Loroaren teorema
Egilea: Guedj, Denis
Itzultzailea: Jon Muñoz
ISBN: 84-8373-816-3
Formatua: 16 x 24 zm
Hizkuntza: Euskara
Urtea: 2005
Prezioa: 28,00€ (zerga barne)
Orrialdeak: 526 or.
Matematikaren historia intriga-eleberri bihurtua
Hizkuntza unibertsala dugu matematika, unibertsalena. Zientzia hutsetatik osoena; ospe zabalekoa, baina -maizegi- gaitzetsia: abstraktua, ulertezina, elitista... Ez dago, ordea, matematika baino demokratikoagorik!: "Geometrian, ez da errege-biderik", ihardetsi zion Euklidesek Ptolomeo II.ari, erregeak matematikarako bide laburragoren bat eskatu ziolarik.
Inguratzen gaituen horretan barrentzeko modu ahaltsuen eta zorrotzena da matematika. Ederki zekien hori Galileok: "Matematikaren bitartez mintzo da Izadia". Izadiak matematika du adierazpide, eta hura ikasi beharko du, nahitaez, munduaren liburua irakurri nahi duenak. Umorea eta hausnarketa bateratuz, intrigazko eleberri bat ondu du Denis Guedj-ek, "intriga matematikozkoa". Detektibe-ikerketa bat aitzakia, matematikaren historia aurkeztuko digu: Euk1ides, Pitagoras, Arkimedes, Newton, Descartes, Cantor...
Istorio argia eta atsegina topatuko dugu orriotan, pasadizoz betea. Antzinako grekoen buruhausteak eta lorpenak ederretsi; arabiarren aurrerabideak estimatu; europarren eraberritzeak ezagutuko ditugu. Familia sui generis bat osatzen duten pertsonaia xarmagarriak izango ditugu bidelagun: Ruche liburu-saltzaile bitxia, Max gazte gorra, Jonathan eta Léa bikiak, Perrette emakume misteriotsua eta,jakina, larca: Nofutur. Eta Parisko hainbat txokori egingo diegu bisita: Montmartre auzoa, museoak, liburutegiak, Grand Palais, ...
Letrak eta zientziak: hala banatzen zen, oraintsu arte, jakintza. Letrak ala zientziak? Bat bera ez al da, baina, helburua? Gozatu "Loroaren teorema", eta egiaztatu nor den irabazle letren eta zientzien arteko "sokatiran": gu geu.
Denis Guedj
Denis Guedj matematikaria da eta, besteak beste, Zientzien Historiako irakasle Parisko unibertsitatean, Larousse Entziklopediako matematika arloko arduradun ohia eta literaturan, antzerkian eta zineman aritua, arrakastaz aritua ere. Frantsesezko jatorrizkoa argitaratu zenean, 1998an, best-seller bihurtu zen eskuartean duzun Loroaren teorema hau, eta hogeitik gora hizkuntzatara itzuli da harrezkero.
Guedj-en beste lan aipagarrienetarikoak: La Révolution des savants, L'Empire des nombres, La gratuité ne vaut plus rien, La Mesure du Monde: La Meridienne… Guedj-en gidoiek ere zientziaren historiako une gailenak ukitzen dituzte maiz: Le Puits du savoir (Eratostenes eta Lurraren neurketa); Bagdad après (Algebraren jaiotza); Les Larmes de Marcellus (Arkimedesen inguruan), Michel Authier-ekin elkarlanean. Bere antzezlanen aktore ere jarduna da, hala nola 1001 zenbaki eta koska izenburukoan.