UPV/EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu duen ikerketa batean ondorioztatu dute 1990 eta 2000ko hamarkadetan biodibertsitatea handitu egin zela, baina 2010eko hamarkadan abiadura moteltzeko joera hartu duela. Ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesuak berraktibatzeko ahaleginak areagotzeko eskatzen dute ikertzaileek. EAEko datuak GFAk, Ura Agentziak eta UPV/EHUk urtetan egindako laginketei esker lortu dira.
Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da
Europako 22 herrialdetako ibai-sistemetan 1969-2020 bitartean bildutako datuetan oinarritutako ikerketa bat argitaratu dute Nature aldizkarian
- Research
First publication date: 07/11/2023
Gizakiak historian zehar eragin izan dizkien presioen ondorioz, biodibertsitatea galtzeko arriskua duen ekosistema zaurgarrienetako bat dira ur gezatako ekosistemak. Egoera hori hobetzeko hartu izan diren neurriek —araztegiak jartzea, oztopoak eraistea, etab.— ingurumenaren kalitatea hobetu dute eta ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzea bultzatu dute.
Zenbait ekimenetan lankidetzan jarduten duten Europako 22 herrialdetako ekologoek, tartean Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ekologia ikerketa-taldekoek, ikertu nahi izan dute denborarekin zer joera izan duten ibaietako ornogabeen dibertsitateak eta antolamenduak eta nola erantzun dieten ingurumen-presio eta -aldaketei. Horretarako, 1968 eta 2020 bitartean herrialde horietako ibai-sistemetan lagindutako ornogabeen 1.816 datu-serie kronologiko erabili dituzte. “Europako 1.816 puntu lagindu dira behin eta berriz, urte askotan, eta datu horietatik ondorioztatu dugu ibai eta erreken 40 urteko bilakaera nolakoa izan den”, adierazi du Aitor Larrañaga UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak.
Ikerketan ondorioztatu dutenez, “oro har, ibai eta erreketako biodibertsitateak hobera egin du 2000ko hamarkada arte; gero eta espezie gehiago dauzkagu eta ugaritasunak ere hobetu dira. Eta hori seinale ona da. Baina hortik aurrera biodibertsitatearen ugaritzea geratu egin da; dagoeneko ez ditugu ikusten aurretik gertatzen ziren gorakadak —dio—. 1990 eta 2000ko hamarkadetan nabari den hobekuntza horrek agerian uzten du ur-kalitatea hobetzeko ezarritako neurriak eta berreskuratze-lanak eraginkorrak izan direla, baina 2010eko hamarkadan hobetzeko joera hori mantsotzeak iradokitzen du aplikatzen diren neurrien eraginkortasuna txikitu egin dela gaur egun”, adierazi du Larrañagak.
Ibai-ekosistemen jarraipena egiteak duen garrantzia
Ikertzaileak adierazi duenez, albo batera utzi behar dira autokonplazentzia-zantzuak: “Neurri batean, begi bistakoa da oso-oso kutsatuta zeuden lekuak hobetu egin direla, eta oso kutsatuta dauden erreken kopurua txikitu ahala zailagoa dela egoera ekologikoa nabarmen hobetzea, oso kutsatuta dauden tokietan soluzio errazenek ere izugarrizko hobekuntzak sortzen baitituzte. Dena dela, Europako ur-kalitatearen mapan badira zulo beltzak oraindik. Leku batzuk nahiko kutsatuta daude; guztia ez dago eginda”.
Ikertzaileek azpimarratzen dute badirela ur gezatako ekosistemak kaltetzen dituzten presio berri eta iraunkorrak oraindik ere, hala nola kutsatzaile berriak, klima-aldaketa eta espezie inbaditzaileak, eta ekosistema horien biodibertsitatea berreskuratzen jarraitzeko ahaleginak areagotzea eskatzen dute. “Kutsatzaile berriak sortzen ari dira etengabe. Kausalitatea ondorioztatzea oso zaila da, hau da, zergatik gerta ote daitekeen azken hamarkadako geldialdi hori. Baina litekeena da kutsatzaile berrien agerpenaren ondorioa izatea. Kutsatzaile berri horietako bakoitzaren eragina kontuz aztertu behar da, eta lan dezente ari dira azken urteotan agertzen. Dena den, garrantzi bereziko gaia bihurtzen da ekosistemen egoeraren ikuspuntutik, kutsatzaile berriak oso erritmo azkarrean agertzen direlako eta haien arteko elkarrekintzak oso konplexuak izan daitezkeelako. Ikerketa gehiago eta zuhurtzia eskatzen dugu”, dio Larrañaga doktoreak.
Larrañagak garrantzi handia ematen dio EAEn ibaietan egiten den jarraipen-lanari; “EAEn egiten den laginketa-lan eskergari esker, izugarrizko informazio interesgarria lortzen da, mundu mailan leku gutxitan dagoen bezalakoa. Hamarkadetan bildutako datuek ematen duten informazioarekin berme handiarekin esan dezakegu zer ari den gertatzen, eta, hala, gure urak kudeatzeko erabakiak hartu”.
Informazio osagarria
Aitor Larrañaga Arrizabalaga UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko irakaslea da, eta eskolak ematen ditu Biologia Graduan eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterrean.
Bibliographic reference
- The recovery of European freshwater biodiversity has come to a halt
- Nature
- DOI: 10.1038/s41586-023-06400-1