euskaraespañol

Imagen del día

Marta Kopinska

Nola sortzen da euskaldun bat Polonian?

Ingeles Ikasketen Saileko irakasle atxikia eta Linguistika Aplikatuan ikertzailea. Letren Fakultatea.

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 14/11/2024

Marta Kopinska | Foto: UPV/EHU.

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Gasteizko Letren Fakultatean edo Donostiako Enpresa eta Ekonomia Fakultateko korridoretik igarotzean askok ez duzue pentsatuko atzerritarra naizenik, agian azentu apur bat “itxi” batekin hitz egiten dudala, dena den, Iparraldeko herrixka batekoa izanik. Iparraldeko herri batekoa banaiz, baina urrunago geratzen den batekoa, Poloniako Poznan hirikoa, hain zuzen ere. Sortzez poloniarra, eta aukeraz euskalduna. Egia esan, eleaniztuna ere, zeren ingeleseko irakasle gisa aritzen naizen UPV/EHUn gaur egun. Ez naiz, ordea, UPV/EHUn diharduten poloniar euskaldun bakarra, Euskal Ikasketen Sailean ere aurki daitezke batzuk. Nola, baina, sortzen da euskaldun bat Polonian?

Nire kasuan, atzerriko hizkuntzak ikastea betidanik gustatzen zitzaidan, harik eta, tartean, ingelesa, alemana, gaztelania eta frantsesa probatu nituen arte. Hainbat tokietako jendearekin oztopo askorik gabeko komunikatzeko gai izatea izugarrizko ondasuna neritzon. Hizkuntza bakarrik ez ezik, beraien kultura eta ohiturak, eta hauek egunerokotasunean duten eragina ezagutzea ere oso baliogarria da hiztun hasiberri zein aditu batentzat. Hizkuntza berri bat ikastean mundu berri oso bat zabaltzen zaigulako, bertan kodifikatuta dagoen errealitatea hauteman eta ulertzeko berezko modu desberdin bat, ‘munduaren irudi linguistikoa’ deritzona.

Azkenik, hizkuntzengan beti sentitu dudan kuriositate horrek eraman ninduen euskara ikastera. Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitatean (AMU) etnohizkuntzalaritzan ikasketak hastear nengoela (duela hogeita bi urte) euskara ikastea eskaintzen zela jakin nuenean, hura hautatzea erabaki nuen. Gaztelania eta ingelesa dagoeneko nahiko ondo menperatzen nituen eta euskararen gainean nozio txiki batzuk banituen, interneten eskuragarri zeuden gauza gutxi batzuk aurkituta gaztelaniaren euskalki hutsa ez zela konturatu nintzen. Unibertsitateko ikasketetan astean zortzi ordu irauten zuen euskara ikastaroak, hutsetik hasita bi-hiru urteetan oinarrizko konpetentzia eskuratzeko aproposa. Hasieran, euskara ikastea nahiko gogorra zen, ez euskararen berariazko zailtasun “mitiko” batzuengatik, baizik eta nire beste hizkuntzetako errekurtsoek ez zidatelako asko balio. Agian polonierak – nire ama hizkuntzak – bai, batez ere euskararen egitura formala ulertzeko eta bere soinuetara ohitzeko, baina besteek ez asko, batez ere hiztegiarekin ume baten moduan sentitzen nintzen garai hartan.

Ordu asko eman genituen euskal gramatika, ahoskera eta hiztegia lantzen, baina gogorik ez zitzaigun falta. Nire taldean hamar ikasle ginen eta gaur egun oraindik baten-batek gogoratzen da ikasitakoaz. Klasean ikusitakoa gure artean praktikatzen genuen eta baita gure irakaslearekin ere. Gure irakasleak pazientzia asko zeukan eta gogo handiz txertatu zigun euskararekiko maitasuna. Beragandik ikasi genuen Euskal Herriko ohiturei eta kulturari buruz gauza interesgarri asko. Berak gelan jartzen zuen musika tradizionala naiz garaikideagoa entzuteak ere asko lagundu zigun. Horretaz gain, UPV/EHU, AMU eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordio berezi baten bidez, aukera izan nuen hainbat aldiz Euskal Herrira bidaiatzeko ikastaro trinko bat egitera udan zein neguan. Gaur egun Etxepare Institutua arduratzen den kanpotar euskaldunentzako ikastaro hauek, Euskal Herria eta bertako jendea ezagutzea eta euskaraz mintzatzeko aukera izatea zeukaten helburu. Ikastaroak bereziki lagungarriak izan ziren urte akademikoaren zehar landutakoa kontsolidatzeko eta praktikan jartzeko, hauxe baita euskaldun berrion erronka nagusia: ikasitako euskara ahora, kalera eramatea. Eta Poloniako euskaldun berrion erronka ere bada, bertan euskara komunikaziorako erabiltzeko aukera gutxi samar dugulako. Azken finean, ikasitakoa ez badugu erabiltzen, ahaztu, galdu egiten da. Orduan, ezagutza teorikoak praktikan jartzen saiatzen nintzen ahalik eta gehien. Euskal hainbat txokoetan egin nituen lagunek animatu egin ninduten euskaraz hitz egitera, hasiera traketsa izan arren. Haien pazientzia agorrezinari esker euskara erabiltzeko hasiera batean neukan barrera gainditzen (nahiz eta esaldi bakar bat zuzen ez esan…!). Denborarekin jariotasuna hobetzen joan naiz eta gaur egun gehienbat euskaraz bizi naiz.

Eta horrela, Polonian ikasketak amaitu nituenean, Gasteizko Letren Fakultatean poloniera irakurle bezala lan egiteko aukera izan nuen eta bitan pentsatu gabe bertan agertu nintzen. Euskara nahikotxo aldez aurretik jakiteak izugarri asko lagundu zidan euskal gizartearen parte sentitzeko eta UPV/EHUren komunitatearen kide sentitzeko. Eta, nola ez, ibilbide profesionalean ere lagungarri suertatu zitzaidan, lankideekin eta ikasle elebidunekin naturaltasunez komunikatu ahal izateko. Hurrengo urteetan poloniera ezean, ingelesa irakasteari ekin nion Ingeles Ikasketetako eta Itzulpengintza eta Interpretazioa graduetan. Zeinek pentsatuko zukeen duela bi hamarkada egindako erabakiak unibertsitate euskaldun batean lan egitera eramango nindukeen? Geroxeago, Letren Fakultatean eskaintzen den Hizkuntzen Eskurapena Testuinguru Eleaniztunetan (LAMS) programan masterra eta doktoregoa ere egin nuen. Hizkuntza bat baino gehiago dakiten hiztunen beste hizkuntza bat ikaste prozesuan eragiten duten faktoreak aztergai ditu programa horrek eta nire ikerketa arloak hizkuntzen eskurapen prozesuan faktore afektiboekin zerikusia dauka, hau da, besteak beste, hizkuntzekiko jarrerak, ikasteko eta komunikatzeko motibazioa eta antsietatearekin. Beste era batera esanda, zerk eta nola eragiten duen ikasleen motibazioa eta jarrera positiboa bultzatuz oztopo batzuen gainetik hizkuntza bat (ingelesa, nire ikerketaren kasuan) ondo ikasteko eta erabiltzeko interesatzen zait. Eta, euskararen kasuan, ba al dago zerbait ikasteko eta komunikaziorako baliatzean oztopo bihurtzen zaizuna?