euskaraespañol

Gipuzkoako arte higigarriko pieza bikain baten berrazterketa

UPV/EHUren lan batek beste balorazio teknologiko bat egin du dekorazio perizilindriko konplexu bat duen zanga hezur bati buruz

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/24

Asier Erostarbe laborategian
Asier Erostarbe laborategian | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

1966an Gipuzkoako Torreseko haitzuloko aztarnategi arkeologikoaren esplorazioan aurkitutako zanga kubitu dekoratu baten beste balorazio bat eskaintzen du Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlan batek. Analisi teknologiko eta estilistiko berriak grabatuen zehaztasun handiagoa ematen du, baita orain arte argitaratu gabeko batzuen aurkikuntzak ere: Iberiar Penintsulako aztarnen artean dekorazio perizilindrikoa izanik motibo konbinazio konplexua duen aztarna bat.

‘Journal of Paleolithic Archaeology’ aldizkariak ‘Revaluation of the Portable Art of Northern Iberia: a Magdalenian Decorated Bone Tube from Torre’ artikulua argitaratu berri du. Artikulu horren egile nagusia Asier Erostarbe Tome da, Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko doktoregaia. Azterlanak Torreseko haitzuloko aztarnategi arkeologikoaren (Gipuzkoa) esplorazio batean 1966an aurkitutako kubitu apaindu baten balorazio berria eskaintzen du; kubitu hori zanga espezieko (Morus bassanus) hegazti batena da.

Orain arte hezur industrian gertatu izan denaz bestela (azterlan tipologikoak ziren nagusi orain arte), ikerketa teknologikoek kate operatiboa berregiteko aukera ematen dute (hots, ehiztari-biltzaileek lehengaia eskuratzen zutenetik lehengaia eraldatzen, konpontzen edo baztertzen zuten arte. Horrela, zentzua ematen zaie aztertutako material sailei, Goi Paleolitoaren amaierako konplexutasun teknologikoa hobeki ulertzeko eta, aldi berean, alor horretan ikerketa bide berriak irekitzeko.

“Torreseko hodiaren kasuan, eta pieza oso apartekoa dela kontuan hartuz, pentsatu nuen garrantzitsua zela objektua teknologiaren ikuspegitik berraztertuta ezagutaraztea, gaur egun Iberiar penintsula osoko piezarik osoenetako bat izaki”, Asier Erostarbek nabarmendu duenez. Halako objektuak –hodiak– Iberiar Penintsulako Solutre alditik aurrerakoak dira gehienbat; alabaina, gehienak –Torreseko hodia – Madeleine aldikoak dira .

Pieza aparta

Pieza oso ezohikoa da arte higigarriko objektuen artean: dekorazio perizilindrikoa izanik, motibo konbinazio konplexukoa da. Irudikapen figuratiboekin (oreina, zaldia, ahuntzak, sarrioa, uroa eta antropomorfoa) eta zeinuekin (lerro sinpleak, lerro paraleloak, sigi-saga, etab.) oso apainduta dago; zeinuak kontrako norabidean orientatutako bi bandatan daude kokatuta. Gainera, garai hartako giza taldeek kontsumitzen zuten faunarekin alderatuta, zera ikusten da, hodian ehiza animalia gogokoenak ez ezik (oreina edo basahuntza, esaterako), maiztasun txikiagoan kontsumitzen ziren animaliak ere (zaldia, uroa edo sarrioa) grabatu zituztela.

“Eskura dugun teknologia berriarekin, gure ikerketak grabatuen zehaztasun handiagoa egitea ahalbidetu du, baita orain arte argitaratu gabeko batzuk aurkitzea ere. Irudikapenek antzeko ereduari jarraitzen diote kasu guztietan. Irudien eta zeinuen ingeradak marraztu ziren lehenik, lanabes litikoa behin baino gehiagotan pasatuz ildo sakonak egiteko. Lerro laburrez eta/edo koskaz osatutako dekorazioak geroago egin ohi ziren, eta lerro horiek egiteko hezurrari buelta ematen zitzaiola antzematen da zenbait kasutan. Artistak gaitasun kognitibo handia zuen, erregulartasun bisualaren estimazio estetikoaz eta funtzio motorren lateralizazioaz gain. Gainera, grabatuak aztertu ondoren, zera ikusi dugu, Madeleine aldiko beste aztarnategi batzuen –zehazki, Pirinioetan eta Kantauri Itsasertzean kokatutakoen– antzekoa dela pieza hori tratamenduari dagokionez, batez ere grabatutako animalien tratamenduari gagozkiola; hala, berretsita geratzen da portaera tekniko eta ikonografikoak trukatu ohi zirela”, ikertzaileak adierazi duenez.

Objektu horien funtzionaltasunak eztabaidagai izaten jarraitzen du, hainbat funtzionalitate esleitu izan baitzaizkie: aerografoak, txilibituak, orratz ontziak, fabrikazio prozesuan dauden kontuak, okre ontziak, objektu erritualak, etab. Munduan halako pieza gutxi daudenez, oso zaila da funtzionalitate bakar bat esleitzea, eta litekeena da funtzio anitzeko objektu gisa balio izatea. “Gure azterlanean ez dugu inolako erabilera ebidentziarik atzeman hodian, eta analisi trakeologikoek ez dute balio izan alderdi horretan sakontzeko. Beraz, enigma bat izaten jarraitzen du benetako zein funtzio izan zuen Torreseko hodiak kobazuloan bizi ziren ehiztari-biltzaileentzat”, ondorioztatu du ikertzaileak.

Informazio osagarria

Torreseko hodiari buruzko artikuluaren argitalpena Asier Erostarbe Tomeren doktore tesiaren barruan kokatzen da: ‘Actualización del conocimiento sobre el Magdaleniense en la cornisa cantábrica: la contribución del análisis tecnológico de las materias duras animales’ (Kantauri isurialdeko Madeleine aldiari buruzko ezagutzaren eguneratzea: animalien materia gogorren analisi teknologikoaren ekarpena da). Tesi horretan, Euskal Herriko hainbat aztarnategitako (Ekain, Santimamiñe edo Erralla) hezur industriaren azterketa teknologikoa egiten du ikertzaileak. Ikerlanaren helburua zera da, eraldaketarako eskema teknikoen ezaugarriak ezartzea eta animalia materia gogorren (hezurrak, adarrak, maskorrak, etab.) ustiapenean baliatutako estrategia teknologikoak identifikatzea. Tesia Álvaro Arrizabalagak eta José Miguel Tejerok zuzendu dute.

Erreferentzia bibliografikoa