euskaraespañol

Image of the day

Oskar González Mendia, zabalkunde zientifikoaren DIPC-Jot Down lehiaketako irabazlea

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederren Fakultateko irakaslea irabazle, “El detective que bebía whisky con hielo” kontakizunarekin.

  • News

First publication date: 26/10/2018

Oskar González. Argazkia: UPV/EHU

Oskar González UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederren Fakultateko irakasleak  zabalkunde zientifikoaren DIPC-Jot Down lehiaketa irabazi du, ‘El detective que bebía whisky con hielo’ kontakizunarekin.

Kontakizuneko protagonista Martín Bucareli detektibea da; ez du erailketa, bahiketa edo senar desleialei buruzko ohiko ikerketen istorioa kontatzen. Koadroak baino ez ditu ikertzen; kasu honetan, XV. mendeko koadro ezagun baten benetakotasunari buruz ikertzen du, ustez Robert Campin (Flemalleko aditua) arte flandiarraren aitzindariaren olio pintura baten benetakotasunari buruz.

“UPV/EHUko Cuaderno de Cultura Científica-n atal bat dut, KimikArte , eta zientziaren eta artearen gaia lantzen dut. Gai interesgarrienetako bat faltsutzeena eta teknika analitikoen laguntzaz horiek detektatzeko modua da. Ekainean horri buruzko hitzaldia eman nuen eta, hura prestatzean, benetako nobelako istorioak aurkitu nituen; beraz, neure kontakizuna egitea pentsatu nuen", azaldu du Oskar Gonzálezek, bere kontakizunaren jatorriaren inguruan.  

González pozik dago horrelako artikuluak prestatzeko behar den lanak emaitzak dituelako, “aintzatespenagatik batez ere, eta ez hainbeste balio ekonomikoarengatik”. UPV/EHUko irakasle hau ez da idazle hasiberria; DIPC-Jot Down  lehiaketaren 2016ko edizioan, bigarren saria lortu zuen, ‘Quitando el velo a un Picasso’ kontakizunarekin. Hura, berarentzat, “askoz ere garrantzitsuagoa” izan zen, orduan hasten baitzen zabalkundearen munduan, eta horrek lagundu zion ikusten idazten zuena “jendeari gustatzen zitzaiola eta beraiengan interesa eragiten zuela”.

Kimikako doktorea da Oskar González eta, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Arte Ederren Fakultatean irakasle izateaz gainera, Artearen Historiako ikasle ere bada. “UNEDen irakasgai pare batekin hasi nintzen, eskolak hobeto eman ahal izateko, baina izugarri erakarri ninduen… Hori bai, pixkanaka-pixkanaka ari naiz…”, esan du.

Gizarte zabalkundea

UPV/EHUko irakaslearen iritziz, zientzia gizartean zabaltzea oso garrantzitsua da. “Egiten dudanak duen garrantzia aintzat hartuta ere, zientzia gizartean zabaltzeko askoz ere garrantzitsuago irizten diet beste eremu batzuei, besteak beste, nutrizioari edo pseudozientzien aurkako borrokari.  Nire ustez, horietan egin behar dugu lan gehien. Halaber, funtsezkoa da, jakina, zentroetan egiten dugun ikerketa zabaltzea; gizarteak ikerketaren lana balioetsi behar du, ikerketak dituen eta izango dituen murrizketek dakartzaten ondorio penagarriak ulertzeko. Eta, horretarako, zientzia ikerketa zentroetatik atera behar da”, esan du.

Bere ustez, berak aztertzen duen gaia –Kimika eta Artea– kultura zabalkundea da, batik bat. “Nolabait, Zientziaren edo Artearen gainean interesa duen jendeak bi gauzen gaineko interesa eduki ahal izateko modua da. Kimikaz dakienak, azkenean, Munch, Caravaggio edo Flemalleko maisuaren inguruan ikasten du, eta arteaz dakienak pigmentuen konposizioen edo baliatzen diren teknika analitikoen ezagutza batzuk bereganatzen ditu.

González pozik agertu da jaso dituen sariengatik, eta eleberrira jauzia egitea “izugarri gustatuko” litzaiokeela esan du. “Baina hainbat egiteko ditut (irakaskuntza, ikasketak, ikerketa eta zabalkundea) eta, beraz, zaila da denbora ateratzea eta ahalegin handia eskatzen du. Oraingoz, ideiak jasotzen ari naiz, eta espero dut Martín Bucareliren abenturei jarraipena eman ahal izatea”, esan du.