euskaraespañol

Grabitatearen eta Kosmologiaren 'Biblia'

UPV/EHUk grabitatearen eta kosmologiaren arloko aditu guztientzako erreferentziazko liburu bat prestatzen parte hartu du

  • Research

First publication date: 05/05/2022

Ruth Lazcoz, Zientzia eta Teknologia Fakultateko bulegoan. | Photo: Nuria Dehesa. UPV/EHU

UPV/EHUko Grabitazio eta Kosmologia Ikerketa Taldeak Modified Gravity and Cosmology liburua prestatzen parte hartu du. Liburu hori CANTATA europar sarearen (Cosmology and Astrophysics Network for Theoretical Advances and Training Actions) emaitza da, eta azaldu nahi du zergatik unibertsoak ez duen jokatzen Einsteinen grabitatearen teoriaren arabera espero zitekeen bezala.

Modified Gravity and Cosmology: An Update by the CANTATA Network liburua hiru urteko lan neketsuaren emaitza da. “Komunitate zientifikoak Grabitatearen eta Kosmologiaren “Biblia” bezala bataiatu du liburua”, dio Ruth Lazkoz UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko Grabitazioa eta Kosmologiako Ikerketa Taldeko irakasleak. “1.300 orrialdetako eta 26 herrialdetako 50 zientzialarik osatutako proiektu kolektibo bakarra. Gainera, idazle lanak ez ezik, liburu hori argitaratzeko ezinbestekoa izan den CANTATA europar sarea gidatzeko aukera ere izan dut”.  

Liburuak grabitatearen eta kosmologiaren arloetako garapen berriak aztertzen ditu, egungo egoera aurkezten du, egon litezkeen arazoak nabarmentzen ditu eta etorkizuneko ikerketaren norabideak zirriborratzen ditu. “Teoria irekiek planteatzen dituzten galdera ugariek (batzuk aspaldidanik) eta kosmologiak azken hamarkadetan izan duen etengabeko garapenean sortu diren behaketa berriek lan handia eskatzen dute zenbait aldaketa eraikitzeko”, adierazi du Ruth Lazkozek. Hori dela eta, “lan honetan teoria eta agertoki guztiak batasun teorikoaren argipean aztertzen dira lehenik, eta, gero, astrofisikak eta kosmologiak azken bi hamarkadetan eman ahal izan dituzten behaketa-datu izugarriekin alderatzen dira. Aurreko urratsak arrakastaz eta eraginkortasunez gainditzen dituzten teoriak, agertokiak eta ereduak bideragarri gisa sailkatzen dira, eta, horri esker, irakurleek egungo egoeraren eta grabitatearen eremua norantz joan daitekeen argi ikus dezakete”, erantsi du. Ildo horretatik, UPV/EHUko Grabitazioa eta Kosmologiako Ikerketa Taldeko ikertzaileak adierazi duenez, “oso garrantzitsua da grabitate-teoria berriak eta horien ondorioak aztertzea, eskura ditugun behaketa-datuak behar bezala interpretatu ahal izateko”. 

“Liburuak literaturan aurkitu daitekeena baino ikuspegi homogeneoagoa ematen du. Era berean, CANTATA ekimenaren barruan sortu diren lankidetza berriek aurrerapenak ekarri dituztela ere nabarmentzen du. Eta, jakina, UPV/EHUren ikuspegitik, oso lorpen garrantzitsua da Springer argitaletxeak, munduko argitaletxe zientifiko handi eta entzutetsuenak, gure lana onartzea”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. 

Lazkozen arabera, “ez da lan independenteen bilduma, testu bakarrekoa baizik, eta bilera amaigabeak egin behar izan ziren emaitza homogeneizatua lortzeko. Azkenik, emaitza ona izan da, jasotako kritikak positiboak dira, eta uste dugu liburua erreferentzia-dokumentu bat izango dela munduko unibertsitate eta ikerketa-erakunde guztientzat urteetan zehar”.  

Informazio osagarria 

Lan hori CANTATA proiektuaren esparruan egin da. Proiektu hori Europako COST ikerketa-programak finantzatu du, eta Ruth Lazkoz izan zuen buru. CANTATAk fisika teorikoaren, kosmologiaren eta astrofisikaren alderdi osagarriak biltzen ditu. Proiektuak lau urteko iraupena du, eta fisika grabitazionaleko 250 adituk eta 30 herrialdetako 80 unibertsitatek baino gehiagok egindako diziplina anitzeko lana koordinatu du, Einsteinen teoriak huts egiten duen eskaletan erlatibitate orokorretik haratago joateko aukera aztertzen duen ikerketa batean. COST ekintza hori ikerketarako lankidetza-sareak ezartzean oinarritzen den Europako proiektu-mota bat da eta UPV/EHU buru izan den mota horretako bakarra. 

Bibliographic reference

  • Emmanuel N. Saridakis, Ruth Lazkoz, Vincenzo Salzano, Paulo Vargas Moniz, Salvatore Capozziello, Jose Beltrán Jiménez, Mariafelicia De Laurentis, Gonzalo J. Olmo
  • Modified Gravity and Cosmology: An Update by the CANTATA Network
  • Springer