euskaraespañol

Image of the day

Begoña Vicariok koordinatutako ‘Areka’ film laburra aukeratu dute Seattleko jaialdirako

Mundu guztiko 70 festibaletan parte hartu du dagoeneko UPV/EHUko irakasle, ikasle eta ikasle ohiek eginiko lanak

  • News

First publication date: 24/05/2018

Koplekin lan egiteko modu kolaboratiboa orain dela urte batzuk jarri zuten abian Begoña Vicariok eta bere lantaldeak

Seattleko Nazioarteko Jaialdian ‘Areka’ film laburra aurkeztuko dute larunbatean, maiatzaren 26an. Begoña Vicario UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta ikerlariak koordinatutako film labur horrek mundu guztiko 70 festibaletan (Amerikako Estatu Batuetan, Italian, Argentinan, Frantzian, Kolonbian eta Erresuma Batuan, besteak beste) parte hartu du dagoeneko. Halaber, Seattleko Zine festibal hori Amerikako Estatu Batuetako handi eta garrantzitsuenetakoa da, industriaren eta egileen bilgune paregabe baita.

Koplekin lan egiteko modu kolaboratiboa orain dela urte batzuk jarri zuten abian Begoña Vicariok eta bere lantaldeak. UPV/EHUko ikasleak, ikasle ohiak eta irakasleak integratuz eta kanpoko bertsolari eta idazleekin kolaboratu dute azken lanetan. ‘Areka’ filmean Andoni Egaña izan da eta ‘Miraila’-n, Miren Amuriza (nahiz eta testua prosa izan) eta ‘Beti Bezperako Kopla’-n Maialen Lujanbio. Esku artean duten proiektu berri batean Miren Agur Meabe idazleak idatzi ditu testuak.

‘Areka’ film laburrak Espainiako gerra zibilean desagerrarazitako gizon baten eta beronen alabaren istorioa kontatzen du: Euxebiren aita gerra garaian desagerrarazi zuten nazionalek gerra zibilean. Euxebik ez du sekula jakin haren hilobia non zegoen. Orain, 80 urte beteak dituela, aurkitzeko momentua iritsi zaio. Andoni Egañak sortu eta abestutako bertsoetan oinarrituta, eta animazio modu ezberdinak erabiliz, filmak gogora dakar asko direla oraindik protagonista bezala beren senide eta lagunen gorpuzkien bila dabiltzanak herrietako areka eta bide bazterretan. 

Bego Vicario Calvo

Arte Ederretan doktorea, animazio zinemagilea eta alor horretan ikerlaria da, ehunka festibaletan parte hartu du, eta hamaika sari jaso ditu, besteak beste, Goya bat. Halaber, hainbat artikulu eta liburu ere idatzi ditu, horiek guztiak animazio zinemagintza esperimentalari buruz. Vicariok UPV/EHUren izena munduko bazter guztietan ezagutarazteaz gain, bertoko hizkuntza, kultura eta errealitate soziala erakutsi ditu.