Erabakia, 2020ko martxoaren 30ekoa, UPV/EHUko errektorearena, UPV/EHUko instalazioetara sartzeko neurriak ezartzeko dena, 2020ko martxoaren 29ko 10/2020 errege ege dekretua dela eta. dekretu horren bidez baimen ordaindu berreskuragarria arautzen da funtsezko zerbitzuak eskaintzen ez dituzten inoren konturako langileentzat, pertsonen mugitzeko aukera murrizteko covid-19 birusaren aurkako borrokan.
UPV/EHUko errektorearen 2020ko martxoaren 12ko erabakiak, COVID (SARS-CoV-2) koronabirusaren egoera eta eboluzioaren ondorioz UPV/EHUn hartu beharreko prebentzio neurriei buruzkoak, eten egin zituen aurrez aurreko jarduera akademiko guztiak Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusean, Bizkaiko Campusean eta Gipuzkoako Campusean. Era berean, xedatu zuen UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek eta AZPko langileek beren betebeharrak betetzen jarraitu behar zutela, kontuan hartuta antolaketari buruz Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak eta gerenteak, nork bere arloan, emango zituzten aldi baterako jarraibideak; eta kontuan hartuta, halaber, COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako UPV/EHUk emandako protokoloan aipatutako neurri eta printzipioak eta osasun agintari eskudunen xedapenak.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (martxoaren 14ko EBO) alarma egoera ezarri zuen COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko, hamabost egunean egongo zena indarrean. Hezkuntzaren eta prestakuntzaren eremuan birusaren transmisioa ekiditeko neurri gisa, dekretuak eten egiten ditu aurrez aurreko jarduera akademiko guztiak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzako ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, ikastaro eta maila guztietan, unibertsitateko irakaskuntza barne; eta adierazten du etenaldi horretan urrutiko irakaskuntzaren bidez eta irakaskuntza telematikoaren bidez egingo direla jarduera akademikoak, ahal denean.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2020ko martxoaren 14ko Erabakiaren bidez eten egin ziren unibertsitatean ikastegi eta zentroetako kide guztien aurrez aurreko jarduera guztiak, martxoaren 16ko 15:00etatik aurrera, errektorearen erabaki batek zehaztuko zituen funtsezko zerbitzuak izan ezik. Era berean, baimena eman zitzaien unibertsitateko langile guztiei telelanaren bidez edo urrutiko lan modalitatearen bidez aritzeko, ahal izanez gero, funtsezkoak izango ez ziren zerbitzuak eskaini ahal izateko.
Ondoren errektorearen 2020ko martxoaren 16ko Erabakiaren bidez zehaztu egin ziren funtsezko zerbitzuak, COVID-19 birusaren agerraldia dela-eta UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak etenda egongo diren aldirako.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma egoera luzatu egin zen martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuaren bidez (martxoaren 28ko EBO), 2020ko apirilaren 12ko 00:00ak arte.
BOEn 2020ko martxoaren 29an argitaratu da 2020ko martxoaren 29ko Errege Lege Dekretua, arautzen duena baimen ordaindu berreskuragarria funtsezko zerbitzuak eskaintzen ez dituzten inoren konturako langileentzat, pertsonen mugitzeko aukera murrizteko COVID-19 birusaren aurkako borrokan. Dekretu horretako lehenengo xedapen gehigarriak dio Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak eta autonomia erkidegoetako eta toki erakundeetako organo eskudunek ahalmena izango dutela beharrezkoak izan daitezkeen jarraibide eta erabakiak emateko, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateratua onartu zuen urriaren 30eko 5/2015 Errege Lege Dekretuan aipatutako langile publikoek, besteak beste unibertsitate publikoetakoek, zerbitzuak nola eskainiko dituzten arautzeko, funtsezko zerbitzu publikoek funtzionatzen jarrai dezaten.
Adierazitakoagatik guztiagatik, eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 20.1 artikuluak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 178. eta 181.1 d) eta e) artikuluen babesean, honako hau
ERABAKI DUT:
Lehenengoa.- Xedatzea etenda jarraitzen dutela UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak, COVID-19 birusaren agerraldia dela-eta, errektorearen 2020ko martxoaren 14ko Erabakian adierazitako moduan. Aldiz, errektorearen 2020ko martxoaren 16ko Erabakian zehaztutako funtsezko zerbitzuak eskaini egin behar dira, betiere kontuan hartuta hurrengo ataletan aipatzen dena.
Bigarrena.- Errektorearen martxoaren 16ko Erabakiaren arabera funtsezkoak diren zerbitzuetan jardueraren bat egin behar duten pertsonak baino ezingo dira sartu unibertsitateko instalazioetara. Dena dela, zerbitzu horietako unitateek salbuespen kasuetan jardungo dute modu presentzialean eta, edonola ere, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoa den denboran besterik ez. Horretarako, eskaera egin beharko diote aldez aurretik gerenteari.
Halaber, eskaera arrazoitua aurkeztuz gero, gerenteak UPV/EHUko instalazioetara sartzeko baimena eman diezaieke COVID-19 birusaren aurkako borrokan laguntzeko jarduerak egiten dituzten pertsonei, bai eta ikerketarako instalazio edo ekipoetan ezinbesteko mantentze edo arreta lanak egin behar dituzten pertsonei ere.
Aurreko paragrafoetan aipatuta ez dauden kasuetarako beren‑beregi egin beharko da eskaera arrazoitua, eta, hala badagokio, baimena emango zaio presazko prozeduraz, aurretik kasuan kasuko arduradunak txostena eginda, eta beharrezko izan daitezkeen bestelako txostenak ere bilduta.
UPV/EHUra sartzeko eskaera guztiak kasuan kasuko campuseko errektoreordeak ontzat emandakoak izan beharko dira, bai eta, beharrezkoa denean, Ikerketaren arloko eta Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeek ere.
Aurreko paragrafoetan aipatutako pertsona guztiek gerentearen baimena jasoko dute unibertsitateko instalazioetara sartzeko eta, beharrezkoa izango balitz, estatuko edo autonomia erkidegoko segurtasun indarrei erakusteko baimen hori.
Atal honetan aipatzen ez diren UPV/EHUko langile guztiek debekatuta dute unibertsitateko instalazioetara sartzea. Debeku hori ez betetzeak legeriaren araberako erantzukizunak ekar ditzake.
Hirugarrena.- Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuaren aplikazioz, UPV/EHUn aurrera eramaten ari diren beharrezko obra, zerbitzu eta hornidurak abian jarraituko dute 2020ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte, aipatutako dekretuko bosgarren xedapen gehigarrian adierazitako moduan.
Edonola ere, pertsonen eta/edo ondasunen segurtasuna eta osasun babestera zuzendutako alderdi guztiak bete beharko dira aurrera eramaten ari diren obretan.
Laugarrena.- Mantentze, segurtasun eta garbitze zerbitzuei dagozkien kontratuetako arduradunak harremanetan jarriko dira enpresekin, erabaki honetan aipatzen den funtsezko jarduerak behar bezala funtziona dezan beharrezkoak diren prestazioei erantzuteko eta betetzeko martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa.
Bosgarrena.- Unibertsitateko kideei eskatzen zaie betetzeko osasun agintariek emandako jarraibide eta gomendioak eta adi egoteko erakundeak posta elektronikoz, unibertsitatearen webgunearen bidez edo egoitza elektronikoaren bitartez emango duen informazioari.
Seigarrena.- Argitara ematea erabaki hau unibertsitatearen webgunean eta iragarki ohol elektronikoan (EHUtaula), eta langile guztiei helaraztea posta zerrenden bidez.
Zazpigarrena.- Baliorik gabe uztea erabaki honekin bat ez datozen neurri eta jarraibide guztiak, bai eta martxoaren 29ra arte egin diren ziurtagiriak ere. Erabaki honen datatik aurrera unibertsitateko instalazioetara sartzeko, erabaki honen bigarren atalean adierazitakoari jarraitu beharko zaio.
Leioa, 2020ko martxoaren 30a
NEKANE BALLUERKA LASA
UPV/EHUko errektorea- (Opens New Window)Erabakia, 2020ko martxoaren 30ekoa, UPV/EHUko errektorearena, UPV/EHUko instalazioetara sartzeko neurriak ezartzeko dena, 2020ko martxoaren 29ko 10/2020 errege ege dekretua dela eta. dekretu horren bidez baimen ordaindu berreskuragarria arautzen da funtsezko zerbitzuak eskaintzen ez dituzten inoren konturako langileentzat, pertsonen mugitzeko aukera murrizteko covid-19 birusaren aurkako borrokan. (pdf ,183,02 Kb)
- (Opens New Window)Erantzukizunpeko adierazpena, lana dela-eta joan-etorriak egin beharrari buruzkoa (Fitxa) (docx ,94,76 Kb)