Todas las resoluciones de la Rectora

Erabakia, 2020ko maiatzaren 13koa, UPV/EHUko errektorearena, 2020ko apirilaren 27ko erabakia aldatu eta baldintza batzuk ezartzen dituena UPV/EHUko ikastegi, instalazio eta laborategietara sartzeko.

Bat etorririk Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak COVID-19 (SARS-cov-2) birusaren osasun alertarako eginiko Protokoloarekin eta kontuan izanik osasun egoeraren bilakaera, UPV/EHUko errektoreak, 2020ko martxoaren 12an, erabakia eman zuen aurrez aurreko jarduera akademikoak eteteko UPV/EHUko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan.

Martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretuak hamabost egun naturaleko alarma egoera ezarri zuen aurre egiteko COVID-19 birusak eragindako osasun krisiari (BOE, martxoak 14). Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan birusaren transmisioa saihesteko neurri gisa, dekretuak eten egin zituen aurrez aurreko jarduera akademiko guztiak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzako ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, ikastaro eta maila guztietan, unibertsitateko irakaskuntza barne, eta adierazi zuen etenaldi horretan, ahal izanez gero, urrutiko irakaskuntzaren eta online irakaskuntzaren bidez egingo zirela jarduera akademikoak.

2020ko martxoaren 29ko BOEn 2020ko martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu ondoren (ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautzen zuena oinarrizko lanetan ez zeuden besteren konturako langileentzat, herritarren joan-etorriak murrizteko COVID-19aren kontrako borrokaren testuinguruan), errektoreak beste erabaki bat eman zuen, 2020ko martxoaren 30ean, UPV/EHUren eraikinetako sarrerak kontrolatzea helburu zuten hainbat neurriri buruzkoa, kontuan izanik 2020ko martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua eta aintzat haturik dekretu horrek jarduera ez-oinarrizkoen artean kokatzen duela sektorea. Ondoren, 2020ko apirilaren 27ko erabaki bidez, hainbat neurri hartu ziren aparteko kasuetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, aintzat harturik COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretua eta COVID-19aren osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Plana. 

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu bidez ezarri zenetik, lau aldiz luzatu da alarma egoera. Azken luzapena egin zen maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretu bitartez (BOE, maiatzak 9), zeinaren bidez luzatzen baita 436/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma egoera, 2020ko maiatzaren 10eko 00:00etatik 2020ko maiatzaren 24ko 00:00etara.

Kontuan izanik maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuaren 3. artikulua, Osasun Ministerioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua eman du (BOE, maiatzak 9) alarma egoeraren deklarazioaren ondoren estatuan ezarri ziren hainbat neurri arintzeko, Normaltasun Berriranzko Trantsizio Planaren 1. fasea aplikatuta. Plan horren VI. kapituluak baldintzak batzuk ezartzen ditu berriro irekitzeko ikastetxeak eta unibertsitateak, eta 20. artikulua, zehazki, unibertsitate ikastegiak eta laborategiak irekitzeari buruzkoa da.  

Bestetik, maiatzaren 11ko EHAAn, Lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretua argitaratu da, arau batzuk ezartzen dituena Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko, alarma egoerak ezarritako mugak arintzeko helburuaz, bat etorririk Normaltasun Berriranzko Trantsizio Planaren 1. fasearekin, murrizketak egokitzeko osasun larrialdiak Euskadin duen bilakaerara. Dekretu horren helburua da, maiatzaren 8ko 51/2020 Errege Dekretuak eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduak ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzea Espainiako Gobernuarekin adostutako neurriak, Normaltasun Berriranzko Trantsizio Planaren 1. fasearen malgutze neurriak egokitzeko osasun larrialdiak Euskadin duen bilakaerara. 

UPV/EHU etengabe ari da aztertzen osasun alertaren bilakaera, zalantzaz beteriko egoera aldakor batean. Hori ez da oztopo dagokion betebeharra bete dezan: hots, UPV/EHUren jarduerak, bai oraingoak bai berriro hasiko denak, osasun eta segurtasun baldintza guztiak betetzea.

Horretarako, egokitu egin behar dira UPV/EHUren instalazioetara sartzeko orain arteko baldintzak, aurretik aipatutako xedapenek aurreikusten duten egoera berria dela eta. Hortaz, aldatu egin behar da UPV/EHUko errektorearen 2020ko apirilaren 27ko erabakia, hainbat neurri ezartzen dituena ezohiko egoera honetan unibertsitate eraikinetara eta instalazioetara sartzeko (egokituak COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretura eta COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Planera), eta zehaztu egin behar da nola itzuliko diren unibertsitateko langileak laborategi eta instalazioetara, dagozkion ikerlanak egitera, eta baita atzeratu ezin daitezkeen gestio administratiboak egitera ere (ikasleak barne hartuta kasu honetan).  

Beraz, aintzat harturik abenduaren 21eko Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoaren 20.1 artikuluak eta UPV/EHUren Estatutuen 178 eta 181.1 d) eta e) artikuluek ematen dizkioten gaitasunak, errektoreak erabaki du:

 

 

ERABAKIA

 

Lehenengoa. Errektorearen 2020ko apirilaren 27ko erabakiaren bigarren atala aldatzea. Erabaki horrek hainbat neurri ezartzen ditu ezohiko egoera honetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, kontuan izanik COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretua eta COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Plana. Zehazki, honako hau dio atalak: 

«Bigarrena. Bat etorririk errektorearen martxoaren 30eko erabakiarekin, unibertsitate instalazioetara sartu ahal izango dira, unibertsitate txartela erabilita, martxoaren 16ko erabakiak aipatzen dituen oinarrizko zerbitzuetako ezinbesteko lanak egin behar dituzten pertsonak, irakaskuntza, kudeaketa edo administrazio lanak egitera, aintzat harturik beti urruntze soziala eta osasun agintariek ezarritako arauak.»  

Bigarrena. Beste atal bat gehitzea (bigarren bis) errektorearen 2020ko apirilaren 27ko erabakiari, hainbat neurri ezartzen dituena ezohiko egoera honetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, kontuan izanik COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretua eta COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Plana. Zehazki, honako hau dio atalak: 

«Bigarren bis. Gainera, aurretik eskaera arrazoitua eginda, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleak UPV/EHUko ikastegietara sartu ahal izango dira, atzeratu ezin diren eta online egin ezin daitezkeen gestio administratiboak egitera. Erabaki honi dagokionez, ebaluazio probak egiteko behar den materiala jasotzea hartuko da ezin atzera daitekeen gestio administratibotzat.

Eskaerak aurkeztuko zaizkio dagokion ikastegiko zuzendaritzari edo dekanotzari, eta organo hori arduratuko da premiaz izapidetzeaz eskaera bakoitza. Behin baimena lortuta, hitzordua eskatu beharko da, baimenak ezarritako moduan eta baldintzetan, eta kontuan izango dira osasun eta segurtasun arloan indarrean dauden prebentzio neurriak; bereziki, desinfekzio eta egokitzapen neurriak, eta pertsonen artean 2 metroko tartea mantentzeari dagokiona. Ikastegietako zuzendaritzek edo dekanotzek egunero bidaliko diote Segurtasun arloko zuzendariari ikastegi bakoitzera sartuko diren ikasleen zerrenda.

Atal honetan ezarritakoa aplikagarria izango da ere Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian eta UPV/EHUren unibertsitate egoitzetan. Alojamendu horietako zuzendaritzak arduratuko dira sarrera eskaeren inguruan erabakitzeaz.

Hirugarrena. Oro har, irakasle-ikertzaileak eta AZPko langileak unibertsitateko instalazio eta laborategietara sartu ahal izango dira, beren ikerketa lanak egitera.

Horretarako, lehenbizi, ikerketa laborategiaren edo instalazioaren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plan espezifikoa aurkeztu beharko da, UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Planak ezarritakoaren arabera. Plan espezifiko hori Gerentziara bidaliko da, eta organo honek emango du instalazio edo laborategietara sartzeko baimena, dagokion balorazioan ikusten badu prebentzio neurri guztiak betetzen direla, bereziki, desinfekzio eta egokitzapen neurriak.

Nolanahi ere, gutxienez bi metroko distantzia mantenduko da beti laborategian dauden pertsonen artean, eta erabilitako material guztia desinfektatu beharko dute lana amaitzean.

Laugarrena. Oro har, ikastegietara sartu ahal izango dira desinfekzio eta egokitzapen lanak egin behar dituzten langileak, kontuan izanik UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Planak ezarritako segurtasun eta higiene neurriak.

Ikastegietako Dekanotzek edo Zuzendaritzek erabakiko dute nortzuk egingo dituzten aurreko paragrafoan aipatutako lanak, eta eraikin bakoitzera sartuko diren pertsonen zerrenda helaraziko diote Segurtasun zuzendariari. 

Bosgarrena. Ikasleentzat atzeraezinak diren gestio administratiboak egitera ikastegietara sartuko diren langileei dagokienez, aintzat hartuko da errektorearen 2020ko apirilaren 27ko erabakiaren bigarren atala, erabaki honetan idatzi den moduan. Erabaki horrek hainbat neurri ezartzen ditu ezohiko egoera honetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, kontuan izanik COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretua eta COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Plana. 

Seigarrena. Bertan behera uzten da errektorearen 2020ko apirilaren 27ko erabakiaren hirugarren atala. Erabaki horrek hainbat neurri ezartzen ditu ezohiko egoera honetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, kontuan izanik COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretua eta COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Plana. 

Zazpigarrena. Erabaki hau argitaratzea UPV/EHUren web orrian eta iragarki taula elektronikoan (EHUtaula), eta unibertsitateko kide guztien artean banatzea dagozkion banaketa zerrenden bitartez.

 

 

 

Nekane Balluerka Lasa

UPV/EHUko errektorea