Plagioa eta onestasun akademikoa

Plagioa eta onestasun akademikoa

Zer da plagioa?

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, plagiatu da besterenak diren obren (literarioak, artistikoak edo zientifikoak) kopia edo imitazioa, norberak eginak balira bezala azaltzeko egiten dena.

Plagioa da besterenak diren lanak, ideiak edo hitzak norberarenak bezala erabiltzea, agerian adierazi gabe nondik lortu den informazioa.  

Zein da plagioaren ezaugarria?

  • Beste baten lana baimenik gabe kopiatzea, osorik edo zati bat.
  • Kopia bat norberak egina bezala aurkeztea, egilearen izena ordezkatuta.

Noiz egiten da plagioa?

Lan bat egilea ez den beste norbaiten izenean hedatzen, argitaratzen edo erreproduzitzen denean, horrela jokatuta egilearen eskubide moralak eta ondare eskubideak urratzen direlako, egiletza lapurtu ez ezik, interes ekonomikoak ere urratzen baitzaizkio.

Zer plagia daiteke?

Edozein informazio edozein euskarritan edo literaturako, zientziako edo arteko edozein lan:

  • monografiak, liburuxkak, inprimakiak, idatziak, txostenak, hitzaldiak…
  • aldizkarietako artikuluak, prentsakoak, beste batzuen ikerlanak, grabazioak, diagramak, grafikoak, azterketak…
  • musika lanak, letradunak edo letrarik gabeak
  • obra dramatikoak, musikalak, koreografiak eta, oro har, antzerki lanak
  • zinemako eta ikus-entzunezko lanak, multimedia lanak eta argazki lanak
  • eskulturak, marrazkiak, pinturak eta, oro har, obra plastikoak
  • arkitektura eta ingeniaritza lanak
  • ordenagailuko programak eta datu baseak
  • marrazki formak, ikurrak, ereduak, patenteak, markak, leloak eta industriako produktuak zabaltzeko esaldiak
  • jatorrizkoetatik eratorritako lanak, esaterako, itzulpenak, egokitzapenak, berrikuspenak, laburbildumak, musika konponketak…

Plagiotzat hartzen da:

  • Lan bat kopiatzea eta norberak egina bezala aurkeztea: berdin dio lana osorik kopiatu bada edo zati bat baino ez. Lanak egile eskubideak baditu, berdin dio zatitxo bat edo zati handia kopiatu izana, berdin-berdin da plagioa.
  • Lanean testu bat txertatzea egilearen aipamenik egin gabe.
  • Lanean beste batzuen esaldiak, paragrafoak edo ideiak sartzea jatorria edo egilea aipatu gabe.
  • Epaien paragrafoak edo esaldiak kopiatzea jatorria adierazi gabe.
  • Testu bat edo ideia bat parafraseatzea modu ez onargarrian egilea aipatu gabe.
  • Beste batek egindako lana erostea eta norberak egina bezala aurkeztea.
  • Norberak inoiz erabilitako lan bat berriz aurkeztea.  Hori “autoplagioa” da.
  • Multimediako lan bat kopiatzea (audioa, bideoa, web gunea…), musika, grafiakoak… egilea aipatu gabe.

 

 

Plagioa egitea irain larri da, eta delitua ere izan daiteke.

Ikasleak plagioa egin duela antzemanez gero, ondorio oso larriak izan ditzake.

 

Ez da plagioa:

  • Jatorrizko lanak edo ideiak aurkeztea.
  • Jatorrizko ikerlan bateko emaitzen laburbilduma aurkeztea.
  • Herri jakintzako ideiak edo gertakariak erabiltzea, jakintza hori toki askotan edo jende askorentzat ezaguna denean. Gizarteak sortutako/hedatutako jakintza da. Horrelakoetan, ez da beharrezkoa iturria aipatzea.

Nola saihestu plagioa

ADIERAZI BETI LANEAN ERABILITAKO MATERIALA NONDIK LORTU DUZUN

Aipamenak egin

Nire lanean esaldi bat edo paragrafo bat hitzez hitz aipatzen dudanean, testua komatxo artean idatzi behar dut, letra etzanarekin edo beste letra mota batean, eta aipatu egin behar dut zein den iturria eta bibliografia erreferentzia osoa.

Noiz egin behar da aipamena?

  • Jakintza arrunteko datuak, kopuruak edo estatistikak jartzen direnean.
  • Beste norbaitek proposatutako teoria edo ideia denean.
  • Herri jakintzakoa ez den edozelako informazioa jasotzen denean.

Parafraseoa

Beste inoren ideiak erabiltzen baditut neure hitzak edo neure adierazpen erak erabilita, jatorrizko iturriaren erreferentzia bibliografiko osoa aipatu behar dut.

Parafraseatzeko zenbait aholku:

  • Ondo irakurri jatorrizko testua, eta ideia laburtzeko oinarrizko diren hitzak eta esaldiak atera.
  • Zeure hitzekin adierazi. Horrela egin dezakezu:
    • erabili hitz orokorrak
    • erabili sinonimoak
    • aldatu esaldi mota
    • aldatu esaldiaren egitura
    • laburtu paragrafoak esaldietan
    • aldatu testuaren zati batzuk
  • Alderatu zure esaldiak jatorrizkoarekin, eta ziurtatu informazioa iturriarekin fidela dela, eta ez duzula jatorrizko testuko esaldi edo hitz berdinik erabili.

Iturriak

Kontsultarako erabilitako bibliografia eta lanean jasotako beste batzuen lanak aipatu behar ditut (nahiz eta zatiak izan), idatzizkoak, ikus-entzunezkoak, irudiak, argazkiak…

Aipamenak egiteko, arlo bakoitzerako aholkatutako estiloa erabil daiteke, edo argitalpenerako eskatutakoa (APA, MLA, Vancouver....).

 

Interneteko informazioa.

Ikasleen artean oso hedatuta dago Internet erabiltzea lanetarako informazioa eskuratzeko. Eta teknologiak ematen digun aukeretako bat da "kopiatu/itsatsi", horixe izanik hedatuen dagoen baliabideetako bat.

Batzuen ustez, Interneten dagoenak ez dauka jaberik edo egilerik, eta edonork har dezake edozelan erabiltzeko, iturririk edo egilerik aipatu gabe. Baina Interneten dagoenak badauka egilerik: norbaiten lanaren fruitu da, eta egilea aipatu beharra dago.

Sarean informazio andana dago eskuragarri, eta irakaslearentzat ia ezinezkoa da antzematea lan batean zatiren bat kopiatuta dagoen. Baina ordenagailua izan den arren ikasgeletan plagioa modu masiboan zabaltzeko bide, orain bide hori berori da arazoaren konponbidea dakarrena, eta, hain zuzen ere, plagioaren kontrako programei esker, posible da testuak konparatzea eta antzematea lan bat jadanik argitaratutako beste lan baten antzekoa den, eta, beraz, plagiorik egin den jakitea.

Nola antzematen da plagioa?

Gero eta tresna gehiago dago plagioa antzemateko; batzuk lizentzia behar dute, eta beste batzuk doanekoak dira.

Lizentzia behar dute: Turnitin, Compilatio, Urkund,  Unicheck.. programek.

Eta doanekoak dira:

UPV/EHUko plagioa antzematzeko plataforma

Unibertsitateak Turnitin plataforman erabilera-baimena dauka. Hori da plagioa antzematzeko tresna ezagunena. Erabiltzeko baldintzak informazioa eskuratzeko, honako e-mail honen bidez kontaktatu:

antiplagio.bib-uni@ehu.eus

Ustezko plagioaren kasuan ezar daitekeen legedia

Jabetza intelektuala

Zigor Kodea

Zuzentzeko eskubidea

 

 

 

Eskerrak eman nahi dizkiegu honako bibliotekei, bertatik hartu baitugu informazioa

- Alacanteko Unibertsitateko Biblioteka.  Aprende sobre el plagio y como evitarlo  (Kontsulta eguna: 2023/03/16).

- Alcalako Unibertsitateko Biblioteka.  Uso ético de la información (Kontsulta eguna: 2023/03/16)

- Zaragozako Unibertsitateko Biblioteka  Propiedad intelectual-Plagio (Kontsulta eguna: 2023/03/16).

- Cantabriako Unibertsitateko Biblioteka   Evitar plagios en trabajos académicos  (Kontsulta eguna: 2017/12/26)

Esteka interesgarriak

Additional information