LIMES 27

Utilitarismoa

Imagen

Egilea: John Stuart Mill
Itzultzaileak: Belén Pikabea Loinaz eta Idoia Santamaría Urkaregi
Sarreragilea: Belén Altuna Lizaso
Argitaratzailea: Esteban Antxustegi Igartua
Arloa: Gizarte eta Zuzenbide Zientziak
Azpiarloa: Filosofia; Soziologia
Bilduma: Limes
ISBN: 978-84-1319-371-7
Urtea: 2021
Orrialdeak: 190
Edizio mota: Rustikoa
Salneurria: 14,00 € (BEZ barne)

John Stuart Mill (Londres, 1806 – Avignon, 1873) filosofoa, politikaria eta ekonomialaria Utilitarismoa deitzen den korronte filosofikoaren pentsalari gorena izan zen. Korrontearen sortzailea Jeremy Bentham (1748-1832) izan bazen ere, Millek landu zuen modu aberatsenean, liburu honetan ikus daitekeen moduan. Gizartearen hobekuntzarako eta ahalik eta jende gehienaren zoriona bultzatzeko asmoari eutsiz, hainbat erreforma sustatu zituen Millek: ordezkapenezko demokrazia liberalaren alde (“Ordezkapenezko gobernuari buruzko gogoetak”), askatasun pertsonalaren defentsa sutsua (“Askatasunaz”), edo emakumeen sufragioaren eta berdintasunaren mesedetan (“Emakumearen menpekotasunaz”), besteak beste.

“Utilitarismoa” 1861an argitaratu zen, atalka, merkeago eta eskuragarriago izan zedin, eta 1863an liburu moduan. Korrontearen inguruan zeuden gaizki-ulertuak desegin eta teoriaren oinarriak modu argian azaltzeko idatzi zuen. Helburu horrekin utilitatearen printzipioa azpimarratzen du: ekintzak zuzenak izango dira ahalik eta jende gehienaren zoriona edo ongizatea sustatzera bultzatzen duten heinean, hau da, mina leundu eta plazera handitzen duten neurrian; okerrak, aitzitik, sufrimendua eta zoritxarra eragiten badute. Etikari –eta, batez ere, gizarte-etikari–- irizpide laiko eta naturalista eskaintzen dio, utilitarismoak ez baitu bestelako funts transzendental edo jainkozkorik behar. Baina Millek ez du edozein hedonismo edo zorion-mota aldezten, gizatasuna goragotzen duena baizik. Aristotelesen bertuteen etikaren eta Kanten betebeharren etikaren eredu handien ondoren, Millen liburu honek hirugarren eredu bat garatzen du, gaurdaino itzal eta eragin nabarmena izan duena.

Zorion Gorenaren Printzipioaren arabera, gainerako gauza guztiak desiragarriak bihurtzen dituen azken xedea (gure onura edo besterena kontuan hartuta), bizitzan ahalik eta min gutxiena izatea da, eta ahalik eta gozamen gehien, bai kantitateari, bai kalitateari dagokienez. Haien kalitatea ikusteko, eta hura kantitatearekin alderatuta neurtzeko, min eta plazer horiek bizi izan dituzten eta beren buruaz jabetzeko eta beren burua behatzeko ohitura duten horiengana jo behar da, eta zer hobesten duten ikusi, haiek egin baitezakete ongien konparazioa.

Utilitaristen aburuz irizpide hori denez giza ekintzaren xedea, irizpide hori izan behar da, halaber, moralitatearen irizpidea. Hortaz, esan genezake giza jokabidearekin erlazionatutako arau eta printzipio batzuen multzoa dela, eta haiek betez gero, azaldu denaren moduko bizitza ziurtatu ahal izango zaie, ahalik eta hein handienean, gizaki guztiei, baita izaki sentigarri guztiei ere, gauzen izaerak horretarako aukera emanez gero.