euskaraespañol

Arturo Elosegi

Biodibertsitatearen gainbehera, krisi sakonagoaren seinale

Ekologia katedraduna eta Naturzaintzako kidea

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 17/12/2020

Arturo Elosegi
Arturo Elosegi. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Duela aste batzuk Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) bere urteroko txostena atera du. Bertan ikus daitekeenez, Mundu Biziaren Indizea (MBI) gainbehera doa. Zer da MBI hori? Munduko 21.000 animali-populazioen egoera islatzen duen zenbaki bat, mundu osoko biodibertsitatearen adierazgarri. Populazio horiek 1970etik gaur arte % 68 murriztu dira batez beste. Beherakadarik larriena (% 94) Erdi eta Hego Amerikan gertatu da, baina Europan ere MBIa % 24 jaitsi da denbora horretan. Alegia, animalia basatiak gainbehera doaz, biodibertsitatea gainbehera doa. Mundu osoan.

Ez al ginen, bada, egoera konpontzen ari? Ez al ditugu espezie basatiak babestu? Ez al ditugu sekulako babesguneak eratu? Nazio Batuen Ingurumen Programak (UNEP) bere txostenean oso balantze positiboa egiten du ekosistemen osasun eta emankortasunaz, eta dio 2018rako ezarritako helburuak aisa gainditu direla. Zein ziren, ordea, helburu horiek? Adibidez, ekosistemen kudeaketarako nazioarteko elkarlan-protokoloak sinatzen duten herrialdeen kopurua emendatzea. Alegia, protokoloak sinatzen dira, natura babesten duten legeak ezarri, babesguneak sortu. Baina biodibertsitatea oraindik gainbehera doa. UNEPek berak beste txosten honetan onartzen du duela 10 urte ezarritako ‘Aichiko Biodibertsitate-Helburuak’ ez direla betetzen ari.

Arazoa, noski, ez da berdina mundu osoan eta espezie guztientzat. Zenbait herrialdetan babesguneak falta dira oraindik; beste batzuetan babesguneak badaude, baina ez dira benetan babesten; herrialde batzuetan pobreziak jendea legez kanpoko ehiza eta bilketara bultzatzen du; beste zenbaitetan kutsadura eta nekazal-lurren hedapena dira arazo nagusiak; batzuetan espezie exotikoak; kasu batzuetan gauzak ongi egin dira baina denbora beharko da populazio basatiak errekuperatzen hasteko.

Europar Batasunean Natura 2000 Sarea eraiki da, biodibertsitatea kontserbatzeko ekimen ausart eta garrantzitsua. Baina oraindik ikusteko dago honek benetan biodibertsitatean izanen duen eragina. Gurera etorrita, Euskadiko Autonomia Erkidegoan kontserbazio-egoera txarrean diren espezieen % 5 bakarrik ari da hobetzen, % 28 mantentzen ari da, % 16 txartzen, eta gainerako % 51z ez dugu informaziorik. Lehentasunezko habitatei dagokienez, berriz, % 82ren kontserbazio egoera kaskarra da. Bistan da, badugu zer hobetu.

Kontua da biodibertsitatea kontserbatzeko ez dela aski eremu batzuk babestearekin, askoz aldaketa sakonagoak egin behar ditugula gure bizimoduan. Izan ere, giza-populazioak eta giza-jarduerek etengabe hazten jarraitzen dute, eta honezkero lorratz ekologikoa hain da handia 1,6 planeta beharko genituzkeela gure jarduerak mantentzeko. Hau ikusirik, 2017an 184 herrialdetako 15.000tik gora zientzilarik manifestu bat sinatu genuen esanez gizateriari denbora amaitzen ari zaiola. Azkar eta sakon aldatu ezean hondamendi ekologikora goazela. Gai hau aipatzean Estatu Batuetan eta Txinan pentsatu ohi dugu, baina Euskal Herrian ere oso lorratz ekologiko handia dugu eta oso motel goaz jasangarritasunerantz. Hemen ere lurren artifizializazioa etengabea da, energia gastua oso altu dago eta giza-jarduerak intentsifikatzen jarraitzen dugu.

Jar dezadan adibide bat: basogintza. Hego Euskal Herrian nabarmen intentsifikatu da, gero eta bizi-ziklo laburragoko espezieak hautatuz, gero eta eremu handiagoak ustiatuz. Erakunde zein jabe pribatu askok intsinis pinuaren aldeko apustua egin zuten, ahaztuta ez dela komeni arrautza guztiak saski berean sartzea. Halako batean, gaitz bat besteren atzetik iritsi ziren arte: ‘Fusarium’, xingola gorria, xingola marroia... Azken honek milaka hektarea pinudi ihartu ditu, jabeek egindako inbertsioa alferrik galduz. Zein izan da gure erantzuna? Hasiera batean, kobre oxidoa eta beste zenbait fitosanitariorekin saioak egin ziren, baina itxuraz, arduradunek etsia hartu dute eta orain eukalipto-landaketak hedatzen ari dira; alegia, pinuena baina are intentsiboagoa den ustiapen-sistema batek. Argitaratutako lanek argi erakusten dute landaketa hauek ingurumen-eragin nabarmena izan dezaketela, batez ere biodibertsitatea murriztuz. Beraz, aldaketa honek jasangarritasunetik are gehiago urrunduko du Euskal Herria.

Batek baino gehiagok galdetuko du: eta niri zer, biodibertsitatea galtzen bada? Zer axola didate tximeletek eta hegaztiek? Dirudiena baino gehiago. Biodibertsitatea ezinbestekoa da munduaren funtzionamendu egokirako: arnasten dugun oxigenoa ekoizten du, botatzen ditugun hondakinak deskonposatzen, jaten ditugun janari asko sortzen, gure farmaziak sendagaiz hornitzen. Gainera, klima ziztu bizian aldatzen ari garen honetan, biodibertsitate altuak segurtasuna eskaintzen digu, zenbat eta espezie gehiago izan, orduan eta aiseago topatuko baitugu baldintza berrietara egokituko diren batzuk. Goian aipatu dudan arrautzak saski berean ez jartzeko arau honi ingelesek "portafolio- edo kartera-efektua" deritzote, burtsako inbertsoreen araua gogoan, alegia, ziurragoa dela akzio-kartera zabala izatea eta ez diru guztia enpresa bakarraren akziotan. Biodibertsitatea kontserbatzeko argudio etikoak ere badira, ez baitugu eskubiderik milioika urteren poderioz eboluzionatutako espezieak suntsitzeko, ez eta gure ondorengoei gurea baino askoz mundu mugatuagoa uzteko. Azkenik, biodibertsitatea kontserbatzeak gure osasuna eta ekonomia ere kontserbatzen lagun dezake, Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPBES) argi utzi baitu biodibertsitatea murrizteak pandemien arriskua handitu egiten duela.

Tren bat amildegirantz bezala, ziztu batean hondamendi ekologikorantz goaz. Hondamendia saihesteko ezinbestekoa da lehen bait lehen aldaketa sakonak egitea gure hazkunde ereduan. Tamalez, astoa kartolekin bezala, une bakoitzean muturren aurrean duguna besterik ez ikusteko joera dugu: duela hilabete batzuk krisi klimatikoa genuen hizpide, orain koronabirusaren pandemia. Ez gara ohartzen guztiak krisi sakonago baten atalak besterik ez direla, alegia, ingurumen-krisiarenak, gizartearen hazkunde ereduarenak. Garaia dugu luzeago pentsatzen hasteko. Adibidez, egungo pandemia kontrolatuxea dugunean, ez genuke berriro hazkunde esponentzialean sartu beharko. Euskal Herrian bertan, ildo interesgarriak proposatu izan dira koronabirusaren ondorengo mundurako.

Ataka honetan, argi geratu beharko luke aurrean dugun erronkaren tamainak, hari berehala ekitearen larritasunak eta guztion lanaren beharrak. Oso erraza da politikariei errua botatzea. Eta errua badute. Oso erraza da Estatu Batuetan erreparatzea, eta han bada zer aldatu. Baina horretara mugatzen bagara ez dugu egoera garaiz irauliko. Guztiok hasi behar dugu lanean, bakoitzak bere esparruan eta bere ardurekin, bakoitzak ahal duen neurrian. Datozen belaunaldiek horrenbeste merezi dute.