euskaraespañol

Image of the day

Kimika Fakultateak 50 urte bete ditu

2025. urtean zehar mende erdiko historia ospatzeko hainbat jarduera antolatzen ditu, eta horien artean Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako hitzaldi-zikloa nabarmentzen da

  • News

First publication date: 16/01/2025

Photo: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatearen 50 urteko historia ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte. Duela gutxi ekimenak aurkeztu ziren prentsaurrekoan. 2025ean programatutako jardueren artean, Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako hitzaldi-zikloa nabarmentzen da. Aurkezpenean parte hartu dute Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Jon Mattin Matxain UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoak. Donostia International Physics Centerreko, Materialen Fisika Zentroko, zein POLYMAT eta CIDETEC ikerketa-zentroetako ordezkariak ere bertaratu dira.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak azpimarratu du “ezagutzaren hedapena eta kultura zientifikoaren sustapena kultur erakunde gisa dugun misioaren funtsezko zutabeak dira. Kudeatzen ditugun kultur zentroak topaketarako eta ikaskuntzarako guneak dira, non zientziak eta gizarteak elkarrekin hitz egin eta elkar aberastu dezaketen”.

Era berean, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekano Jon Mattin Matxainek azaldu du “50 urte hauek betetzea Fakultatean lan egin eta/edo ikasi duten pertsona guztien arrakasta kolektibo handia izateaz gain, gure unibertsitate eta gizarte osoarena ere bada. Hau dela eta, 50 urte hauek gizarte osoarekin ospatu nahi ditugu, bisitak jasotzeko gure ateak irekiz, baita gure jarduera fakultateko hormetatik kanpo zabalduz. Horrela, ikastegiaren jarduketa-eremu ezberdinetan jarduerak antolatuko ditugu: Zientziaren zabalkuntza, ikasleen prestakuntza/orientazioa, transferentzia eta ikerketa. Modu honetan, urtebetetze honetan gurekin parte hartu nahi duten erakunde, talde eta eragile guztiak bidelagunen zerrendara batzera gonbidatu nahi ditugu. Bidelagunen zerrendan nabarmentzekoak dira CIDETEC, CFM, DIPC eta POLYMAT, mundu mailan erreferenteak diren eta fakultateko kideen ekimenez jaiotako lau ikerketa zentroak”.

1975etik aurrera Kimikan

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea 1987. urtean eraiki zen, gaur egungo lekuan, baina, lehen kokapena Donostiako Altza auzoko San Juan XXIII.a Lanbide Heziketako Eskola izan zen. Urte hauetan (50 urte), unibertsitatearen laguntzari esker, Kimika Fakultatean hainbat ikertalde garatu ahal izan dira, eta horietan guztietan kimika berdearen, ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren kontzeptuak barne hartzen dira. Hala, ikertzaile finkatuekin batera –besteak beste: Claudio Palomo, José Mª Asua, Fernando Cossio, Jesus Ugalde, Juan Colmenero, Pedro Miguel Etxenike, Eugene Zhukov eta Angel Rubio–, ikertzaile gazteak daude –esate baterako: David Mecerreyes, Haritz Sardon, Ana Beloqui, Arkaitz Correa, Sara Barja eta Daniel Reta.

Era berean, unibertsitate-zentro honek, bere ikertzaileen bitartez, aintzatespen entzutetsuak lortu ditu, hala nola Asturiasko Printzea Saria, Ikerkuntzako 7 Euskadi Sari, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak eta Fisikak emandako dominak eta sariak, Max Planck eta DuPont sariak... Fakultateak, gainera, bi Nobel sari ditu irakasle laguntzaile gisa: Albert Fert, Fisikako Nobel saria 2007an, eta George F. Smoot, Fisikako Nobel saria 2006an. Horrela, 1975. urtean landatutako haziak bere fruitua ematen jarraitzen du XXI. mendean, nazioartean aintzatetsitako ikertzaileak trebatuz eta, horrela, ahalmen hori ikerketa-bikaintasuneko zentro finkatua bihurtuz. Honela, Formakuntza, Transferentzia eta Ikerkuntzan egindako esfortzu kolektibo honi esker, gaur egun, Kimika Fakultatea irakaskuntzan eta ikerkuntzan garapen handia duen Zentroa da eta honen adierazle gure Fakultateak Shanghai ranking-ean duen posizioa da. Munduko 10.000 unibertsitateen artean, UPV/EHU, Kimikako jakintza arloan, munduko 151-200 onenen artean egotea hain zuzen ere.

50 urte kimika zabaltzen

2025. urtean zehar, Kimika Fakultateak bere 50 urteak ospatuko ditu, jarduera-programa zabal eta askotarikoarekin. Programa hori Donostia Kulturarekin batera antolatutako hitzaldi-zikloarekin hasiko da, ‘50 Urte Kimika Zabaltzen’ izenburupean. Ziklo honetan Kimika Fakultateko kideek Fakultatean garatzen diren hainbat gairen inguruan arituko dira Ernest Lluch kultur etxean, publiko orokorrari irekitako hitzaldietan. Hitzaldiak hilabetean behin gauzatuko dira, Materialen Fisikako Zentruko (CFM/MFZ) komunikazio arduradunak, Idoia Mugikak aurkeztuta. Hizlarien artean perfil desberdin anitzeko Fakultateko kideak daude, hala nola, Euskadi Ikerkuntza Sariak, proiekzio handiko gazteak eta zientzia zabalkuntzan adituak.

Hitzaldi-zikloaren programa

  • Urtarrilak 14. “Ciencia. Belleza. Futuro”. Pedro Miguel Echenique Landiribar. Kimika Fakultateko katedradun emeritoa eta Donostia International Physics Center (DIPC)ko presidentea. Beste sarien artean, 1996 Ikerkuntza Euskadi Saria.
  • Otsailak 11. “Polímeros y desarrollo sostenible”. Jose Maria Asua González. Kimika Fakultateko katedradun emeritoa eta POLYMATeko fundatzailea. Beste sarien artean, 2005 Ikerkuntza Euskadi Saria.
  • Martxoak 11. “¿Todo eso con electrones?”. Daniel Reta Mañeru. Kimika Fakultateko Ikerbasque ikertzailea eta ERC beka entzutetsuarekin saritua. Aplikazio desberdinak dituzten molekula magnetikoak aztertzen ditu.
  • Apirilak 8. ““Bizidunen mundua: bioteknologiaren aurrerapenak/Seres vivos: avances en biotecnología“. Ana Beloqui Elizazu eta Lide Arana Urbieta. Kimika Fakultateko ikertzaileak. Aplikazio biomedikoak dituzten biomolekulak aztertzen dituzte.
  • Maiatzak 13. “Explorando la materia átomo a átomo”. Sara Barja Martínez. Kimika Fakultateko Ikerbasque ikertzailea eta ERC beka entzutetsuarekin saritua. Materialak eskala atomikoan aztertzen ditu, energia konbertsioaren efizientzia hobetzeko.
  • Ekainak 10. “Ideien Kimika. Unibertso kimikoaren azken muga”. Jesús María Ugalde Uribe-Etxebarria. Kimika Fakultateko katedraduna eta Jakiundeko presidente ohia. Beste sarien artean, 2005 Ikerkuntza Euskadi Saria.
  • Irailak 23. “Garapen Jasangarrirako Polimeroak“. Haritz Sardon Muguruza. Kimika Fakultateko irakasle titularra. Bere ikerketa arloko eragin handieneko ikertzaile gazteen Standford zerrenda entzutetsuko kide.
  • Urriak 14. “Koloreen Kimika”. Ane Bordagaray Eizaguirre eta Jon M. Matxain Beraza. Kimika Fakultateko irakasle agregatua eta irakasle osoa, hurrenez hurren. Nazioartean errekonozituak, kimikako esparru desberdinetan ikertzen dute.
  • Azaroak 25. “La Química de los Metales”. Zoraida Freixa Fernández. Kimika Fakultateko Ikerbasque ikertzailea, hainbat komite nazional eta nazioarteko kide, bere esparruan nazioartean errekonozitua eta zientzia dibulgatzailea.
  • Abenduak 16. “Fármacos de nueva generación”. Fernando P. Cossio Mora. Kimika Fakultateko katedraduna eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren zuzendari zientifikoa. Beste sarien artean, 2020 Ikerkuntza Euskadi Saria.

Zientzia Zabalkuntza jardueren artean, CSICek antolatutako “Qué sabemos de…” hitzaldi zikloan ere parte hartuko dugu, (CSIC-UPV/EHU centro mistoa) Materialen Fisika Zentroarekin batera. Honetaz gain, beste jarduera kolektiboetan ere egongo dira gure kideak, Zientzia Astearen kasu. Era berean, UPV/EHUko Kimika Fakultateak ateak gizarteari irekiko dizkio, eta modu honetan laborategi eta azpiegiturak bisitatzeko aukera hilabetero egongo da. Formakuntza/Orientazio jarduera guztiei dagokienez, nabarmentzeko bi ditugu: alde batetik, DIPCk antolatutako “TOP@DIPC” jardueran bigarren hezkuntzako ikasleek Nobel Saridunekin elkarrizketak izateko aukera izango dute. Bestalde, “Kimika eta Hezkuntza” foroak DBHko eta Lanbide Heziketako eragileak eta Kimika Fakultateko irakasleak elkartuko ditu Kimikako irakaskuntzan dauden erronka amankomunei aurre egiteko. Era berean, CIDETEC eta POLYMATekin batera, enpresari eta mundu profesionalari orientatutako foroa sortuko da, “Kimika eta Enpresa” alegia, Transferentzia Jardueretan azpimarratzekoa. Modu honetan,  Kimika Fakultatearen eta mundu profesionalaren arteko loturak estutzea eta berriak sortzea espero dugu, Kimikarekin erlazionatutako enpresa sarea sendotzeko asmoz. Bukatzeko, ikerketari begira, “Donostia is Science” kongresua antolatuko da, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan kokatuta, Donostia hiriko beste ikerketa zentroekin batera antolatuta, kongresu honen xede nagusia Kimika Fakultateko kideen eta hiriko ikerketa zentroetako kideen artean dauden loturak finkatzea eta berriak sortzea da, ikerketa proiektu berriak garatzeko.

Jarduerak urtean zehar egingo diren arren, multzo nagusia udazkenean kontzentratuko da, 1975/76 ikasturtean Kimika Fakultatearen jarduera hasi zeneko 50. urteurrenarekin bat eginez. Hori dela eta, Udazken Kimikoarenbarne jarduera asko bilduko dira, beste erakunde batzuekin elkarlanean: Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkartea, Elhuyar Fundazioa, Bergarako Laboratorium Museoa, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, La Mecánica del Caracol eta Norteko Ferrokarrilla bezalako irratsaioak, besteak beste. Gonbidatu oso bereziak ere izango dira, hala nola, Albert Fert eta Jean Marie Lehn Nobel Saridunak, eta UPV/EHUko Manuel Yáñez Honoris Causa doktorea, beste askoren artean.