euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaileek NASAren Mars2020 misio espazialean parte hartuko dute

Marteko ingurugiroko meteorologia eta hauts-zikloak aztertuko dituzte, etorkizunean gerta daitezkeen balizko giza-esplorazio bati begira

Fecha de primera publicación: 04/09/2014

un "rover" o vehículo todoterreno

Uztailaren amaieran, NASAk, Astrobiologia Zentroko eta Estatu Batuetako Jet Propulsión Laboratoryko ikertzaile espainiarrek lideratutako MEDA tresna aukeratu zuen aurkeztutako 57 proposamenen artean, Marteko gainazalean zehar ibili eta hango atmosfera eta zorua ikertzeaz arduratuko den "rover" edo lur orotako ibilgailuaren Mars2020 deritzon misioari begira. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Zientzia Planetarioen Taldeak tresnaren garapenean parte hartuko du, baita Marteko tenperatura, presio, hezetasun eta haizeen neurketen kudeaketan ere, planetako meteorologia, gainazaleko erradiazioa eta hango ingurugiroan suspentsioan dagoen hautsaren karakterizazioa eta banaketa aztertzeko asmoz.

Zalantzarik gabe, Marte dugu, Lurraren ondoren, eguzki sistema osoan gehien esploratu eta ongien ezagutzen dugun planeta. Teleskopioek ez ezik, planetaren inguruko orbita desberdinetan kokatutako hainbat espaziontzik aztertzen dute aspaldi honetan, Marteko gainazalean zehar harat-honat dabiltzan zenbait ibilgailurekin batera. Marteri buruzko jakinminaren haririk, jakin badakigu planetak ur likido ugari izan zuela gainazaleko eremu zabaletan duela milioika urte. Hau ezinbesteko baldintza da astrobiologoen esanetan bizitza garatu ahal izateko. Horrek beste galdera bat dakarkigu gogora, ea Martek bizitza garatzeko izan zuen aukera hori behar bezala aprobetxatu ote zen, eta hala izatekotan, bizitzak iraganean existitu izanaren arrastorik utzi ote duen, edo optimistenen esanetan, planetako zokondo ezkuturen batean oraindik bere horretan iraun ote duen. Mars2020k han-hemenka miatu eta iraganeko bizitza horren zantzuak bilatuko ditu.

Mars2020k jarraipena emango dio Curiosity ibilgailua planetaren gainazalean egiten ari den lanari. Baina harantzago ere joko du, lur orotako ibilgailuak aurretik aztertu eta aukeratutako eremuetako laginak bildu eta leku seguru batean gordeko baititu, ondorengo misio batek Lurrera ekarri eta behar bezala aztertzeko asmoz. Bestalde, etorkizunean Marten giza-esplorazioren bat egiteko, derrigorrezkoa da planetako ingurumen-baldintzak zehatz-mehatz ezagutzea, erradiazio-dosiak eta tokian tokiko meteorologia barne, hautsa harrotu, suspentsioan utzi eta planetaren gainazalaren gainean pausatzeko zikloari arreta berezia eginez. "Marteko hautsa oso-oso fina da (mikra edo milimetro baten milioirenaren tamainakoa), eta gainazaleko haize bortitzek, atmosferaren dentsitate txikiarekin batera, hautsez betetako giroa sorrarazten dute planeta osoan. Hautsak instrumentu guztiak estali eta zeharkatzen ditu, eta horrek gogoan hartzeko moduko arriskua dakar espaziontzientzat eta astronautentzat", adierazi du Agustin Sanchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendari eta MEDA tresnaren inguruko ikertzaile kideak. Bertako kolaboratzailea dugu, halaber, Zientzia Planetarioen taldean ikertzaile dabilen Santiago Perez-Hoyos, atmosferako partikulen ikerketan trebatutako aditua.

Mars2020 2020ko udan zeruratu eta planetara 2021aren hasieran iritsiko dela aurreikusi da. MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer hitzen akronimoa) teknologia goreneko osagaiak biltzen dituen sofistikazio eta konplexutasun handiko tresna da. Misioan zuzenean parte hartzeaz gain, Zientzia Planetarioen Taldeak Marteko atmosferaren egoera karakterizatzen jardungo du datozen urteotan Taldeak berak garatutako PlanetCam izeneko tresna Lurreko teleskopio desberdinetara egokituz, misioa aurrera ateratzen laguntzeko asmoz. 2016an, 2018an eta 2020an gertatuko diren Lurra eta Marteren arteko hurbilketek planeta zehatz-mehatz behatu eta Marteko atmosferako hautsaren egoera globala egiaztatzeko aukera eskainiko dute.

Zientzia Planetarioen Taldea eta EspaZio Gelari buruz
UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea Eusko Jaurlaritzak kontsolidatutako talde-sistemari atxikita dago, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzaketa du. Elkartutako Unitatea osatu du Andaluziako Astrofisika Institutua-CSICekin batera, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko EspaZio Gelak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketaz eskaintzen duen Zientzia eta Teknologia Espazialeko Masterraren sustatzailea da.