euskaraespañol

Imagen del día

JON-MIRENA LANDA GOROSTIZA

Heriotza-zigorra eta demokrazia

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedraren zuzendaria

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 26/06/2019

Jon-Mirena Landa Gorostiza. Foto: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU
Este artículo se publica en el idioma en el que originalmente se ha escrito.

 

Aspaldi honetan Pablo Ibar kasuaren harira heriotza-zigorraren eztabaida berpiztu egin zaigu berriro ere. Estatu demokratiko bat irudikatu behar izanez gero edo, beste era batera esanda, giza eskubideak serio hartuko bagenitu, heriotza-zigorrak ez luke zertan gure elkarbizitza antolatzeko orduan lekurik eduki beharrik. Izan ere, demokraziak zeozer esan nahi badu, botere muga da. Bai horixe. Askok identifikatzen dute demokrazia botoa ematearekin, agintariak aukeratzearekin, legeak ordezkarien bitartez egitearekin. Eta noski argi dago demokrazia hori guztia ere dela. Baina ez da agian behar beste azpimarratzen demokraziaren DNA botere-mugan ere datzala. Zeren eta demokrazia modernoen bitartez herritarrok boterea Legebiltzarrari lagatzen baitiogu, gure ordezkariek bizitza kolektiboa arau dezaten. Eta horretan, askotan, gehiengoaren araua gakoa dugu, gehiengoen bitartez hainbat erabaki hartu behar diren neurrian. Baina dena ez da erabakitzen gehiengoaren bitartez. Demokrazia batean gutxiengoak ere defendagai dira eta areago: gizabanako guztion eta bakoitzaren duintasuna, duintasun pertsonala, erdigunean egon behar da, botere publikoek beti duintasuna errespetatu behar dutelarik. Gehiengoek ezin dute zilegitasunez dena erabaki: mugak daude.

Galdera da, ordea, duintasuna nola errespetatzen den edo, beste ikuspegitik, noiz ez den argi eta garbi errespetatzen? Tortura zilegia da? Ticking bomb eszenatokiaren kasuan ere ez da zilegia, torturaren bitartez lehergailu bat non dagoen jakiterik balego, ehundaka pertsonen bizia salbatzeko asmoz? Sexu-bereizkeria zilegia da? Emakumeek eskubide gutxiago edukitzeko legea arau liteke? Eta hierarkia arrazista baten araberako Apartheid zilegia izango litzateke? Noraino muga litezke etorkinen eskubideak beraien duintasuna nabarmen ukitu gabe? Estatuak al du gure intimitatea mugarik gabe ezagutzeko ahalmenik? Estatuak erabaki dezake, hurbileko senideen gainetik, noiz terminala den pertsonari heriotza –eutanasia- eragin dakiokeen?

Galdera sorta luzea eta luzeagoa izan liteke. Kontua da Demokraziak, batzuetan, ohiko gehiengoaren araua alde batera utzita, duintasunaren balorea eduki behar duela abiapuntu eta helmuga eta beste era batera erabakiak hartu. Eta horretan ere giza eskubideen kulturak bere lekua badu. Izan ere, duintasunaren balorea eta giza-eskubideak elkarren eskutik doaz. Hori gertatzen zaigu, zalantzarik gabe, heriotza-zigorraren kasu sinbolikoan. Ikus dezagun.

Elkarbizitza antolatzeko, gatazkak konpontzeko tresnak ugariak dira. Kode moralak, etikoak, erlijiosoak, usadioak, ohiturak eta mota askotako arauak ere baditugu, bizitzaren une bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez orientatzekoak. Jarduteko eredu normatiboaz gain, zehapenak edo zigorrak ere baditugu: gure hurbileko estimua bada saria pertsona eredugarriak bagara, bazterketa soziala ordea, zigorra. Zehapenak informalak ez ezik, formalak ere izan daitezke: isunak, debekuak eta kasurik gogorrenetan zigor penala. Zigor penala bada gatazkak konpontzeko modua, baina bakarrik muturreko kasuetan erabiltzekoa. Eta horren barruan areago, espetxeratzea dugu erantzunik gogorrena, deliturik larrienetan bakarrik urte luzez ezartzekoa.

Gatazkarik larrienetan, erailketa basatiak, edo eraso-sexual ankerrak, esaterako, ia gizarte guztietan daude present eta horien aurrean zigorrik handienak ere ezarri ohi dira. Galdera da ordea zein da muga-gorena? Noraino da zilegi eman beharreko erantzuna? Non jartzen diogu geure buruari demokrazia baten barruan goiko langa?

Erdi Aroan heriotza-zigorra ez zen delitu aurreko erantzunik larriena: hura ez ezik tortura ere ezartzen zen. Alegia, heriotza eragiteko modua bereziki krudela izan zitekeen egindako delituaren arabera. Heriotza eragiteko moduan ere ezberdintasunak zeuden, zigorraren gogortasuna sailkatzeko orduan. Ilustrazio garaitik hona, hau da XVIII. mendetik aurrera, krudelkeria gutxitzen joan zen pixkanaka-pixkanaka, bederen Mendebaldean harik eta, batetik, heriotza-zigorra eta, bestetik, zigor fisikoak desagertu arte. Eta hori, batetik, efikaza ez zelako: zigor mota horiek ez zuten delitugintzaren arazoa konpontzen. Eta, bestetik, pertsonaren duintasunaren aurkakotzat joak izan zirelako, gizabanako guztiak gehiago eta modu unibertsalean errespetatzearen ondorioz.

Halako aldaketa kulturala gertatu zen, onartezin bihurtu zuena, pertsonak hiltzea edota zigor fisikoak ematea. Sentsibilitate-aldaketa baten ondorioa izan zen, hortaz, Estatuak ezta delitugilerik handienen kasuan ere hiritarrik hil ezin izatearena. Zeren eta erabakitzea zeinek merezi duen bizitzea eta zeinek ez, demokrazia sendo eta benetako baten muga baita. Heriotza-zigorra existitzeak esan nahi du badirela bi motatako pertsonak eta batzuek galtzen dutela bizi izateko eskubidea. Hor dago muga: ezin dira pertsonak bi multzotan sailkatu, batzuk bizitzeko eskubidea dutenak eta beste batzuk bizitzeko eskubiderik gabekoak. Guztion giza-duintasuna serio hartzeak eragotzi behar du batzuei bizi izateko eskubidea ukatzea..

Muga kontua, gainera, ez da kontu etiko-filosofiko hutsa. Eskarmentu historikoak erakutsi digu, sufrimendu handien kostuaz, muga hori errespetatzen ez denean, Estatua gehiegikerietan erortzen dela sistematikoki. Gogora ekar dezagun Nazien aldian Estatu-botereak noraino bortxa zezakeen giza-duintasuna, handik aurrera bai Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (1948) bai Europa mailan Giza Eskubideen Ituna (1950) onartu zirela. Heriotza-zigorra ez da Estatu demokratikoak eduki dezakeen ahalmen bat, botere bat. Ez behintzat duela 200 urte inguru ateratzen hasi ginen zulo beltz handi horretara itzuli nahi ez badugu.