euskaraespañol

Víctor Etxebarria Ecenarro

Funtsezkoa, Watson maitea: Sherlock Holmes adimenduna da eta ChatGPT, ez

Fisika Zientzietan doktorea eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatikako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/22

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Literatura irudi logikoen barruan, oximoronak kontraesana dakar. Hain zuzen ere, hainbatetan ‘hil bizidunez’ (edo zonbiez) hitz egiten dugunean, kontzeptu erabat kontraesankorra zehazten ari gara. Ildo horretatik, egunero ‘adimen artifizial’ (AA) mirari berri bat egin duela irakurtzen dugunean, kontraesan argian gaude, ‘adimen’ horiek ez baitira adimendunak.

Adimenaren kontzeptua ez da adiera bakarrean definitu, milurteko askoz filosofia, fisiologia, matematika, fisika, konputazio zientzia, neurozientzia eta psikologiako aditu ugari azaltzen eta funtsezko alderdiak mugatzen saiatu badira ere.

Nolanahi ere, adimenaren atributu nagusi batzuk erraz antzematen ditugu, hala nola pentsatzeko, abstraitzeko, inferitzeko edo ulertzeko kontzientzia edo gaitasuna, eta, horri esker, neurri batean pertsonen adimen naturala eta makinen adimen artifiziala aldera ditzakegu.

Argitu behar dugu AA modernoak, oinarrian, gure zenbait jarduera errazago egiteko oso tresna erabilgarriak direla, baina ez dira adimenak, aipatu ditugun adimenaren ezaugarri funtsezkoenak ere ez baitituzte inola ere barneratzen.

Lehen azaldu ditugun atributuetatik, agian, algoritmo baten bidez makina batean errazen ezartzen dena inferentzia da, logika matematikaren adar indartsuenetariko bat baita eta, ondorioz, konputagailu batean modu askotan programa baitaiteke.

Arrazoitzeko prozesua: Sherlock Holmesen adibidea

Inferitzea da arrazoibide logikoko prozesutik abiatuta aburu edo ondorio bat ateratzea. Inferentzia pertsona guztiek gure eguneroko bizitzan etengabe egiten dugun zerbait da, eta gure buruari galde diezaiokegu AAk antzera inferitzen ote duen.

Kontzeptua hobeto ulertzeko, Sherlock Holmes literaturako detektibe famatura jo dezakegu. Arthur Conan Doyleren liburu sorta hartako lehenengo eleberrian (‘Zirriborro eskarlata’, 1887koa), Watson doktoreak bigarren kapituluan protagonistaren ‘dedukzioko zientzia’ deskribatu zuen. Egiaz, zientziako arrazoibide deduktiboak hipotesi teoriko bat du abiapuntu; behaketen edo saiakuntzen aurrekoa da, eta hasierako hipotesia baiestearekin (edo ez) amaitzen da.

Normalean, Sherlock Holmesek behaketetatik abiatuta, arrazoibide induktiboa erabiltzen du, benetan gertatu ziren gertakarien hipotesi eta teoria bat zehazteko.

Gehiago sakonduz gero, liburu sortako bigarren eleberrian (‘The Sign of the Four’, 1890ekoa), seigarren kapituluan, Sherlock Holmesek demostrazio bat egiten du, eta zera aurpegiratzen dio Watsoni: “Zenbatetan esan dizut ezinezkoa baztertu ostean, gelditzen denak egia izan behar duela, nahiz eta gertagaitz iruditu?”. Halako inferentziari “arrazoibide abduktibo” esan zion Charles S. Peirce zientzialari eta filosofoak, 1878an.

Aipatutako arrazoibidea gizakiaren adimen naturalari erantsiz gero, etengabe zalantzan jarriko dugu zergatik gertatzen den zerbait eta hartarako kausa onargarriei buruzko hipotesia formulatuko dugu. Adierazgarria da egungo AAetako batek ere ez duela halako arrazoibiderik erabiltzen, guretzat oso arrunta izan arren. Gehienez ere, datu base handiak eta kalkulu estatistikoa erabiltzen dira adimena imitatzen saiatzeko, baina deskribatu dugunaren antzeko inolako arrazoibide logikorik gabe.

Esaten denaren esanahia edo gertatzen denaren zentzua ulertzea

Adimenaren osagai konplexuagoak, besteak beste gure ulertzeko gaitasuna, jokoz kanpo gelditzen dira erabat egungo AAetan.

Hala eta guztiz ere, konpainia askok maiz iragartzen dizkigute ‘adimen artifizial sortzaile berriak’, gizakiak esku hartu gabe, eduki berri eta originalak ‘sortzeko’ gai direnak.

Egiaz, tresna horiek ez dira adimenak, eta gizakiak esku hartu gabe ez dira ezer sortzeko gai. Eta, batez ere, ez dute errealitatea ulertzen, ez eta errealitateak sortzen duena ere.

Beren ezaugarri garrantzitsu bakarra da testuak, ilustrazioak, soinuak eta bideo sintetikoak hobetzen lagun dezaketela tresnak behar bezala erabiliz gero, kamera bat, argazki editore bat, mikrofono bat edo arkatz bat modu egokian erabiltzen ditugunean bezalaxe. Film on bat filmatzeko ez da nahikoa kameraren botoia klikatzea; era berean, ilustrazio bat egitea ez da AA bati irudi harrigarri bat eskatzera mugatzen.

Testuinguru sortzailean tresnarik ezagunenetako bat ChatGPT ospetsua da. ‘Chatbot’ (elkarrizketa robota) bat da, eta testu, soinu, irudi edo bideoen entziklopedia izugarrien bitartez konputagailua trebatzean oinarritzen da.

ChatGPT ondoren aipatuko duguna baino askoz ere sofistikatuagoa bada ere, argigarria da gogoraraztea 1966an Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) Joseph Weizenbaum matematikari eta konputazio zientzietako irakasleak laborategian ELIZA izeneko programa sortu zuela, eta hura hizkuntza naturala prozesatzeko gai zela. Gaur egun hura ‘chatbot’ izenekoen barruan sartuko genuke.

Programak jasotzen zituen enuntziatuetan ereduak ezagutzeko arauak aplikatzen zituen (erabiltzailearen esaldian hitz gakoak bilatuz), bere erantzunak sortzeko eta bere datu basean ereduzko esaldi bat aukeratzeko.

Hori horrela, psikologo enpatiko bat simulatuz, ELIZA gizakiekin elkarrizketa bat izateko gai zen. Weizenbaumek bere elkarrizketa estiloa erantzun irekiak erabiliz modelatu zuen, ‘gaixoak’ beren ‘terapeutarekin’ modu eraginkorragoan komunikatzen animatzeko, eta harritu zen erabiltzaile askok bere programa serioski hartu baitzuten.

Egilea bera beldurtu egin zen jende askok ELIZA benetako adimentzat jotzen zuela ikusi zuenean, eta bere bizitza osoan ideia akastun haiek zuzentzen saiatu zen.

ChatGPTren miresleak

ChatGPTk gaur egun miresle ugari ditu, baina ez da adimen bat, eta ez du esaten duen ezer ulertzen. Beste ikertzaile askoren artean, Gary Marcus psikologiako eta neurozientziako irakasleak eta Ernest Davis konputazio zientzietako irakasleak, biak New Yorkeko Unibertsitatekoak, ChatGPTren erantzunak aztertu dituzte, haren ulertzeko gaitasuna egiaztatzeko, eta frogatu dute erantzunak faltsuak, okerrak edo, zuzenean, asmatuak izan daitezkeela galderari erantzuteko ulertzea ezinbestekoa denean. Deigarriak dira ChatGPTk galdera sinpleei, ulertzeko gaitasun pixka bat eskatzen dutenei, ematen dien erantzuna. Esaterako, honi: “Zer kolorekoa da Jakueren zaldi zuria?”

Tresnak ondo erabiltzea

Tresnak gaizki erabiltzea arriskutsua izan daiteke. Eskolako lan bat idazteko edo gai bati buruzko kazetaritzako artikulu bat idazteko eskatzen diote askok zuzenean ChatGPTri. Itxuraz, testua zuzena da, bai eta oso sinesgarria ere. Entziklopedia memorizatu handiak, ondo idatziak daudenak, erabilita, itxuraz, oso onargarri den testu bat eskura dezakegu.

Dena den, emaitza ez da eskolako lan txukun bat edo kazetaritzako artikulu profesional bat; aitzitik, gehiago ematen du testu formatuan egindako datu laburpen bat, nahitaez egiaztatu behar dena, webgunean bilaketa bat egiten dugunean bezala. Lan on bat egiteko tresna behar bezala erabili nahi badugu, ChatGPTk ematen digun informazio guztia egiaztatu, ikuskatu, ulertu, zuzendu eta berridatzi behar dugu.

Lagungarria izan daiteke hasierako testu formatu sinesgarrian dugun informazio guztia abiapuntu hartzea, baina automatikoki sortu den testutik benetako lan edo artikulu adimendun bat egiteko egin behar dugun ahalegina kontuan hartuta, baliteke gomendagarriagoa izatea gaia ondo ikastea eta zerotik hasita idaztea, itxurazko AA batek aurrez prestatu duen zalantzazko produktu bat oinarri hartuta baino gehiago.

AAen saltzaileen propagandak sortu duen gehiegizko gogoak tresnak gaizki erabiltzea ekarri du, eta eremu askotan arazo eta galera handiak izan dira horren ondorioz.

Adibidez, ‘Clarkesworld’ aldizkari ezagunak (besteak beste zientzia-fikziozko kontakizun bikainak argitaratzen ditu, Hugo, Nebula eta Locus sariak irabazi dituztenak, beste aipamen nabarmen batzuen artean) kontakizunak gehiago onartzeari utzi diote, antzeman baitute gero eta testu kaskar gehiago iristen zaizkiela. Inolako lotsarik gabe ChatGPT motako AAen bat erabiltzen dute horien egileek. Halako portaerak literaturarako benetan negargarriak eta kaltegarriak dira.

Gaur egun enpresa teknologiko asko, hala nola Google, Microsoft eta Meta, teknologia beraz baliatzen ari dira beren produktuetan.

Tresnak gaizki erabiliz gero, ondoreak ez dira desiragarriak izango. Hala gertatu zen 2016an Microsoften Tay produktuarekin edo 2022an Metaren Galactica produktuarekin. Biak merkatutik atera behar izan zituzten, kaleratu eta ordu gutxira. Galde diezaiokegu geure buruari zer gertatuko litzatekeen Googleren web bilatzaileek edo Microsoft Bingek GPT motako teknologia baliatuko balute.

Zuhurtziaz egiten ez bada, baliteke web bilaketak oso konbentzigarriak eta ondo idatzitakoak izatea, baina okerrak eta desinformazioz beteak ere bai. Benetan arriskutsua izan daiteke. Egun bilatzaileak bistaratzen dizkigun zenbait webguneren aurrean, guk geuk ebalua eta egiazta dezakegu informazioa, baina bilatzailearen itxurazko testu formatuko erantzun bat –horren zati bat okerra, faltsua edo asmatua da– ez da ez fidagarria ez erabilgarria.

Objektibotasunez, AA-ak ez dira adimenak, tresnak baizik, eta beste edozein erremintaren antzera, zuzen erabili behar dira.

 

Artikulu hau jatorrian Telefónica Fundazioaren Telos aldizkarian argitaratu zen.

The Conversation