Asset Publisher

PALESTINA LAGUNTZEKO MANIFESTUA GAZAKO HONDAMENDI HUMANITARIOAREN AURREAN

UPV/EHU terrorismo eta indarkeria mota guztien aurka dago eta konpromiso sendoa du giza eskubideen defentsarekin, haren Estatutuek eta Kode Etikoak adierazten duten bezala.   Indarkeriazko portaerak unibertsitatearen zerizanaren eta xedearen kontrakoak dira, eta ezin gara, beraz, isilik egon.

2023ko azaroan, euskal unibertsitate publikoa argi mintzatu zen munduko hainbat lekutan bizi izan ditugun zorigaiztoko gertakarien aurka, hala nola Ukrainaren aurkako Errusiaren erasoa eta inbasioa, urriaren 7an Hamasek eginiko erasoa, 1.100 heriotza baino gehiago eragin zituena, eta Israelgo armadak Gazako populazio zibilaren aurka joz erasoa.

Orduz geroztik, Gazako egoerak okerrera egin du. Erasoek ez dute etenik izan eta gorantz jarraitzen du hildako palestinar zibilen kopuruak: 33.000 hildako baino gehiago, haur palestinarrak izanez gehiengoak. Errekor tristea, inondik ere, azkenaldiko beste gatazka batzuenak gainditzen dituena.

Dagoeneko, Palestinako unibertsitateetako 95 irakasle hil dira (hiru errektore, horien artean), eta milaka eta milaka dira unibertsitate ikasketak eten behar izan dituzten ikasleak. Nazioarteko hainbat erakundek “sarraskitzat” jo dute Gazaren kontrako erasoa. Zehazki, Nazio Batuek Palestinarako duen kontalariak "genozidio harrotzat" jo du.

Palestinako herritarren aurkako krimen lazgarri horiek, zuzenbide humanitarioaren eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak, egin direla ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak:

ESKATZEN DU:

LEHENENGOA.- Errespetatzea eta berehala betetzea Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia, bereziki Israelek genozidiozko ekintzak saihesteko neurriak har ditzala eskatzen duena.

BIGARRENA.- Errespetatzea eta berehala betetzea nazioarteko zuzenbide humanitarioa, eta Gazako zerrendan laguntza sartzen uztea.

HIRUGARRENA.- Biztanleria zibilaren aurkako erasoak eta setioa amaitzea, Israelera armak bidaltzearen amaiera eta bidegabeki bahituta eta giltzapetuta dauden pertsona guztiak askatzea.

LAUGARRENA.- Berehalako su-etena ezartzea eta nazioarteko zuzenbidea eta Palestina-Israel gatazka konpontzeko Nazio Batuen ebazpenak betetzea, amaiera emateko hamarkada luzetako sufrimendu izugarriari. Baita estatu palestinarraren aitorpena ere.

Gainera, UPV/EHUk KONPROMISOA hartzen du:

LEHENENGOA.- Martxan jartzea boluntariotza programa berezi bat, Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziarekin (UNRWA) elkarlanean, helburua izanik palestinar errefuxiatuekiko elkartasuna eta konpromisoa sustatzea, UNRWA-Euskadik antolatzen dituen tailerren eta bestelako ekimenen bidez.

BIGARRENA.- Errefuxiatuen arretarako gure programa zabaltzea, palestinar errefuxiatuen beharrei espezifikoki erantzuteko eta Palestinako unibertsitateekin lankidetza hitzarmen bat egiteko aukera aztertzeko.

HIRUGARRENA.- Atal berezi bat sortzea EHUguneren barruan, gizarte zibilarekin gogoeta egin eta eztabaidatzeko giza eskubideen eta bakearen kulturaren defentsaren inguruan:  BakeGune. Gune horrek, gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko aukera emateaz gain, unibertsitateko kideen proposamenak eta ekintzak koordinatuko ditu, eskualde horren bakea berreskuratzeko eta ongizatean laguntzeko, gorroto adierazpen oro baztertuta.

LAUGARRENA.- Egitasmo bateratuak abian jartzea CRUEren baitan, Gazan berehalako su-etena eskatzeko eta bakea sustatuko duten programak garatzeko.

BOSGARRENA.- Harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzea eta berrikustea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Nazio Batuek Palestinako egoerari buruz emandako ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekin. Bereziki, gure Kode Etikoak ezarritakoari jarraiki, unibertsitateak ez du lagunduko inolako jarduera beliko edo indarkeriazkorik. Bereziki, Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa hartzen du.