Euskara merezimenduak JARDUN plana izango denaren barruan (G16 atalean) aitortzeko deialdia
(ESKAERAK EGITEKO EPEA LUZATU EGIN DA!!)
Eskaerak egiteko epea luzatu da!!
2024ko martxoaren 13tik 19ra bitartean
1. Deialdiaren helburua
Deialdi honen helburu nagusia da UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek euskararekin zerikusia duten jardueretan egin dituzten merezimenduak aurkeztea, JARDUN plana izango denaren barruan irakaskuntza-kredituak murriztu ahal izateko, datorren ikasturteari begira. JARDUN planaren arautegian, gestioan eta irakaskuntzari lotutako zereginetan eginiko lan gehigarriengatik, G16 azpiatalean: euskararekin zerikusia duten inpaktu ekintzak eta argitalpen akademikoak euskaraz.
Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak (USLO) modu nabarmenean aldatu du irakasle-ikertzaileen irakats lanaldien esparrua, bai funtzionarioena bai lan kontratudunena, eta Lege horrek unibertsitateak behartu ditu lanaldi araubideak egokitzera. Aldaketa horietara egokitzeko asmoz, JARDUN banakako jarduera plan berria abiatuko da, orain arteko JAP (Jarduera Akademikoko Plana) ordeztera etorriko dena.
JARDUN plan berri horren barruan, eta salbuespen gisa, euskarari dagozkion merezimenduak (inpaktu ekintzak eta argitalpen akademikoak) deialdi honen bitartez bideratuko dira aurten: irakasle-ikertzaileek beren euskara-merezimenduak aurkeztuko dituzte, eta Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen Errektoreordetzak egingo du merezimendu horien ebaluazioa. Datorren ikasturtetik aurrera, automatikoki egingo da merezimenduen bilketa, eta irakasle-ikertzaileek ez dute beharrik izango beren merezimenduak aurkezteko.
2. Zer merezimendu kontuan hartuko diren deialdi honetan
Gehienez 2 kreditu aitortuko zaizkio deialdi honetan irakasle-ikertzaile bakoitzari euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten merezimenduengatik; honako merezimendu hauek hartuko dira kontuan deialdi honetan:
A. Euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten UPV/EHUko katedra eta institutuen zuzendaritza.
B. Euskarazko argitalpen akademikoak.
Euskaraz idatzitako lan akademikoak argitaratzeagatik bi kreditu gehienez esleituko dira, hemen zerrendatzen dugun atalotan:
- Liburuak: 2 kreditu/egile kopurua.
- Liburu-kapituluak: 0,5 kreditu/egile kopurua
- Argitaratzaile-lanak: 0,5 kreditu/argitaratzaile kopurua
Aurkezten diren lanek argitaletxe akademikoen zerrenda honetako argitaletxeren batean argitaratuta egon behar dute: https://spi.csic.es/indicadores/prestigio-editorial/2022-clasificacion-general - Aldizkari akademikoetako artikuluak: 0,5 kreditu/egile kopurua.
- a. UPV/EHUko aldizkari hauetakoren batean artikulua euskaraz argitaratzeagatik: https://ojs.ehu.eus/
- b. Indexatutako aldizkarietan artikulua euskaraz argitaratzeagatik
- UPV/EHUko euskarazko aldizkari akademikoen zuzendaritza. 2 kreditu/urteko
- Dibulgazioko argitalpenak (ISBN eta ISSN duten lanak betiere)
- Liburuak, 0,5 kr. / egile kopurua
- Liburu-kapituluak 0,25 kr. / egile kopurua
- Profesionalen elkarte zein erakundeetako argitalpenetako euskarazko artikuluak 0,25 kr. / egile kopurua
- Dibulgaziorako ekarpen laburrak 0,1 kr. / egile kopurua
- Irakaskuntza-materiala argitaratzea
- a. UPV/EHUko ikasmaterialak sortzeko deialdiaren bidez argitaratutako ikasmateriala. 0,5kr./egile kopurua
- b. UPV/EHUko Irakaskuntza-berrikuntza proiektuetatik eratorritako materiala euskaraz (OCW-ak, IKD deialdiak …) 0,5kr./egile kopurua
3. Nork aurkeztu ahal izango ditu euskarari dagozkion merezimenduak eta nork ez
JARDUN planaren araudiaren arabera, honako irakasle-ikertzaile hauek izan dezakete irakaskuntzako JARDUN murrizketa esleitzeko aukera:
- Unibertsitateko Irakasleen Kidegoetako irakasleak / Irakasle-ikertzaile funtzionarioak
- Aldi baterakoak ez diren irakasle-ikertzaile lan kontratudunak
- Irakasle atxikiak (USLOren aurreko kontratua)
- Aldi baterako irakasleak, irakasle atxiki edo laguntzaile doktore plaza bat gehieneko denboran bete ondoren eta aldi baterakoa ez den irakasle-ikertzaile figura batean akredituta egonik, hurrengo LEP batean plaza iraunkor bat lortzeko esperoan daudenak.
Betiere lanaldi osoko doktoreak badira.
Talde honen barruan sartzen dira aurreko baldintzak betetzen dituzten lotutako irakasle klinikoak.
Honako irakasle-ikertzaile hauei, berriz, ez zaie JARDUN murrizketarik aitortuko:
- Lanaldi partzialeko irakasle-ikertzaileak, irakaskuntzakoa esklusiboki den kontratua izateagatik.
- Irakasle-ikertzaile ez-doktoreak
- Irakasle laguntzaile doktoreak, babes espezifikoa izateagatik.
- Arautegiaren arabera beren plazan ez dauden irakasleak.
JARDUN planaren araudiko aplikazio orokorreko irizpideetan jasota dagoen bezala, irakasle-ikertzaileei ez zaie inolako JARDUN murrizketarik aplikatuko baldin eta aurreko ikasturtean gestio, prestakuntza edo irakaskuntza eta ikerketari loturiko oinarrizko jardueraren bat ez betetzeari buruzko txostena jaso badute.
4. Ebaluazio aldia
JARDUN planaren araudiko aplikazio orokorreko irizpideetan jasota dagoen bezala, berariaz kontrakorik adierazi ezean, kredituak bi ikasturte geroago aitortuko dira, jarduera egin dela egiaztatzeko eta, batez ere, sailek irakaslana denbora nahikoarekin planifikatu ahal izateko. Ikerketa edo hezkuntza proiektuei edo lan zientifikoak argitaratzeari lotutako kredituei dagokienez, urte naturalak hartuko dira kontuan.
Beraz, deialdi honetan 2022 urte natural osoko merezimenduak hartuko dira kontuan.
5. Irakasle-ikertzaileen merezimenduen bidalketa, web-formulario baten bidez
NOLA BIDALI: Deialdi honekin batera Euskararen arloko webgunean argitaratuko dugun eskaera-formularioa bete behar dute eskatzaileek. Eskaera bakarra egin beharko dute irakasle-ikertzaileek: eskaera bakar horretan jasoko dituzte zerrendatuta aurkeztu nahi dituzten merezimendu guztiak, bat baino gehiago baldin badituzte.
ZER BIDALI: Eskaera-formularioan eskatzen diren datuak bete, eta ebaluazioa egiteko egoki ikusten diren eranskinak bidali behar dituzte eskatzaileek, konprimitutako ZIP bakar batean.
6. Irakasle-ikertzaileen merezimenduak bidaltzeko epea
Irakasle-ikertzaileek beren merezimenduak epe honetan bidaliko dituzte: 2024ko otsailaren 19tik 27ra bitartean.
Epea luzatu egin da; epe berria merezimenduak aurkezteko: martxoaren 13tik 19ra bitartean.
Leioan, 2024ko otsailaren 19an
Junkal Gutierrez Mangado
UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea
- (Abre una nueva ventana)Euskara merezimenduak JARDUN plana izango denaren barruan (G16 atalean) aitortzeko deialdia (pdf ,1,42 Mb)
- (Abre una nueva ventana)Jakinarazpena: Euskara merezimenduak JARDUN plana izango denaren barruan (G16 atalean) aitortzeko deialdiaren luzapena adierazten duena (pdf ,358,24 Kb)