Oroiminetik oroimenera
Txema Ramirez de la Piscina
Kazetaritzako irakasle-ohia
Labirintoa. Gure fakultatea lehen aldiz zapaltzen duen bisitari orok horixe esaten digu: “hau da hau labirintoa; zenbat kostatu zaidan zure bulegoa topatzea!”. Ez zaie arrazoia falta. Izan ere, 2008-2010 urtealdian, orain ezagutzen dugun fakultatea lehendik zegoen eraikin zaharraren inguruan diseinatu eta birmoldatu zen. Hainbat sarrera, korridore, kolore anitzeko eskailera eta ia topa-ezinak diren igogailuen artean… normala da bisitaria galtzea eta zorabiatzea.
Kaotikoa dirudien espazio zoro horretan, ordea, historia dago. Historia bat baino gehiago eta istorio ugari. Oraingo fakultatea ofizialki 1981ean sortu bazen ere, gune eta espazio berean bazen Informazio Zientzien Unitate bat. 1977an hasi zen eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren babespean abiatu zen, harik eta lau urte geroago UPV/EHUren bedeinkapen osoa lortu arte. Trantsizio uneak ziren Euskal Herrian. Une gogoangarriak bizi izan ziren fakultatearen abiaburu zen hartan ere. Orduan, 1977an, hasi nuen nik Kazetaritza Leioako campusean eta bost urte geroago, 1982an, amaitu. Kaleak borborka zeuden, baita gure gelak ere. Gotzon Toralek webgune honetan aipatu duen bezala, den-dena zegoen gure esku, baita irakasleen soldatak erabakitzea ere. Herri boterea zen hura, edo hori uste genuen behintzat. Orain eraikin zaharraren hall-aren inguruan dauden eskailera horietan egiten ziren batzarrak. Amaigabeak ziren, jendetsuak, ke eta izerdi artean, ika-mikez beteak. Orduan nork bere kazeta zeraman besapean; norberaren identitate ideologikoa agerian. Orain bezalaxe, ezta? Gerora, 1990ean, fakultatera bueltatu nintzen irakasle bezala eta bertan jardun nuen 2019 arte.
Iragan oro beti al da hobea? Ez naiz ni iritzi horretakoa. Urteak aurrera joan ahala gizakiok beti izan dugu iragana idealizatzeko joera. Edonola ere, fakultateak eskaini didan espazio hau baliatu nahi dut jauzi txiki bat egiteko: oroiminetik oroimenera, hain zuzen ere. Orduko giro saltsero eta bitxi hark pizten didan oroiminetik gure artean gelditu diren zenbait pertsona eta kazetariren oroimenera egin nahi dut salto.
Duela hiru urte, 2019an, Mariano Ferrer kazetari eta pertsona eredugarria hil zen. Ez zen gure fakultateko irakasle izan, baina sarritan izan zen gure artean hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta jardunaldietan parte hartzeko. Karismatikoa zen. Mantsoki hitz egiten zuen, hitzak harilkatuz, errealitatea zorrotz aztertuz eta logika erabiliz. Batzuetan batzuei ematen zien arrazoia. Besteetan beste batzuei. Ez zen norbaitekin goitik behera identifikatzen den horietakoa. Baina berak distantziakidetasuna hitza alboratzen zuen. Horrela aitortu zion Fakultate honetako irakasle eta kazetari Imanol Muruari 2011n egin zion elkarrizketan (Mariano Ferrer. Lo que dije y digo. Ttartalo): “distantziakidetasunaz esaten denaz barre egiten dut. Ez dezagun nahastu distantziakidetasuna eta guztioi ahotsa ematea, guztion arrazoiak azaltzea, guztiek egiten dutena ulertzen saiatzea; besteak beste, egiten duten hori zergatik egiten duten jakin behar dugulako. Kazetariak kontatzen ari den istorio horren egiaren alboan egon behar du. Eta egiak nekez mantentzen du distantzia bera guztiekiko. Batzuetan batzuekin izanen da. Beste batzuetan besteekin; eta, sarritan, gauza batzuetan batzuekin eta beste batzuetan besteekin”.
Kazetaritzak eta, oro har, munduak bizi duen egoera nahasi eta arraro hauetan narratiba errazak eta azkarrak nagusitu zaizkigu. Albisteak mehetu dira. Gero eta laburragoak dira. Marra lodiak dena estaltzen du. Pintzelkada finek ez dute apenas tokirik. Sarritan, ordea, nabarduretan, pleguetan dago gakoa. Gogoan izan beste maisu batek, Ryszard Kapuscinskik, esandakoa: “historiak zergatik galderari erantzuten dio”.
Oroiminetik oroimenera egin dudan saiakera honetan, Kazetaritzako ikasleei hauxe esango nieke amaitzeko: audientziari konplexutasuna azaltzen ez badiogu, bihurguneetan galduko da, bisitari oro gure fakultateko labirintoan galtzen den bezala.