ENLIGHT unibertsitate europarrak, UPV/EHUren partaidetza duenak, 14 milioi euro jasoko ditu EBtik
Datozen lau urteetan bere proiektuak garatzen jarraitzeko hautatutako 30 aliantzetako bat da
- News
First publication date: 03/07/2023
Europako Batzordeak Europako Unibertsitateen 2023ko Erasmus+ deialdiaren emaitzak argitaratu berri ditu. ENLIGHT, Europako 10 herrialdetako unibertsitate bana biltzen duen aliantza, hautatutako 30 Europako unibertsitateetako bat da, eta 14,4 milioi euro jasoko ditu datozen lau urteetarako. Aliantzaren dirulaguntza horren zatirik handiena ekimen akademikoak bideratzeko erabiliko da, irakaskuntza eta ikaskuntza kooperatiboago, sortzaileago eta berritzaileago bultzatze aldera. Gainera, ENLIGHTek kide berri bat sartu du aliantzan, Bernako Unibertsitatea (Suitza) hain zuzen. Kide berri honen bidez, aberastu egiten dira aliantzaren aniztasuna eta eragina, etorkizuneko unibertsitatea garatzeko bidean aurrera eginez.
Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duenez, “ENLIGHT+ proiektu berriak aukera emango die aliantzako unibertsitateei hezkuntza- eta ikerketa-agenda partekatuak garatzen jarraitzeko. ENLIGHT komunitate osoa eta, zehatzago, Euskal Herriko Unibertsitatekoa zoriondu nahi ditut: bereziki lan egiten duten langileak, ikasleak, langileak (PDI zein PTGAS) eta fase pilotuan parte hartu eta ENLIGHT garatzen lagundu duten kanpoko eragileak. Guztiek funtsezko zeregina izan dute ENLIGHTren arrakastan. Lorpen horrek gure ahalegin kolektiboak eta gure ikuspegi partekatua islatzen ditu”.
Gijs Coucke proiektuaren koordinatzaileak adierazi duenez, “bigarren fase honek aukera emango dio ENLIGHTi handitzeko eta lehen fase pilotuan garatu ziren ekimenak garatzeko”. Anbizioa da espazio ireki bat sortzea, ikasleek eta irakaskuntzako eta administrazioko kidegoek beren irakaskuntza eta ikaskuntza modu kooperatiboan, sortzailean eta berritzailean garatu dezaten. ENLIGHTek bere ikasleak ahaldundu nahi ditu, erronka sozial eta global konplexuei aurre egiteko beharrezko gaitasunak emanez. Hainbat formaturen bidez, ikasleek aktiboki parte hartuko dute garapen iraunkorraren, konpromiso globalaren eta gizarte-aldaketaren eremuetan. Kalitate handiko hezkuntza bermatzeaz gain, ENLIGHTek unibertsitateetan egiten diren ikerlanak ezagutza sortzeko prozesuetan integratzea du helburu.
Gainera, ENLIGHTek elementu berriak sartzen ditu bere norabide estrategikoaren zati gisa. Horren barruan, deialdiak egingo dira irakasleek eta ikertzaileek finantzazioa jaso dezaten diziplina anitzeko gaikako sareak ezartzeko, trebetasun beharrezkoenak garatuko dituzten hezkuntza-ekimenak garatzeko. Bestalde, aliantzak gaikako eremu berri bat -Kultura eta Sormena, alegia, gehitu du, dagoeneko existitzen diren bostei (Osasuna eta ongizatea; Digitalizazioa; Klima-aldaketa; Energia eta ekonomia zirkularra; eta Ekitatea).
Anders Hagfeldt, Uppsala Unibertsitateko errektorea eta ENLIGHT Gobernu Batzordeko txandakako presidentea: “Selekzioak gure lankidetza sakontzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa berresten du. ENLIGHTen arrakasta bere komunitateko kideen lanean eta dedikazioan oinarritzen da, ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, administrariak eta zerbitzuetakoak barne. Ilusioz gaude gure bazkide guztiekin urrats berriak egiteko, Europako Unibertsitate irekia eta inklusiboa garatzeko”.
ENLIGHTi buruz
ENLIGHT European university Network to promote equitable quality of Life, sustainability, and Global engagement through Higher education Transformation-en akronimoa da. Europako Batzordeak 2020ko uztailean onartu zuen. Bederatzi unibertsitate fundatzaileei (Bordele (Frantzia), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Upsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia), Comenius-Bratislava (Eslovakia) eta UPV/EHU) Bernako Unibertsitatea (Suitza) gehitu berri zaie. Erakunde guztiak beren izaera orokorragatik nabarmentzen dira, ikerketaren arloan duten kalitateagatik eta beren konpromiso sozialaren dimentsio garrantzitsuagatik. Guztira, 300.000 ikasle baino gehiago biltzen ditu.
Europako unibertsitateen helburua hauxe da: XXI. mendeko erronka sozial eta politiko handiei aurre egin ahal izango dieten Europako belaunaldi berrien garapena sustatzen dute, lankidetza eta sormena suspertuz, eta hizkuntza- eta kultura-aniztasuna arazo ez dela sinetsita.