euskaraespañol

Gatz Haranak eta Euskal herriko Unibertsitateak bat egin dute eremua ikergai bihurtzeko

Hezkuntza zentroak azterlanak eta ikerketak, I+G+B proiektuak eta zabalkunde lanak sustatuko ditu, ingurua eta gatzagak berreskuratzeko planaren gainean

  • News

First publication date: 15/07/2016

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusi eta Gatz Harana fundazioaren lehendakariak, eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak hitzarmen bat sinatu dute gaur, zeinak hezkuntza zentroa eramango baitu azterlanak eta ikerketak, I+G+B proiektuak eta zabalkunde lanak sustatzera, ingurua eta gatzagak berreskuratzeko azken urteotan gauzatzen ari den planaren gainean.

Añanako Gatz Harana fundazioaren eta UPV/EHUren iritziz, interes orokorrekoa da Añanako Gatz Harana eta haren ingurua osorik sendotu, zaharberritu eta kudeatu dadin ahalbidetzea. Horregatik, lehentasunezko helburutzat jarri dute paisaiaren kultura materiala eta ingurumenekoa berreskuratu eta zaintzea, haren iraunkortasuna bermatzeko; teknika tradizionalak sortzea, modu iraunkorrean eta gatz egileen antzina-antzinako jakituria errespetatuz, hain zuzen ere kalitate handiko gatza ekoiztuz, zeina laguntzen ari baita proiektuaren autofinantzaketan; azterlana eta ikerketa sustatzea haranean eta, herritarrei irekitako berreskuratze planteamenduarekin, kultura eta turismo ekimenak gauzatzea, eskualdearen garapen sozial, ekonomiko eta turistikoaren motor izaten ari baitira.

Hitzarmen honen bidez, beste lankidetza batean batzen dira bi entitateak, Gatz Harana osorik berreskuratzeko plan zuzentzailea (2000-2004) landu eta garatzeko izan zutenaren ildotik.

Sinatu den hitzarmen berrian sartuta dago UPV/EHUk Añanako Gatz Harana fundazioari aholkularitza ematea,  "Kultur paisaiak eta Ondarea UNESCO katedra" eta "Global Change and Heritage PIU" izeneko egiturak baliatuz, horietako bakoitzaren jakintza eta eskumen esparruen inguruan. Bi entitateak elkarlanean arituko dira langile teknikoak prestatzeko planak eta programak taxutzen eta berariazko prestakuntza ikastaroak ezartzen eta garatzen, eta horixe bera egingo dute fundazioan diseinatutako dokumentazio eta informazio sistemak aplikatzen, elikatzen eta garatzen, ahal dela beste monumentu batzuetan ere ezarri ahal izateko.

"Kultur paisaiak eta Ondarea UNESCO katedra" eta "Global Change and Heritage PIU" izenekoen bidez, UPV/EHUk gauzatu egingo ditu fundazioak eskatzen dizkion azterlanak eta ikerlanak. Bi entitateak elkarlanean arituko dira lankidetza honen barruan fundazioan egindako azterlan eta ikerlanen zabalkunderako behar diren materialak eta dokumentuak diseinatzen; lankidetzari behar besteko garrantzia ematen kultura paisaiak zaintzeko "jardunbide egokien" testuinguru aparta den aldetik, bai eta jardunaldiak, mintegiak eta biltzarrak elkarrekin antolatzen ere, ezagutza sustatu eta zabaltzeko, oro har, paisaiaren eta ondarearen gainean eta, bereziki, Añanako Gatz haranaren gainean.