IRIen hizkuntza-prestakuntza: Prestakuntza-eskaintzaren egitura orokorra

IRIen hizkuntza-prestakuntza: Prestakuntza-eskaintzaren egitura orokorra

EHP-2020 prestakuntza-planak aurreikusten duen eskaintzak abiapuntu bezala hartzen du Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak aurrez zuen eredua. Alabaina, Euskararen III. Plan Gidariak aurreikusitakoaren ildotik, zabaldu eta egokitu egin da eskaintza hori, UPV/EHUk gaur egun dituen erronkei erantzun dibertsifikatu eta, aldi berean, espezifikoagoa eskaintzearren,

Lehenik eta behin, plan honek irakasleen eta ikertzaileen kolektibo nagusi guztiak ditu xede-talde:

  • Haien burua zeregin akademikoetarako gaitu nahi duten doktoregaiak
  • Ibilbide akademikoaren hastapenetan dauden irakasleak
  • Hizkuntza-gaitasuna sendotu nahi duten irakasle elebidunak
  • Euskaraz lan egiten esperientzia luzea duten irakasle zein ikertzaileak
  • Etorkizunean euskaraz aritzeko interesa izan dezaketen irakasleak

Edukiei eta helburuei dagokienez, bestalde, prestakuntza-ekintzen katalogo zabala aurreikusi da EHP-2020 planean:

  • Euskaraz irakasteko gaitzekoak (C1/EIGA egiaztagiria)
  • Irakasteko euskara gaitasuna sendotzekoak (C1+)
  • Erabiltzaile adituaren akreditazioa lortzera bideratuak (C2 egiaztagiria)
  • UPV/EHUren hizkuntza-irizpideak ezagutzera bideratuak (C2+)
  • Irakaskuntzarako materialak eta baliabideak eguneratzera bideratuak
  • Irakaskuntzarako multimedia baliabideak sortzera bideratuak
  • Artikuluak, ikerketa-lanak eta ikasmaterialak ekoiztera bideratuak
  • Nork bere arloko terminologia aztertu, landu eta zabaltzera zuzenduak

Era berean, hainbat modalitate eta intentsitate dituzten programak aurreikusten dira:

  • Programa presentzialak, onlinekoak eta jardun bikoak
  • 10 ordukoak, 20 ordukoak, 50-75 ordukoak eta 120-150 ordukoak
  • 4 astekoak, lauhileko batekoak, ikasturte osokoak
  • 70/20/10 ereduaren araberakoak: % 70 banako ikaskuntza esperientziala; % 20 ikaskuntza soziala; eta % 10 ikaskuntza formala

Horrez gain, Hizkuntzen Europako Markoaren eta Unibertsitateko Irakasleen Garapen Akademikoaren Markoaren arabera egituratu da prestakuntza-programen eskaintza. Hona hemen egitura orokorra.

1. maila: Erabiltzaile gaitua (C1) EIGA programa
1. maila: Erabiltzaile gaitua (C1+) ZUZEN programa
2. maila: Erabiltzaile aditua (C2) ADITU programa
2. maila: Erabiltzaile aditua (C2+) HOBEKUNTZA programa
3. maila: Eragile aktiboa AITZINATU programa / TSE programa
3. maila: Eragile aktiboa Euskarazko ikasmaterialen deialdia
4. maila: Mentorea Trebakuntza-mintegiak

Horrela bada, EHP-2020 planean Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak aurrez ere babesten zituen bi programa integratu dira: Hobekuntza Ikastaroak eta Terminologia Sareak Ehunduz, eta bakoitzari kokapen egokia eman zaio marko berrian. Bestalde, lau prestakuntza-programa berri diseinatu dira, aurreko eskaintza zabaldu, eta bestelako premiei erantzutearren: EIGA, ZUZEN+, ADITU eta AITZINATU.

Horrez gain, hurrengo irudian ikus daitekeenez, Euskara Zerbitzuak dituen bi deialdirekin nolabaiteko lotura egin, eta baliabideak optimizatzeko bideak aurreikusi dira. Bi hauek dira deialdi horiek: Ikasmaterialgintza eta liburugintza sustatzeko deialdia eta Euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia. Hurrengo irudian laburbildu da prestakuntza-eskaintzaren ikusmira orokorra. Eranskin gisa eskaintzen dira prestakuntza-ekintzari buruzko xehetasunak (ikus 3. eranskina).

1. MAILA: Erabiltzaile gaitua (C1/C1+)

  • EIGA programa (C1)
    • Euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzera bideratutako programa
    • Aitortza: EIGA akreditazioa (UPV/EHUren azterketa-deialdia)
  • ZUZEN programa (C1+)
    • Hizkera zaindu orokorra lantzeko programa
    • Aitortza: C1+ akreditazioa
  • Euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia

2. MAILA: Erabiltzaile aditua (C2/C2+)

  • ADITU programa (C2)
    • Erabiltzaile adituaren gaitasun-maila eskuratzeko programa
    • Aitortza: C2 mailako ziurtagiria (HABEren azterketa-deialdia)
  • HOBEKUNTZA programa (C2+)
    • UPV/EHUren hizkuntza-irizpideak eta -baliabideak ezagutzeko eta lantzeko programa
    • Aitortza: parte-hartze ziurtagiriak

3. MAILA: Eragile aktiboa/erreferentziazko erabiltzailea

  • AITZINATU eta TSE programak
    • Irakaskuntzako materialen hizkuntza-kalitatea hobetzeko eta terminologia espezializatua bildu, aztertu eta gizarteratzeko programak
    • Aitortza: Euskara Zerbitzuaren ziurtagiria balioetsia
  • EUSKARAZKO MATERIALAK SUSTATZEKO PROGRAMA
    • Irakaskuntzarako orotariko baliabideak sortu eta argitaratzeko programa: glosarioak, hiztegiak, eskuliburuak…
    • Aitortza: ISBN/ISSNdun argitalpenak

Eskema honetan jasotako programez gain, neurrira egindakoak ere aurreikusten dira EHP-2020 planean, betiere, lehentasunezkotzat jotzen diren xede-taldeei zuzenduak badira edota premiazkotzat jotzen diren proiektuen testuinguruan garatzekoak badira, baldin eta beharrezko den finantzaketa gehigarria bermatzeko aukera lortzen bada. Halakoak dira, besteak beste, terminologiaren inguruko mintegi iraunkorrak, hiztegigintzaren alorreko proiektuak, edo irakasgai berriak prestatzekoak.