eta horrek guztiak dakartzan kudeaketa-zailtasunak. Esperientzia horrek lagundu dit lan hau aurrera atera dadin bideratzen eta apustu egiten”.
Esperientziak metatzen ziren: programan parte hartu duten ikasleak eta irakasleak, hemengo GKEetako kideak (Euskal Fondoa, ISF, Haurralde, Hegoa) eta hangoak (Demokraziarako Ekimen Zibilaren Fundazioa, INCIBE (Guatemala); Elkarte Kolektibo Feminista (El Salvador); Yapawayra Fundazioa (Kolonbia)), edo, nola ez, UPV/EHUko zuzendari eta teknikariak, proiektua kontu pertsonal gisa sentitzen dutenak.
Partaide horien artean, Estibaliz Martinez UPV/EHUko lankidetzako teknikariak, 2010az geroztik, Clara Murguialday omenduaren lekua hartu zuen. Azken horrek, Espe Etxeandia bulegoko administrari laguntzailearekin batera, egungo Lankidetza Bulegoaren hastapenetan egon ziren. Martinezek azpimarratu zuenez, “programa honek gaitasun asko ematen dizkie ikasleei, erritmo akademikoak ematen ez dituenak eta gizarteak eskatzen dituenak: gaitasun sozialak eta gizatiarragoak, profesional eta herritar moduan garatzeko ezinbestekoak direnak”.
Ildo beretik mintzatu zen Saez de Cámara ere, eta hauxe nabarmendu zuen: “Praktika horiek aukera ematen dute Europako estrategiek zein Unibertsitateen Lege berriak eskatzen dituzten zeharkako gaitasunetan (soft skills), hau da, gure ikasleak giza eskubideetan, iraunkortasunean eta generoan… trebatzeko”.
Gaztenpatia, emakume izena duen diziplina anitzeko programa
Jardunaldiak bigarren mahai bat izan zuen Gaztenpatia programaren ekarpenei buruz hitz egiteko. Programa hori 2007an jarri zuen abian Kooperazio Bulegoak, Euskal Fondoarekin lankidetzan, eta Latinoamerikan diziplina anitzeko proiektuak garatzen ditu. Bertan ikasleek, irakasleek eta hemengo eta hango GKEetako kideek parte hartu zuten.
Rakel Oyonek (Hegoa), bere hitzaldian, “bertara bidaltzen ditugun ikasleengandik espero den profesionaltasuna” azpimarratu zuen. Ane Gutiérrez Martínezek edo Adelis Galindo Yumok berretsi zuten hori, Guatemalan eta Kolonbian izandako esperientziak kontatzean, hurrenez hurren. Garai hartan Arkitektura Eskolako ikasle zela, Adelisek Segundo Montes Institutu Teknologikoarekin lan egin zuen El Salvadorreko Segundo Montes hiria kartografiatzen: benetako landa-lana, etorkizuneko zerbitzuak hirian kokatzea, etab. Horri esker, bere egonaldian balio profesionala eman zion. Neska gazte honek ‘Empieza por Educar’ (Madril) fundazioan lan egiten du orain, eta “bizikidetza hori, ekarri genituen balio horiek orain nire bizitzako, familiako eta laneko alderdi guztietara estrapolatzen ikusten ditudala”, ziurtatu du.
«Lankidetza-programa honetan parte hartu duten pertsonen ia % 70 emakumeak dira»
Beste horrenbeste gertatu zitzaion Ane Gutiérrez Martínez aureko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko ikasleari, zeinak jolas kooperatiboetan oinarritutako GrAL bat garatzeko asmoa izan zuen, arazoak ‘in situ’ aztertu ondoren, lana inguruko beharretara egokitzea erabaki zuen. “Niri esperientzia horrek oso heldutasun goiztiarra eman dit, eta, beste esperientzia batzuk bizi izan ditudanez, uste dut horrelako praktikarik egin ez duten beste pertsona batzuek ez dituzten gaitasunak eman dizkidala. Uste dut hobetzeko aukera ematen digutela, ez bakarrik lanean, baita pertsona gisa ere”.
Ez da kasualitatea ikasleen ordezkariak bi neska izatea; izan ere, Juanma Balerdi Euskal Fondoaren ordezkariak azpimarratu zuen bezala, “emakumeak gehiengoa dira programa honetan”. Izan ere, nabarmentzekoa da, beste behin ere, elkartasuna emakumezko izenaz idazten dela; Estibaliz Saez de Cámara Oleagak datuak azaltzean esan zuen bezala, lankidetza-programa honetan parte hartu duten pertsonen ia % 70 emakumeak dira”.
Iratxe Amiano, Gizarte Erantzukizuneko zuzendari ohia (2009-2017) eta Gaztenpatiako sustatzailea, pozik agertu zen “gure ikasleen hezkuntza eraldatzailerako prestatutako programa horiek egindako bidearekin”. Amianok azpimarratu zuen “ikasleek praktika aberasgarriagoak, baina sakrifikatuagoak, egiteko duten ausardia, hegoaldeko herrialdeetara joatean, eta deitoratu zuen “garapenerako lankidetza 2030 Agendarekin itzaltzen ari dela”.
Egin ziren bi mahaietan parte hartu zutenak bat zetozen etorkizunean programa sendotzeko baliabide gehiago behar zirela esatean. Iraunkortasuneko eta Gizarte Konpromisoko zuzendariak azaldu bezala, “programa horiek gauzatzeko kudeaketa eta baliabide pertsonal asko behar dituzte”.
Topaketak Vanessa Sánchez kazetari ezaguna izan zuen zeremonia-maisu, eta Sökolé Ritmo y Experienciaseko Perkusio Afrikarreko taldeak girotu zuen. Jardunaldi osoari soinu-banda jarri zion, oso modu berezian eta bertaratutakoen laguntzarekin.