Erabakia, 2020ko ekainaren 11koa, UPV/EHUko errektorearena, aurrez aurreko jarduera akademikora itzultzeari eta UPV/EHUko instalazio eta ikastegietara sartzeko baldintzei buruzkoa.
Bat etorririk Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) COVID-19 (SARS-cov-2) birusaren osasun alertarako eginiko Protokoloarekin eta kontuan izanik osasun egoeraren bilakaera, UPV/EHUko errektoreak, 2020ko martxoaren 12an, erabakia eman zuen aurrez aurreko jarduera akademikoak eteteko UPV/EHUko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan.
463/2020 Errege Dekretuak, martxoaren 14koak, 15 egun naturaleko alarma egoera deklaratu zuen, COVID-19ak sortutako osasun krisiaren egoera kudeatzeko (martxoaren 14ko BOE). Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan birusaren transmisioa saihesteko neurri gisa, dekretuak eten egin zituen aurrez aurreko jarduera akademiko guztiak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzako ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, ikastaro eta maila guztietan, unibertsitateko irakaskuntza barne, eta adierazi zuen etenaldi horretan, ahal izanez gero, urrutiko irakaskuntzaren eta online irakaskuntzaren bidez egingo zirela jarduera akademikoak.
UPV/EHUko errektoreak, 2020ko apirilaren 8an emandako erabakiaren bidez, 2019-2020 ikasturtearen eskola aldia amaitu arte UPV/EHUko jarduera akademikoak urruneko eta online modalitateen bidez jarraitzea zehaztu zuen. Bestalde, 2020ko apirilaren 27ko erabakiaren bidez, UPV/EHUko errektoreak neurriak zehaztu zituen aparteko kasuetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, bat etorrita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzekoak, zehaztutakoarekin, eta COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduerara itzultzeko planarekin.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zenetik, bost aldiz luzatu da alarma egoera hori, eta azken luzapena, hain zuzen, ezarri du ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuak (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko alarma egoera ezartzekoak, zehaztutako alarma egoera luzatzekoak) (ekainaren 6ko BOE); azken luzapen honen indarraldia 2020ko ekainaren 7ko 00:00etan hasi zen, eta 2020ko ekainaren 21eko 00:00ak arte iraungo du.
Kontuan izanik maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuaren 3. artikulua, Osasun Ministerioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua eman zuen (BOE, maiatzak 9) alarma egoeraren deklarazioaren ondoren estatuan ezarri ziren hainbat neurri arintzeko, Normaltasun Berriranzko Trantsizio Planaren 1. fasea aplikatuta. Plan horren VI. kapituluak baldintzak batzuk ezartzen ditu berriro irekitzeko ikastetxeak eta unibertsitateak, eta 20. artikulua, zehazki, unibertsitate ikastegiak eta laborategiak irekitzeari buruzkoa da.
Maiatzaren 11n EHAAn argitaratu zen lehendakariaren maiatzaren 10eko 8/2020 Dekretua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 1. fasean malgutzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko, osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera. Dekretu horren helburua da, maiatzaren 8ko 51/2020 Errege Dekretuak eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduak ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzea Espainiako Gobernuarekin adostutako neurriak, Normaltasun Berriranzko Trantsizio Planaren 1. fasearen malgutze neurriak egokitzeko osasun larrialdiak Euskadin duen bilakaerara.
Maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren babesean, errektorearen 2020ko maiatzaren 13ko erabakiaren bidez 2020ko apirilaren 27ko erabakia aldatu eta baldintza batzuk ezarri ziren UPV/EHUko ikastegi, instalazio eta laborategietara sartzeko; gerora, 2020ko maiatzaren 25eko erabakiaren bidez, jendeari ireki ziren unibertsitateko erregistro orokorreko bulegoak eta erregistro bulego osagarriak, erabiltzaileei arreta eskaini eta dokumentazioaren sarrera erregistroaren zerbitzua emateko.
SND/458/2020 Aginduaren bidez (maiatzaren 30eko BOE) alarma egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu mailako zenbait murrizketa malgutzen ziren, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea aplikatuz; eta, ondoren, ekainaren 6ko SND/507/2020 Aginduaren bidez (ekainaren 6ko BOE) aldatu egin zen agindu hori, eta horren babesean zenbait agindu aldatu ziren malgutzeko estatu mailako zenbait murrizketa eta normaltasun berriranzko trantsizioko 2. eta 3. fasera aldatzen diren lurralde unitateak zehaztu ziren.
Bestalde, lehendakariak ekainaren 7an emandako 13/2020 Dekretuaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen dira. 7.2 artikuluan jasota dago unibertsitateko hezkuntza eta prestakuntza esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituztela, baldin eta jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin. Era berean, dio, malgutu eta aurrera eraman ahal izango direla etengabeko prestakuntzaren, ofizialak ez diren titulazioen eta profesionalei zuzendutako jarduerak. Araututako jarduera guztiak osasun, segurtasun eta higiene neurriak eta babes arauak betez eta pertsonen artean gutxieneko bi metroko tartea utziz egingo dituzte bai erabiltzaileek eta bai langileek. Bestalde, 7.3 artikuluari jarraikiz, bikaintasuneko ikerketaren esparruan, bai eta gainerako laborategietan eta ikerketarako eta administraziorako laguntza-zerbitzuetan ere, guztiz baimentzen da han bertan jardutea lanean.
Beraz, egokitu egin behar dira UPV/EHUren instalazioetara sartzeko orain arteko baldintzak, aurretik aipatutako xedapenek aurreikusten duten egoera berria dela eta. Horrela, bada, aldatu egin behar dira errektoreak emandako erabakien bidez onartuta zeuden neurriak lehendakariak ekainaren 7an emandako 13/2020 Dekretuari jarraituz.
Adierazitakoagatik guztiagatik, eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 20.1 artikuluak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 178. eta 181.1 d) eta e) artikuluen babesean, honako hau erabaki dut.
ERABAKIA
Lehenengoa.- Aurrez aurreko jarduera akademikoetara itzultzea, praktiketara zein teoriakoetara, titulazio ofizialetan, berezkoetan, etengabeko prestakuntzakoetan edo profesionalei zuzendutakoetan, betiere, jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin.
Aurreko paragrafokoa ezarriko da, betiere, kontuan hartuta, batetik, UPV/EHUko errektoreak 2020ko apirilaren 8an emandako erabakiko lehenengo paragrafoan eskolak emateari buruz esandakoa, atal horren bidez ezarri baitzen UPV/EHUren irakaskuntza jarduera mantenduko zela urruneko eta online modalitateen bidez 2019-2020 ikasturtearen eskola aldia amaitu arte, eta kontuan hartuta, bestetik, UPV/EHUko errektoreak 2020ko apirilaren 27an emandako erabakiko lehenengo atala, erabaki horretan neurriak zehaztu baitziren aparteko kasuetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, bat etorrita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzekoak, zehaztutakoarekin, eta Covid-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduerara itzultzeko planarekin.
Bigarrena. Ikasleak UPV/EHUko instalazio eta ikastegietara sartu ahal izango dira, atzeratu ezin diren eta online egin ezin daitezkeen gestio administratiboak egitera. Erabaki honi dagokionez, ebaluazio probak egiteko behar den materiala jasotzea hartuko da ezin atzera daitekeen gestio administratibotzat.
Instalaziora edo ikastegira sartzeko, baimena beharko da, kasuan kasuko ikastegiko dekanoak/zuzendariak edo instalazioko arduradunak emana, eta baimenean adierazitako baldintzak bete beharko dira. Une oro, ikasleek zein langileek osasun, segurtasun eta higiene neurriak eta babes arauak bete beharko dituzte eta pertsonen artean gutxieneko bi metroko tartea, edo osasun agintariek unea-unean zehaztutakoa, utzi beharko dute. Alerta egoera bukatu arte ikastegietako zuzendaritzek edo dekanotzek egunero bidaliko diote Segurtasun arloko zuzendariari ikastegira edo instalazioetara sartuko diren ikasleen zerrenda.
Atal honetan ezarritakoa aplikagarria izango da ere Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian eta UPV/EHUren unibertsitate egoitzetan.
Hirugarrena.- Era berean, ikasleak UPV/EHUko ikastegi eta instalazioetan sartu ahal izango dira erabaki honetako lehenengo atalean adierazitako aurrez aurreko jarduera akademikoak egitera, betiere, jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste modu batean ezin badira egin.
Atal honetan adierako jarduera akademikoak egiteko eta instalazio eta ikastegietan sartzeko, kasuan kasuko errektoreordeek eskumenak eskuordetzeko erabakiaren babesean zehaztutako jarraibideak bete beharko dira eta, ikastegi eta instalazio bakoitzak egokituta izan beharko du bere itzultzeko plana.
Une oro, ikasleek zein langileek osasun, segurtasun eta higiene neurriak eta babes arauak bete beharko dituzte eta pertsonen artean gutxieneko bi metroko tartea, edo osasun agintariek unea-unean zehaztutakoa, utzi beharko dute.
Laugarrena. Irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak osasun, segurtasun eta higiene neurriak eta babes arauak bete beharko dituzte ikastegi eta instalazioetan sartzeko, bai eta UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana eta langileak lanera apurka-apurka bueltatzeko kasuan kasuko planak ere, betiere, kontuan izanda plan horiek eguneratu edo aldatu egin daitezkeela.
Bosgarrena. Irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak osasun, segurtasun eta higiene neurriak eta babes arauak bete beharko dituzte ikerketako jarduerak egite aldera ikastegi eta instalazioetan sartzeko, bai eta UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana eta langileak lanera apurka-apurka bueltatzeko kasuan kasuko planak ere, betiere, kontuan izanda plan horiek eguneratu edo aldatu egin daitezkeela. Bermatuta egon behar da laborategiko edo instalazioko pertsonen artean gutxienez bi metroko tartea dagoela, edo osasun agintariek unea-unean zehaztutakoa.
Seigarrena. Ikastegi, instalazio eta laborategietara desinfekzio eta egokitze lanak egiteko sartzen diren pertsonek osasun, segurtasun eta higienearen arloko eta babesaren arloko indarreko neurriei jarraituz egin beharko dute lana.
Zazpigarrena. Indargabetuta geratzen dira errektorearen 2020ko apirilaren 27ko erabakiko bigarren, bigarren bis, hirugarren eta laugarren atalak (erabaki horren bidez ezarri ziren zenbait neurri ezohiko egoera honetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, kontuan izanik COVID-19ak eragindako krisia kudeatzeko martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretua eta COVID-19aren osasun alertak eragindako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUren aurrez aurreko jarduerara itzultzeko Plana).
Zortzigarrena. Indargabetzea 2020ko maiatzaren 13ko UPV/EHUko errektorearen erabakiko hirugarren, laugarren eta bosgarren atalak (erabaki horren bidez 2020ko apirilaren 27ko erabakia aldatu eta baldintza batzuk ezarri ziren UPV/EHUko ikastegi, instalazio eta laborategietara sartzeko).
Bederatzigarrena. Gobernu taldeko funtzionamendu arlo bakoitzeko kasuan kasuko errektoreordeari dagokio erabaki honetako lehenengo atalean zehaztutako betetzeko zehaztu beharreko egintza eta erabakiak ematea, bat etorria eskumenak eskuordetzeko indarrean dagoen erabakia.
Hamargarrena. Unibertsitateko kide guztiei eskatzen zaie betetzeko osasun agintariek eta UPV/EHUk emandako arau, neurri, jarraibide eta gomendioak, eta adi egoteko erakundeak iragarki taula elektronikoaren bidez (EHUtaulan) eta erakundearen posta elektronikoaren bidez emango duen informazioari.
Hamaikagarrena. Erabaki hau argitaratzea UPV/EHUren web orrian eta iragarki taula elektronikoan (EHUtaula), eta unibertsitateko kide guztien artean banatzea dagozkion banaketa zerrenden bitartez.
NEKANE BALLUERKA LASA
UPV/EHUko Errektorea