Todas las resoluciones de la Rectora

Erabakia, 2020ko apirilaren 27koa, UPV/EHUko errektorearena, neurriak zehazteko aparteko kasuetan unibertsitateko eraikin eta instalazioetara sartzeko, bat etorrita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzekoak, zehaztutakoarekin, eta COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduerara itzultzeko planarekin.

COVID-19 (SARS-cov-2) birusaren osasun alertarako Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zehaztutako Protokoloarekin bat etorrita, eta osasun egoeraren bilakaera ikusita, UPV/EHUko errektoreak, 2020ko martxoaren 12an, erabakia eman zuen eta horren bidez aurrez aurreko jarduera akademikoak eten zituen UPV/EHUko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan. Era berean, xedatu zuen UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek eta AZPko langileek beren betebeharrak betetzen jarraitu behar zutela, kontuan hartuta antolaketari buruz Irakasle‑ikertzaileen arloko errektoreordeak eta gerenteak, nork bere arloan, emango zituzten aldi baterako jarraibideak; eta kontuan hartuta, halaber, COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako UPV/EHUk emandako protokoloan aipatutako neurri eta printzipioak eta osasun agintari eskudunen xedapenak.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak hamabost egun naturaleko alarma egoera ezarri zuen COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko (BOE, martxoaren 14a). Hezkuntzaren eta prestakuntzaren eremuan birusaren transmisioa ekiditeko neurri gisa, dekretuak eten egin zituen aurrez aurreko jarduera akademiko guztiak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzako ikastetxe eta etapa, ziklo, gradu, ikastaro eta maila guztietan, unibertsitateko irakaskuntza barne; eta adierazten du etenaldi horretan urrutiko irakaskuntzaren bidez eta irakaskuntza telematikoaren bidez egingo direla jarduera akademikoak, ahal denean.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2020ko martxoaren 14ko Erabakiaren bidez, martxoaren 16ko 15:00etatik aurrera eten egin ziren unibertsitatean ikastegi eta zentroetako kide guztien aurrez aurreko jarduera guztiak, errektorearen erabaki batek zehaztuko zituen funtsezko zerbitzuak izan ezik. Era berean, baimena eman zitzaien unibertsitateko langile guztiei telelanaren bidez edo urrutiko lan modalitatearen bidez aritzeko, ahal izanez gero, funtsezkoak izango ez ziren zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Ondoren, errektorearen 2020ko martxoaren 16ko Erabakiaren bidez zehaztu egin ziren funtsezko zerbitzuak, COVID-19 birusaren agerraldia dela-eta UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak etenda egongo diren aldirako.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma egoera luzatu egin zen martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuaren bidez (BOE, 2020ko martxoaren 28a) 2020ko apirilaren 12ko 00:00ak arte.

2020ko martxoaren 29an BOEn argitaratu zen 2020ko martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua, eta horren bidez arautu zen baimen ordaindu berreskuragarria funtsezko zerbitzuak eskaintzen ez dituzten inoren konturako langileentzat, pertsonen mugitzeko aukera murrizteko COVID-19 birusaren aurkako borrokan. Ondorioz, errege lege-dekretu hori indarrean sartuta, 2020ko martxoaren 30ean, UPV/EHUko errektoreak erabakia eman zuen UPV/EHUko instalazioetara sartzeko neurriak ezartzeko; guztia bat etorrita aipatutako errege lege-dekretu horretan zehaztutako funtsezko zerbitzuak ematen ez dituen jarduera alorraren izaera.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez  alarma egoera luzatuz joan da, eta, beraz, aurreraz aurreko jarduera akademikoak etenda jarraitzen du 2020ko maiatzaren 9ko 00:00ak arte.

UPV/EHU etengabe ari da aztertzen osasun alarmaren egoera, horrela egin beharra baitago ziurgabetasunez betetako egoera hain aldakor honetan. Horrek ez du esan nahi lehenesten ez direnik jarduera guztiak ‑egungoak zein gerora berriz hasiko direnak‑, segurtasun eta osasun arloko bermeekin egin ahal izango direla bermatzeko borondatea eta betebeharra. Hori dela eta, COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana zehaztu da, horren bidez UPV/EHUren eraikin eta instalazioetara sartu ahal izateko baldintzak egokitzeko, betiere, salbuespen gisa, jarduera modu ez-presentzialean bete ezin den kasuetarako baino ez.

Hori guztia kontuan hartuta, eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 20.1 artikuluak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 178. eta 181.1.d) eta e) artikuluen babesean, honako hau

 

ERABAKI DUT:

 

Lehenengoa.- Aurrez aurreko jarduera guztiak etenda mantentzea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duenak, 9. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

Horrela, bada, jarduerek etenda jarraitzen duten bitartean, irakaskuntzaren arloko jarduerak urrutitik eta online emango dira, hori posible den heinean. Horren guztiaren helburu izanik pertsonen presentzia eta pertsonen arteko kontaktua murriztea COVID-19a ez hedatzeko.

Bigarrena. Errektoreak martxoaren 30ean emandako erabakiarekin bat etorrita, UPV/EHUko langileak eraikinetara sartu ahal izango dira modu jarraituagoan, unibertsitateko txartela erabilita, ezinbesteko zerbitzuetan (martxoaren 16ko erabakiaren bidez zehaztuak) funtsezko lanak egiteko irakaskuntzaren, ikerketaren, gestioaren edo administrazioaren arloan, baina beti saihestu beharko da jendea pilatzea, eta osasun agintariek xedatutakoa bete beharko da.

Hirugarrena.- Prozesu esperimentaletan beharrezkoa baldin bada etengabeko kontrola egitea, eta horretarako ikertzaileen presentzia ezinbestekoa baldin bada, txandak egingo dira zeregin horiek betetzeko. Ikertaldeetako, ikerguneetako, institutuetako edo sailetako buruek, Ikerketaren arloko errektoreordearekin koordinazioan, zehaztuko dute zein langile joan behar diren lanera. Pertsona horiek zeregin horiek betetzeko ezinbestekoa den denboran baino ez dira egongo aipatutako lekuetan.

Baimen horiek eman aurretik, ikerketako instalazioko edo laborategiko lan presentzialera bueltatzeko plana bidali beharko da bat etorrita UPV/EHUn aurrez aurreko jarduerara itzultzeko planarekin. Plan hori gerentziara bidali behar da, eta plana aztertu eta beharrezko prebentzio neurriak betetzen dituela egiaztatu ondoren, baimena emango da instalazioetara sartzeko.

Laugarrena.- UPV/EHUren instalazioetara sartu ahal izango dira COVID-19aren kontrako borrokan lanean ari direnak, bai eta irakasleak ere baldin eta konexio arazoak dituztelako, irakaskuntzako materiala jaso behar dutelako edo antzeko egoeran bat dela medio noizean behin bulegoetara joan beharra baldin badute eta, betiere, erabaki honetako lehenengo atalean zehaztutakoari jarraikiz. Instalazioetan sartzeko, martxoaren 30eko erabakian zehaztutakoa bete beharko da eta ezinbestekoa izango da saileko zuzendaritzaren eta kasuan kasuko ikastegiko zuzendaritzaren/dekanotzaren baimena izatea. Bestalde, baimena ematen da ikerketa jarduerekin zerikusia daukaten landa lanak egiteko, betiere agintari eskudunek baimentzen badute.

Bosgarrena.- Mantentze, segurtasun eta garbitze zerbitzuei dagozkien kontratuetako arduradunak harremanetan jarriko dira enpresekin, erabaki honetan aipatzen den funtsezko jarduerak behar bezala funtziona dezan beharrezkoak diren prestazioei erantzuteko, eta betetzeko martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa.

Seigarrena.- Unibertsitateko kide guztiei eskatzen zaie betetzeko osasun agintariek emandako jarraibide eta gomendioak, eta adi egoteko erakundeak posta elektronikoz, unibertsitatearen webgunearen bidez edo egoitza elektronikoaren bitartez emango duen informazioari.

Zazpigarrena.- Erabaki honetan xedatutakoa errektoreak 2020ko martxoaren 16an eta 30ean emandako erabakien osagarri da eta, betiere, COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana bete beharko da.

Zortzigarrena.- Argitara ematea erabaki hau unibertsitatearen webgunean eta iragarki ohol elektronikoan (EHUtaula), eta langile guztiei helaraztea posta zerrenden bidez.

 

Leioa, 2020ko apirilaren 27a

 

 

NEKANE BALLUERKA LASA

UPV/EHUko errektorea