Enologia berritzailearen maisuak
UPV/EHUko masterrak diziplinarteko prestakuntza ematen du mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko profesional izan nahi dutenentzat
- Report
First publication date: 14/06/2017
Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea erabat dinamikoa ari da bihurtzen azken urteotan. Hainbat ardo ari dira agertzen beste kontinente batzuetako herrialde ekoizle berri batzuetatik, teknika berriak ari dira sortzen mahastizaintzan eta ardogintzan, eta merkaturatze eta marketin estrategiak ere gero eta berritzaileagoak dira. Hori guztia zalantzan ari da jartzen historian zehar zenbait ekoizpen eremuk eta markak lortu duten estatusa. Mehatxu horiei aurre egiteko, maila gorenean espezializatutako profesionalak behar dira, ardogintzaren hainbat negozio arlori eta bodegen merkataritza kudeaketari buruzko ikuspegi oso bat dutenak.
Helburu horrekin sortu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Enologia Berritzailea Unibertsitate Master Ofiziala. Master honek doktorego tesia egiteko aukera ematen du, bai eta Bordeleko Unibertsitatearekin titulu bikoitza egitekoa ere. "Masterrak mahastizaintza eta ardogintza sektoreko profesionalaren oso ikuspegi eguneratua ematen du. Ikuspegi diziplinartekoagoa da; izan ere, bereziki hartzen du kontuan, batetik, profesionalak bodegako jardueren koordinatzaile gisa duen funtzioa eta, bestetik, egunetik egunera gero eta aldakorragoa eta konplexuagoa den merkatuan kokatzeko estrategia. Hain zuzen ere, horregatik da berezia master hau beste batzuen aldean, beste master batzuk lotuago daudelako ekoizpenarekin berarekin", azaldu du Patxi Pérez Elortondok, masterreko zuzendariak.
Diziplinarteko ikuspegi hori dela eta, master hau interesgarria izan daiteke aurretik nekazaritzarekin eta enologiarekin loturarik ez duten ikasketak egin dituzten pertsonentzat. Hau da, ardoaren munduarekiko interesa duten ikasleentzako zein profesionalentzako espezializazioa izan daiteke.
Horixe da, hain zuzen ere, Irena Fernándezen eta Ioritz Azpiazuren kasua. Irenak Bioteknologia ikasi zuen Leongo Unibertsitatean, eta doktoregoa egin zuen gero CO2k mikrobiota edafikoan duen eraginari buruz. "Betidanik izan dut gustuko mahastizaintzaren eta enologiaren mundua; hainbat ikastaro egin nituen Leongo mahastiaren eta ardoaren institutuan, eta, master honetan, arlo honetan sakontzeko eta nire ikertzaile ibilbideari jarraipena emateko aukera ikusi nuen". Ioritzek, berriz, enpresa ikasketak egin zituen, eta, horiek amaitutakoan, Enologia Berritzailea masterra aukeratu zuen, bere prestakuntzarekin jarraitzeko. "Harritu xamar gelditu nintzen masterrak eskaintzen zuenarekin; gustatu zitzaidan, eta masterra egitea erabaki nuen txakolinaren munduan sartzeko asmoz".
Praktikak eta bisitak
Masterraren helburua mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko profesionalak trebatzea da, ardoaren ekoizpenari buruz landatik produktua lortu arteko ikuspegi oso bat emanez. Munduko mahastizaintza eta ardogintza sektorea ondo ezagutzen duten irakasleak ditu masterrak, eta mahastizaintzari, enologiari, zentzumen analisiari eta bodegen merkataritza kudeaketari buruzko alderdiak lantzen dira bertan. Gainera, bisitak egiten dira mahastizaintza ustiategietara eta bodegetara, eta ikerketa zentroetan praktikak egiteko aukera ere badago.
Eguren Ugarte bodegan ari da praktikak egiten Irena, eta master amaierako lana NEIKER-Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Euskal Institutuan ari da egiten. "Horrela, orain arte egin dudan ikerketa lana mahastiko eta bodegako lanarekin uztartu dezaket, ikasketak osoagoak izan daitezen". Ioritzek, berriz, txakolindegi batean egin nahiko lituzke praktikak, "gure lurreko mahatsarekin lan egiteko eta txakolina egiten ikasteko".
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak (UBx) hitzarmen bat sinatu zuten, eta, horri esker, titulazio bikoitza egin daiteke Enologia Berritzailea Master Ofizialaren eta Máster Sciencies de la Vigne et du Vin de l'Ecole Nationale Supérieure des Sciences Agronomiques de Bordeaux Aquitaine masterraren artean. Titulu bikoitza eginez gero, UPV/EHUko ikasleek UPV/EHUn edo UBx-en lortu ahal izango dute master titulua.
Masterraren ezaugarriak direla eta, irteera profesionalak askotarikoak izan daitezke, ikasle bakoitzaren prestakuntzaren araberakoak. Ioritzek, esaterako, "lur batzuk alokatu" nahi lituzke, bere "ardoa egin eta txakolinaren sektorean hasi, hortik bizi ahal izateko". Irenak, bestalde, ikerketaren munduan lan egin nahi du etorkizunean, zentro teknologiko batean, edo, bestela, I+G ildo propioak garatzen ituen bodega batean. "Lurzoruaren mikrobiologiarekin lotutako ikasketekin jarraitzeko asmoz hasi nintzen masterrean. Mahastietako lurzorua aztertu nahi nuen, mikroorganismoek garrantzi handia baitute terroir-en kontzeptuan. Gainera, oraindik garatu gabe dago arlo hori. Hala ere, nire MALean, mahastien gaixotasunen hautemate goiztiarra aztertzen dut, fitosanitarioen erabilera murrizteko. Interes handia dut gai horretan; izan ere, ezinbestekoa da fitosanitarioen erabilerak ingurumenean duen eragina murriztea", ondorioztatu du.
Informazio gehiago nahi izanez gero: UPV/EHUko Enologia Berritzailea masterra