Belén Altuna Lizaso
Agintari politikoen bizitza pribatua eta etika publikoa
Profesora de Filosofía moral. Facultad de Educación, Filosofía y Antropología.
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 09/05/2024
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Artikulu hau idazteko gonbitea egin didatenean oraindik hizpide dira Pedro Sanchezek apirilaren 24ean herritarrei zuzendutako gutuna eta hausnartzeko hartu zituen bost egun harrigarri haiek. Madrilgo auzitegi batek zigor auzibide bat ireki zuen haren emazte Begoña Gomezen aurka, «ustelkeria eta influentzia trafikoa» egotzita. Gomezek zenbait gutun sinatu zituen lan egiten duen unibertsitatearen izenean, lan eskaintza publiko batean enpresa elkarte bat gomendatzeko. Sanchezek bidegabeko erasotzat hartu eta, halako presioen aurrean, presidente karguari eustea merezi ote duen hausnartzeko tartea hartu zuen. Edo hala zioen. Ondorengoa badakigu: gogoz jarraituko duela bere karguan «lohiaren makinari» aurre egiteko eta «demokrazia biziberritzeko».
Har dezagun, bada, guk ere hausnartzeko tartea. Etikaren begiradarekin, leku askotara zuzen dezakegu gure soa: kazetaritza, hedabide eta sare sozialen etikara, esaterako. Baina orain beste zerbait interesatzen zait, agintari politikoen jokabidearekin lotutakoa. Bizitza publikoan nahiz pribatuan halako eredugarritasun bat eskatzen zaie, ados, baina haien ezkontide edo izatezko bikoteei ere? Gainontzeko senideei ere? Ez nuke kasu honi bakarrik lotu nahi, antzeko asko ere daudelako eta egongo direlako. Izan ere, Begoña Gomezen kasuan, eta fiskaltzaren arabera, seguruenik ez daude influentzia trafikoko delitu bat egozteko nahikoa froga. Gaitzespen judizialerako arrazoirik ez, dirudienez. Eta gaitzespen etikorako? Hori beste kontu bat, eta horretarako etika publikoa hartu behar dugu gogoeta gai.
Batzuek uste dute ilegala ez den oro zilegi dela. Legea dela araubide komun bakarra eta etika edo moral kontuak bakoitzaren kontzientziari baino ez dagozkiola. Baina hori zentzugabea da: bizikidetza posible da, hain zuzen ere, balio eta printzipio partekatu batzuk ditugulako eta horiei buruzko juzgu eta deliberazioak egiten ditugulako etengabe elkarrekin. Etika publikoaz hitz egiten dugu herritar guztion etika zibikoaz aritzean, espazio publikoan jokatzeko partekatzen duguna, bai, eta baita bereziki botere eta erakunde publikoei aplikatutako etikaz dihardugunean. Bigarren hau, Erakundeen etika, Administrazio publikoaren etika eta halako izenak hartzen dituena, 2000. urte ingurutik pixkanaka osatzen eta indartzen ari dena da.
Azkenengo hamarkadan, batez ere. Etika kodeak biderkatzen joan dira elkarte eta instituzio publikoetan (azken-azkena, UPV/EHUk otsailean onartu berri duena), baita zenbait kasuetan enpresa pribatuetan ere. Nolabaiteko ‘zigilu etikoa’ bilatzen dute bere jarduna zilegiztatzeko, haien irudia indartu eta herritarren konfiantza irabazteko. Hainbaten iritziz, boom etikoa baino kosmetikoa da hori. Ulertzekoa da mesfidantza, baina ez da beti horrela, inondik ere.
Enpresaren etika neurri handi batean Korporazioaren Gizarte Erantzukizuna (Corporate Social Responsibility) kontzeptuaren gainean eraiki bada, Erakundearen etika Integritate edo Zuzentasun sistema (Integrity frameworks) deitzen den horretan hazi da. Hala sustatu izan du nazioartean Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA/OCDE). Asmoa zera da: azpiegitura eta kultura etiko bat sortzea administrazio publiko guztietan, erakunde guztietan. Ez delako soilik banako bakoitzaren etika profesional kontua, instituzio osoaren kode, eredu eta giroarena baizik. Saski ustelak sagarrik sanoena ere ustel dezakeelako. Hala, legea urratu denean auzitara joatea ex post egiten den zerbait da, zigor funtzioa duena; Integritate edo Zuzentasun sistema etiko baten asmoa, aldiz, prebentiboa da, jokabide eta ohitura arduratsuetan hezitzea eskatzen du.
Zuzentasun sistemaren ereduak lehenengo eta behin Erakunde jakin horrek bultza eta sendotu nahi dituen balio eta printzipioak zehazten ditu; ondoren, horiekin lotutako Kode etikoak garatu eta Etika batzorde bat osatu ohi du, berme-sistema gisa. Hala, esaterako, 2016ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta bere sektore publikoko karguen Etika eta Jokabide Kodea adostu zen. Gero, antzekoak osatu izan dira zenbait udal eta Foru Aldundietan (garatuena, Gipuzkoakoa). Eta oro har Espainiako zenbait erakunde publikoetan. Azkena, 2023an onartu zen Estatuko Administrazio Orokorraren Integritate Sistema, baina oraindik apenas martxan jarri eta ezagutzera eman dena. Gobernu zentralari edo Gorteei aplikaturiko halako markorik ere ez dago, Rafael Jimenez Asensio adituak salatzen duen moduan. Ustelkeriarekin amaitzeko neurriak hartuko zituela hitz emanez abiatu bazen ere Pedro Sanchez gobernuan, ezin esan daiteke arlo horretan gauza handirik egin duenik.
Zer gertatzen da orduan goi kargu batek -edo haren hurbileko norbaitek- interes gatazka bat duenean, arestian aipatutako Gomezen kasuan bezala? Kargu horien balio eta jokabide-arauen artean zintzotasuna eta eredugarritasuna aipatzen dira, eta horiek zehazterakoan zera adierazten da: “beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko dituzte hurbileko senideek inola ere oparirik edo onurarik jaso ez dezaten edozein erakunde edo pertsonarengandik, baldin eta jasotze horrek hirugarrenen aldeko faborezko tratua dagoela pentsatzera eramaten duen susmorik txikiena ere sor badezake, eta, horrenbestez, kalte egin badiezaioke herritarrek beren erakundeez duten inpartzialtasun- eta konfiantza-irudiari”. Kasuan-kasuan, zalantzak daudenean, Integritate markoaren baitan osatutako Etika Batzordera jo dezake politikari horrek eta bertako kideen deliberazioa eta ebazpena eskatu. Hori da Britainia Handian eta beste zenbait herrialdeetan jada indarrean dagoen sistema, eta adituek gure arterako ere eskatzen dutena.
Edozein kasutan, inorengana jo gabe ere, zalantzan dagoen politikariak -edota hurbileko pertsona horrek- beti galde diezaioke bere buruari: egitera noan hau publiko egingo balitz, onargarria al litzateke? Eta beste galdera, politikagintzaren muinera doana: nire aurkari politikoak -edo haren emazte edo senarrak, alaba edo semeak- antzeko zerbait egin duela jakingo banu, nik ere -edo nire alderdikideek- eraso politikorako erabiltzea onargarria al litzateke?