Breadcrumb

DIFusio@

Programazioa, Datu-Baseak, generoa, euskara eta teknologiaren dibulgazioa lantzen (EHU-Wikipedia 2023)

Programazioa, Datu-Baseak, generoa, euskara eta teknologiaren dibulgazioa lantzen (EHU-Wikipedia 2023)

2023an zehar Informatika fakultateko 80 ikasle inguru aritu dira Euskal Wikipedian artikuluak editatzen. Guztira, informatikari eta teknologiari buruzko 60 artikulu sortu eta 100 hobetu dituzte, irakasleekin batera elkarlanean. Ikasle gehienak lehenengo mailako "Matematika Diskretua" eta laugarren mailako "Idatzizko komunikazio zientifiko-teknikoa euskaraz" irakasgaietako euskara taldekoak izan dira, Informatika Ingeniaritza Gradukoak (IIG) eta Adimen Artifiziala Gradukoak (AAG). Egindako lanaren erregistroa hemen ikus daiteke: MD, IKZTE, IO.

Bestalde, programazio informatikoa landuz Wikidata datu-basea elikatzeko proiektuetan beste 5 ikasle aritu dira 2 proiektuetan. Lehenengoan, Euskal Herriko estazio meteorologikoei buruzko informazioa jaso, prozesatu, formatu egokian jarri eta Wikimedia Commons-era eta Wikidata-ra igo da, Wikipediako artikuluetan informazio meteorologikoa klima-diagramen eta mapen bidez erakutsi ahal izateko. Bigarrengoan, 300 euskal musika-talderen albumen informazioa Wikidatara igo da eta zuzeneko estekak jarri dira badok.eus atarira.Wikidatan kontsultak eginez, musika-taldeen inguruko grafika eta analisi interesgarriak sor daitezke. Egindako lanaren xehetasunak bi argitalpen hauetan jaso dira:

"Datu meteorologikoak Wikipedian eta Wikidatan", Paula Ontalvilla, Xabier Irastorza, Galder Gonzalez, Ana Zelaia eta Kepa Sarasola, (Wikimedia.eus)

"Euskal musika-taldeak eta albumak Wikidatan", Koldo Etxaniz, Galder Gonzalez, Lorea Loinaz, Ane Paniagua, Kepa Sarasola eta Ana Zelaia, (Wikimedia.eus)

Gainera, fakultatean martxoaren 8rako antolatutako ekimenen barruan, emakume informatikarien hainbat artikulu sortu/hobetu dira.

Zeharkako gaitasun asko uztartzeko aukera eman du proiektuak urtean zehar: ikasleek informatikaren dibulgazioa egin dute euskal Wikipedian eta Python lengoaia eta tresnak informatikoak erabiliz Wikidata datu-basea aberastu dute. Gainera, teknologian emakumeek bizi duten arrakala orekatzeko lanean ere aritu gara. Urtez urte egindako lana fakultateko webgunean ikus daiteke, hemen

Proiektua irekia dago parte hartu nahi duen ororentzat. Animatu!

 


Gaika filtratu