Ekain Zubizarreta Zuzuarregi
Antidopina: egungo eztabaidak eta etorkizuneko erronkak
Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea. Doping Studies and Analysis of Anti-Doping Policies UNESCO Katedrako kidea.
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 08/02/2024
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Aldizka bakarrik agertzen da ‘dopin’ hitza gure gizartean, eskandaluren baten ondoren eta tarte baterako. Besteak beste, Lance Armstrong, Maria Sharapova edo Alberto Contadorren izenak albistegien hasieran entzun izan ditugu eta aldizkari batzuen lehen orrialdean ere agertu izan dira. Hala ere, horrelakoek denbora gutxi irauten dute hedabideetan, nahiz eta zenbait zalerengan marka luzeagoa utzi. Dopinaren aurkako borroka edo, labur esateko, antidopina bestelako kontua da, ordea. Gutxitan hartzen dira berri garrantzitsutzat dopinaren aurkako lanean egunero dabiltzanen ekintzak; izan ere, gehienean, hanka sartzeren bat edo ustelkeria kasuren bat ezagutzera ematean hitz egiten da dopinaren aurkako erakundeez.
Mundu mailakoa da dopinaren aurkako borroka eta asko dira lanean diharduten erakundeak. Munduko Dopinaren Aurkako Agentziak (ingelesezko WADA siglen bidez ezaguna) zuzentzen du antidopin jarduna eta haren jarraibideak betetzen dituzte, besteak beste, nazioarteko kirol federazioek (esaterako, FIFAk eta UCIk) eta dopinaren aurkako agentzia nazionalek (NADO izenaz ezagunak).
Baliabide anitz behar ditu dopinaren aurkako borrokak. Herrialde bakoitzak aurrekontu handia bideratzen du bere NADO propiora, eta batzuek laborategiak eta bestelako erakundeak ere finantzatzen laguntzen dute. Baliabide horien guztien xahutzeak, ordea, zenbateko ekarpena egiten dio gizarteari? Baliteke zenbait irakurlek zalantzan jartzea politika hauen helburua, horien kostuak eta onurak alderatuta: “eliteko kirolariengan hainbeste diru gastatzeak zentzurik ba al du?” Galderak ez du erantzun errazik, ezta gutxiago ere. Egongo da desberdin pentsatuko duenik ere: “politika hauek, eliteko kirolariengandik haratago, ez al dute gizarte osoarengan eragingo eta etikari eta zuzentasunari buruzko mezu positiboa zabaltzen lagunduko?” Ez da erraza iritzi baten edo bestearen alde egitea, eta bi aldeetarako argudioak topa litezke.
Baliabideena eta antidopinak gizarteari egin diezaiokeen ekarpenarena ez da gaiari lotutako eztabaida bakarra. Osasun publikoa eta substantzien kontsumoa, etika eta joko garbia, eliteko lehia eta ikuskizuna… elementu eta dimentsio mordoa barnebiltzen du antidopinak, eta ez da erraza borroka hau nork zuzendu beharko lukeen zehaztea. Eztabaida hori hasieratik egon da, eta WADAren izaera bera da horren erakusle. Mintzagai dugun erakundea estatuetako ordezkariek eta kirol erakundeetako ordezkariek osatzen dute, erdi eta erdi hain zuzen ere. Finantzatu ere hala egiten dute eta, beraz, erakunde publiko-pribatu eredugarritzat saldu izan da askotan. Iraganean ohikoagoa zen hori. Gaur egun, ordea, parekidetasun hori errespetatu arren, erabakiak hartzerakoan bi ordezkari taldeen artean alde nabariak daudela garbi ikus daiteke. Batetik, esperientzia eta espezializazio mailak nabarmen eragiten du konponbide berriak bilatu eta erabaki informatuak hartzeko gaitasunean. Bestetik, kirol erakundeen ordezkarien arteko batasuna askoz ere handiagoa da; estatuetako ordezkarien artean zailagoa suertatzen da helburu komunak finkatzea edo jarrera bateratua hartzea. Erabakiak hartzerako garaian, bi faktore horiek argi eta garbi eragiten dute bi taldeetako ordezkariek izan dezaketen pisuan.
Errealitate honek, gaia sakontasunez aztertzera bultzatu ditu zenbait ikertzaile. Lankidetza publiko-pribatu hori arriskutsua izan daiteke hainbat herrialderentzat. Izan ere, ikerketek erakutsi dutenez, interes pribatuek (kasu honetan, kirol erakundeen interesek) eragin nabaria izan dezakete estatuen jardunean, askok interes horiek babesteko tresna modura erabiltzen baitute WADA. Sortzez, kontrakoa zen helburua: dopinaren auziari heltzea zen estatuen asmoa, ordura arte kirol erakundeek kudeatzen baitzuten batik bat. Arrazoi nagusia osasun publikoaren aurkako praktikak kontrolatzea zen, baina bazen kirol erakundeen jardunaren gaineko konfiantza falta ere, aurreko urteetako ustelkeria kasuak tarteko. Egun, ordea, gardentasun gutxiko erakundea da WADA, hainbat estatuk eskatuta gobernantza erreformak egin dituen arren. Estatuek nabarmen galdu dute erakundearen barruan eduki beharko luketen boterea eta, gai garrantzitsuei heldu ezinda, azken urteetan garatu diren dopinaren aurkako araudi eta tresnak beren herrialdeetan martxan jartzen ari dira buru-belarri. Hori egin ezean, WADAk eskumena dauka beraien interesen aurkako neurriak hartzeko eta, isunak jartzeaz gain, Joko Olinpikoetan parte hartzea debeka liezaieke. Halako lehiaketek herrialdearen irudian duten garrantziaz jakitun, estatuek kosta ala kosta saihestu nahi dituzte debekuak eta, hortaz, WADAren jokoan harrapatuta geratu dira, erresistentzia egiteko aukerarik gabe.
Egoera hori izanik, zein baliabide izan lezakete estatuek egoera lehengoratu eta galdutako boterea berreskuratzeko? Nola lortu halakorik, oraindik ere zilegitasun handia duen erakunde baten aurrean? Nola egin aurre kirol erakundeei? Kontuan izan behar da erakunde horiek lobby gaitasun handia dutela, baita milioi askotako interesak ere. Erakundearen barne-erreforma bultzatzeak dirudi zentzuzkoena, baina ikusi beharko da noraino hel daitezkeen asmo horiek. Arestian aipatutako erreformek (2018-2021) WADA goitik behera aldatzeko balio behar zuten, berez; baina oraingoz ezer gutxi aldatu dela dirudi.
Labur esanda, uste dut WADAren esperimentuek eta antzekoek zerbait ikasteko balio behar dutela. Kasu honetan, zehazki, balio beharko luke hausnartzeko zer arrisku ekar ditzakeen arazo publikoen gidaritza erakunde pribatuekin elkarbanatzeak. Hori horrela, bestelako gobernantza ereduen bidez aurre egin beharko zaie etorkizuneko erronkei, eta ikusteko dago zein eredu izango den egokiena.
Ez nuen Euskal Autonomia Erkidegoko egoera aipatzeko aukera galdu nahi. Kasua berezia da oso; izan ere, herrialde mailako NADOaz gain, dopinaren aurkako agentzia propioa ere badauka Euskadik. Une honetan, mundu osoan ez dago halako beste kasurik eta, beraz, aipamena ondo merezitakoa da. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak (DAEA-AVAk) maila autonomikoan diharduten kirolarien gaineko eskumena du eta hemen antolatutako hainbat liga pribaturekin ere baditu hitzarmenak. Tarteka, Espainiako NADOarentzat edo nazioarteko federazioren batentzat ere egiten ditu kontrolak, haiek hala eskatuta, ordezkari gisara.
Euskadiko antidopina eta DAEA bera behetik gorako ekimen baten erakusle dira, tokian tokiko beharrei erantzuteko sortuak baitira. Azken hamarkadan egindako lanak agerian uzten du batzuek, akaso, alferrikakotzat edo ez beharrezkotzat jotzen dituzten lanak baduela zentzua eta fruituak eman dituela. Goi mailako proba gehienek antidopin kontrolak izaten dituzte edo izan ditzakete, eta prebentzio ekimenak ere ugaritzen ari dira. Gure erkidegoan DAEA egongo ez balitz, Espainiako NADOaren esku geldituko litzateke lan honen ardura eta errealitatea bestelakoa izango litzateke; horren zalantzarik ez dago. Antidopin ekimenak ugariak dira hemen, eta dopinaren aurkako “zero tolerantzia” ikuspegia pixkanaka hedatzen ari da.
Hala ere, dena ez da polita Euskal Herrian antidopinari dagokionez. Ez ditugu ahaztu behar iragan hurbilean izandako dopin kasu guztiak (asko txirrindularitzan) eta oraindik ere agertzen direnak. Eta zer esan halako kasuetan inplikatuta egon diren hainbati hedabideetan ematen zaien trataera onberari buruz.
Hori horrela, mundu mailari begira jarri gabe, ezin ahantz dezakegu hemen ere gure erronka propioak ditugula.