euskaraespañol

Nora Aranberri

Itzultzaileen patua adimen artifizialaren aroan

Profesora de la Facultad de Letras e investigadora del centro HiTZ

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 12/09/2024

Nora Aranberri
Nora Aranberri en la entrada de la Facultad de Letras | Foto: UPV/EHU.

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Itzultzaile profesionalen beharra ezbaian dagoen, horixe da azken aldian behin eta berriro galdetzen digutena, bai trebatzaileoi, bai hizkuntzen teknologian dihardugunoi. Ez gara igarleak, eta etorkizunak zer ekarriko duen geroak esango du. Hala ere, ez da aztia izan beharrik aurreikusteko azken urteotako aurrerapen teknologiko nabarmenak aldaketak eragingo dituela lanbide honetan.

Dena den, honez gero, eraldaketa hitzak ez luke itzultzailerik izutu behar. Izan ere, teknologiak bultzatutako aldaketa ez da berria itzulpengintzan inondik ere. 30 urte baino ez dira igaro profesionalak idazmakinaz eta paperezko hiztegiak baliatuta aritzen zirenetik. Harrez gero, etorri dira testu-prozesatzaileak, baliabide elektronikoak, internet eta bilatzaileak, posta elektroniko bidezko elkartrukea, software espezializatuak, itzulpen- memoriak deritzenak –besteak beste, aurretik itzulitako testu zatiak berreskuratzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen dutenak–, eta nola ez, itzultzaile automatikoak, pertsonaliza daitezkeenak eta memoria horietan bertan txerta daitezkeenak. Eszeptizismo gehiagoz edo gutxiagoz, eraldaketa horiek guztiak onetsi ditu itzultzaile-komunitateak, baita egun ezinbestekotzat jo ere, lana arintzeaz gain, haren zuzentasuna, doitasuna eta koherentzia bermatzen laguntzen dutelako.

Agertokiko azken protagonistak eredu sortzaileak dira, irakasten bazaie, itzultzaile trebe izan daitezkeenak. Are gehiago, ereduok itzulpenaren estiloa alda dezakete, sinpleagoa zein jostariagoa edo jasoagoa izan dadin. Areago, testua itzuli ez ezik, zuzenean nahi dugun hizkuntzan sortuko dute, gure beharrak zehatz adieraziz gero.

Programa horiek guztiak izugarri eraginkorrak dira. Eta uste badugu Itzuli, Elia, Batua, Google Translate zein DeepL edo chatGPTren gisakoak onak direla, kontuan izan ez dituztela islatzen teknologiak egun lor ditzakeen emaitzarik onenak. Ezagunak ditugun aplikazio horiek enpresek jendartean doan (edo) hedatzen dituztenak dira. Enpresa horien atzean bertsio aurreratuagoak  daude, hau da, bezero zehatz batentzat ariketa zehatz bat egiteko moldatuta dauden programak; ordainpeko garapena eskatzen dutenak, bai, baina jada egungo teknologiak ahalbidetzen dituenak.

Itzultzaile automatikoek zein eredu sortzaileek lan harrigarria egiten duten arren –askok eta askok baino hobeto itzultzen eta idazten dutela esango nuke, eta zalantzarik gabe, azkarrago–, egiten dituzten testu-proposamenek ahuleziak dituzte. Batetik, hizkuntza-parearen araberakoa da ematen duten emaitza, hain zuzen, hizkuntza handien arteko itzulpenetarako oso ona; ordea, hizkuntza txikietarako, gehienetan, apalagoa. Gaiaren eta testu motaren arabera ere aldatzen da emaitzaren kalitatea. Gainera, oso teknikoa edo espezializatua bada testua, gerta liteke tresnek ez ezagutzea hitz eta esamolde asko. Sormenezko testuekin ere trabak dituzte. Jada idatzitakoa berrerabiltzen trebeak dira, baina berrikuntzan ez dira horren iaioak. Badirudi badirela gaitasunak, pertsonen berez-berezkoak direnak, oraingoz menperatzen ez dituztenak.

Baina emaiogun denborari berea. Teknologia hor dago, eta beharrezko inbertsioarekin, iritsiko programa hobeak, agian uste baino lehen. Horren adibide dugu HiTZ Zentroak euskararako garatu berri duen Latxa eredu sortzailea, esaterako. Halaber, bolo-bolo ibili da OpenAi enpresak argitaletxe bat bereganatu duelako berria, haren testuak, sormenezkoak gehienbat, chatGPT hobetzeko erabili ahal izateko. Argi dago, teknologia bertan dugula eta enpresek horren garapena bultzatu baino ez dutela egingo.

Askok ez bezala, nik ez dut uste berrikuntzak kaltegarriak direnik. Litekeena da tresna aurreratu hauek itzulpenaren nolabaiteko demokratizazioa, alegia, edonork itzulpenak atzitzeko aukera ekartzea, eta ondorioz, elkarren artean hobeto ulertzea. Hala bada, bejondeiola. Itzulpenak zuzenean lortzeak komunikazioa hobetuko luketen testuinguru ugari datozkit burura, hala nola, eskoletan ume etorkinen eta bertakoen hasierako harremanak edo bidaiatzean tokian tokiko biztanleekin elkartrukeak, adibidez.

Lanbidera salto egiten badugu, sortzen diren beldurrak makinek pertsonak ordezkatuko dituzten ustetik datozela somatzen da. Hortxe dago koska: ikasi behar dugu teknologia pertsonen onerako erabiltzen eta ez horiek nola ordezkatu pentsatzen. Zer egin dezakegu teknologia hauek izanda orain arte egin ezin izan dugunik edo kostata egiten genuenik? Aprobetxa dezagun datorkigun aukera. Gainera, teknologiaren adopzio-prozesua ez da gauetik goizera gertatzen, hortaz, badugu garapenaz hausnartzeko eta horretan esku hartzeko aukera-tartea, erne ibiliz gero.

Hala ere, itzultzaileak trebatzeari utzi beharko diogula dioenak profesional horien irudi mugatua duela esango nuke, hots, itzultzaile batek hizkuntza batean idatzitako testu bat jaso eta beste hizkuntza batean baliokidea bueltatu baino ez duela egiten uste duela. Itzultzaileak hori baino askoz gehiago dira, komunikazio-espezialistak dira. Egoera komunikatiboak ulertzen dituzte; jabe dira igorlearen eta hartzailearen helburuez, haien arteko berdintasunez eta desberdintasunez, amankomunean duten iraganaz eta egungo desadostasunez; gai dira testuak interpretatzeko, testuartekotasuna antzemateko, azaleko hitzetatik sakoneko mezua azaleratzeko eta dagokion hizkuntzara eta kulturara egokituta emateko. Itzultzaileak idazle trebeak dira, zuzentzaileak, editoreak, maketatzaileak, ekoizleak, komunikazio-oztopoen eta -zailtasunen identifikatzaile ezin-hobeak eta hausturak ebazteko estrategiez hornitutako espezialistak.

Hain zuzen ere, horixe da LT-LiDER itzulpengintzako irakaskuntza-berrikuntzarako proiektu europarrean atzematen ari garena: profesionalen aburuz, itzultzaileen presentzia, batez ere enpresa munduan, komunikazio-kateko hainbat eta hainbat urratsetara hedatzen ari da, haien abileziak medio.

Izan ere, gero eta lan gehiago omen dago itzultzaileentzat. Agian komunikazio-espezialistak esatera ohitu behar genuke, itzultzailearen profila zabalduz doanez gero. Badirudi teknologia-garapenaren eta hedapenaren eraginez, itzulpena igaro dela balio gehigarria izatetik, behar edo espero izandako produktu izatera, eta egungo komunikazio-modalitate berrietan ere bere lekua aldarrikatzera.