Asset Publisher

2017ko abenduaren 15a, Paperik gabeko eguna

Azken lau urteotan, ekimen berezia bultzatu dugu Fakultatean: Paperik Gabeko Eguna. Egunaren xedea, kontsumoa jaisteari begira, gure paper erabileraren inguruan gogoeta egitea izan da. Hasieratik, 2013tik, begi onez hartu izan da ekimena eta, besteak beste, esanguratsua izan da fotokopiagailuetan izandako paper erabileraren jaitsiera egun horretan zehar. Azken edizioan, esate baterako, %36,7 jaitsi zen fotokopia kopurua Paperik Gabeko Egunean.

Horrela bada, ekintzari jarraipena emateko asmoz, datorren abenduaren 15ean, PAPERIK GABEKO EGUNAren bosgarren edizioa ospatuko dugu.

Egunean zehar, Atezaintza, Dekanotza eta Idazkaritzan ez da paper zuririk erabiliko; hau da, ez da dokumenturik inprimatuko, fotokopiarik egingo, ziurtagiririk edo aktarik banatuko, etab. Presako beharra duten dokumentuak emango dira soilik.

Horretaz gain, dakizuenez, urtero ekimen bereziren bat ere antolatu ohi da garapen iraunkorraren inguruan. Aurtengoan, Jonathan García Lanaren bisita izango dugu, EHU/UPVn Arte Ederretan lizentziatua. Jonathanek Tunipanea proiektua ekarriko digu, bertan eguneroko materialak berrerabili ditu musika-tresnak sortzeko. Proiektuaren webgunean irakurri daitekeen moduan, Jonathanek zuzenean eraiki eta interpretatzen ditu berak sorturiko musika-tresnak. Horiek sortzeko, kalean aurkitutako objektuak, osagai elektronikoak eta material industrialak erabiltzen ditu. Berak beharrezkoa den osagai emozionala eransten dio gaur egungo teknologiaren erabileraren inguruko aukera linguistiko berriak eta galderak sortzeko.

Ekimen hau begi onez hartuko duzulakoan eskerrak eman nahi dizugu zure parte hartzeagatik.

Gogoratu… zure papera garrantzizkoa da!

Ekoscan taldea