euskaraespañol

Igor Ahedo Gurrutxaga eta Iraide Álvarez Muguruza

Neskek, kudeatu; mutilek, distira egin: generoa ikasleen talde lanetan

Politika eta Administrazio Zientzia saileko Politika Zientziako irakaslea eta doktorego aurreko ikertzailea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/21

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Europako, estatuko eta autonomia erkidegoko erakundeek lehentasunezko eginkizuntzat daukate genero estereotiporik gabeko irakaskuntza bermatzea. Arazoak arazo, aurrera egiten ari gara pixkanaka, irakaskuntzan eta ikerketaren diseinuan eta prozesuan genero ikuspegia txertatzen ahalegintzen dabiltzan milaka irakasleen konpromisoari esker.

Diziplina batzuetan, adibidez Politika Zientzian eta Soziologian, genero ikuspegia txertatzea heziketarako aukera ederra da berdintasunezko jokabideetan aurrera egiteko.

Arazo eta konponbide kolektiboak

Izan ere, politika zientzia irakastearen helburuetako bat da lortzea ikasleek uler dezaten politika dela konponbide kolektiboak aurkitzea aurretik pribatutzat jo izan diren arazoak kudeatzeko.

Errealitate hori gure ikasgeletan agerian jartzeko adibide on bat feminismoa da, modua ematen digulako erakusteko genero desparekotasunak errealitate sozial eta estrukturalei zor zaizkiela, eta ez arazo pertsonal edo pribatuei. Txileko feministek 2019ko eztanda sozialean abestutako himnoak gogorarazten digunez: ‘Errua ez zen nirea, ez non nengoen, ezta janzkera’.

Desparekotasuna ikasgelan

Bestela ezin izan zitekeenez, genero desparekotasunak eta haien ondorioak ez dira desagertzen goi mailako hezkuntzako ikasgeletan. Hall eta Sandler-en (1982) lan aitzindariak agerian jarri zuen ikasgeletako giroa ‘hotz-hotza’ zela emakumeentzat, eta harrez gero ikertzaileek jarraitu dute sakontzen goi mailako hezkuntzaren errealitate kaleidoskopikoaren genero isurien ikerketan.

Dozenaka azterlanek erakutsi dutenez, generoak axola du eta badauka eraginik ebaluazioan, ikasleei ematen zaien feedbackean edo tratuan, eta are irakasleek neskei eta mutilei eskaintzen dizkieten pizgarrietan ere.

Lan taldeen barruko interakzioak

Hala ere, badago aztertu gabeko espazio bat goi mailako hezkuntzan, askotan irakasleen kontroletik kanpo geratzen dena: emakumezko eta gizonezko ikasleek talde lanean izaten dituzten interakzioena.

Espazio horietan desparekotasunak areagotu egin daitezkeela susmaturik, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ikerketa/ekintza bat burutu dugu, emakumezko hogeita hamar bat ikasleren parte hartzearekin.

Genero desparekotasunen logika

Azterlan hau antolatzeko abiapuntua izan da kontuan hartzea genero desparekotasunak kontrajarpen hirukoitz batean oinarritu ohi direla: batetik, produkzioa, publikotasuna eta arrazionaltasuna sozializazio maskulinoari lotu ohi zaizkio; bestetik, erreprodukzioa, pribatutasuna eta emozioen kudeaketa, berriz, sozializazio femeninoari. Lehenengo hiru elementuak ontzat jotzen dira, eta bigarren hirurak, aldiz, gutxietsi ohi dira.

Eskolan azaltzen dugunez, eguneroko adibide batek argi erakusten du banaketa hori: gizonezkoen futbolak alde publiko bat du (telebistaz ematen dute), alde produktibo bat (kontratuak, espektatibak) eta alde arrazional bat (futbolaren teknika), baina femeninoa, aldiz, eremu pribatuan kokatzen da (ez dauka aitortza sozialik), erreproduktiboa da (kirola egiten da arrakasta profesionalerako esperantzarik gabe) eta emozioen kudeaketari lotzen zaio (zaintza bezalako elementuak goraipatuz etab.).

Egiaztatu dugunez, dikotomia horrek ikasleengan ere badu eragina, eta desparekotasunak sortzen ditu talde lanean. Banaketa horrek –hau da, femeninotasuna espazio pribatu, erreproduktibo eta emozioen kudeaketari lotuekin uztartzen duenak– ikasleen jokabidea taxutzen du talde lanetan.

Ez andrazko ikasle guztiek hartzen dituzte rol pribatu, erreproduktibo eta emozioak kudeatzekoak, eta ez gizonezko ikasle guztiek hartzen dituzte rol publiko, produktibo eta arrazionalak: hori egia da. Izatez, beste faktore batzuek –hala nola klaseak, arrazak edo harreman kapitalak– pisua izan dezakete rolen banaketan. Alabaina, oro har, banaketa hori egon badago, eta genero aginduen bitartez azaleratzen da gure jokabidean.

Genero aginduak

Genero aginduak edo genero arauak dira gizon batengandik edo emakume batengandik espero dena egiteko bete beharreko erregelak, inon idatzita ez daudenak baina barneratuta izaten direnak. Arau horiek baldintzatu egiten dute gure portaera, eta jokoan sartzen dira talde lanen testuinguruan.

Gure ikerketan ikusi dugu andrazko ikasle askoren lana diskrezioaren, perfekzioaren, enpatiaren eta arduraren aginduek markatzen dutela.

Zeregin pribatuak eta zeregin publikoak

Enpatia eta ardura aginduen ondorioz, talde lanetan andrazko ikasleek beren gain hartzen dituzte irakasleek ezagutzen (eta baloratzen) ez dituzten zereginak:  zuzenketa lanak, taldearen kudeaketa, koordinazioa. Laburbilduz: ardura pribatuak, erreproduktiboak eta emozioen kudeaketari dagozkionak.

Aitzitik, ahozko aurkezpenetan arazo handiei egin behar izaten diete aurre, diskrezio eta perfekzio aginduen ondorioz, eta horrek azkenean eragin negatiboa izaten du haien notan. Espazio publikoan aritzeko ziurtasun falta giltzarria da kasu honetan.

Hori arazo bikoitza da andrazko ikasle askorentzat, ardura handiagoa hartzen dutelako ikaskuntzaren kudeaketa kolektiboan, baina emaitza eskasagoak lortzen dituztelako.

Ahozko aurkezpenak

Eremu pribaturako sozializatua izatearen ondorio latzak agerian jartzen dira Politika Zientziako laugarren mailako ikasle honek ahozko aurkezpenaren esperientziaz emandako testigantzan:

"Urduri, gorri, hankak dardarka, bularra estututa, ikara batean. Aurkezpenaren ostean, erruduntasun sentimendua, ahal nuen ondoen egin ez nuelako edo gizonezko kideen parean egon ez nintzelako. Barkamena eskatzen nuen konturatu barik. Ezintasuna sentitzen nuen, ahalik eta toki txikiena hartzen saiatzen nintzen".

Talde lana

Bestalde, jardun erreproduktiboan eta emozioen kudeaketan sozializatua izatearen ondorioek gainkarga bat dakarte, ez baloratzen ez ikusten ez den lan zama gehigarri bat, beste testigantza honetan ageri den legez:

"Iruditzen zait bizitza osoan taldeari zutik eustearen rola hartu dudala (eta ez nik bakarrik), berez ateratzen zaidalako lana aurrera ateratzea. Gizonezko kideek, aldiz, azken minutuan bidaltzen dute lana, baina zuk ordu asko sartu dituzu eta kezkatuta egon zara, eta uste dut patroi hori errepikatu egiten dela".

Ikaskuntzarako ondorioak

Baina lan gainkarga bat eta balorazio okerragoa ekartzeaz gain, jokabide horiek ondorio zuzenak dauzkate ikaskuntzan ere. Hurrengo aipuan ikusten denez, talde lanetan ikasle honek uko egin behar izaten dio bere ikaskuntza prozesuaren alde  produktibo eta arrazional orori:

"Talde lanean sentitu dut ez zidatela entzungo. Mutil batek esan zuen nik egindako ekarpen bat ez zela garrantzitsua. Handik tarte batera gauza bera esan zuen, baina berba apainagoekin. Eta bera bai hartu zuten kontuan. Talde txikietan, bi mutilekin egonda, nik esaten nuena berehala baztertzen zen: gorritu egiten nintzen, apal-apal hitz egiten nuen. Nire ideia behin baztertuta, beren artean hasten ziren eztabaidan, eta ni kanpoan geratzen nintzen, oharrak hartzen, idazkariarena egiten. Ematen zuen ni ez nintzela existitzen, ez zidatelako berba egiteko aukerarik ematen, galdetu ere ez zidaten egiten. Ez dizute zirrikiturik uzten barruan sartu eta iritzia emateko, itxiko balute bezala da. [Politika Zientziako talde lan batean] datez hitz egitera mugatzen nintzen. Lanaren alde deskriptiboaz jardutera mugatzen nintzen: datak, xehetasunak… eztabaidatu ezin litezkeen gauzez".

Horrek guztiak, andrazko ikasleek diotenez, konfiantza falta eta ziurtasun arazoak sortzen ditu, haien etorkizun profesionalean eragina izan dezaketenak.

Ohartzea

Berdintasunean aurrera egiteko lehen urratsa desparekotasun eta agindu horiek bistaratzea da. Talaia horretatik, haiek kudeatzeko mekanismoak jar daitezke abian.

Zehatzago esateko, lankidetzazko metodologiek –ikasleak beren ikaste prozesuaren erantzunkide egiten dituztenek, alegia– aukera ederrak eskaintzen dizkigute. Metodologia horien helburua baldin bada ikaslea bere ikaste prozesuaren eragile aktiboa izatea, hori berdintasunetik lortzen saia gaitezke.

Desparekotasuna kudeatzea

Alde horretatik, badago tresnarik desparekotasunak diagnostikatzen eta kudeatzen lagundu ahal digunik. Ikasgelako rol jokoek, simulazioek edo antzezpenek lagun diezagukete, interakzioak genero ikuspegiaz aztertzen baditugu, hiru diferentzia horiek zelan islatzen diren nabarmentzen.

Talde kontratuetan edo bidaia kaieretan kontuan hartzen badira ez bakarrik alde produktiboak (emaitzak), baina baita alde erreproduktiboak ere (hau da, nola heldu den emaitza horietara), lanaren alde pribatu eta erreproduktiboak ere azalera daitezke, irakasleek balora litzaketenak.

Denbora eta zereginen banaketa ebaluazio txantiloietan sartuz gero, agerian jar daiteke nork egiten duen zer, eta hori baloratu egin daiteke. Lan idatzien ahozko aurkezpenetan prozesuaren azalpenari erreparatu ahal zaio, emaitzaren azalpenari baino gehiago.

Ikastea: prozesu politiko eta publikoa

Elementu horien guztien bitartez ikaste prozesua prestakuntza eta hausnarketa prozesu kolektibo bat izan daiteke, era emango diguna errealitate horren ikuspegi pribatua gainditzeko.

Feminismoak erakutsi duenez, pertsonala politikoa da. ‘Lotsatia izatea’ diskrezioaren genero arautik interpretatzea edo ‘kontrol premia’ arduraren agindutik interpretatzea lehen pausoa da konponbide publikoak aurkitzeko, berdintasunezko ikaste prozesua ariketa politiko eta publiko bihur dadin, non helburua izango den kide guzti-guztien ahalmenak ahalik eta gehien garatzea.

The Conversation