euskaraespañol

Europar Batasunak milioi bat euro eman ditu UPV/EHUren partaidetza duen farmako berriak diseinatzeko Europako proiektu bat egiteko

Enrique Gómez Bengoa irakaslearen ikertaldea AiRPaDD proiektuaren buru da; proiektu horretan parte hartzen dute Sheffieldeko Unibertsitateak eta AstraZeneca eta Sanofi-Aventis enpresa farmazeutikoek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/16

Irudia
Carlota Girón Elola, Paula Ustarroz Alzuarte, Enrique Gómez Bengoa eta Daniel Alonso Díez | Argazkia: UPV/EHU

Farmako berriak diseinatzeko AIRPaDD Europako proiektuak finantzaketarako milioi bat euro jaso ditu Europako zientzia sistemaren eskutik. Proiektu horren buru da Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Enrique Gómez Bengoa irakaslearen ikertaldea. Proiektuan ere honako hauek parte hartu dute: Sheffieldeko Unibertsitatea (Erresuma Batua) eta Göteborgeko (Suedia) AstraZeneca eta Frankfurteko (Alemania) Sanofi-Aventis enpresa farmazeutikoak.

Enrique Gómezek azaldu duenez, “interes handiko konposatuak garatzeko ikerketa da, potentzial farmazeutiko handikoak, eta Europako Batzordearen Marie Sklodowska Curie europar proiektuen deialdiaren bidez finantzatzen da, doktorego industrialen programaren barruan”. Programa horrek babesa ematen die Europa mailan doktorego aurreko ikertzaileen prestakuntza integralari eta garapen profesionalari. Proiektuak milioi bat euroko finantzaketa jaso du Europako zientzia sistemaren eskutik. Aurrekontu horri esker, doktoregoko lau ikasle kontratatu ahalko dira, eta euren prestakuntza aldiaren erdia (18 hilabete) Euskal Herriko Unibertsitatean igaro beharko dute, Kimika Fakultatean, edo Sheffieldeko Unibertsitatean; eta prestakuntza aldiaren beste erdia sareko enpresetako batean, hau da, AstraZenecan edo Sanofi-Aventisen.

“Proiektuaren helburuak ulertzeko, garrantzitsua da honako hau jakitea: egungo ia medikamendu guztiak prozesu oso konplexu eta garestietan industrialki sintetizatzen diren konposatu organikoak dira, eta molekulak puzzlea balitz bezala elkartzen dira. Jarduera biologikoa duten molekula organikoen familia horren kide dira beste zenbait substantzia, hala nola herbizidak edo pestizidak, eta ez horiek soilik, baita organismo bizietan dauden molekula guztiak ere, hau da, hormonak, metabolitoak, edo elikagaiei usaina eta zaporea emateaz arduratzen direnak. Naturak substantzia horiek berez sintetizatu ditu milioika urtez eta guk horretatik ikasi eta laborategi batean prestatzea lortu dugu, puntu zehatz bateraino antzekoak diren metodoak erabilita. Gainera, egungo industria kimikoak, eta, horren barruan, industria farmazeutikoak, sintesi prozesu horiek gero eta garbiagoak, eraginkorragoak, selektiboagoak, merkeagoak izatea behar du, hondakin gutxiago sortuta. Eta hori guztia erronka handia da”, nabarmendu du Kimika Fakultateko irakasleak.

AiRPaDD Europako proiektuak, bere xedeen artean, zehazki, tresna sintetiko berriak garatzea dauka, hainbat gaixotasunetarako farmakoak prestatzeko. “Oraingoz, ikertu beharreko helburu zehatzak konfidentzialtasun akordioen menpe daude eta enpresa farmazeutikoen interesek zehazten dituzte. Talde akademikoek molekula konplexuen sintesian dituzten ezagutzak partekatzen dituzte, baita konposatu berriak modu berritzailean eratzeko metodoen garapena ere. Gainera, unibertsitateok doktoregoko ikasleak prestatzeko gaitasun handia daukagu, eta trebatutako profesional bihurtzen ditugu, lan mundura arrakastatsuak izateko bermearekin igarotzeko. Helburu hori betetzeko, unibertsitateok lehentasunezko papera dugu. Hala ere, ez daukagu enpresa farmazeutiko handiek duten ikerketarako eta produktuen garapenerako ahalmen handia; izan ere, enpresa horiek arazo konplexu eta handiak konpondu ahal dituzte, eta guk ez daukagu arazo horiei aurre egiteko gaitasuna. Horrela, mundu akademikoaren eta industrialaren arteko sinergia oso onuragarria da biontzat, eta, gehien bat, etorkizuneko ikertzaileak prestatzeko”.

Hala, Enrique Gómezen ustez, “gure ikertzaileen eta nazioarteko enpresen eta talde akademikoen arteko interakzioa funtsezkoa da Euskal Herriko Unibertsitatearen garapenerako. Unibertsitate txikia gara eta herrialde txiki batean gaude. Horregatik, gure etorkizuna hein handi batean Europa eta mundu mailako eragile zientifiko handiekin elkartzeko gaitasunaren menpe dago”.

Informazio osagarria

Enrique Gómez Bengoa kimikan doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko irakaslea. Aurretik, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Massachusettseko Boston Collegen eta Alemaniako Göttingen Unibertsitatean prestatu zen eta ikerketa lanak egin zituen. Europako hiru proiektu jaso ditu azken 10 urteetan, beti Europako herrialdeetako unibertsitateekin eta kimikako sektoreko enpresa handiekin lankidetzan, hala nola Bayer, Sanofi eta AstraZeneca, eta baita enpresa txikiagoekin ere, hala nola Cambrex (Suedia) edo Evotec (Erresuma Batua).