CBEi3lab: gizartearekin eta hezkuntza-berrikuntzarekin konprometitzeko erronka
CBEi3lab taldea
First publication date: 09/01/2025
Hezkuntza berrikuntza UPV/EHUren 2022-2025 Plan Estrategikoaren eta 2023-2026 Unibertsitate Planaren ekintza lerro nagusietako bat da. Noranzko horretan lan egiteko, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordetzak hiru hezkuntza berrikuntza laborategi iraunkor jarri zituen martxan. UPV/EHUrentzat lehentasuna duten hezkuntza metodologia eta estrategia berriak garatzeko eta finkatzeko unitate gisa sortu dira. Hauek dira laborategiak:
CBEi3lab
‘Challenge Based Education’ (Erronketan Oinarritutako Hezkuntza) metodologiarekin lotutako ikerketan sakontzea du helburu, ENLIGHT proiektuak sustatzen duen hezkuntza markoarekin modu koherentean lerrokatuta bat etorriz.
S-L i3lab
‘Service Learning’ (Ikaskuntza Zerbitzua) metodologiarekin lotutako ikerketan sakontzea du helburu, metodologia honen inguruan lan egiten duten nazio mailako zein nazioarteko sareen proposamenekin modu koherentean bat eginez.
EHUduala i3lab
Formakuntza dualaren ikerketan sakontzea du helburu, metodologia honen inguruan lan egiten duten nazio mailako zein nazioarteko proposamenekin modu koherentean lerrokatuta, eta, bereziki, U+E 2022-2026 Euskal Estrategiarekin bat eginez.
CBEi3lab-en zentratuz, laborategi hau erronketan oinarritutako hezkuntza prozesuen inguruan etengabeko lankidetzarako espazio ireki gisa definitzen da. Berrikuntzarako, sorkuntzarako, prestakuntzarako, ikerketarako eta transferentziarako gunea da, eta UPV/EHUko unibertsitate-komunitate osoak, ENLIGHT aliantzako beste unibertsitate batzuk, ‘Euskampus Fundazioak’ eta kanpoko beste gizarte eragile laguntzaile batzuk hartzen dute parte bertan.
Espazioari zentzua ematen dioten gakoak honako hauek dira:
Laborategia komunitate zabalarentzako espazio ireki, sortzaile eta dialogiko gisa; unibertsitateko komunitatea kontuan hartzen duena eta lurraldera hedatzen dena: ehun soziala, ekonomikoa, politikoa eta ingurumena.
Iraunkorra baliabide egituratua, parte hartzen duten pertsona eta erakundeei sostengu iraunkorra ematen diena.
Hezkuntza-berrikuntzara irekia dagoen espazioa eta testuinguru errealetan esperimentatzen duena.
Erreferentea CBE i3n, erronketan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza metodologia aktiboa: pertsonak, proiektuak, ideiak eta ilusioak biltzen ditu, UPV/EHUko i3 hezkuntza ereduaren parametroetatik abiatuta.
Laborategi honetako talde eragilea UPV/EHUko hainbat fakultate, gradu eta diziplinetako irakasleek eta ikasleek osatzen dute eta elkarrekin partekatzen duten ezaugarria ‘Challenge Based Education’ (CBE) metodologiarekin izandako esperientzia da. Unibertsitate komunitateko kideak dira, berrikuntza proiektuekin lotuta daudenak, hala nola, SAE/HELAZek (IKDi3 Lorategia) sustatutakoak. Proiektu hauek UPV/EHUko titulazioetan curriculum txertaketa egiteko eta hezkuntza berrikuntza ibilbideak zabaltzeko asmoa dute. Bestetik, Jasangarritasunaren eta Gizarte Konpromisoaren zerbitzuak (Campus Bizia Lab) sustatutakoak, unibertsitatearen barruan iraunkortasun erronkei erantzutea helburu dutenak.
Horretaz gain, Interreg-Poctefa-n kokatzen diren nazioarteko erreferentziazko ekintza-proiektuetan parte hartzen dute (metodologia hau erabiliz eta Bordeleko Unibertsitatearekin lankidetzan, beren ekintzak Euskadiko eta Akitania Berriko mugaz gaindiko lurraldean eragina dutenak); ‘Horizon Europe’ proiektuetan (esaterako, ICOSHELL, non Euskampus Fundazioak parte hartzen duen, Europako 41 erakunderen partzuergo baten barruan, lurzoruen misioaren inguruan); Irakaskuntza-ikaskuntzarako lankidetzako Erasmus+ proiektuak; CBE metodologian oinarritutako ENLIGHT aliantzaren esparruan programa trinko konbinatuak abian jartzen dituzten proiektu pilotuak, eta UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko lankidetzarako Esparru Hitzarmenaren baitan ‘Euskampus Fundazioak’ sustatutako proiektuak eta ekimenak.
Lehen urte honetan jarduera ugari egin dira: hasierako bileraz gain, hainbat jarraipen bilera egin dira hasierako jardueren ibilbide orria egokitzeko; UPV/EHUn CBEren inguruan egiten diren proiektu, talde eta jarduerak identifikatu eta bisualki irudikatu dira; Euskadi-Akitania Berria lurraldeko eragile sozialak erakartzeko eta inplikatzeko lan egin da. Gainera, laborategiaren difusiora bideratutako jarduera zientifikoetan ere parte hartu da. Laborategiaren kanpoko zein barruko hedapenerako jarduera zientifikoetan hartu da parte. Horrenbestez, proiektua gizartean gehiago zabaltzeko web-orrialde bat martxan jarri da, promozio bideo bat egin da eta lana sare sozialetan zabaldu da. Gainera, CBEi3lab laborategiaren sorkuntzaren eta garapenaren jarraipen estua ere egin da, 2024 urtean zehar lortutako emaitzak aztertuz eta ebaluatuz.
Amaitu aurretik gogorarazi nahi genuke 2024ko ekainean UPV/EHUko irakasle guztiei galdetegi bat bidali zitzaiela laborategitik. Metodologia horrekin zerikusia zuten pertsonekin harremanetan jartzea zen gure helburua, interes horretan oinarritutako komunitate bat osatu ahal izateko. Jasotako erantzunei esker, CBE metodologiari lotutako pertsonen eta proiektuen lehen irudia lortu dugu. Hemendik aurrera, laborategiak 2025 urtean egingo dituen jardueren eta ekitaldien berri emateko lan egingo dugu.