Saioa Gómez Zorita, Maitane González Arceo eta María Puy Portillo
Dietaren garrantzia minbizia ekiditeko eta pazienteen bizi kalitatea hobetzeko
Farmazia eta Elikagaien Zientziak Departamentuko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak
- Cathedra
First publication date: 08/03/2023
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Urtero, milioika pertsonari diagnostikatzen diote minbizia. Munduko lehen heriotza kausa da. Horregatik, tratamendua egitea ez ezik, gaixotasuna ekiditea ere oso garrantzitsua da. Hori horrela izanik, honako hauek minbizia izateko arriskua txikitzen dute eta pronostikoa hobetzen dute: elikadura egokiak, erretzeari uzteak eta alkoholaren kontsumoa mugatzeak.
Esan dugun moduan, elikadura egoki bat izatea oso garrantzitsua da minbizi mota asko ekiditeko. Dena den, ez dago hura sendatzea edo agertzea ekiditen duen mirarizko elikagairik. Ez eta zuzenean eragiten duen osagairik ere: gure elikadura ohiturak dira gaixotzeko aukerak areagotzen edo gutxitzen dituztenak.
Ondorengo lerroetan, irakurleak ohartuko dira elikadurari eta minbiziari buruzko gomendioak ematean erabilitako esaldiak ez direla oso irmoak, eta «badirudi» edo «baliteke» hitzak behin eta berriz errepikatuko direla. Aurkikuntza horiek baieztatzeko eta dietaren benetako eragina argitzeko ikerketa gehiago behar delako gertatzen da hori.
Minbiziaren kontrako menu bat egiteko jarraibide batzuk
Lehenik eta behin, garrantzitsua da pisu osasungarri bat izatea: gorputzean gantz gehiegi edukitzea eta horrek dakartzan patologiak (intsulinari erresistentzia izatea, adibidez) tiroideko, hestegorriko, gibeleko, behazun maskuriko, koloneko, giltzurruneko, bularreko, endometrioko edo prostatako minbizia izateko arrisku handiagoarekin lotzen dira. Gainera, badirudi tumore batzuetan –birikakoa, kasu– metastasia sustatzen dutela.
Hura ekiditen laguntzen duten mantenugaiei eta elikagaiei dagokienez, dietak zuntz asko izan behar du (fruta, barazkiak, lekak eta osoko zerealak). Elikagai horiek menuan askotan sartzea ere obesitatea pairatzeko arrisku txikiagoarekin lotzen da.
Hain zuzen ere, frutak eta barazkiak kontsumitzeak zenbait minbizi mota garatzeko aukerak gutxitzen ditu, hala nola ahokoa eta hestegorrikoa; era berean, osoko zerealek kolon eta ondesteko minbiziak ekiditen lagun dezakete. Zuntzaz gain, elikagai horiek antioxidatzaileak dituzte, eta baliteke horiek ere organismoa babestea.
Gainera, mugatu egin behar da honako elikagai hauen kontsumoa: kalitate txarreko gantz asko dituztenena (gantz aseak eta trans gantz-azidoak), almidoiena eta azukreak dituztenena. Ultraprozesatuak (edari energetikoak, hestebeteak, lasagnak, pizza industrialak, patata frijituak, etab.) eta haragi gorri eta prozesatuak kontsumitzea (hestebeteak, saltxitxak...), minbizia izateko arrisku handiagoarekin lotzen da, batez ere kolon eta ondestekoa.
Dieta mota desberdinen artean, mediterraneoa gailentzen da, dituen onurengatik; izan ere, bularreko eta koloneko minbizia izateko arriskua gutxitzen duela dirudi. Hona hemen dieta horren zenbait ezaugarri: oliba olio birjina erabiltzen da oinarrizko koipe iturri gisa; barazki, fruta, osoko zereal, fruitu lehor eta lekale asko jaten dira; arraina eta esnekiak neurriz kontsumitzen dira; eta haragi gorri edo prozesatu gutxi hartzen dira.
Aldiz, mendebaldeko elikadurak (haragi gorri eta prozesatu, edari azukredun, karbohidrato findu eta ultraprozesatutako elikagai asko ditu) gaixotasun horiek pairatzeko arriskua handitzen du.
Dietak ez du sendatzen, baina pazientearen bizi kalitatea hobetzen du
Badirudi nahiko argi geratu dela dieta orekatu bat izateak minbizia agertzeko arriskua txikitzen duela, baina ez duela ekiditen. Behin gaixo jartzean, lagun dezake pazientearen bizitzaren pronostikoa eta bizi kalitatea hobetzen, bai, betiere dagokion tratamendu medikoarekin konbinatua. Gainera, tratamenduaren albo ondorioak arintzen eta infekzioak izateko arriskua txikitzen lagun dezake.
Minbizia duten pazienteen artean ohikoa izaten da desnutrizioa pairatzea, tratamenduen eta patologiaren beraren bilakaeraren ondorioz. Garrantzitsua da hori saihestea edo gutxitzea, pronostikoa hobetzen baita hala. Pertsona horien kasuan, oso garrantzitsua da energia nahikoa eta, batez ere, proteinak hartzea.
Azken horiek ehunak konpontzen dituzte, zeinak kaltetuta egon daitezkeen minbizia duten pazienteen kasuan, kirurgiaren, kimioterapiaren edo erradioterapiaren ondorioz. Arrautzek, esnekiek, arrainak, hegaztiek eta lekaleek proteina asko dituzte.
Horrez gain, konpontze prozesu horiek energia gehigarria eskatzen dute. Ez bada behar beste jaten –hala nola jateko gogorik ez izateagatik–, dietak dentsitate energetiko handiko elikagaiak hartu beharko lituzke barne, fruta deshidratatuak edo irabiakiak kasu. Era berean, zereal finduak har litezke osoko zerealen ordez, zuntzak asetasuna ematen baitu.
Laburbilduz, dieta norbanakoari egokitu behar zaio, bere premiei eta egoerari. Hala, goragalea izaten eta oka egiten duten pazienteek hobeto toleratzen dituzte elikagai hotzak eta arinak, hala nola birrindutako fruta hotza, jogurtak edo pasta zein arroz entsaladak. Gaixoak irensteko arazorik badu, baliagarria izan daiteke janaria birrintzea eta testura hobetuko duten lodigarriak eta gelifikatzaileak gehitzea, eta hala, elikagaiak sartzeko zunda bat erabiltzea ekidin liteke.
Amaitzeko, komeni da gogoan izatea, dietak ez badu minbizia sendatzen ere, pronostikoa hobetzen duela eta hura ekiditen laguntzen duela. Hargatik, ikerketan inbertitzea lehentasun bat izan beharko litzateke.