Gogo basatiak
Egilea: Hauser, Marc D.
Itzultzailea: Irene Aldasoro
ISBN: 978-84-9860-074-2
Formatua: 16 x 24 zm
Hizkuntza: Euskara
Urtea: 2008
Prezioa: 23,00€ (zerga barne)
Orrialdeak: 484 or.
Zer dute animaliek buruan?
Zer pentsatzen dute animaliek? Zer sentitzen dute? Ba ote dute emoziorik? Haserrea, oinazea, errukia sentitzeko gai al dira? Galdera horien erantzunak eskaintzen dizkizu liburu honek, psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta. Zientzia-zabalkundeko liburu gehienek animaliak mutur biotariko batean irudikatzen dituzte: edo antropomorfismoan, animalia-itxurako gizakiak balira bezala, edo inolako sentipenik ez duten izaki mekaniko gisan. Hauser ospetsua da animalien kognizioaren gaian, eta hainbat alorretako emaitzak darabiltza animalien pentsamendua aztertu eta aurkezteko, aurretiazko ustekizunik gabe. Liburu honek argituko dizu nola moldatu dituen hautespen naturalak animalien gogoak: zenbatzen ote duten, nola aurkitzen duten etxerako bidea gauez, zergatik ez duten hitz egiten, errurik sentitzeko gai ote diren, sexua gozatzen ote duten, eta zergatik diren emozio batzuk unibertsalak eta beste batzuk bereziak. Animaliak ez dira sentipenik gabeko automatak, ez eta gizakion isla hutsa ere; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen dituzte haien burutazio eta gogoak, gureak bezala.
Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek; David Premack aditu ezagunak ederki laburbiltzen duen moduan, hauxe da emaitza: "bidaia bikain bat animalien gogoetan zehar".
Marc D. Hauser
Psikologo eta biologo eboluzionista, Harvard unibertsitateko irakasle katedraduna da Psikologian eta Neurozientzian, eta Primateen Neurozientzia Laborategiko zuzendaria. Itzal handiko ikertzailea da psikologia ebolutiboan eta neurozientzietan, eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzan jarduteaz gainera, zientzia-alor horietan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriz zabaltzen ditu jendartean. Hemen duzun Gogo basatiak liburua ez ezik, beste bi ere nabarmendu behar dira: The Evolution of Communication (1997) eta Moral Minds: How Nature Designed Our Universal Sense of Right and Wrong (2006).