euskaraespañol

Eguneko irudia

Zientzia-zirimiria ikasle eta bisitarientzat

Zientziaren alor askotako aplikazioak ikusgai daude XVI. Zientzia Astearen erakustaretoetan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/04

Poliexpanezko bolatxoak azetonatan disolbatzen ikustean harrituta, gelakide baten ile luzea karga elektrikoa hartzean nola harrotzen den ikustean barrezka, propultsio elektrikoko jarleku bakarreko lehiaketa-ibilgailuaren zenbait osagairen xehetasunak entzuten, drogak maiz hartuta burmuina nola gaixotzen den entzuten, Teruelen aurkitutako dinosauro erraldoiaren aurrean egonda, hortxe induskatzen hasita altxorren bat aurki zezaketela imajinatzen... askotariko erreakzioak dituzte ikasleek UPV/EHUren Zientziaren Astean ikusgai dauden stand-etatik pasatzen direnean.

Stand-ak elkarren ondoan daude, bakoitza bere azalpenak emanez eta bere esperimentu edo jarduera eginez, inguruan ehunka gazte begira daudela. Horrek berez sortzen duen zarataz haratago, oso giro lasaia eta ordenatua hautematen da Zientziaren Asteko standak biltzen dituzten aretoetan. Taldeka banatuta dauden gazteek dagokien stand-eko azalpenei erreparatzen diete, adi-adi, nahiz eta tarteka beste zerbaitekin arreta galdu, ondoko stand-ean gazteak Segway batean nola igotzen eta ibiltzen diren ikusteko, adibidez.

Sartu aurretik, zehazki zer aurkituko duten oso garbi ez badute ere, "teknologia, zientzia zerbait, esperimentuak" ikusiko dituztela esaten baitute, aretotik ateratzean bestelako irakurketa egiten dute. Hegazkinak oso gustuko dituen ikasle batek bereziki interesgarri jo ditu "ingeniaritzari lotutako stand-ak, motorrak eta halakoak". Beste ikasle bat biologiari lotutako gaiek erakarri dute gehiago: "Zalantzak izan nituen biologia edo marrazketa aukeratzeko, eta gaur batez ere biologiako gauzak ikusi ditugu, eta oso garrantzitsua, interesgarria eta polita iruditu zait".

Hain zuzen, helburu horrekin antolatzen ditu UPV/EHUk Zientziaren Astea bezalako ekimenak. Eta ikastetxeetako irakasleak ere iritzi berekoak dira: "Interesgarria da haientzat, ikus dezaten eskoletan ikasten duguna egunerokoan zertan aplikatu daitekeen. Hainbeste praktika egiten ez dugunez, alde praktikoagoa ikusteko ere baliagarria da, baita hemendik urte batzuetara, unibertsitate-ikasketak aukeratzeko orduan, gradu bakoitzari lotuta zer eduki-mota dagoen jakiteko ere", dio Trapagako Burdinibarra BHI ikastetxeko irakasle-talde batek.

Stand-en beste aldean dauden ikertzaile eta irakasleentzat, "oso esperientzia positiboa da gaztetxoak zientziarekiko interesarekin, pozik eta jarrera onarekin, formal, datozela ikusteak. Gehienak hala datoz, eta gustatzen zaie ikusten dutena; "¡Qué guay!, ¡Qué guapo!" da gehien entzuten duguna", dio biodibertsitateak eskaintzen dituen pigmentuak erakusten dituen stand-eko Ekoetxea Urdaibaiko ordezkariak.

Ikasleentzat ez ezik, publiko ororentzat ere zabalik dago erakusketa. Giroa orduan "zalapartatsuagoa da, eta guretzat ere zailagoa da azalpenak ematea, baina esperimentu motzak direnez, lortzen dugu kimikako kontzeptu batzuk azaltzea, kalean aurki daitezkeen adibideekin lotuz", diote Kimikarekin Olgetan stand-eko arduradunek.

Azken batean, zientzia eta zientzialarien lana jendearengana hurbiltzea da helburua, zirimiriaren pareko zientzia-dosi txikiak emanez: "Saiatzen gara beti zerbait oso deduktiboa erakusten, eta ikusgarria, azalpen astun askorik behar ez duena. Dibertigarria bada, hamar minutuko azalpen baten % 80 hartzen dute parte-hartzaileek —azaldu du pigmentuen stand-eko ikertzaileak—. Bokazioak pizteko balio du, ezbairik gabe".

Interesa duen orok aukera du oraindik UPV/EHUren XVI. Zientzia Asteko eskaintza zabalaz gozatzeko. Bilbon Bizkaia Aretoan eta Vitoria-Gasteizko Bibat Museoan igandea 6ra bitartean egingo da; eta Donostian, Kursaalean,  larunbata 5era arte.

Informazio gehiago zientzia-astea.eus webgunean.

 

Argazkiak: UPV/EHU.