joxe_azurmendi_directrices

Gidalerroak

Datorren atal honek helduleku batzuk proposatu nahi dizkio Joxe Azurmendiren lanera gerturatu nahi duenari, kongresurako bereizi diren gidalerroen arabera. Gaika sailkatu diren arren, lan gehienek bat baino gehiagotarako balio dute eta sailkapenak orientazio gisara hartzea gomendatzen dugu.

Joxe Azurmendiren lanaren zati handiena JAKINek bere atarian bilduta dauka:
https://www.jakin.eus/memoria/jakin-talde-historikoa/joxe-azurmendi/8 Bertan topa daitezke jarraian aipatutako erreferentzia gehienak.

1.-LERROA: Hizkuntzaren eta kulturaren filosofia

Hizkuntza, kultura, espiritua,... zentralak dira Joxe Azurmendiren lanean. Bere obra osoa zeharkatzen du moduren batean ez bada bestean kezka horrek. Hala ere, abiapunturako hainbat erreferentzia har daitezke:

Hizkuntzaren filosofiaz: Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971); Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua (2007); “Zergatik eta zertarako euskaldun?” artikuluaren inguruko polemika; “Hizkuntza, askatasunaren espazioa” artikulua.
Kulturaz eta arteaz: Kultura proletarioaz (1973); Iraultza sobietarra eta literatura (1975); Artea eta gizartea (1978); Volksgeist – Herri Gogoa. Ilustraziotik nazismora (2007); Filosofia eta Poesia (2011); “Goethe: literatura nazional unibertsala” artikulua.

Esparru honetan sartuko litzateke Azurmendiren idazle lana ere, bere poemagintzan eta literatur kritiketan aurki daitekeena.

2.-LERROA: Gizaberea

Gizaberearen inguruan bi esparrutatik idatzi du, batez ere: gizakia animalia izateak ze eragin duen haren izaeran aztertuz eta gizaberearen espiritualtasunaz gogoeta eginez. Zenbait erreferentzia:

Gizabereaz: Gizona abere hutsa da (1975); Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991); Gizabere kooperatiboaz (2016)
Arimaz, espiritualtasunaz, erlijioaz: Azken egunak Gandiagarekin (2009)

3.-LERROA: Naziogintza eta estatugintza

Nazioaz eta nazio arazoaz ere ia liburu gehienetan jardun du Azurmendik, lan goiztiarretatik beranduenekoetara. Hasieran marxismoaz eta nazio arazoaz jardun bazen, gerora gehienbat nazio kulturalaz arduratu da, nahiz eta horrek nazio politikoarekin edo Estatuarekin duen harremana ere gogoetatu. Abiapunturako:

Hizkuntza, etnia, marxismoa (1971); Espainolak eta euskaldunak (1992); Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua (2007); Historia, Arraza, Nazioa (2014); Hizkuntza, Nazioa, Estatua (2017) “Topoi nazional/nazionalistak ernazimentuan: Camöesen "Os Lusiadas" artikulua, “Goethe: literatura nazional unibertsala” artikulua, “Sarrionandia: nazio kontzeptua behelaino artean” artikulua.

4.-LERROA: Gogoeta etikoak

Gogoeta etikoak Euskal Herriko gatazkatik abiatuz pentsatu ditu Azurmendik, balioen inguruko eztabaidari lotuz, Estatuaren eta moraltasunaren tirabirei helduz eta biolentziari buruz gogoeta eginez.  Hainbat erreferentzia:

Demokratak eta biolentoak (1997); Oraingo gazte eroak (1998); Euskal Herria krisian (1999); Barkamena, kondena, tortura. Estatua kontzientzien kontrolatzailea (2012)

5.-LERROA: Pentsamendu soziala eta kooperatibismoa

Azurmendiren pentsamendu sozialari buruzko lanak Euskal Herriko marxismo klasikoaren kritika eta sozialismoa abertzaletasunarekin uztartzeko saiakerarekin hasi ziren, bere gaztaroko urteetan. Gero, kooperatibismoari buruz eta, batez ere, Arizmendiarrietaren pentsamenduaz idatzi izan du.

Marxismoaz eta sozialismoaz: Hizkuntza, etnia, marxismoa (1971); Kolakowski (1972); Nazionalismo/Internazionalismo Euskadin (1979); PSOE eta euskal abertzaletasuna (1979); hainbat artikulu labur marxismoaz.
Kooperatibismoaz: El hombre cooperativo. Pensamiento de Arizmendiarrieta (1984); La idea cooperativa (1996); Lana eta balio kooperatiboak (2005); Gizabere kooperatiboaz (2016)

6.-LERROA: Euskal pentsamenduaren transmisioa

Bere obran zehar helburu nagusietako bat da hainbat euskal idazle eta pentsalariren lana testuinguruan jarri eta ezagutzera ematea. Horrekin batera, garai eta eztabaida historikoak ere landu izan ditu Azurmendik. Erreferentziak:

 

Egile konkretuei buruzko lanak: Zer dugu Orixeren kontra? (1976); Zer dugu Orixeren alde? (1977); Mirande eta kristautasuna (1978); Arana Goiri-ren pentsamendu politikoa (1979); Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989); Etienne Salaberry II. Bere pentsamenduaz (1903-2003) (2003); Azken egunak Gandiagarekin (2009); Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa (2012); Karlos Santamariaren pentsamendua (2013); hainbat artikulu Arestiri eta Txillardegiri buruz.Garai historikoei buruz: PSOE eta euskal abertzaletasuna (1979); Oraingo gazte eroak (1998)