euskaraespañol

Eguneko irudia

Portillo irakasleak Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziako Zientzia gaietarako Batzordeko kide izaten jarraituko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/07

María Puy Portillo Baquedano, Nutrizioko katedraduna. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

María Puy Portillo Baquedano irakasleak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrizioko katedradun, BIOARABA Osasun Ikerketa institutuko kide eta Carlos III.a Osasun Institutuko CIBEROBN zentroko kideak, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziako (AESAN) Zientzia gaietarako Batzordeko kide izaten jarraituko du.

AESANeko Zientzia gaietarako Batzordeak 20 kide ditu, elikagaien segurtasunarekin eta nutrizioarekin lotutako askotariko gaitasun zientifiko aitortuak dituzten kideak, eta horiek hautatzeko irizpideak hautagaien bikaintasuna eta eskatutako funtzioetarako egokitasuna dira. Apirilean, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziako Zuzendaritza Batzordeak 10 kide berri izendatu zituen Zientzia gaietarako Batzorderako eta gainerako 10 kideen kargua luzatu zuen; azken horien artean, María Puy Portillo doktorea zegoen. Euskadik batzorde horretan duen lehenengo ordezkaria da bera.

Organo horren eginkizunak honako hauek dira: irizpen zientifikoak ematea, bere eginkizunetarako behar diren ikerlanen esparrua definitzea eta Agentziaren jardueraren esparruan arriskuak ebaluatzeko ekintzak egiten dituzten aditu taldeen lanak koordinatzea.

Portillo irakasleak zientzia gaietarako batzorde horretan parte hartu duen bi urteetan, nutrizioarekin lotutako gai askori buruzko txostenen lanketan parte hartzeko aukera izan du. Horien artean, alde batetik, espainiarrentzako dieta gomendioak eta, beste aldetik, espainiarrentzako erreferentziazko nutrizio ahorakinak (ENA) berrikusi eta eguneratzeko bi txosten daude. Beste txosten batzuen ardatza elikadura osagarri batzuk kontsumitzearen arriskua izan da; zehazki, curcumaz edo Garcinia cambogia-ren estraktuez osatutako osagarriak –azken horiek gorputz pisua errazago galtzeko erabiltzen dira–. Horrez gain, edari energetikoen kontsumoarekin lotutako txosten batean lan egin du. Berriki, Espainian elikagaien nutrizio kalitateari buruzko informazioa jasotzeko Nutri-Score sistema aplikatzeari buruzko txosten baten lanketan parte hartu du.