euskaraespañol

Metastasi hepatikoaren aurka UPV/EHUk garatutako nanopartikula bat probatuko du Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak

Estatu Batuetako Minbiziaren Institutu Nazionalaren programa aurreklinikorako hautatu dute Signaling Lab ikertaldeak garatutako formulazioa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/19

Irudia
Signaling Lab ikerketa taldeko kideak | Argazkia: Laura López. UPV/EHU

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle Iker Badiolak zuzentzen duen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioak, Santiago de Compostelako Unibertsitateko Alejandro Sánchez irakaslearen ikertaldearekin lankidetzan, nanopartikula bat garatu du, zeinak % 80ko eraginkortasuna erakutsi baitu metastasi hepatikoa txikitzeko saguekin egindako probetan. Urtean metastasi hepatikoaren 1.500.000 kasu inguru izaten dira munduan, 800.000 koloneko minbiziak eragindakoak eta 700.000 gibeleko minbiziaren ondoriozkoak.

Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalaren (National Institute of Health, NIH) Minbiziaren Institutu Nazionalaren (National Cancer Institute, NCI), azterketa aurreklinikoen programara aurkeztu zuten formulazioa, hautatu egin dute laborategi homologatuetan proba aurreklinikoak egiteko, hautaketa-prozesu zorrotz bat gainditu ondoren. Estatu Batuetako Sendagaien Agentzia Arautzaileak (Food and Drug Administration, FDA) ere hartzen du parte NCI ikerketa-programan.

Nanopartikula eskala handian garatzeko pizgarria

Nanopartikula hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak patentatu du eta 2019an Galiziako Zientzien Errege Akademiaren Ernesto Vieitez saria jaso zuen. Formulazioa Nanokide Therapeutics SL enpresari transferitu zaio: Zitek UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko ekintzailetzari laguntzeko programaren baitan, 2021ean Signaling Lab ikertaldetik sortutako spin-off bat da.

Nanokide Therapeutics SL enpresak lan egiten du terapia aurreratuen arloan eta minbiziaren tratamendurako nanosistemetan oinarritutako formulazioen garapenean, nanoegiturak miRNA eta mRNA teknologiekin konbinatuz.

Nanopartikularen sortzailea ez ezik, Nanokide Therapeutics SLren bazkide sortzaile ere baden Iker Badiola irakasleak lorpenaren garrantzia azpimarratu du, bai alderdi zientifikotik, bai enpresarialetik: “Ikuspuntu zientifikotik, munduko erakunde zientifiko garrantzitsuenetako batek bermatu du, eta, enpresaren ikuspegitik, Nanokide Therapeutics SLren proiekzioa bultza dezakeen kalitate-ziurtagiria da”. Badiolak adierazi duenez, FDAren tanketako erakundeek programan parte hartzea, zainketa teknologikoko lanak egiten dituztenez, balio handiko abala da Nanokide Therapeuticsek finantzazioa eta bazkide estrategikoak lortzeko aplikazio klinikoaren garapenean.