Gasteizko Magisteritzako ikasleak lanean, duela urte batzuetako irrati-proiektu batean
Ikasturte honen berezitasunak direla eta, ezin izan dugu planteatu ikasleekin eta ikasleengandik lan egitea; aitzitik, irakasgaiak oso zorrozki diseinatu behar izan ditugu, edozein unetan irakaslea gaixotu, edo ikasleak gaixotu, edo itxialdira bueltatzekotan, denok argi izateko zer egin behar den irakasgaia gainditzeko.
Hori dela eta, eta Komunikazio Gaitasunaren Garapena I izeneko irakasgaia eman behar dudalarik (Lehen Hezkuntzako graduko 1. mailako ikasle guztiekin), otu zitzaidan irratigintzaren ideia gure artera ekartzea. Horrek posible egingo zigun digitalki lan egitea eta bestelako komunikazio mota batzuk lantzea, adierazpide akademiko-unibertsitarioaz haratago.
Proiektua martxan da eta irratsaio honetan azaldu dugu. Proiektua irekia denez, edonork har dezake parte, baldintza bakar batekin: saioa euskaraz izatea (musika ere bai!).
Audioa entzunez, hobeto ezagutuko duzu proiektu hau.
Astelehenean, irailaren 7an, Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko hezkuntza graduetan ikasturte berria abiatu zen, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan (lehen Magisteritza deitu izan zaion ikastetxean). Uztailean iragarri bezala, irailaren 7 eta 8a 1. eta 2. mailako ikasleekin aurrez aurreko aurkezpena egingo zen, eta eskolak irailaren 9an hasiko ziren. Nik aurten Lehen Hezkuntzako Graduko 1. mailako hiru taldeetan egingo dut lan eta arratsaldero izango dut klase Gabonak arte, horregatik, oso erne segitzen ari naiz komunikazio ofizial guztiak, baita bilerak ere.
Orduan, pentsatu nuen astelehena eta asteartea baliatzea, ikerketaren garapen teorikoa berrikusi eta landa-lana berriz martxan jartzeko. Dinamizazio komunitarioa Altza auzoan ahozko historien bitartez da proiektuaren izenburua. Trenean nindoalarik jakin nuen eskolen hasiera atzeratu zela, irailaren 14ra arte, eta harritu ninduenez, txio hau jarri nuen:
Hara! Ba oraintxe atzeratu digute eskolen hasiera, datorren astelehenera arte!
Berehala, mezu bat jaso nuen Berria egunkaritik, albiste-gosea dagoelako gai honen inguruan. Nik erantzun nion ez zegoela albisterik, fakultate bateko gradu zehatz pare baten kontua baino ez zela, eta besterik gabe ez nuela espero eta horregatik jarri nuen Twitterren, beste hamaika gauza jartzen ditudan bezalaxe. Kazetariak gehiago jakin nahi zuen, hala ere, eta horregatik, trena helmugara iritsitakoan telefonoz deitu nion. Elkarrizketaren amaieran, kazetariak baimena eskatu zidan elkarrizketan esandakoa erabiltzeko eta esan nion baietz, berak erabaki moduan erabiltzeko. Txantxetan, esan nion “total, beharbada pandemiak hilko nau!” (umore beltz apur bat, izan ere, elkarrizketaren tonua horrelakoa izan zen, edo ez, behintzat, “barru-hustutze” tonuan edo “mendeku” tonuan).
Ikerketa-lanetan jarri nintzen eta ez nuen buruan izan gehiago kontua, arratsaldean Twitteren aipatu ninduten arte. Hauxe da argitaratutako artikulua:
Artikulu hau, paperean ere ateratzeaz gain, Argian erreproduzitu zuten atzo, hitzik aldatu gabe, beste kazetari baten izenean (Twitterren bai, @berria bidez zela jarri zuten, baina artikuluan bertan ez):
Nahiko hedapen zabala izan du artikuluak eta hainbatentzat mingarria izan da, EHUko karguetan dabiltzan pertsonentzat batez ere. Gainera, Berrian iruzkin bat idatzi nahi nuen (orain gehitzen saiatuko naizena), zehaztapen pare bat gehitzearren, baina gauzak horrelakoak dira eta telefonoa atzo goizean apurtu eta “inkomunikatuta” egon nintzen, telefono berria erosi, konfiguratu eta tarte bat atera arte. Gaueko bueltako trenean idatzi nuen Twitterreko hari hau, telefono berria erabiltzen trebatu bitartean:
Atzo eta gaurko prentsan agertutako nire adierazpenek espero baino hedadura handiagoa izan dute eta ñabardura pare bat egin nahi nuke -ezin dut esan nola sentitzen garen "irakasleok", askotariko ikuspegiak egoteaz gain, ez dudalako inor ordezkatzen …
Twitter beti laburra eta iheskorra dela eta, blog honetan zenbait ñabardura gehitu nahi nituzke.
Sarrera gisa: unibertsitateko gelak bereziki arriskutsuak dira
Eskoletako irakasleen, maisu-maistren eta hezitzaileen kezkak asko zabaldu dira, sare sozialetan zein komunikabide hedatuetan. Oso zaila da haurrak edo gaztetxoak konbentzitzea, ulertaraztea eta aginaraztea osasun-arauak bete ditzaten. Herri zehatz batzuetan, udalak ondo mugitu dira eta herriko zenbait leku aztertu dituzte, eskolatik kanpo ikasleak modu “burbuilatuagoan” aritzeko, Errenterian, kasu. Zoritxarrez, salbuespen dira, eta aste honetan hezkuntza arautuko eta haur hezkuntzako ikasleak eskolara itzuli dira, gogotsu baina behar baino baliabide gutxiagorekin.
Zein da unibertsitatearen berezitasuna? Ba seguruenik, haur eta gaztetxo horietako nahikotxok uda osoa daramate elkarrekin jolasean, hondartzan edo igerilekuan, kale-zurrutean… eta errazagoa da “burbuila” bat irudikatzea. Unibertsitatean, berriz, leku askotako jendea elkartzen da ikasgela bakoitzean. Leku askotakoak esan nahi du garraio publikoz datozela, campusean ordu asko pasako dituztela, otorduak ere bertan egin behar dituztela, askok egoitza beharko dutela campus inguruan, beren etxea atzean utzita… eta hori, zailagoa izateaz gain, garestiagoa ere bada, ikasleen patriketarako, noski.
Elkarrizketan aipatu ez baina zehaztu beharreko zenbait puntu
Unibertsitatea ulergaitza da benetan. Barruan gaudenok ere, nekez ulertzen dugu. Horregatik, normala da kazetariari hainbat kontuk irrist egitea. Elkarrizketan beste hainbat kontu izan genituen hizpide, eta uste dut artikulurako hautaketak ez duela ondo islatzen esan nahi nuena (estaldurarekin ere arazotxoak eduki izanak eragingo zuen, seguru, gaizkiulerturik).
Euskal Herriko Unibertsitatea, unibertsitate publiko gisa, erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzaren aurrean erantzun behar duena baina autonomia handiz lan egin dezakeena. EHUk uztailean proposatu zuen ikastetxe bakoitzak bere egoera zein zen aztertu eta plan bat eratzeko, aurrez aurrekotasuna, aforoak, azpiegiturak eta abar argitzeko. Esan beharra dago martxotik bertatik jarri zirela dekanotzak lanean, anabasaren aurrean gauzak kontrolatu nahian eta gainezka.
Bai ikasleek, bai irakasleok, bai garbiketa zerbitzuko langileek eta bai administrazio eta zerbitzuetako langileek lan eskerga egin dugu, askotan desorientaturik, gainera etorri zitzaigun egoerari ahalik eta ondoen erantzuteko, Beti bezala, batzuk gogotsuago beste batzuk baino, baina orokorrean esango nuke komunitate osoak ahalegin berezia egin duela 2019-2020 ikasturtea aurrera ateratzeko.
Lan handia egin ostean, zentzuzkoena izango zen abuztuan oporrak izan eta irailean ikasturtea beranduago hastea, irailaren amaiera aldera edo. Horrela, dekanotzako kideek atseden hartuko zuten eta irakasleok urrezko denbora izango genuen, material teknologiko berriak probatzeko, gure “gelan egoteko modu berriak” testeatzeko, materialak egokitzeko, online diseinuak egiteko, irakasgaiak lankideekin elkarlanean berrikusteko… baina ez. Gauzak ez aldatzearren, hau da, “normaltasuna” azpimarratzearren, irailaren 7an hasi behar izan dugu (hau fakultatearen arabera desberdina da baina gutxi gorabehera, antzeratsu), egiturak eta pertsonala estutuz. Neronek behintzat, abuztuan prestatu dut irakasgaiaren bertsio berria, izan ere, uztailaren amaiera arte aurreko ikasturteko gradu amaierako lanak zuzentzen aritu naiz eta abuztuaren 1ean jarri nintzen sasi-oporretan. Martxa motelagoan, baina seguru nago ez naizela irakasle bakarra izan abuztuan ikasturte berri arrotz hau prestatzen egon naizena. Ikasturte hasiera ez atzeratzeak azken orduko urduritasuna areagotzea eragin du, eta ez da harritzekoa izango bajak egotea antsietateak eraginda.
Sindikatuez ez dakigu ezertxo ere. Ez dugu mezurik jaso gure osasuna zaintzeari lotutako eskubideen inguruan. Ez digute argibiderik eman teleklaseak eta klaseak batera eman behar izateari buruz. Ez digute esan zer ari diren negoziatzen-edo errektoretzarekin. Kontxo, GURE ETA INGURUKOEN BIZITZA ARRISKUAN JARRIKO DUGU ikasturte berrian eta hitzik ere ez? Eta gero, kriston mobida bulegoko aulkiak ez direlako ergonomikoak?
Telefonozko elkarrizketan aipatutako zenbait kontu, zehazturik
Azkenik, Twitter haria utziko dizuet hemen, kabitzen ez zitzaidan hainbat hitz gehiturik:
Ezin dut esan nola sentitzen garen “irakasleok”, askotariko ikuspegiak egoteaz gain, ez dudalako inor ordezkatzen. Langileon ordezkariak non ote dabiltza?
Ez nago “haserre“, oso kezkatuta baizik. Artikuluan haserre hitza nabarmenduta agertzen da, baina ez dut sentipen hori. Ez dut oztoporik jarri klaseak emateko, ezta aitzakia bitxirik ere.
Baina agintariek ez dute kezka nahikorik erakutsi unibertsitateko langile eta ikasleen osasuna zaintzeko, izan ere…
Ez dituzte autobus zerbitzuak gehitu, gehienez ere iaz zeudenak daude, oraingoz. Herri arteko zenbait garraio zerbitzutan arazoak egoten hasi dira, orain aforoa txikiagoa delako (ezin da eseri eserleku guztietan). Garraio publikoak ikasleak pilatuta badatoz, zertarako ibili gero iladaka gelan sartzen eta aulkien arteko metro eta erdi eskaseko distantzia bermatzen?
Ez dituzte berriz jarri itxialdian kendutako tren garrantzitsu batzuk: Donostia-Gasteiz goizean goizeko trena, funtsezkoa Gasteizko campuseko ikasleentzat (irakasleontzat ere bai), ezta Gasteiztik Iruñera doan 19:00etako trena ere. Ondorioz, autobusetara bultzatu dituzte ikasleak, eta autobus gehiago jarri ez dutenez…
Ez da ezer egin pisu, gela eta ikasle egoitzen kontratuak salbuespen gisa erregulatzeko. Klaseak egon zein ez, ikasturte osoa ordaindu behar dute ikasleek. Ez Eusko Jaurlaritza, ez EHU eta ez Espainiar Gobernu “ezkertiarra” ere, ez dira arduratu (Unibertsitate ministro “superezkertiarrak” ere honetaz hitzik ez, hor bai zuen zereginik, Estatuak erregula dezakeelako). Hemen atzoko txio bat, honi buruz:
Fakultatean etxetik ekarritako janaria berotzea, jatea eta garbitzea oso zaila da. Ikasleek kalean bazkaldu beharko dute. Hemen atzoko txio-hari bat, gai honi buruz:
Ez dago justifikatuta unibertsitatean %75eko presentzialitatea ezartzea, adinez nagusi direlarik, eta ikasketetan ohituak (bestela ez ziren “iritsiko” unibertsitatera), ALARMA EGOERAN gaudelarik. Berriz diot: ALARMA. Arazoaren larritasuna gutxiestea da.
Unibertsitatea online bihurtzearen kontra nago, eta hala adierazi dut foro askotan. Baina aurrez aurrekotasuna denok iladan aurrera begira egotea bada, irakaslearen “jakinduriaren” zain, hobe online diseinu on bat.
Ez da, bestalde, aurreikusi irakasleoi irakasgaien garapen digitalean laguntzeko zerbitzu, bulego edo telefonorik. Irakasgaien digitalizazioa? hor konpon! Teleklaseak eman eta kitto! Horretarako bai, instalazioak, kamerak, Blackboard Collaborate lizentzia garestiak (software librean dauden aukerei muzin eginez…). Irakasle asko dira oso onak direnak aurrez aurre eta ez dutenak argi nola konpondu aurrez aurre + online batera maneiatu beharreko egoera batean. IKD eta metodologia aktiboen kontuak bermoldatu behar dira eta ez da erraza, online irakaskuntzan esperientzia handia dugunok ere zalantza handiak ditugu.
Ikasturtea irail hasieran hastea ez da zalantzan jarri. Dekanotzak lan eta lan ibili behar izan dira oporretan, gauzak prestatu nahian. Hain larria zen ikasturtea urrian hastea aurten? ALARMA EGOERAN GAUDE, hain zaila da hau ulertzea? Gaitzarekin bizitzen ikasi behar dugu, baina ez da ezinbestekoa ere irailaren 7an, edo irailaren 14an hastea bizi berri hori egiten. Ez zen mundua geldituko aurtengo ikasturtea irailaren 28an hasi eta ekainean amaituta. Ala aurreikusita dago eskolen hasierarekin aste pare bat barru denok berriz itxita egotea eta hortik presak?
Martxoan bat-batean sortu zen egoera, baina orain badakigu zertaz den kontu hau. Hilabete mordoxka izan da. Uste dut arautegia moldatzeari eta azpiegiturak garatzeari eman zaiola lehentasuna, ez langileria prestatzeari.
Umilagarri sentitu dut tutoretzen kontua. Gure eta ingurukoen BIZITZA ARRISKUAN jarriko dugu klase emateagatik, baina ikuskatzaileek diote tutoretza-orduetan bulegoan egon behar dugula, ZIURTATZEKO tutoretzak betetzen ditugula! Esan gabe doa irakasleen bulegoen aforo kontuak direla eta, oso zaila dela ikasleak bulegora etortzerik izatea. Kaletik konektatuko dira gure BBCetara, eta gu, bitartean, leihoak zabalik dituzten bulego deserosoetan egongo gara, etxearen goxoan egon ordez. Gure fakultatean tenperatura arazoak daude eta ni nagoen bulegoari, adibidez, 6 irakaslek partekatzen dugunari, “nevera” deitzen zaio, irudikatu zergatik. Hotza pasatzeagatik hartuko dugun lehen katarroagatik ezingo gara lanera joan PCR ditxosozkoak negatibo eman arte, eta bitartean, gure etxekoak eta ingurukoak ere itxialdian egongo dira. Eta COVID19agatik gaixotzen ez diren batzuek neumoniak edo bestelako gaitzak hartuko dituzte, berotasun faltagatik. Baina EHUko ikuskaritza kezkatuta dago ea ez ote dugun huts egingo tutoretza orduetan… penagarria da.
Eta, begira, halere, ilusioz nago ikasturte hasierarekin, kazetariari esan nion bezala. Ilusioz? Ba bai! Beti da polita ikasleekin harremanetan hastea. Irakaskuntza nire pasioa da eta, mantal txuriz joango banaiz ere (etxera iritsi bezain laster garbigailuan sartu eta 60 gradutan garbitzeko) eta maskara jantzita, hala ere, gustura eta pozik joango naiz, irribarrea ikusiko ez bazait ere. Beste irakasleei, sailari, fakultateari, ikasleei… laguntzen saiatuz ari naiz lanean, gauza askotan ados ez banago ere eta beste ikuspegi ideologiko batzuk badituzte ere, edo nik gustuko ez dudan unibertsitate bat eraikitzen badute ere. Ulertzen dut egoeraren ezohikotasuna eta nire lankidetza eskaini dudanean BENETAN eskaini dut, ez naiz pertsona zuria. Horregatik ekarri ditut lerro hauek hona, gaizkiulertuak saihesteko.
Baina erabakiak orokorrean berandu eta eskas ari dira hartzen, nondik lehertuko den gauza ez dakigularik! Pandemiagatik beragatik lehertuko da, baja ugariz eta ikasle gaixo pilaketagatik? Lehertuko da ikasleek ez dutelako dirurik edo baldintzarik aurrera egiteko eta grebari ekingo diotelako? Lehertuko dira irakasleok ez garelako prest egongo poliziarena egiteko eta ikasleei maskara ondo jar dezaten eta distantziari eutsi diezaioten eta abar egun osoan pasa nahi ez dugulako? Ala gure ingurukoak gaixotzen hasiko direlako eta beren zaintzak eta egoeraren larritasunak gaixotuko gaituelako? Sentsazio horrekin nabil, leherketa baten zain…
Blog honetan bertan azaldu bezala, uztailaren 9 eta 10ean Donostiako Miramar jauregian izan nintzen, Mintzola Ahozko Lantegiak koordinatutako ikastaroan. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Mintzolako lagunei, gonbiteagatik eta ikastaroa aurrera eramateko egindako ahalegin izugarriagatik!
Lehen egunean, ahozko sorkuntzen didaktika izan zen hizpide nagusia eta bigarrenean, berriz, ahozkotasunaren didaktika. Nik bigarren egunean nuen hitzaldia eta mahai-ingurua, baina bi egunetan hartu nuen parte.
Lehen eguna Arantxa Hirigoyenek zabaldu zuen, Axut Antzerki Konpainiako arduradun pedagogikoa, eta kontatu zigun antzerkia lagungarri zitzaiela euskararen erabilera gazteen artean sustatzeko eta dinamizatzeko. Antzerkiak ahozkoa lantzeko eta talde-sormena sustatzeko duen garrantzia azpimarratu zuen, baita elkar entzutea, partehartze aktiboa, elkarkidetasuna…”Ikasle askok lehen aldiz hartuko dute parte agian sorkuntza lan batean eta hori euskaratik egiteak badu garrantziarik”; “Antzerkiak aktiboa izatea eskatzen du: testua alde guztietara mugitzen dugu geureganatu arte. Bizia da, ahozkoa baita” eta gorputzak ere badu zer esanik hor. “Zaldi Urdina”ren inguruan egindako lanketa pedagogikoa ere izan du ahotan Hirigoyenek.
Ondoren, Gotzon Barandiaranek (euskal kultur eragilea) euskal kantagintzari lotutako bi hezkuntza-esperientzia azaldu zizkigun: alde batetik, Rafa Ruedarekin garatutako “Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok?” esperientzia, euskal kantagintza, gertaera historikoak, sentimendu abertzaleak adierazteko moduak… lantzeko esperientzia, besteak beste hainbat ikastetxetan landutako saioa; eta bestetik, “Musikariak ikastetxeetan”, Nafarroako Hezkuntza Sailarekin batera, gaur egungo euskal musikariak gazteengana hurbiltzeko esperientzia.
Euskal kulturgintzaren inguruko hausnarketa sakonetik abiatu ziren proiektuan, eta kultur ekosistemaren osasuntsu faltaz ohartarazi zigun: sormena eta adierazpide aberatsa bermatzearen garrantzia, irakasle kulturzale falta ere nabarmena eta larria… Egoera horren aurrean, beren aletxoa eskaini dute eskoletan, galdera iradokitzaile honen bitartez: Zeri kantatu diogu euskaldunok? Ze garrantzia du kantatu dugunak eta kantatzen denak euskaldunon identitatean? Hortik abiatu ziren Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda, eta horrela, eskolaz eskola saio bat eskaini dute, euskal musikaren inguruan hausnartzeko eta euskal historiarekin duen lotura erakusteko asmoz. Adibide gisa, hona Hitzen ahairea liburuaren soinu-banda: 140 kantu, 227 grabazio, bai letra, bai musika eta bai interpretatzeko moduak gure sentipenetan duten eragina lantzeko oso baliagarria:
Mikel Artola Izagirre hurbildu zen oholtzara ondoren, Bertsozale Elkarteko hezkuntza eragile eta ikertzaile. Bertsozale Elkartean egiten ari diren bertso eskoletako aldaketa metodologikoaz aritu zaigu. Oholtza, bertsogintza eduki, helburu ala aitzakia. Masa-kultura/kultura herrikoietan nola sortzen den, ze girok eragiten duen estrukturalismoa, eredua… Bertsolariaren esperientziari dagokionez, ikasgelako dinamikarako gako batzuk ematen aritu da: “puntutan bat-batean egitea hortik hurbilago egon daiteke, bertso oso bat idatziz egitea baino”. Halako hitzak iradoki dizkit Mikel Artolak. Interesgarria hitzaldia, zer pentsatu asko!
Goiza Beatriz Egizabal Ollokiegik itxi zuen (Kontukantoi), eta bere klownklusioetara eraman gintuen. Ondo etorri zen giroa baretzeko eta umoreak duen garrantzia gogorarazteko. Niri neuri maiz gertatzen zait “berotu” edo egiten naizela, pasioz edo gogoz, eta askotan, modu alderantzizkatzailean komunikatzeak eragin indartsuagoa izan dezake. Hortik ikasten segitu nahiko nuke!
Bigarren egunean, Olatz Bengoetxea, Soziolinguistika klusterreko ikertzailea, euskararen erabilerari buruz zenbait eskolatan egiten ari den lana azaltzen hasi da: Bergaran egindako Berbekin programa, Berba-Lapiko… Batez ere, ahozkotasuna lantzerakoan ikastetxeetan izan daitezkeen baldintzatzaileak, gakoak eta ondorioak azaldu ditu. Bere adierazpenetatik, besteak beste interesgarria iruditu zait beren ikerketen arabera, ahozkotasuna handiagoa eta zabalagoa dela zenbat eta askeagoa izan hezkuntza-saioa (edo irakasgaia). Hori oso bat dator gure ikerketa-taldeko proposamenarekin, izan ere, askatasuna zutabeetako bat da harremanen eraikitze bizikidetzazkoan. Liburu hau biziki gomendatu du hitzaldian: Ahozko komunikazioa irakastea. Norabide bat ahozko hizkuntzaren argitan (Josune Zabala, 2018), ahozkoa lantzeko ikasgelarako zenbait gako baitaude bertan azalduak.
Neure ustez, ahozkotasuna askatasunetik jariatzen bada, ahozkotasuna areagotzeko soluzioa ezin da izan kontrol handiagoa. Aldamiajea ezin da a priori diseinatu, ikasle, pertsona bakoitzaren eta partekatzen dituen talde eta ingurune kolektiboen arabera planteatu beharko litzatekeelako aldamiaje hori. Horrek esan nahi du ez dagoela soluzio metodologiko magikorik, kasuan kasu irakasleak ulertu beharko du zein den egoera, nolako dinamikak ari diren sortzen, dinamika positiboak dinamizatu eta negatiboak mugatu, eta aldamiaje hori testuinguru sozial eta naturalaren arabera eraikitzen joan. Zentzu horretan, bat nator bere hitz hauekin: “Ikasgelako hizkuntza eredua bera ezin da irizpide bakarra izan ahozkoaren lanketa egiteko. Testuinguru soziolinguistikoak zerikusi handia du”.
Aroa Murciano hasi da ondoren, “Ahozkotasunaren didaktika irakaslea ardatz” izeneko hitzaldiarekin. Irakasleok jabetu ohi gara gelako hitzaz, dio Aroa Murcianok, eta hala izaten da; horregatik proposatzen dugu geure ikerketa-taldean jabegabetze prozesuak aktibatzea eta dinamizatzea, hau da, inork boterea har dezan saihestu, irakaslearen boterea horizontalizatu eta ikastetxearen egiturak malgutu. Bere posizioa, nire ustez, estrukturalista da, nahiz eta Bronckart eta bere eskola ikuspegi hori malgutzen joan den azken urteetan, teorikoki behintzat, eta estrukturalismoak ahozkotasunetik urrun kokatzen gaitu. Testu-moldeek mila forma har baditzakete, ez da izango ez dagoela testu-molderik? Errepikapen sortzailearen ideia baliagarriagoa izaten zait hizkuntza ahozkotasunean nola gauzatzen den irudikatzeko, horrek gainera, hiztunari eta hiztun-komunitateari “egiten” uzten dio, testu-moldeak, diskurtsoak, testu tipologiak eta horren antzerako kontzeptuek, aldiz, hizkuntza “unibertsitaterizatu” egiten dute, adituei botere izugarria ematen die, zer dagoen ondo eta zer gaizki epaitzeko boterea ematen zaielako. Hizkuntza ez da inorena eta denona da, aldi berean, komuna baita, eta ondorioz, errepikapen sortzailean edonor da gai eta dago prest hizkuntza eraiki eta deseraikitzeko, prozesu sozio-kultural konplexuen bitartez. Estrukturalismoak, zurrunago zein malguago, aditzera ematen du adituek hizkuntzaren egiturak erauzteko gaitasuna eta tresnak dituztela, ondoren “jende xeheari ondo hitz egiten” irakasteko. Horregatik, gure ustez, ahozkotasuna ez da DESegituratua, izatekotan, “bestea” da egituratua dagoena. Ahozkotasunak gizakiok berezkoago duguna delako, pentsatu/sentitu/eginez eraikitzen eta desegiten duguna.
Irakasleak bideoz grabatzearen ideia ere ez dut batere gustuko. Ez lotsagatik, edo zer ezkutua izateagatik, ez… irakaslea ikas-prozesuaren erdigunean jartzen duelako baizik. Irakaslea grabatuz, ezin da jakin irakasle hobea ala okerragoa den, irakaslea ikasgelaren ekosistemaren parte bat baino ez delako, eta ondorioz, bere portaera ez da errepikagarria, ez garelako errobotak. Irakasle “onak” izan nahian, errutinak, teknikak eta programazioak ondo ikasten baditugu, gehiago kostako zaigu gelako kideen egoera zehatz horretan naturaltasunez, jakinduriaz, intuizioz, zientziaz eta sentipenez erantzutea.
Txantxa txiki bat etorri zitzaidan burura, ez gaizki hartu, hemen gorde nahi dut aurreraxeago hartu nahiko nukeelako, patxadatsuago. Aroak aipatu zuen Vigotski psikologiaren Mozarta dela. Mozart ez da, inondik ere, neure begikoa, eta Vigotskik gauza interesgarriak baditu ere, nola interpretatu den eta nola saindutu den ez dut gustuko… Horregatik, hau pentsatzen jarri nintzen: Vigotski psikologiaren Mozarta bada… zein da pedagogiaren Shostacovicha?
Aroa Murcianoren ostean, neure hitzaldia etorri da. Hemen uzten dizuet hitzaldia aurkezteko egindako bideo laburra, eta beheraxeago, erabili nuen aurkezpen-dokumentua.
Ondoren, Joxerra Gartziak ekin zion hizketari, izenburu honen pean: Eskola: gaitza ala sendabide? Eskolan komunikazioa lantzearen garrantziaz aritu da, batez ere euskara-maila ustez oneko ikasleen taldeetan. Aberastasun falta, komunikazio zurruna eta ahotsa proiektatzean sentipenak adierazteko mugak azpimarratu zituen. Euskarak baliabide ugari ditu eta horiek berreskuratu beharko genituzke, hizkuntzaren jolasteko, gozatzeko. Lehen da bizi!
Joxerra Gartziak eusbakofharen kontzeptua ekarri digu: “euskara bakandu ofizial hiper-arautua”, alegia; Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (2005) liburuan aurkeztu zuena. Hemen duzue Iñaki Segurolaren beraren zenbait hitz, bere liburu horren harira, Sustatu gunean. Adibide ugari eskaini ditu hitzaldian eta bizpahiru (edo hiruzpalau) ziri sartu zizkidan hitzaldian barrena, bere hitzaldia nirearen ostekoa zela baliatuz, hori bai, elegante 😉
Amaiera gisa, mahai-ingurua egin dugu, mahairik gabe, distantzia zainduz… eta hitza arrapaladan eta gustura hartzen ibili nintzen. Hainbeste denbora itxialdian, berriketarako gogoz joan nintzen ikastarora!
2019-2020ko Prest Gara programaren barruan, aurten lau ikastaro eman ditugu Ilusionista Sozialen Mintegiko kideok.
Bizitzaren kasualitateak, hizkuntzaren ebaluazioari buruzko ikastaro bat eman dugu itxialdian bete-betean geundelarik, eta aurrez pentsatua genuena moldatu behar izan dugu, irakasleon kezkak ulertuz eta partaideen askotariko egoerak kontuan hartuta.
Hauek izan dira ikastaroan erabili ditugun materialak, agian norbaiti baliagarriak izango zaizkio.
Blog-sarrerak
Guztira 10 blog-sarrera prestatu ditugu ikastaro honi lotuta, interneten zabalik daudenak. Lehen lau sarrerak ikastaroa hasi aurretik prestatu genituen, oinarrizko material gisa, eta audio eta testu formatuan daude eskuragarri; gainerako sarrerak, ikastaroko beharren arabera idatzi ditugu, bertako
eztabaida eta kezketan oinarritutakoak:
Material osagarriak I: Etxealdirako materialak, eztabaidak eta IKTak
Material hau ikastaroan zehar biltzen joan gara, pandemiaren egoera dela eta lagungarriak edo inspiragarriak zirelakoan. Sare sozialen bidez izan dugu material hauen berri, leku desberdinetako askotariko irakasleek partekatutakoak.
2020ko maiatzaren 28an, El Salto Diario egunkariko El Sacapuntas ikasle artean lantzen duten blogean, artikulu deigarri bat argitaratu zuten, hauxe izenburua:
Lehenik eta behin, esan beharra dut testuko hainbat ideiarekin ez natorrela bat, baina interesgarria iruditu zait eztabaida zabaltzeko. Bitxia da artikulu hau izatea izan dudan lehen berria eta, oraingoz, bakarra, unibertsitatearen errege dekretu berriaren zirriborroaz, eta epea amaitzear dagoelarik, azken hilabeteotan jasotako mezu ofizial ugariren artean, ez dut izan zirriborroaren aipamen bat bera ere. Mezu asko kalifikazio-modu berrien inguruan, segurtasun eta higieneaz, egelaren funtzionamenduaz… baina hitzik ere ez datorren unibertsitatearen eztabaidaz.
Aitzakia honekin, irratsaio hauxe prestatu dut Dulantziko Mitxoleta Libertarioak programan:
Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da ( https://alegrialibertaria.org ). KREDITUAK Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak Musika: Nire bala – Haizea Kapitalismoak – Gontzal Mendibil eta Xeberri
Artikuluaren itzulpena uzten dizuet, patxadaz irakurtzeko, ea gai garen irakasleok antolatzeko, eta ez, Bolognako prozesuan eta beste hainbatetan egin dugun bezala, ikasleak izan daitezela protestatzen dutenak, gu, bitartean, goitik eta mespretxuz begira gaudelarik, gure pribilejio-lekutik.
Castells ministroa: teknokrata hippiea eta bere plan neoliberalak Unibertsitate publikoa desmuntatzeko
Unibertsitateetako ministro den Manuel Castells jaunak unibertsitate publikoaren digitalizazioa inposatzeko asmoa du, eta horrek unibertsitatea bera suntsitzea ekarriko luke. Horrez gain, Bolonia Plan hau alarma egoeran tramitatzen hasi da, ikasleak azterketa garaian daudelarik; eta 3+2 gatazkatsua onartu nahi du, PPren “Wert” proiektutik hartuta. Castellsek unibertsitate publikoaren merkatalizatze erradikala nahi du. Ministro izan aurretik, baieztatzen zuen errektoreak erakunde pribatuek aukeratu behar zituztela eta ikasleek askoz gehiago ordaindu behar zutela urteroko matrikulagatik. Proposatu zuen, halaber, unibertsitateek eta irakasleek elkarren lehian jardutea eta finantzazioa eta soldatak lehia horren emaitzen araberakoak izatea.
2015ean, Castellsek iragartzen zuen teknologia berriek aldaketa eragin behar zutela pedagogian, edukietan eta baita unibertsitatearen zeregin nagusian ere. Baina, ze aldaketa? hezkuntzaren digitalizazioa? Eta, batez ere, zergatik? Etorkizuna direlako, erantzungo luke ministroak. Etorkizuna Botereak dioena da.
Castellsek koronabirusa baliatu du teknologia prozesu pedagogikoan erabat sartzeko, unibertsitatearen kaltetan. Orain dio covid19ak horretara behartzen duela (hori faltsua delarik), baina 2015ean ez zegoen covid19rik eta gauza bera eskatzen eta sustatzen zuen, behin eta berriz. Horri ideologia deritzo. Estrategia ere bai. Manipulazioa ere bai. Pedagogia neoliberala ere bai. Eta lelo haren adierazpena da: “krisia erabiltzea jendeak bestela onartuko ez lituzkeen neurriak ezartzeko”. Azken boladan, ikusten ari gara teknokratak gizarteari beren proiektuak inposatzen hasten direnean, titularrek aitzindaritzat jotzen dituztela, “arazoak eta irtenbideak aurretiaz ikusteagatik”. Gure lepotik barre egiten dute.
Begira zer proposatzen duen ministroak, ez dena “ez eskuinekoa eta ez ezkerrekoa” eta adar bietako onena biltzen duena: eskuinaren ideologia neoliberala eta ezkerraren itxura zarpaila.
Unibertsitate ministroak Unibertsitate publikoa txikitu nahi du
Bila dezagun pixka bat ministro berriak Unibertsitateaz zer pentsatzen duen jakiteko. 2008an, Castellsek bere buruari galdetzen zion nork izendatu behar zituen errektoreak, eta berak eurak erantzuten zuen: “pertsonalitate independienteen patronatuek, baliabideak jartzen dituztenek izendatuak”. Bai, ondo irakurri duzue: baliabideak-jartzen-dituztenek. BZO. Hau da, bere arabera, errektoreak unibertsitateak finantzatzen dituzten erakundeek izendatu behar dituzte, horrela, zure unibertsitateko hurrengo errektorea ez dute ikasle eta irakasleek bozkatu behar, Banco Santanderrek jarri behar du, horretarako ari da erosten unibertsitate publiko espainiarrak, bere “laguntza” eta hitzarmenen bidez. Edo dagokion gobernuak. Bai, seguru errektore horiek oso independienteak izango direla. Hori da eredu estatubatuarra, zeinetatik ministroak horrenbeste edan duen. Castellsek berehala gehitzen zuen, hala ere, “horrek ez duela kalitatea murrizten, ezta unibertsitatearen kalitatea ere”.
Horrekin batera, aholkatzen zuen “matrikulen prezioa igotzea, unibertsitateen aurrekontuaren parte nagusia ikasleen ekarpenen araberakoa izateko”. Orain ministro delarik, azken posizio hau asko ezkutatu du, oraingoz, eta bekak aldi batez sustatu ditu, neurri estruktural eta iraunkorrak ezartzen dituen bitartean, protestak ekiditeko. Gutxieneko errenta bezala, pentsioak kendu eta milaka langile kaleratzen dituzten aldi berean.
Duela lau urte, Castellsek zioen “AEBetako Unibertsitateak duen gauzarik inportanteena Unibertsitate ministeritzarik ez egotea” zela. Badakizue, neoliberalek ez dituzte eskuhartze politikoak gustuko. Berak, ordea, ez dio muzin egin eskainitako karguari. Izan ere, unibertsitate publikoaren egitura goitik behera aldatzeak (kasu honetan, bere oinarriak suntsitu eta egoitza birtual bilakatzeko helburua betetzeko) Unibertsitate-ministro zehatz bat behar du. Beharrezkoa du, halaber, Castellsen arabera, “sustatze neurriak ezartzea, dedikazioa eta produktibitatea saritzeko, soldatak eta prebendak gure portaeraren arabera desberdintzeko”. Besterik gehitu behar da? Teknokrata badirudi, teknokrata da.
Ministroaren asmoa da unibertsitate publikoek eta irakasleek elkarren artean lehia dezaten, kooperatu ordez, eta unibertsitatearen finantzazioa, baita irakasleen soldata ere, horren araberakoa izatea. Adierazpen horrek berehalako dimisioa eragin beharko luke. Txantaia proposatzen ari da unibertsitateak gobernuak ezarritakora makur daitezen (berez, multinazionalen eredura), irakasleek uko egin diezaietela beren klaseak emateko moduari eta euren baliabideei. Proposatzen du katedra askatasuna amaitzea, eta edukiak bere gustura sartzea, Santander Banku aipatua aspaldidanik saiatzen ari den bezala. Horrek esan nahiko luke uniformetasun ideologikoa ezartzea, unibertsitateek berezko duten askatasun-esparru honetan.
Bolonia Plana. Eta datorren 3+2 eredua
Hezkuntza komunitateak Castellsi leporatzen diote Bolonia Plana tramitatzen aritzea alarma egoeran gaudelarik. Baliatzen ari da ikasleak ez direla unibertsitatean biltzen eta zailago dutela antolatzea. Ministroak berak Kongresuan onartu zuen bezala, unibertsitateko erreformak egiteko “lehendik zegoen dokumentu bat erabili da”. Zehazki, Wert garaiko PPren proiektua. Azken finean, goiko aginduak dira eta berdin dio PP zein PSOE izan.
Ministroak, halaber, 3+2 eredua tinkatu du, unibertsitarioen kontrako azken urteotako erasorik handiena, azken hamarkadan ikasleen protestetan gehien salatutako kontua. Unibertsitate graduetako urte bat kentzea, ikasleak masterrak ordaintzera behartzeko. Hori zen Wert ministroaren proiektua, PSOEk eta Podemosek horrenbeste kritikatutakoa. Eredu honek behin betikoz zigortzen ditu klase baxuetako familietako ikasleak, baita klase ertainetakoak ere (klase baxu bihurtzeko prozesuan daudelarik), unibertsitate pribatuetako graduondoko tituluen merkatuaren mesedetan. Puntu gako bat da neoliberalen saiakeran unibertsitate publikoa progresiboki suntsitzeko. Wertena haur-jolasa baino ez zen, Castellsek proposatzen duen berregituraketaren aldean.
“consolida el que los Grados puedan ser de 240 créditos (con la excepción de aquellos que por directrices europeas deben ser de 300 o 360 créditos) y de 180 créditos. En este último caso, los Grados deberán focalizarse en aquellos ámbitos de conocimiento científico, tecnológico, humanístico y cultural que respondan a nuevas demandas sociales, laborales y económicas. Por otra parte, el Máster podrá disponer de 60, 90 o 120 créditos” (RD zirriborroa, 8. orr.).
“En los casos en que una titulación de Grado tenga 180 créditos, las Universidades podrán arbitrar ofertas formativas de Máster complementario al Grado, para que la formación generalista de estos Grados pueda completarse, en su caso, con la mayor especialización del Máster” (RD zirriborroa, 16. orr.).
Horren aurrean, greba baino ez dago, mugagabekoa beharrezkoa bada, gobernuak gure Unibertsitate publikoa enpresei saltzeari uko egin arte. Ikasleok planto egin behar diogu zentzugabekeria honi, duela urte batzuk egin genuen bezala. Egoera edozein delarik ere. Beharrezkoa bada, klaseetara joateari utzita, online badira, eta zereginak eta praktikak ordenagailuz egiteari utzita. Izan ere, oraingoan azkar egin nahi dute, Covidaren aitzakia erabiliz, erantzunik eman ez dezagun, eta ezkerreko gobernu mozorroa hartuta, despistatzeko.
Ministro berriaren beste asmo bat da da “karrerak kartan hautatzeko eredua ezatzea” edo “enpresa unibertsitatera hurbil dadin”, gradu eta masterretan dual aipamena zabaltzeko, zeinetan ikasleek lehen egunetik bertatik lan-kontratu batekin lan egin dezaten. Hori da lehen pausoa unibertsitatea enpresa handien formazio-gune bihurtzeko, etorkizuneko langileak teknikoki eta ideologikoki prestatzeko (baina ez humanitateetan edo filosofian, adibidez). Irakasleen komunitateak adierazten duenaren arabera, horrek esan nahiko luke karreren kontzeptua bertan behera uztea, beren logika propioa haustea eta ikasleek ezagutza-adar batean eduki beharko lituzketen ezagutza integralak apurtzea (soziologian, medikuntzan edo artean). Ministroaren proposamena “ibilbide akademiko irekiak planteatzea, koherentzia akademikoa bermatu gabe, unibertsitate publikoan eredu liberala ezartzea litzateke”, eta ondorioz, “goi-hezkuntza pribilegiatuenentzako merkatua bihurtuko litzateke, enpresen zerbitzura”. Horri hau gaineratzen diote irakasle-komunitateek: “bidea zabalduko litzateke lan-jardueraren aitortza arriskutsu batera, eta handitu egingo litzateke titulazio bakoitzean aitortuko litzatekeen eremua eta formazioa, prezio publikoetatik kanpo egin litezkeen ikastaro pribatuei atea zabalduz”.
“De igual forma, este real decreto introduce la posibilidad de adoptar formas específicas de articulación del plan de estudios en las enseñanzas oficiales, y por tanto de singularizar su proyecto académico, entre las cuales se encuentran la Mención Dual en los títulos de Graduado o Graduada y de Máster Universitario, los Programas de Grado con itinerario académico abierto, y los Programas académicos de simultaneidad de dobles o más titulaciones de Grado” (RD zirriborroa, 8. orr.).
“El número de créditos que sean objeto de reconocimiento a partir de experiencia profesional o laboral y de enseñanzas universitarias no oficiales no podrá ser superior, en su conjunto, al 25 por ciento del total de créditos que constituyen el plan de estudios. El reconocimiento de estos créditos no incorporará su calificación por lo que no computarán a efectos de baremación del expediente.
No obstante lo dispuesto en el apartado anterior, los créditos procedentes de enseñanzas universitarias no oficiales podrán, excepcionalmente, ser objeto de reconocimiento en un porcentaje superior al señalado en el párrafo anterior o, en su caso, ser objeto de reconocimientos en su totalidad siempre que el correspondiente título propio haya sido extinguido y sustituido por un nuevo título oficial que sea objeto de reconocimiento” (RD zirriborroa, 13. orr.).
“Si se programan prácticas académicas externas, éstas tendrán una extensión máxima del 25 por ciento del total de los créditos del título, y deberán ofrecerse preferentemente en la segunda mitad del plan de estudios, a excepción de los Grados que incluyan la Mención Dual, regulados por el artículo 18 de este real decreto cuya extensión estará entre el 25 y el 50 por ciento de los créditos, en títulos de Grado de 240 créditos y entre el 20 y el 40 por ciento de los créditos, en títulos de Grado de 180 créditos” (RD zirriborroa, 18. orr.).
“Las prácticas académicas externas obligatorias se cursarán en una empresa, o entidad, y consistirán en la ejecución de un contrato laboral con el o la estudiante, por una duración igual, al menos, que la de las prácticas académicas externas obligatorias necesarias para obtener la mención dual” (RD zirriborroa, 20. orr.).
Hala ere, komunikabideek bidea errazten diote. Wyoming-ek El Intermedio-n egin berri dion elkarrizketan ere, ustez ezkerreko telebista-saio bat, ministroarekin atsegin eta adeitsu azaldu ziren eta ez zen aipatutako neurri bakar bat ere aipatu, ezta PPk eta Wertek berak proposatutako neurri horietako bat bera ere (nahiz eta saio honek “kezka handia” adierazi zuen bere garaian Werten hezkuntza erreformaren aurrean).
Baina ministro etorriberriak beste kontu bat ekarri du, hauxe adierazi zuen orain dela gutxi: “Gaur egun, Unibertsitateko ikasleen arteko elkarreragina eta ikasle-irakasleen artekoa nagusiki interneten gauzatzen da, klasean baino gehiago”. Non bizi zara, Castells? Ez: irakasleek epostaren bat bidaltzen dute eta testuak zintzilikatzen dituzte campus birtualean. Hori da interneten garatzen den harreman osoa. Beren lana aurrez aurrekoa da, ezin bestela izan. Irakaslea ez da txorimalo bat, bere lana ikasleekin harremanetan gauzatzen du. Honen guztiaren gakoa da hezkuntza erlazionala dela. Hezkuntza aurrez aurreko eta taldeko prozesu bat da. Nahitaez. Ez da internet bidez egin daitekeen gauza bat. Kontua da unibertsitate publikoa eraitsi nahi duela eta ez dago horren aldeko diskurtso sendorik. Irakaslea ez da youtuber bat. Berez, justu kontrakoa da (edo izan beharko luke), transmititzen duen egiagatik konbentzitzen duena eta ez estetikagatik edo antzezpenagatik (youtuberrek darabilten manipulazio emozionala eta ikusizkoa, hain zuzen ere).
Baina Castells saiatzen da kritika integratzen, komunikatzaile onek hala egiten dute, neutralizatzen ahalegintzeko, eta horregatik dio aurrez aurreko hezkuntza oso garrantzitsua dela, “jakina”. Baina hauxe nabarmentzen du: “Duela asko genekien, soziabilitate berria ikertu dugunok [nortzuek? zein ikerketa?], ingurune birtualak giza-harremanen osagai indartsu bat duela, sare sozialak populatzen dituztenek esperimentatzen dutena”. Ea ba, kontua ez da memeak partekatzea, pertsona baten urteetako formazioaz ari gara. Gainera, saiatzen da irakasle zalantzatiak berera eramaten, aurrez aurrekoaren alde hitz egiten du digitala nola edo hala txertatzeko, barka, eredu “mistoa” edo “duala”, beraiek dioten bezala. Baina eredu duala ezartzen badute, ondoren digital hutsa izango da. Bi eredu aurkari dira beren oinarri pedagogikoagatik eta ordezkatzen duten helburuagatik.
Herrialde honetan, gutxienez 36.000 unibertsitario ezin dira konektatu, hainbat unibertsitatetako errektoreek komunikatu batean salatu dutenaren arabera. Castellsek, argia bera, dio % 3koa dela. Dena konponduta: izendatzeko modua aldatu besterik ez dago. Ba kitto, 36.000 ikasle horiek lokutorio batetik segi ditzatela klaseak. Edo tabletak oparitu eta horrela ez dute etorkizuneko zabor-hezkuntza galduko.
Castellsek esaten digu (dena dela, gogoratu benetan nazioarteko kapitala ari dela hizketan) “unibertsitate hibridoa dagoeneko nagusi dela”. Hau erabat faltsua da. Beren ideiak inposatzen dituzte, ez etorkizun gisa, oraina balitz bezala baizik, onar ditzagun. Izugarria. Eta honela ondorioztatu du: “Errealitate hori onartzea denbora kontua da”. Iragarpen kutsua hartzen du eta mehatxuarena, aldi berean. Oinarrizko manipulazio-estrategia da: abiapuntu faltsu edo anbiguo bat erabiltzea beren asmoa txertatzeko, horrela, konklusioa ere faltsua da, halabeharrez.
Duela astebete, Carlos Fernández Liria filosofo eta unibertsitateko irakasleak artikulu bat idatzi zuen estrategia hau kritikatzeko. Badirudi Podemosetik gertuko pertsona ezagun bakarra izan dela kritikatzera ausartu dena. Artikulua orain dela bi urte argitaratu zuen liburuarekin dago lerrokatua: Escuela o barbarie. Entre el neoliberalismo salvaje y el delirio de la izquierda, hezkuntza suntsitzeko plana pedagogia neoliberalaren bitartez. Eskolaz egiten dituen interpretazio guztiekin bat ez bagatoz ere, merezi du liburua irakurtzea. Hemen dago liburuaren aurkezpen-bideoa, eta ez du alferrikako ezer (nahiz eta beef botatzen digun Pink Floyden harresiari lotuta).
El País egunkariaren hari berean dabiltzan lobby-ek gogotsu adierazi dute eredu honen alde daudela. Pasadizu bitxi bat dago honekin. El Paísek, hainbeste baliabide dituen komunikabide batek, paperezko kazetaritzatik (erreportajeak) digitalera pasatzea erabaki zuenean (horrek esan nahi duen guztiarekin), hori egiten lehen komunikabide handia izanik, bere asmoetako bat zen egunkariaren zuzendaritzari horrenbeste enbarazu egiten zion jendea gainetik kentzea: bere erredakzio-taldea, pentsamendu kritikoa eta zenbait erabaki zalantzan jartzen zuten ikuspegiak eta artikuluak idazten zituzten bertako kazetariak. Horrela, proiektu zentralizatua eta hierarkikoa eratu zuten, langile gutxiagorekin eta hainbat lan automatizatuz. Ze bitxia, bai, hori baita ekonomia kapitalistak eta Europak gizartearen eremu askotarako eskatzen ari dena. Hezkuntzarako, besteak beste.
Hori da, berez, kontua: pentsamendu kritikoa deuseztatzea, bat-batekotasuna eta espero ez dena guztiz murriztea, eta horixe da eguneroko bizitzan jendea topatzen denean gertatzen dena. Inoiz ez etxean, kideen arteko harremana desagertzen baita, eta irakaslea kontrolatuago dagoelarik, esaten duen guztia erregistraturik eta jasota geratzen delako. Irakaslea kudeatzaile bihurtuta edo kudeatu eta ebaluatu baino egiten ez duten hezitzaileek ordezkaturik. Teknokrata izateko prestatzen ari diren hezitzaile horiek, funtsean. Eta, bide batez, horrekin irakasleak desprofesionalizatu egin nahi dituzte, beren lanbidea suntsitu eta prekarizatu. Eta desprestigiatu, hau El Paísek gutxienez duela 3 urtetik hona oso modu agerikoan egiten ari dena, iritzi-artikuluen bitartez.
Agamben-ek, bere azken artikuluan, azpimarratu du, bide honetan segiz gero, hau guztia, “ia hamar mende iraun duena, orain betiko amaituko dela”. Ikasleak ez dira biziko unibertsitatea egoitza duen hirian, baizik eta ikasle bakoitzak bere gelan entzerraturik entzungo ditu lezioak, zenbaitetan bere klasekideengandik ehunka kilometrora. Hiri txikiek, garai batean unibertsitate prestigiodunen egoitza izandakoek, ikasle komunitateak beren kaleetatik desagertu direla ikusiko dute, askotan beren bizitasunaren parte garrantzitsua”. Eta honela darrai:
Diktadura telematiko berrira makurtu diren irakasleak —hau masiboki egiten ari dira—, eta beren irakasgaiak soilik online egiten dihardutenak, 1931n [Italian] erregimen faxistari leialtasuna aitortu zioten irakasleen baliokide dira. Ikastea benetan maite duten ikasleek uko egin beharko diote horrela eraldatutako unibertsitateetan izen emateari, eta, unibertsitateen jatorrian gertatu zen bezala, universitate berriak eratu beharko dituzte, zeinetan, basakeria teknologikoaren aurrean, iraganeko hitzak bizirik iraungo duen eta kultura berri moduko zerbait jaioko den —jaiotzen bada—.
Baina itzul gaitezen gure ministroarengana, covidaren aitzakiaz online ebaluazioak guztiz ezartzeko egitasmoa gauzatzen ari dena. Batek gero eta gehiago pentsatzen du pandemia honek, gutxienez, primeran etorri zaiela Boterearen egitasmoei. Eta bere buruari galdetzen dio nola jakin dezaketen horrenbeste birusaren etorkizunaz pertsonalitate politikoek eta enpresakoek, eta argi eduki beste pandemia bat egongo dela eta beste etxealdi bat. Guk ez dakigun zerbait dakite? Ala egitasmo erasokoi horiek justifikazio bat behar dute (pandemia) aurkaritza sozial handiegirik gabe ezartzeko?
Castells, zure konfiantzako teknokrata
Ez PSOEkoa, ezta Podemosekoa ere. Castells gobernu honetako ministroa da eta inork ez daki ondo zer dela eta. Batzuek saldu dute Podemoseko ministroa delako ideia, baina berez ez da, berak independientetzat aitortu du bere burua eta agenda propioa du, molde neoliberal argikoa, PSOEk ontzat ematen duena eta Podemosek txintik ez diona, gobernua urratu duenetik (ukitu gabe). Teknokratek ez dute alderdirik. Baina bai ideologia, nahiz eta eurek horrela ez deitu. Agian ez hain politikoa eta holistikoa dirudien zeozer… mundu-ikuskera. Ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa. Hitz horiek oso zaharkituak daude. Eta Castells jariakorra da. Gaztaroan marxista izan zela dio (zehazki zer egin zuen ez dakigun arren). Eta gero liberala. Orduan, Kaliforniara joan zen, sortze bidean zegoen zerbaitetan formatzeko, kapitalismo kognitiboa deitu zion horretan. Hortik, teknofilo izatera pasa da, edo, hobeto esanda, teknoflipaua.
Castells kapitalismo digitalaren emaitza da. Esan dugu: zertara dator Unibertsitate ministeritza bat sortzea? Ba argiago geratzen ari da.
Baina berak segitzen du kapitalismoaren, desberdintasunen… kalteak kritikatzen, eta digitalizazioa horren guztiaren soluzio gisa aurkezten, saihestezina balitz bezala. Horrela, neutrala dirudi. Hau da, Tony Blairrek hirugarren bidea aurkezten zuenean egiten zuen gauza bera egiten ari da, komunismotik eta kapitalismotik haratago jotzeko bidea, gero sozialdemokrazia kapitalista izan zena eta hortik, kapitalismo basatia bilakatu zena. Baina orain, orduan ukitzera ausartu ez ziren bizitzaren alderdiei buruz.
Ezaguna da Castellsek negozio-eskolekin duen harremana. Next International Business School eredu garestia eta elitista duen negozio-eskola bat da, unibertsitate publikoak baliatzen dituena hitzarmenak egiteko. Ba gure ministro maitea negozio-eskola horren Kontseilu Akademikoaren lehendakaria izan zen. Ate birakariak, kontrako norantzan.
Bere ideologia gizartearen digitalizazioa da, “sare-gizartea” deritzotena; ez da gizartea “naturaltasunez” egiten ari den bidea, presio, zigor eta gerra zikinean oinarritutako inposizioa baizik. “Saihestezina” delakoan (benetan saihestezina balitz, ez lukete horrenbestetan errepikatuko eta ez lukete halako borrokarik egin beharko ideia hau sartzeko). Digitalizazioa despertsonalizazioa da, pertsonak beren gustu, ohitura eta bestelako aldagai konputagarrietara murriztea. Ikasle-mugimenduak lehenbailehen antolatu behar du digitalizazioaren aurka.
Digitalizazioa “gardentasuna” ere bada, hau da, pertsonen intimitatea eta pribatutasuna ezabatzea (sare sozialen bidez), inoiz ez enpresenak, enpresen gardentasuntzat saltzen digutena enpresek eurek eman nahi duten ikuspegia baino ez delako: marketinga. Inoiz ez beren kontuak, beren inbertsioak, beren asmoak, beren praktikak. Azkenik, bizitzaren gero eta alderdi gehiagoren digitalizazioak zerikusia du, halaber, “ekonomia digitalarekin”, lanpostu asko suntsituko dituen ekonomia eta, laburbilduz: jagoletza-kapitalismoa (eta bere errepresio sozial banaezina). Eskuinak eta PSOEk (bata zein bestea, berdin) ez dute kritikatzen, ezker instituzionalizatuak oraindik ez daki zertaz doan kontua. Edo nahiago du ixildu.
Hori bai, ministroak ohore handiko ibilbide akademikoa du. Non eman du klase Castellsek? ba badakizu, hemen eta han, leku guztietan eta inon ere ez, erantzungo liguke. “Prestigio handiko” unibertsitateetatik zehar paseatu da (elkar gomendatzen duten horiek), dogma neoliberala zabalduz. Jarraipenez aritu den unibertsitate bakarra Berkeley unibertsitate prestigioduna (noski) izan da. Unibertsitate itxura duen tea-party bat. Gero, mundura zabaltzen dituzte eta, lana ondo betetzen badute eta esanekoa badira, kargu publiko edo pribatu bat lortzen dute, enpresa edo gobernuetan ardurak dituztenak, eurentzat berdin dio batak zein besteak. Eta bestela, TED hitzaldiak ematen dituzte, denek gauza bera dioten liburuak argitaratzen dituzte edo bideoak atera. Gauza bata edo bestea, igoal zaio. Horri nire herrian bozero deritzo.
Baina Castells berdin laudatzen dute El Paísek eta El Confidencialek. Akziodunak zein diren ikusita, ez gaitu harritzen bi komunikabide hauek ados egoteak kapitalismo digitala hezkuntzan sartzearekin eta eskola publikoa eraistearekin. Duela urte asko hasi ziren eskola publikoaren aurkako kanpainak egiten, eredu pedagogikoa zaharkitua dela azpimarratuz, askotariko iritzi-artikuluetan; eta hezkuntzaren digitalizazioa eta enpresa-pedagogiak sustatuz, BBVA eta bestelako erakunde pribatuak goretsiz. Hezkuntzari (sic) lotutako bideo eta artikulu hauetan, ezkutuago edo ageriago, askotan aurrez aurreko hezkuntzari balioa kentzen diote edo irakaslearen irudia gutxiesten dute.
Castells badirudi PSOEren eta benetan agintzen dutenen arteko hitzarmen baten ondorioz jarri dutela ministro, edo azken hauek zuzenean jarritakoa. Dena den, ez zaigu horrenbeste interesatzen Castells bera, asko baitira berak sustatzen duen ideologia bera hedatzen ari direnak, eta arriskutsuena da atzean dagoen hori, pertsona zehatzak baino gehiago. Kontua da hau ministro egin dutela.
Castells, argi izan ezazu, ikasleok aurrez aurre izango gaituzu.
Beno ba, kideok, aste honi agur esatea dagokigu. Baina datorren astean gai honi buruz hizketan segiko dugu eta eta hezkuntza erreformarekin sartu nahi diguten ziria xehekatzen. Maitasun handia denontzat. Ah! Garrantzitsua da hau dena jakin dadin, Zabal ezazu. Lagun iezaguzu artikulu hau sareetan mugi dadin, pasa ezazu zure gelako wa taldean, zure irakasleei epostaz bidali, zure amonari kontatu…
AZKEN ORDUA
Juxtu artikulu hau idazten amaitu eta albiste hau iritsi zaigu: “Galiziako Gobernuak abian jarri du hiru unibertsitate galegoen eraldaketa plana, online irakaskuntza ezartzeko eta ikasleak ebaluatzeko azterketak erabiltzeari uzteko. Kudeaketa BBVA, Caixabank, Endesa edo Finsak osatutako fundazioaren eskutan utziko omen dute, eta bestelako erakundeek ere parte hartuko dute, besteak beste, Galiziako Enpresarioen Konfederazioa. Xuntak hiru erakunde akademikoei emandako zirriborroa testu eta grafikoak kopiatuz fabrikatu da, batez ere Universidad Oberta de Catalunya (UOC), kudeaketa pribatuko erakunde publikoarenak [Castells bertako kide izan zen eta ahal duen guztietan publizitatzen du]. Xuntaren eskuduntzek ez diote aukerarik ematen administrazio galegoari unibertsitate autonomiarenak diren zereginak bereganatzea, Konstituzioaren 27.10 artikuluan arautuak eta Konstituzio Tribunalaren epai ugaritan argituak”.
Eta txio honetan. Denak eskua emanda: Complutensea, Santander Bankua eta CSIC, ordenagailu falta ez dadin izan oztopo unibertsitate publikoaren digitalizatze behartu honetan.
Hau neronek gehituko dut, ez ditut eta atzean utzi nahi Frankismo garaian unibertsitate katolikoekin negoziatutako hitzarmen honen ondorioak, gaur egun:
De conformidad con lo establecido en la Disposición adicional cuarta de la Ley Orgánica 6/2001 de 21 de diciembre, las universidades de la Iglesia Católica establecidas en España con anterioridad al Acuerdo, de 3 de enero de 1979, entre el Estado español y la Santa Sede, sobre Enseñanza y Asuntos Culturales, en virtud de lo establecido en el Convenio entre la Santa Sede y el Estado español, de 10 de mayo de 1962, así como en el dicho Acuerdo, mantienen sus procedimientos especiales en materia de reconocimiento de efectos civiles de planes de estudios y títulos, en tanto en cuanto no opten por transformarse en universidades privadas.
Aurtengo udako ikastaroak zoritxarrez ezohiko egoeran gauzatuko dira. Hala ere, ikastaroetako koordinatzaile guztiekin hitz egin ostean, hainbat ikastaro gauzatuko dira, modu batera edo bestera.
Udako Ikastaroak 2020 – UPV/EHU
Edizio berezia izango da, pandemiak sortutako egoerara egokitutako eduki berriekin eta online formatuekin Aurtengo edizioari begira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak hainbat agertoki aurreikusi eta neurri batzuk hartu ditu, ikastaroen garapena bermatzeko. Alde batetik, ikastaro formatu berriak sortu ditu eta hobetu egin da plataforma birtuala, edozein lekutatik konektatzeko; bestetik, osasun eta segurtasun neurri guztiak aurreikusi ditu, egoerak aukera eman bezain laster ikastaroak aurrez aurre egiteko (webgunetik hartua).
Ikastaro batzuk online izango dira eta beste batzuk aurrez aurre eta online sinkronoan segitu ahal izango dira, alarma-egoerako fase bakoitzak ezarritako baldintzak kontuan harturik.
Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktikari buruzko ikastaroa
Ikastaro hau online zuzenean da, baina nahi izanez gero, PRESENTZIAL egiteko aukera dago.
Hona hemen ikastaroaren aurkezpena eta behin-behineko egitaraua:
Ahozkotasuna Euskara ikasgaian landu ohi da berariaz, baina ahozko komunikazioa edozein ikasgaitan ageri da ikasgelan, edo, garrantzizkoago izan daitekeena, ikasgelatik kanpoko harremanetan. Ahozkotasuna eskolan irakats daiteke? Noiz, nola? Ahozkoa lantzeko proposamen didaktikorik bada? Nola eragiten du testuinguru soziolinguistikoak ikasle gazteengan? Gazteek pentsatzen edo sentitzen dutena euskaraz adierazteko testuinguru egokirik eta aski baliabiderik ba al dute eskura?
Hezkuntza Arautuan ahozkotasunaren didaktikan aritzeko hainbat modu daude; ikastaroan hainbat ikuspegi desberdin aurkeztu eta kontrastatuko ditugu. Gainera, ahozkotasunak gazteen hezkuntzan dituen hainbat aje eta erronka aztertuko dituen gogoeta batek ilustratuko gaitu.
Ahozkotasuna eguneroko solasean bizi da, egunerokoaren isla diren ahozko kultur sorkuntzetan esate baterako. Ahozko kultur sorkuntza lantzea, egitea eta gozaraztea bada ikasleak ahozko komunikazioan trebatzeko eta zaletzeko manera; ahozko komunikaziorako baliabidez jabetzeko modua. Baina antzerki, bertso, ipuin edo kantagintzaren didaktika emoziozko eta gozamenezko hezkuntza bidea da, ez arauzkoa. Gurean baditugu ahozko kultur sorkuntzen heziketan arrakasta duten esperientzia didaktikoak; batzuk biziki garatuak, bestetzuk potentzialitate handikoak. Horiek ezagutaraziko ditugu ikastaroan, ahozkotasunaren didaktikaren osagarri; edo zurkaitz, hautatzen den talaiaren arabera.
HELBURUAK
Ahozkotasuna ikastetxean lantzeko ereduak ezagutaraztea eta kontrastatzea.
Hainbat ahozko kultur sorkuntzen didaktikaren berri ematea.
Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktikaren lekua eta balioak aldarrikatzea Hezkuntzan.
HARTZAILEAK
Hezkuntza Arautuko irakasleak (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa), Ahozko Kultur Sorkuntzen irakasleak (antzerki, bertsolaritza…) aisialdiko begiraleak, kultur teknikariak, euskara teknikariak.
11:35-12:05 Bertsolaritzaren didaktika edo nola irakatsi bertsolaritza Hezkuntza Arautuan. Mikel Artola Izagirre (Bertsozale Elkartea – Hezkuntza eragilea eta ikertzailea).
11:35-12:05 Didaktizismotik konplexutasunera: ahozkotasunera hurbiltzen kultura herrikoien ikuspegitik. Ainhoa Ezeiza Ramos (EHUko irakasle eta ikertzailea)
13:05-13:30 Mahai-ingurua: Ahozkotasuna Hezkuntza Araututik egunerokora. Aroa Murciano Eizagirre, Ainhoa Ezeiza Ramos eta Joxerra Garzia Garmendia. Moderatzaile: Karlos Aizpurua Etxarte.
Neure partehartzearen inguruan
Ahozkotasunaren jabetze eta ikaskuntzaren gaiari heltzeko, funtsezkoa iruditzen zait kultura herrikoiak zer diren argitzea, ahozkotasunaren ekosistema edo mikroklimak hobeto ulertzeko. Arazo bat ikusten dut ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzaren artean gertatu den haustura, azken honek kultura instituzionalaren eta masa-kultura alternatiboaren bidea hartu duelarik, kultura herrikoietatik urrunduz.
Saiatuko naiz hitzaldira ekartzen Euskal Herrian, Andaluzian, Mexikon eta Portugalen ikasitakoa, eta antropologiaren ikuskera ere elkarlotuko dut hizkuntzen didaktikaren ikuspegiarekin batera. Hona hitzaldiaren izenburua eta laburpena:
HITZALDIA: Didaktizismotik konplexutasunera: ahozkotasunera hurbiltzen kultura herrikoien ikuspegitik
Ahozkotasuna kultura herrikoien komunikazio-modu nagusia da eta edozein logika linguistiko gainditzen du. Sentipenak, ekintzak eta pentsamenduak estuki elkarlotzen dituelarik, adierazpen plastikoa, poetikoa, erritmikoa… hizkuntz adierazpenarekin bateratzen du. Gorputz osoko komunikazioa da eta psikodinamika eta gramatika propioak ditu. Hori dela eta, ahozkotasuna irakaskuntza-testuinguruetan lantzeko, konplexutasunaren teorian murgildu behar dugu, ikuspegi dialektikoaren laguntzaz.
Gai hau hainbatetan ateratzen zaigu, hezkuntzaren inguruko debateetan. Ebaluazioari buruzko ikastaroan informazio gehiago eskatu digutela baliatuz, hona ere ekarriko dut bertan azaldutakoa.
Fordismoa, taylorismoa eta toyotismoa, hiru ekoizpen-modu dira
Azken 150 urteetan, eskolaren hedapena enpresen beharrekin loturik egon da. Enpresa-ereduen arabera antolatu da irakaskuntza-lana, enpresara egokitzeko (ez soilik baina bai nagusiki).
Fordismoa
Fordismoa da “eskola tradizionala” deritzona normalean. Ekoizpen-modu honetan, irakats-lana mekanizaturik lantzen da: ikasleak aurrera begira, eredu autoritarioa, erritmoak txirrinek markaturik, isiltasuna nagusi, ariketetan zentraturik, ebaluazioaren eredu punitibista… Ikasleak fabrikara bezala sartzen dira eskolan eta fabrikatik bezala irteten dira, eta tartean, homogeneizazio-prozesu bat, zeinetan denek gauza bera egin behar duten eta helburu berberetara iritsi behar duten, kate-fabrikazioan bezala.
Taylorismoa
Eredu tayloristaren arabera, fordismoak kalte handiak eragiten zituelarik (gaixotasunak, langileen iraultzak…), egokitzapenak egin behar dira fordismoaren ekoizpen-ereduan. Hezkuntzan, irakaslea ikasleengatik kezkatzen da eta saiatzen da denek helmuga berberera iris daitezen, ariketen ordez zereginak planteatzen dira, modu mekanizistak murriztuz, normalizazioa bultzatzen da, lana eta aisia oso argi desberdintzen dira (jolasordua)… “Kapitalismo leundua” deritzona.
Eredu fordista eta tayloristaren printzipio komunak eskolan
Eredu fordistak eta tayloristak hiru printzipio partekatzen dituzte, eskolaren planteamenduan:
Intentsifikazio-printzipioa: haurraren garapenaren prozesua modu ordenatuan intentsifikatzea. Etapa bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, ikasleak etapaka banatzen dira eta curriculum zehatza dago etapa bakoitzerako.
Ekonomizitate-printzipioa: ikasleak ahalik eta emaitza gehien lortu behar ditu, ahalik eta ahalegin txikiena erabiliz. Horretarako, ingenieritzaren printzipioak aplikatzen dira pedagogian.
Ekoizpen-printzipioa: errendimenduan zentratutako irakats-lana, ikasleari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Eredu hauek ez dira iraganeko kontua. Une honetan bizirik diraute eskola askotan, bereziki “ekoizpenerako prestatu behar diren ikasleen” auzo eta herrietan, hau da, ekonomikoki ahulenak hartzen dituzten eskoletan, baina baita bestelakoetan ere, jarraitzen dutelako ekoizpenaren bi eredu hauek.
Toyotismoa
Bi eredu hauei aurre egiteko eta ekonomia berritzaileagoak sortzeko, eredu toyotista sortu zen (ez da kasualitatea ekoizpen-ereduak eta eskola-ereduak auto-industrietatik etortzea). Eredu fordistak eta tayloristak adimen eta irudimen galera handia eragiten dute, hau da, “giza-kapitala” ez da behar bezala ustiatzen, eta ondorioz, lehiakortasun-aukera handia galtzen da. Horregatik, Toyotak planteatu zuen beste era batera lan egin behar zela: talde autogestionatuetan. Talde hauetan, langileek euren talentua ateratzeko aukera dute, beti enpresaren etekinen mesedetan, noski. Horregatik, taldeek elkarren artean lehiatu behar dute ea zein taldek sortzen duen produktu edo ideiarik onena. Horretarako, enpresaren giroa aldatzen da, gune irekiago eta ludikoagoak eginez, langileari eskatzen zaio atxikipen afektiboa sentitzeko enpresarekiko, enpresa maitatu behar du eta bere enpresarekin sakonki inplikatu. Eredu honen emaitzak ezagunak dira: langileen “malgutasuna”, ezegonkortasuna, presio izugarria eta indibidualismoa (eredu fordisten erantzun iraultzaileen ordez); horregatik, zenbait enpresatan, suizidioek igoerarekin lotzen da eredua (France Telecom-Orange kasuan, adibidez), emaitza onak ematen ez badituzu zeure ezgaitasunagatik delako eta ez enpresaren antolaketagatik.
Zer da toyotismoa eskolan?
Ekipoka antolatutako lana, kolektibotasunaren ahulezia eragiten duelarik. Ekipoek euren artean lehiatu behar dute emaitza onenak, irudimentsuenak, azkarrenak… lortzeko. Ekipoa da lanaren emaitzen arrakasta edo porrotaren erantzule.
Ekipoak askatasuna du ekintzailetzan, eta irakaslearen proposamena malgutasunez maneia dezake (hori bai, irakaslearen proposamena hobetu ezean, ekipoaren errua izango da proposamen “flojoagoa” edo “alfertsuagoa” proposatzeagatik).
Eskola-lanaren malgutzea.
Jarduera guztiak dira hezitzaileak, jolasordua ere bai, eta ondorioz, kontrolatu behar da. Ludikotasuna ekoizpenaren parte da.
Kudeaketa partehartzailea: ikasleen iritzia kontuan hartzen da, baita ebaluazioan eta kalifikazioan ere. Horrela, eskolaren punitibismoa berdinen arteko eremura eramaten da eta horrek lehiakortasuna areagotzen du.
Talde barruko kontrol-sistemak, autoezarriak, hau da, taldeak berak erabakitakoak, edo elkarren arteko ebaluazioaren bitartez. Horrela, kide bakoitzak gainerako kideak kontrolatzen ditu, zereginak kudeatzeko sistemen bidez, lidergoaren bidez, emozioen kudeaketaren bidez…
Hezkuntza kalitatearen gaineko kontrola. Zero akats.
Zergatik ari da hain azkar zabaltzen toyotismoa Euskal Herrian, beste lurralde batzuetan baino azkarrago? Seguruenik, lotuta egongo da Euskal Herriko enpresen antolaketarekin. Alde batetik, enpresa txiki eta ertainek nazioarteko merkatuan lehiatzeko, langile azkarrak, azkar erantzuten dutenak, malguak eta lan-taldeetan antolatzen direnak behar dituzte, kalitate handiko emaitzak lortzeko. Bestalde, Euskal Herriko enpresa handiak deslokalizatuta daudenez, langile-ekipo autonomoak ere behar dituzte, mundu osoan zehar barreiatuta dagoen ekoizpena modu deszentralizatuan maneiatzeko.
Horregatik, gure proposamena da taldeak ez eratzea ekipo kohesionatu gisa, eta horretarako, jarduerak irekitzea, toyotismoak eragiten dituen kalteak blokeatzeko. Elkarren arteko ebaluazioa eginez gero, kalifikaziotik urrundu behar da eta elkarren laguntza giroan kokatu, eta ez “produktuaren hobekuntza” gisa…
Espero dut testutxo honek zure jakin-mina asetzea eta eskola-ereduek ezartzen dituzten kalteen inguruan hausnarketa bizirik mantentzea!
Hizkuntzen didaktikan arazo larri bat dugu testu-moten kontuarekin. Komunikazio gaitasunaren ikuspegian lantzen ari garela diogu, baina segitzen dugu irakats-jarduerak testu-motaren arabera antolatzen.
Adibidez, erabaki dugu klasean testu argumentatiboak erabiltzea. Orduan, ikasleei irakasten zaie nola eratzen diren testu argumentatiboak, adibide batzuk ematen zaizkie eta gero eskatzen zaie testu argumentatibo bat eratzeko. Sekuentzia didaktikoak (SD) deritzon proposamenak, hori zehazki proposatzen ez badu ere, ideia metodologiko hau indartu du (SDak zer diren argitzeko, hona Hik Hasi aldizkariko 2002ko monografikoan Pilar Labayenek idatzitakoa).
Esan gabe doa sekuentzia didaktikoak oso aspaldikoak direla planteamendu metodologiko gisa (neronek 90. hamarkadaren hasieran erabili eta sortzen nituen, eta ez ziren berriak orduan). SD planteamenduak egiten dituen berrikuntza nagusiak bi dira:
Generoei buruz hitz egitea eta ez testu-motei buruz, hau da, testu argumentatiboei buruz hitz egin ordez, iritzi-artikuluei buruz hitz egiten da, zentzu komunikatiboa emanez.
Ikerketa prozesuen testuinguruan lantzea SDak, batez ere Genevako Eskola deritzon ikerketa taldearen bultzadaz; horren ondorioz, hainbat ikerketa gauzatu dira Sekuentzia Didaktikoen inguruan edo Ikastariak 2012an eskainitako zenbakiko artikulu-bilduma). Ikerketa-proiektuen eskakizuna, konparagarritasuna bermatzeko, egitura bera leku desberdinetan errepikatzea izan da, ondorioz, ikerketa-proiektu hauek emaitza onak eman dituzte, kontuan hartuta proiektu hauetan erabakitzen dela zer behatu eta nola, bestelako trebetasun, gaitasun eta konpetentziak bazter utzita (arazo larri bat dugu irakaskuntza-ikerketetan, izan ere, normalean lantzen duguna neurtzen dugu eta beste errealitate batzuekin alderatzen dugu ‒kontrol taldeak‒ gauzak guk landutako moduan landu ez dituztenak baina gure tresnekin neurtuak izaten direnak).
Testu-generoen gaiari lotutako didaktizazioa gai gatazkatsua da. Arrakasta lortzen da, baina kontzientzia linguistiko kritikorako aukerak murrizten dira. Ikasleak egitura bat errepikatzen ikasten du, lokailu eta juntagailu gako batzuen laguntzaz, ideiak egitura jakin baten baitan antolatuz… bere zama kognitiboa murrizteko, baina irakaslearekiko menpekotasuna sortzen du (irakasleak esan behar dio egoera berri batean testu bat nola antolatu, bere pistarik gabe ezin duelako zeregin komunikatiboa bete) eta dagoeneko existitzen diren genero-tipologiekiko menpekotasuna sortzen du, ikasleak errepikatu beste aukerarik ez duelarik, gauzak “ondo” egiteko.
Komunikazio gaitasunaren ikuspegiaren arabera, ez dago modu bakar bat testu argumentatiboak egiteko edo iritzi-artikuluak eraikitzeko, eta bai forma, bai estiloa eta bai erregistroa egoera komunikatiboaren araberakoa da eta komunikatzaile(ar)en egoera psikologiko, sozial eta kulturalaren araberakoa, zentzu dinamiko eta kritikoan. BERRIA egunkariak iritzi-artikulu bat eskatu didanean, libre sentitu naiz nik erabaki dudan moduan eraikitzeko; BERRIA zer den ulertuz (testuaren testuingurua), irakurle potentzialak zein diren irudikatuz eta emandako gaia kontuan hartuz (gai horretaz idaztea onartu dudalarik, ez naizelako hortik bizi eta horrek askatasuna ematen dit gai horretaz idatzi ala ez erabakitzeko), ez naiz saiatzen iritzi-artikuluen egitura nolakoa den igartzen edo errepikatzen, neure ideiak nola antolatu edo adierazi nahi ditudan erabakitzen dut, jakinda beharbada ez dela izango “espero den” egitura edo estiloa. Erabaki horiek guztiak hartzen laguntzen dit aldez aurretik iritzi-artikuluak irakurri izanak, baina ez du horrek baldintzatzen neure hautua, kontziente naizelarik idatzi gabeko arau batzuk apurtzen ari naizela. Ikasleek erabaki horiek hartzeko gaitasun, trebetasun eta jarrerak eskuratzea nahi nuke, ez iritzi-artikulu prototipatu bat erreproduzitzeko.
Horrek ondorio didaktiko garrantzitsuak ditu:
Ikasleari ez zaio eskatu behar testu argumentatibo bat egiteko edo iritzi-artikulu bat idazteko, baizik eta egoera komunikatibo bati erantzuteko (zeinetan seguruenik testu argumentatibo bat osatuko duten baina agian ez eta, hala ere, ondo erantzungo diote egoerari)
Ikaslea ez da entrenatu behar irakasleak emandako eredura ahalik eta gehien hurbil dadin. Aniztasuna eta aniztasunez landu behar da hizkuntzaren garapen konplexua bermatzeko.
Sekuentzia Didaktikoak, irakaskuntza-testuingurua eta jardueren arteko konexioa ondo lantzea proposatzen bada ere, prozesu deduktiboetan oinarritzen dira gehienbat, testugintza prozedura algoritmiko bat balitz bezala (lehenengo A, gero B, gero C eta gero D). Komunikazioa giza-jarduera konplexua da, eta konplexutasun horretan, infinitu modu dago testu bat eratzeko egoera komunikatibo zehatz baten aurrean. Konplexua den mundu batean, proposamen didaktikoek konplexutasun hori jaso behar dute, konplexutasuna xumetuz eta ez sinpletuz. Horregatik, gure proposamena da ikuspegi dialektikoan oinarritzea, bigarren mailako dialektikan, eta ez prozesu estrukturalistetan, hauek komunikazioa ardatz dutelarik ere.
*Artikulu hau Prest Gara ikastaro honetan sortutako debateen inspirazioz idatzi dut: “Zer ebaluatu hizkuntzetan? Nola ebaluatu?”.
Jarraitzen dugu Prest Gara programako “Zer ebaluatu hizkuntzetan? Nola ebaluatu?” gaia lantzen, eta ikastaroko kide batek oso gai iradokitzailea ekarri du: ez ote dute laudorioek kalte egiten?
Alfie Kohn-ek 1993an argitaratutako Punished by Rewards: The Trouble with Gold Stars, Incentive Plans, A’s, Praise, and Other Bribes liburuan, zalantzan jartzen du iruzkin positiboen balioa. Guk animatzeko esaten ditugu, baina haurren portaeran eragiteko erabiltzen ditugu, beren jarreran eskuhartzeko eta, finean, manipulatzeko. Gainera, haurrak gure laudorioen menpeko egiten ditugu, gure onespen eta gaitzespenen menpeko.
Artikulu honetan, bost arrazoi ematen ditu “Ondo!!!” eta halakoak ez esateko: Five Reasons to Stop Saying “Good Job!” (hemen ingelesez eta hemen gaztelaniaz irakur dezakezu).
Oso gai interesgarria da laudorioena, eta oso estuki dago ebaluazioarekin lotuta. Egiten ditugun ebaluazio gehienak oharkabean egiten ditugu! Eta ez soilik haur hezkuntzan, gure bizitza osoan zehar egiten dugu, baita gure adiskide, lankide eta familiakideekin ere.
Iturria: Randomeo.com
Laudorioen gaia feminismoetatik hasi da kritikatua izaten, laudorioek gaizki sentiaraz gaitzaketelako, mehatxatuak, batez ere laudorioen atzean botere-harremana dagoenean, irakasle-ikasle kasuan bezala. Estereotipoetan oinarritzen dira askotan, eta gure geure desirak proiektatzen dituzte, gure geure ikuspegi soziokulturalean. Horregatik, egia da, suntsitzaileak izan daitezke, mugatzaileak, presio soziala eragiten dutelako.
Azken batean, irakasle-lanpostuak epailearen lekuan jartzen gaitu eta eskubidea ematen digu besteak eta besteen portaera epaitzeko. Hori da ebaluazioaren bitartez egiten duguna, ikasleen portaera modelatu!
Beharbada, hausnarketa lantzeko, esango genuke laudorioak sari-zigor logikan sartzen badira, ikaskuntzaren eredu konduktista ari garela lantzen, hau da, besteen portaerak gure nahietara modelatu edo moldeatzeko teknika sinpleak erabiltzen ari garela. Horregatik, gure ustez, konplexutasunaren paradigman lan egin beharko genuke, eta irakaslearen lana ikasleekin batera lan egin eta ikasleen nahi eta gogoen bizikidetzazko dinamizazioan, proposamenei sakontasuna ematea izango litzateke.
Horrek esan nahiko luke ez dagoela metodo aprioristikorik, eta gauden lekuan gaudelarik joan behar dugula harremanak dinamizatzen eta konplexutzen, ikasleek dakartzaten jakintzak, egiteak eta sentipenak beste ikasleekin eta gurekin batera landuz eta ehunduz. Guri horrela gustatzen zaigu lan egitea, nahiz eta eskola-testuinguruan beti duen irakasleak boterea ikasleen gainean. Saiatzen gara botere hori horizontalizatzen eta gure nahiak eta gogoak ikasleen nahi eta gogoekin batera nahasten.
IK/KI ikaskuntza kooperatiboa-kooperatuz ikasi teknika-multzo bat da, ikuspegi metodologiko zabalagoetan egoten dena normalean (proiektu bidezko metodologia, ikas-komunitateen metodologia…).
IK/KI online egin daiteke, baina horretarako aldez aurretik bilatu beharko genukeen modua, oso zaila delako orain bat-batean eta adin-tarte hauetan IK/KI dinamikak online antolatzea, oso korapilotsua eta nahasia izan daitekeelako. Hala ere, gerta litekeenez alarma egoera honen antzekoren bat gertatzea berriz datorren ikasturtean, IK/KI lantzen segitu nahi izanez gero, ondo legoke forma batzuk adostea nola egin lan taldean eta modu kooperatiboan online, teknika batzuk malgutuz edo ikasleen egoerara eta baliabideetara egokituz.
Robert Doisneau-ren argazkia
Hala ere, seguruenik haurrak ari dira euren artean komunikatzen eta gauzak partekatzen, orain arte egin duten bezala, beren tresnak erabiliz. Normalean ikasleak oso ondo egoten dira elkarren artean komunikatuak, modu askotan, eta truke asko egiten dituzte, batzuetan horizontalak eta beste batzuetan gehiegikeria edo abusuaren bitartez. Batzuetan, irakasleok oso gustuko ez ditugun trukeak egiten dituzte, adibidez: “txibatu” ariketaren emaitzak edo erantzunak eta, horren truke, nik bideojokoaren truko batzuk esango dizkizut. Lagun edo adiskideok ez dugu IK/KI erabiltzen gauzak elkarrekin egiteko!
IK/KI lan kooperatiboaren arriskuak
Lan kooperatiboak oso kontuan hartu beharreko arriskuak eragin ditzake. Beste sarrera honetan azaldu nuen zergatik ez aplikatu proiektu bidezko metodologia, eta bertan agertu nituen antzerako hainbat kezka. Lan kooperatiboaren jatorria toyotismoa deituriko ekoizpen-eredua da (ez da arraroa eskolak ekoizpen-ereduetan oinarritzea beren antolaketa metodologikoa, eskola batzuetan fordismoa edo taylorismoa aplikatzen den bezala, “eskola tradizionala” deitzen den hori), eta eredu horrek enpresetako langileengan eragindako kalteak ezagunak dira dagoeneko. Euskal Herriko ekoizpen ereduetan, toyotismoak garrantzi handia du, batez ere enpresa txiki eta ertainetan, eta beharbada horregatik izan du IK/KI ereduak halako sarrera gure eskoletan.
IK/KI teknikak oso mugatzaileak dira eta harremanen hierarkizazioan oinarritzen dira. Eraginkorrak dira, egia da, baina ikaskideen arteko harremanak hoztea eragin dezakete, zereginean zentratutako harremanak direlako (elkartzen dira zeregin zehatz bat bete behar dutelako), enplegu batean lanean ariko balira bezala.
Badakigu IK/KI oso zabalduta dagoela eta prestigio handia duela, baina sumatzen dugu harremanak hozteaz gain, ohitura negatibo batzuk eragiten dituela, besteak beste, lanak banatzeko ohitura (orain zu zara idazkaria, orain zu zara berrikuslea… hau da, 1+1+1+1), lana modu kolektiboagoan elkarrekin eraiki ordez. Ikaskideen arteko botere-harremanak sustatzen ditu, halaber, talde heterogeneoen antolaketaren ondorioz ikasketetan ahulagoak diren ikasleak berriz ere azpiratuta geratzen direlarik. Adibidez, hainbat ikaslek azaldu digute nota baxuagoa jarri dietela partaidetza baxua izateagatik, baina parte hartu dutenetan beste kideren batek gutxietsi egin dituelako izan dela, edo ezentzunarena egin dietelako (“hacerles el vacío“). Mikrobullying deritzogun jarrerak errazten ditu.
Ez du esan nahi kasu guztietan hau gertatzen denik, beharbada oso ondo doakizue leku batzuetan, baizik eta arazo hauek detektatuta ditugula eta inportantea dela erne ibiltzea. Horrez gain, ondo baloratu behar dugu zer esan nahi duen “ondo joate” horrek, honelako egoerak sor daitezkeelako (daitezke, hau da, ez nahitaez, baina bai hausnartzeko):
Zereginak modu eraginkorragoan betetzen dituzte? Orduan haur eta gazteak enpresen munduan arrakastatsuak izateko ari gara prestatzen, hau da, enpresarioentzako langile finak ari gara prestatzen.
Harremanak antolatuagoak dira, ordenatuagoak? Orduan gizarte teknologikorako ari gara haur eta gazteak prestatzen, egun hauetan asko goraipatzen ari den “eredu korear” horretarako, zeinetan harremanak aurrez definituta dauden, distantzia sozialean oinarriturik (kontzeptu honek duen esanahi osoan).
Arazo gutxiago daudela iruditzen zaigu? Hau enpresetan ere gertatzen ari da. Arazoak talde barruan gertatzen ari dira, edo taldeen arteko lehiakortasunean. Enpresarioak oso pozik daude eredu toyotistarekin, arazoak ez direlako beraienak. Fordismoan edo taylorismoan, langileek argi dute “etsaia” agintaria dela, patroia edo jabea; toyotismoan, berriz, “etsaia” ekoizpen konprometitua ez duen ikaskidea da, edo lana hobeto egiten ari den aldameneko taldea, eta sentitzen dute arazo hori beraiena dela, ez irakaslearena.
Irudi hau erabili ohi da lan kooperatiboa goraipatzeko:
Egia da kooperatuz lehiatuz baino hobeto moldatuko garela… baina astoek lotuta jarraitzen dute. Ez al da hobe katea apurtzea?