Javier Portillo Berasaluce, Naiara Bilbao Quintana eta Arantzazu López de la Serna
COVID-19: Nola ekingo diogu ‘irakaskuntza berriari’ ikasleen erdiak ez badu ez Internetik, ez ordenagailurik?
Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2020/09/22
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Pandemiaren ondorioz 194 herrialdetako ikastetxeak ixteak kalte egin die munduko ikasleen % 91ri. Mundu mailako erronka handi horrek urrutiko irakaskuntzarako trantsizio gogor eta planifikatu gabea eragin du.
Bistakoa da ez geundela prest trantsizio hain latz baterako, baina bistakoa da, halaber, urrutiko irakaskuntza irtenbidearen zati izan behar dela; hala ere, oraindik ez da erabaki ez nola,ez zer neurritan izan behar duen.
Lehen olatuaren ondoren, honako erronka orokor hauek ditugu: epe laburrera suspertzea eta etorkizunerako hezkuntza sistema erresilienteak eta bidezkoak eraikitzea.
Erronka horiei erantzuna ematea ez da batere erraza. Urrutiko hezkuntzaren “Grial Santua” ez da orain Googlek, Microsoftek eta beste multinazional batzuek zilarrezko erretiluan eskaintzen duten online plataforma teknologikoa.
Irakasleen autonomiaren murrizketak
Azken urteotan, kezka agertu da: nazioarteko korporazio pribatuen gero eta protagonismo handiagoak irakasleen autonomia profesionala eta eskubideak murriztu ote ditzakeen eta komunitateek beren eskolen gainean duten tokiko kontrola murriztu ote daitekeen.
Izan ere, hezkuntza ondasun publiko gisa hartzen den arren, enpresa horien eta kontsumitzaileen artean arinkeriaz hartutako ohiko akordioek hori alda dezakete. Hezkuntzaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazi duenez, pandemiaren testuinguruak etorkizunean hezkuntza komertzializatzeko eta pribatizatzeko helburuarekin kapitalizatzeko produktu teknologikoak eskaintzeko balio izan du.
Normaltasun berrian eskolara itzultzeari dagokionez, UNESCOk eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak arduradun politikoei zuzendutako dokumentu bat argitaratu dute, pandemiaren ondorioz hezkuntza komunitateak behar duen babesa ematen laguntzeko.
Teknologikoak ez diren beste premia batzuk
Mezua argia da: inbertsioa egin nahi da langile gehiago kontratatzeko, irakasleen lan eskubideak eta baldintzak babesteko, pandemiak ikasle eta irakasleengan izan duen eragin psikologiko eta sozioemozionalari arreta emateko eta aurrez aurreko eta urrutiko eskola birkonfiguratu baterako trebakuntza eta prestakuntza profesionala eskaintzeko.
Agian, COVID-19aren ondorioz, hezkuntza hibridoaren abantailei buruzko eztabaidak badu behin betiko erabakia (Ikasketa erdipresentziala), errealitate tematiak hezkuntza mota hori inposatzen baitu. Agian murriztu egingo du kolektiboak teknologiekiko duen erabateko ezinikusia, laguntza oro beharrezkoa baita konfinamenduak ikasgelako irakaskuntza eredua apurtzen duenean. Agian, kolektibo teknologoenak bere gogoa arindu beharko du, teknologia, berez, ez baita gai izan egoera konpontzeko. Agian urrutiko lanaren lege erregulazioak lehentasuna izango du, irakasleen lan eskubideak babestu behar direlako eta plataformen erabilera jakin batzuek epe luzera eragin ditzaketen ondorio kaltegarriak prebenitu behar direlako.
826 milioi ikasle, ordenagailurik gabe
Mendebaldeko Europan, modu naturalean identifikatzen dugu urrutiko hezkuntza gailu elektronikoen eta abiadura handiko Interneteko konexioaren erabilerarekin. Baina nazioarteko errealitatea bestelakoa da: 826 milioi ikaslek (erdiek) ez dute ordenagailurik etxean, eta 706 milioik ez dute Interneterako sarbiderik.
Errealitate horren ondorioz, herrialdeen % 68ren konfinamenduan, honako hauen nahasketa bat izan da urrutiko hezkuntzaren erantzuna: baliabide digitalak (% 73), telebista (% 75), irratia (% 58), paperezko baliabideak (% 48) eta bisitak (% 7).
Halaber, ezinbestean berrelikatu behar ziren gurasoak eta tutoreak, eta, horretarako, SMS mezuak, chatbotak eta mezularitza aplikazioak erabili ziren.
Testuinguruen aniztasuna oso zabala da –elektrizitatea, irratia, telebista, telefono mugikorra, Interneteko konexioa edo ordenagailua izatea edo ez izatea–, eta UNICEFek urrutiko irakaskuntzari buruzko erabaki zuhaitza garatu du; hau da, hezkuntza edukiak banatzeko biderik egokienak zehazteko tresna azkar bat.
Papera versus teknologia
Interesgarria da azpimarratzea ordenagailuak edo online plataformak eskuragarri daudela alde batera utzita, UNIFECek gomendatzen duela online komunikaziorako euskarri erredundantea izatea, paperaren bidez edukiak banatzeko, eta SMS edo telefonoa erabiltzea hezitzaileak eta tutoreak berrelikatzeko.
Estrategia horrek aukera ematen du, alde batetik, “B plan” bat izateko, gure eguneroko bizitzan oinarrizkotzat jotzen ditugun baliabideek huts egiten duten kasuetarako, hala nola online hezkuntza plataformak eta Interneteko konexioa; eta, bestetik, hezkuntza edukiak banatzeko kanal bat bermatzen du, baliabide horiek ez dituzten eta erosteko ahalmen txikia duten familientzat.
Hala, hezkuntza sistema erresiliente eta ekitatibo batean, beharrezkoa da bai frugal technology delakoa erabiltzea, bai banaketa eta komunikazio kanaletako erredundantzia.
Inklusioa da gakoa
NBEk lan munduaren aldaketa orokor baten alde egiten du, pertsonak ardatz dituen digitalizazio inklusiboagoa lortzeko.
Hezkuntza, zehazki, jarduera bereziki soziala da, eta ez litzateke alde batera utzi behar berdinen arteko babesak duen garrantzia. Horrek ikasleen kolektiboari eragiten dio; izan ere, ikasleen arteko baterako ebaluazioa, tutoretza eta mentoretza indartzeak hazteko ahalmen handia du irakaskuntza hibridoko edo urrutiko egoeretan.
Era berean, elkarrekin konektatutako irakasle komunitate bat ondo ehundutako sare bat da: profesionalak babesten ditu, eta berdinen artean eztabaidatzeko, baliabideak partekatzeko, elkarlanean aritzeko, berrelikatzeko eta ebaluatzeko aukera ematen du. Erakundeek komunitate horiek indartzen lagun lezakete –bai estatu mailakoak, bai nazioartekoak–, horrela, formatu irekian sortutako baliabideen erabilera partekatua bultzatuko lukete.
Ondorioz, urrutiko irakaskuntza geratzeko iritsi da, bai aurrez aurrekoa aberasten duen osagarri gisa, bai konfinamendu egoeretan, baliabide intentsiboago gisa.
Dena den, urrutiko irakaskuntzak ezin du presentziala ordeztu, eta online plataforma batek ere ezin ditu ikasgela batean pertsonen artean gertatzen diren interakzio guztiak ordeztu, ezta irakaslearen ezinbesteko lana ere.
Urrutiko hezkuntzaren “Grial Santua” irakasleen artean dago. Beraz, lehentasunezkoa da pertsonen arteko elkarreraginean oinarritzen diren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak diseinatu eta modulatuko dituen giza kapitalean inbertitzea.