“Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara” ikasketa akademikoak martxan UPV/EHUn
Euskal Herrian, udan, jai askotan ikusi dugu, gaztetxoen arteko jota txapelketak antolatzen direla. Hauxe berau, aurton uztaileko San Martin jaietan Iturretako auzoan (Markina-Xemeinen, Bizkaian) izandakoa da. Gaztetxo horiek noren bitartez ikasi al dute dantzan? Ba herri bakoitzean dagoen irakasle baten bidez.
[youtube]https://youtu.be/GSz-Y5fEhc4[/youtube]
Dena den, hutsunea somatzen da: irakasle profesional horien formakuntza, behaketaren bitartez eta ahoz aho garatzen da Euskal Herrian, baina izatez, herri-ezagutzaren dantza transmisioan ez dago irizpide zehatzik, eta bakoitzaren borondatearen arabera irakasten eta ikasten dira gauzak.
Dantza, musika, antropologia, historia, arte plastikoak eta ikusentzunezkoak, denak lotuta daude. Horregatik UPV/EHU gure unibertsitatean, horien arteko konexioez sakontzeko, lehenengo aldiz “Euskal Dantza/Tradiziotik sorkuntzara” izeneko goi mailako formakuntza antolatu da, etengabeko prestakuntzaren harira.
Gure historia
Bizkaiko Campusean, Zabalkuntza Zuzendaritzaren programazioaren barruan, EHUkulturan, 2014tik hona, euskal dantza eta musika tradizionala gizartean bultzatzeko asmotan, eta AIKO taldearekin sinaturiko akordioari esker, modu ez-formalean dantza eta kantu tailerrak egiten dira urtean zehar, Bilbon, euskal kulturaren altxor hau ahalik eta gehien zabaltzeko gizartean. Horrez gain, bi urteotan, jarraian, UPV/EHUren Uda Ikastaroen barruan, “Tradegin/ Tradiziozko dantza garaikidea” hiru eguneko ikastaroa antolatu da AIKO taldearekin, eta bai 2015ean eta bai 2016an eta jendetza hurbildu da bertara. Herri askotan ohitura izan den lekuetan, berriro hasi da jendea espazio publikoa erromerietarako erabiltzen. Horren adibidea, bada oraintsu, irailaren 24an, ETB1 telebista katetik zabaldutako erreportaia Urkiolako santutegian eginiko erromeriaz, San Antonio jaiaren aitzakiaz. Dantza tradizionala suspertze- fenomenoaz hitz egiteko momentua heldu dela esan daiteke.
[vimeo]https://vimeo.com/63287075[/vimeo]
Informazio akademikoa
Hau guzti hau zure interesekoa bada, bete itzazu formularioa eta atxikitu dantza arloko zure merituen curriculuma eta ibilbidea.
Gorengo mailako dantza-adituekin UPV/EHUn
Orain, 2016eko udazkenean, herri ezagutzari, ezagutza akademikoa erantsi nahi zaio UPV/EHUn. Euskal dantza eta musika tradizionalari, -Europako beste herri batzuetan egiten den bezala-, lan profesionalean ari diren hainbat irakasleri formakuntza akademikoa eta goi mailakoa eskaini nahi zaio, 100 orduko ikasketa osagarrien titulua martxan jarriz, “Euskal Dantza/ Tradiziotik sorkuntzara” izena duena eta bai Bilbon eta bai Donostian garatuko dena, astean behin, arratsaldero, hiru orduko saioetan. Saioak arratsaldero, astean behin, 17.30etatik 20.30etara izango dira. Hau guzti hau zure interesekoa bada, bete itzazu formularioa eta atxikitu dantza arloko zure merituen curriculuma eta ibilbidea. Matrikula egiteko epea 2016.eko Urriaren 10etik Azaroaren 11ra da eta plazak mugatuak dira.
Sarrien egiten diren galderak
1/Zer da eskatzen zaidana ikasketa osagarri hauetan matrikula egiteko? Euskal dantzan trebatua izatea, dantza talderen baten parte hartzea edo dantza irakasle lanetan aritzea. “Euskal Dantza/ Tradiziotik sorkuntzara” titulu akademikoaren bidez jakinduria eguneratzea da helburua eta horrela UPV/EHUren unibertsitate-titulu hau lortuko duzu.
2/UPV/EHUn 2016an bertakoak diren matrikuladun ikasleentzat soilik al da? Ez, ez da derrigorrezkoa UPV/EHUko komunitatekoa izatea ikasketa hauetan matrikula egiteko.
3/ “Euskal dantza. Tradiziotik sorkuntzara” ikasketa osagarrietan matrikula egiteko zer egin behar da? Bete itzazu mesedez datu hauek eta atxikitu dantza arloko zure merituen curriculuma eta ibilbidea. Guk geuk deituko dizugu ere.
4/ Matrikulazio epea eta kudeaketa noiz arte izango da? 2016.eko urriaren 10etik azaroaren 11ra hartuko dira izenak .Saioak ekainean bukatuko dira.
5/ Ikasketa osagarriek zer nolako balio akademikoa dute Unibertsitatean? Hamar ECTS kredituko ikasketa osagarriak dira eta informazio gehiago izateko begiratu hemen.
6/ Nolakoa izango da ebaluaketa ikasketa hauetan? Etengabeko ebaluaketa izango da eta irakasle bakoitzak ikasle bakoitzaren garapena gogoan hartuko du eta azken saioan, Dantza Jaialdia izenekoan, azken ebaluazioa egingo du.
7/ Nortzuk izango dira irakasleak? Gaur egun Euskal Herrian dantza alorrean zer esana duten aditu batzuekin izango dira saioak. Begiratu lehenengo edizio honetako zerrenda hemen: Oier Araolaza, Sabin Bikandi, Jon Maya, Iñaki Irigoien, Iñaki Goirizelaia, Patxi Laborda, Claude Iruretagoyena, Johane Etxebeste, Jon Iruretagoyena, Juan Antonio Urbeltz
8/ Bi talde egin eta Bilbon eta Donostian bakarrik garatuko dira ikasketa osagarri hauek? Bai, Bilboko taldeak, astelehenero, arratsaldez, 17.30etatik 20.30etara. Bilboko taldeak Bizkaia Aretoan izango du lekua eta Donostiako taldeak asteartero arratsaldez Magisteritza Eskolan. Gainera aukera izango da saio trinkoren bat egiteko dantza berezia egiten den herri zehatzean (adibidez, Zuberoako dantzetan sakontzeko).
9/ Euskeraz garatuko dira ikasketak? Bai.
10/ “Euskal dantza. Tradiziotik sorkuntzara” ikasketa hauen kostua zenbatekoa da? Hirurehun euro ordaindu beharko da hamar ECTS kredituko ikasketa hauen truke. Matrikula salbuezpenak hemen azaltzen dira.
Deje una respuesta