Ikastetxeko Irakurketa Plana

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikasle den Mari Bernalek gelako foroan Bilbon izango diren jardunaldi hauen berri eman digu:

Iturria: adarra.org

 

IRAKURTZEA IKASTEKO – Bilbo, La Bolsa udaltegia (ganbaran), urriaren 21 eta 29an, Adarra Pedagogi Erakundeak antolatua:

Programa (pdf): http://www.adarra.org/ADARRA/Bienvenida_files/jardunaldiak_Irakurmena_I_2013-4.pdf

 

Programan kontu interesgarriak daude eta bereziki urriaren 29an 17:30etan Berritzegune Nagusiko Teresa Ruizek egingo duen hitzaldia aipatu nahi nuke: IRAKURKETA PLANA

 

 

IRAKURKETA PLANA EGITEKO DOKUMENTAZIOA

EAEn Irakurketa Plana 2012ko apirilean aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean, Kulturklik gunean jasotzen den albistearen arabera. Albistearekin batera, hainbat dokumentu eman ziren argitara (Iturria: Kulturklik):

Reading

Zarauzko G05 Berritzeguneak dokumentu baliagarriak eskaintzen ditu Irakurketa Plana garatzeko. Horien artean, bereziki interesgarriak dira bi hauek (pdf):

 

Dokumentu hauek ereduak eta adibideak ere jasotzen dituzte, hortaz merezi du arretaz aztertzea. Irakurketaren garapena gako da haurraren garapen kognitiboan eta oro har, jakintza-esparru guztietan behar-beharrezko trebetasuna da; irakurtzeko modu asko dago eta aniztasunez ekin behar diogu irakurketa sustatzeari, bai nork bere gustuz irakurtzera animatzeko eta baita sistematikoki testu-genero desberdinak eta irakur-estrategia desberdinak erabiliz irakurtzeko ere.

 

Irakurketa Planaren kontu ofiziala Twitterren (zoritxarrez, ez da oso aktiboa…):
https://twitter.com/IrakurketaPlana

 

IRAKURKETA PRAKTIKA ONAK

Sarrera hau argitaratu eta biharamuneko @BelenAberasturi-ren bertxioaren bidez, @27zapata-ren txio honetara iritsi naiz…

 

 

Tiraka-tiraka, azaroaren 7an Bilbon izango diren jardunaldi hauetan aurkeztu diren praktika onen bilduma honetara iritsi naiz, laburki irakurketa praktika on hainbat biltzen duena. Merezi du gainbegiratu bat ematea: http://es.slideshare.net/bnhizkuntzak/para-el-blog-27062100

 

Blogari berriontzat: Zer dira Creative Commons lizentziak?

Hilabete hauetan blog mundura erakartzen nabil hainbat ikasle eta lankide, eta web 2.0n zenbait urte daramatzagunontzat kontu ezaguna bada ere, blogari berrientzat laburpen hau prestatu dut, ideiak argitzen laguntzeko:

Argazkiak.org | Creative Commons © cc-by-sa: teketen

Argazkiak.org | Creative Commons © cc-by-sa: teketen

Zertarako jakin behar dugu jabetza eskubideei buruz?

Ez gaude ohituta halako kontuekin eta horregatik bitxia egiten zaigu… baina sarean argitaratzeak suposatzen du egiten duguna publikoa dela eta ondorioz, erne ibili behar dugu egiten dugunaren alderdi legalaz.

 

Normalean blogean erabilera eskubiderik gabe argitaratzen badugu (copyright-a duena) eta “harrapatzen” bagaituzte, abisua ematen digute lehenbailehen kentzeko, hau da, copyright legea urratzeak ez du esan nahi zuzenean isuna jasoko duzuenik… baina berez gerta liteke. Hala ere, zerbait plagiatu badugu edo autoretza aipatu gabe argitaratu badugu, autorea kaltetua sentitzen da eta sareetan behintzat salatu egiten du.

 

Horregatik, hobe da blogean hasieratik txukun lan egitea.

 

Nola dakigu zerbaitek copyright-a duela?

Ez badu ezer jartzen, copyright-a du, hau da, berez (“defektuz”) du copyright-a. Copyright-a ez duten materialek espresuki zehazten dituzte erabilera baldintzak edo “some rights reserved” edo antzeko zerbait.

 

Hau da, Google-n topatzen dituzuen irudi gehienek copyright-a dute eta ez duzue zeuen blogean erabiltzeko eskubiderik.

 

Egia da normalean ez dagoela arazorik, baina gutxien-gutxienik bilatu behar duzue non argitaratua den eta erreferentziatu. Gutxienez, autoretza edo iturria zehaztu, KASU GUZTIETAN.

 

Zer dira Creative Commons lizentziak?

Lizentzia hauek asko hedatu dira azken urteotan eta onarpen zabala dute hezkuntza esparruan. Oso azalpen ona duzue Ordiziako Jakintza Ikastolako Software Libreko Taldearen gunean:

http://softwareaskea.jakintza.net/hasiera/atalak/software-askea/zer-dira-creative-commons-lizentziak

 

Mesedez, ARRETAZ IRAKURRI, bertan oso argi dago azalduta zertan diren lizentzia hauek. Horretarako patxada pixka bat beharko duzu.

 

Hemen duzue bertsio laburtu bat, “Creative Commons haurrentzat azaldua”, Maite Goñi irakasleak itzulia:

http://www.maitego.com/2011/04/02/creative-commons-umeentzat-euskaraz-azaldua/

Jatorrizkoa: CC Aitortu © cc-by: Karlisson Bezerra, Nerdson / Itzulpena: Maite Goñi

Jatorrizkoa: CC Aitortu © cc-by: Karlisson Bezerra, Nerdson / Itzulpena: Maite Goñi

Materialek duten lizentzia dutelarik ere, BETI ezinbestekoa da autoretza edota iturria zehaztea.

 

Youtube-ko bideoak erabil daitezke?

Web 2.0ko gune askotan, guk ez ditugu materialak deskargatzen, soilik estekatzen edo kapsulatzen ditugu (“embed” edo leihotxoan eskaini). Normalean, kode horrek berak zehazten du autoretza hori, eta zeozergatik jatorrizko materialak ez baditu lizentziak errespetatu, jatorrizko gunetik kenduko dute.

 

Hau da, bai, youtube-ko bideoak eta antzeko materialak txerta ditzakegu. Ezin duguna da deskargatu eta gero gure gunera igo, orduan bai, copyright eskubideak urratzeko arriskuan gaude (non eta ez duen espresuki jartzen Creative Commons eskubideak dituela eta adibidez, aukera dugula jatorrizkoa moldatzeko).

 

Adibidez, ikusten badugu Slideshare-n aurkezpen bat gustuko duguna, eta demagun ingelesez dagoela eta guk euskaraz nahi dugu klaserako. Kasu horietan, nahiz eta Creative Commons lizentzia izateagatik itzul dezakegun, BETI hobe da autorearekin harremanetan jarri eta galdetzea ea baimena ematen digun itzultzeko. Ia beti pozarren hartuko du proposamena eta eskatuko dizu berari ere bidaltzeko itzulpena, bere gunean jartzeko.

 

Zein da zure blogaren lizentzia?

Modu berean, zure blogaren lizentzia zehaztea komenigarria da. Ez baduzu ezer esaten, bertan jartzen duzunak copyright-a izango du, baina besteren materialak erabiltzeko asmotan bazabiltza, Creative Commons lizentzietako bat hautatzea da bidezkoena.

 

Horretarako, irakurri ondo goraxeago emandako estekako informazioa. Hauxe duzue Creative Commons-eko gune ofiziala eta bertan duzue pausoz pauso lizentzia hautatzeko prozesua:

http://creativecommons.org/

 

Gomendagarriena da CC-by-sa lizentzia hautatzea, bai blogean eta bai sortzen dituzuen bestelako materialetan.

 

Non bilatu Creative Commons lizentziapeko materialak?

Bilatzaile espezifikoak daude eta gune bereziak. Onena da Creative Commons-en bilatzaile bera erabiltzea:

http://search.creativecommons.org/

 

Adibidez, irudi orokorrak nahi badituzu, oso baliagarria da Flickr-ren Creative Commons bilatzailea erabiltzea:

http://www.flickr.com/creativecommons

 

Artikulu hauetan (gaztelaniaz) bilatzaile eta gune gehiago dituzu aukeran, irudiak bilatzeko gehienbat:

http://wwwhatsnew.com/2011/08/19/buscadores-de-imagenes-con-licencia-creative-commons/

http://www.ipixelestudio.com/blog/bancos-imagenes-gratis.html

 

Hezkuntzarako zehatzago, Hezkuntza Ministerioak gune hau du irudi eta soinu baliabideak bilatzeko:

http://recursostic.educacion.es/bancoimagenes/web/

 

Elkarlan proiektuak sarean: nola gauzatzen dira?

ESKOLAKO MUGAK GAINDITZEN

Blogek eta sare sozialek aukera berriak zabaldu dizkigute eskolako hormen mugak gainditzeko, baina… zer da mugak gainditzea? Askotan hau interpretatzen da ikasgelan egiten diren zeregin batzuk blog batean jartzea dela ikasgelako blog bat. Edo, beharbada, interneten harrapatzen dituzten baliabideak bertan jartzea. Baina mugak gainditzea hori baino gehiago da:

  • Eskolan egiten diren hainbat jarduera mundura zabaltzea
  • Eskolatik kanpoko mundua eskolara ekarri “denbora errealean”, alegia, beharren arabera bilatu, hautatu eta erabiltzea
  • Ikas-esperientziak konektatu eta elkarlanean irakastea eta ikastea
  • Eskolak ekarpenak egitea interneteko giza-ondareari, elkarbanatzeko materialak, ideiak eta abar denontzat argitaratuz.

 

ELKARLAN PROIEKTUAK SAREAN

Izar Hartza - Pelutxeak

Izar Hartza – Pelutxeak

 

Elkarlan proiektuak bi eratakoak dira funtsean: hezkuntza erakundeek proposatu eta kudeatzen dituztenak, eta espontaneoki, irakasle batek edo irakasle talde batek proposatzen dituenak.

 

Hezkuntza Sailak urtero egiten du elkarlan proiektuetarako deia, Eskola 2.0 plana abiatu zenetik batik bat. Hona proposamen batzuk:

ASMAKILO Proiektua

 

Irakasleek sarean proposatutako proiektuak askotarikoak dira: laburrak, amaiera jakinik gabeak, zehatzak, zehazgabeak, arlo edo maila jakin batekoak, edozein mailatakoak… Proiektu hauetan, irakasleek beste irakasle batzuen lankidetza bilatzen dute sarean eta partaidetza irekia izan ohi da.

 

Ikasturte honetan abian diren zenbait proiektu (askoz gehiago daude):

Liburu Kontalariak

 

Ehmmmm bai, zerrendan ez dago euskara hutsezko proiekturik… beharbada ez dut halakoen berririk izan… baina ausartuko naiz esatera defizit handia dugula halako proiektu telematikoetan.  Euskal komunitatean ez gara asko, eta geuk proposatu eta garatzen ez baditugu, ez dira existituko… Aurten beste saiakera bat egingo dugu Liburu Kontalariak proiektuarekin, ea noraino heltzen garen.

Proiektu ofizialetan parte hartzeak abantaila garbiak ditu:

  • Aitorpen automatikoa berrikuntza proiektu gisa (alegia, ez duzu justifikatu behar zertan den proiektua).
  • Ez dugu antolaketaz kezkatu behar. Nahikoa da jarraipideei segitzea. Ez dugu blogaz edo webguneaz gehiegi kezkatu behar. Ez dugu beste ikastetxeekin koordinatu behar.
  • Ez dugu kezkatu behar beste leku batzuetako lankideekin kontaktatzeaz, ofizialki egiten baitira lotura horiek.

 

Espontaneoki sortutako proiektuen abantailen artean, aldiz, hauek aipatuko nituzke:

  • Irakasleok geure irudimenaren laguntzaz sor ditzakegu proiektuak, geure gustuz edo zaletasunen laguntzaz.
  • Proiektu originalak egin ditzakegu, sormen handikoak eta lehenago inoiz egin gabeak (berrikuntza proiektu bereziak)
  • Gure gaitasun profesionalak eta sozialak hedatzen dira, proiektua geure kaxa  justifikatu, dokumentatu eta ebaluatzeaz gain,  beste ikastetxe eta irakasle batzuekin kontaktatzen ikasten dugulako.
  • Partaideek motibazio handia izaten dute. Hautazkoa denez (ez erakunde batek proposatua), emozioz eta zirraraz bizitzen dira.
  • Asko ikasten da teknologiaz, bai proiektuen garapenean eta bai biralizazioan (hau da, proiektua nola zabaldu, nola mugitu sareetan, nola eman ikusgarritasuna…)
  • Proiektuak kudeatzen trebatuz gero, bide berriak zabaltzen zaizkigu gure eskolak antolatzeko eta garatzeko. Haurrek proposatutako proiektuak ere gauzatzeko trebetasuna garatzen dugu.

 

ELKARLAN PROIEKTUEN KUDEAKETA

Proiektuek honako mailak izaten dituzte:

  • KOORDINAZIO OROKORRA

Proiektuen koordinazioan aritzen diren irakasleek (normalean proiektua proposatzen dutenak gehi beste bi edo hiru lankide) proiektuaren helburu orokorrak finkatzen dituzte, diseinu orokorra finkatu eta beharrezkoak diren IKT tresnak sortzen dituzte, gehienetan blog bat eta Twitter kontu bat baina bestelako tresnak ere izan daitezke: webgune bat (Google Sites edo Wix tankerakoa),  bideo kanal bat, sare oso bat (Ning erakoa)…

Normalean proiektuaren koordinazioan proiektuaren ildo orokorrak finkatzen dira baina ez da ikasgela mailako diseinurik egiten. Parte hartzen duten irakasleei askatasuna eskaintzen zaie nork bere estiloan, bere testuinguru zehatzean, nola lan egin erabakitzeko.

Diseinu didaktikoa finkatu ordez, partaidetza-mailak zehaztu ohi dira (ez beti, baina gero eta gehiago). Zein konpromiso-maila hartu nahi duzu proiektu honetan? Maila horietan maiztasuna, produktu-motak, ardurak eta antzekoak proposatzen dira eta beharbada, egutegi bat finkatzen da, webgune edo blogari bizitasuna emateko.

 

Dirua lanik egin gabe - Dilbert

Dirua lanik egin gabe – Dilbert

  • IRAKASLE PARTAIDEAK

Konpromiso maila jakin bat hartzen dute proiektuarekiko eta ardura zehatzak hartzen dituzte. Beren ikastetxearen planteamendu didaktikoa erabakitzen dute proiektuaren harira eta ikasgelan autonomiaz aritzen dira proiektuan parte hartzen.

Ohikoa da irakasle aktiboek proiektu bat koordinatzea eta hainbat proiektutan parte hartzea, konpromiso maila desberdinetan. Adibidez, neu oraintxe hiru ikaskuntza-proiektu koordinatzen nabil eta bost edo seitan nabil parte hartzen.

 

Ados, egia da… lan gehiago da eta ez, ez duzu gehiago kobratuko lan hauek egiteagatik…

 

ELKARLAN PROIEKTUEN GAKOAK

Elkarlan proiektu digitalak sortzeko, askotan gaitasun teknologikoei erreparatzen diegu. Benetan, gaitasun teknologikoak ez dira garrantzitsuenak; garrantzitsuak dira, noski, baina garrantzitsuagoak dira gaitasun sozialak eta didaktikoak.

 

Alde batetik, sarean garatzen diren elkarlan proiektuak proiektu sozialak dira beste ezeren gainetik. Beste ikastetxe eta testuingurutan lanean dabiltzan ikasle eta irakasleekin harremanetan jartzen garenez, gai izan behar dugu pertsona desberdinak elkar ulertzeko. Ideia honek ikaskuntza-ahalmen handia du, berdinen artean aritzen baikara ikasten. Zertarako irakurri testu-liburu batean nolakoak diren euskal herriak, aukera dugunean zuzen-zuzenean herri desberdinetako pertsonekin harremanetan jartzeko, haur zein heldu? Baina irakasleok begiak ireki eta ikusmira zabaltzeko gaitasuna behar dugu horretarako.

 

Beste aldetik, gaitasun didaktikoak behar ditugu, elkarlan proiektuen markoan ulertzeko zer egiten ari garen, zertarako, nola ebaluatu eta abar. Kontua ez da haurrak entretenitzea, ikaskuntza aukera baliotsuak ulertzea eta etekina ateratzea baizik.

 

Elkarlan proiektuetan garatzen ditugun gaitasun profesional batzuk:

GAITASUN SOZIALAK:

  • Bestek egindako proiektuak bilatu eta bere ikaskuntza balioa ulertu
  • Irakasleekin harreman sareak izan
  • Lankideak inplikatu, motibatu eta parte hartzera animatu (eskolakoak eta eskolatik kanpokoak)
  • Partaideen ekoizpenak eta eskuhartzeak kudeatu

GAITASUN DIDAKTIKOAK:

  • Proiektuak idaztea: proiektuen justifikazioa, helburu didaktikoak, gaitasunak, edukiak, ebaluazio-irizpideak, prozedurak, baliabideak eta xehetu beharreko bestelako informazioa zehaztu.
  • Proiektuak kudeatzea: haurrak motibatu, ikas-prozesuak aztertu, hobetzeko bideak eskaini, orientatu, ebaluatu.

GAITASUN TEKNIKOAK:

  • Web proiektuei ikusgarritasuna emateko teknikak eta baliabideak erabili (social media)
  • Proiektua garatzeko gaitasun teknikoak izan

 

Hemen duzue artikulu labur bat gai honen inguruan: Nola ekin arrakastaz elkarlan proiektu bati? (gaztelaniaz):

http://www.educacontic.es/blog/el-proyecto-minimo-viable-pmv-o-como-lanzar-un-proyecto-educativo-con-eficacia

 

ZERGATIK ERABILI BLOGAK ETA SARE SOZIALAK HIZKUNTZA ARLOAN?

Hizkuntzaren garapenean, komunikazioa da funtsa. Komunikazioa ardatz duten atazak eta proiektuak proposatu behar ditugu komunikazio gaitasuna garatzeko.

Sareak komunikazio esparru berezituak dira eta ikasleen ekoizpenak testuinguru komunikatibo errealean kokatzen dituzte. Ikasleek ez dute hizkuntza ekoizten irakaslearentzat, lana ebaluatu edo zuzen dezan… Alegia, elkarlan proiektuek aukera eskaintzen digute KOMUNIKAZIO ERREALA gauzatzeko.

 

Ikasleek irakaslearentzat idatzi ordez (eta ondorioz, komunikazio esparru laburrean aritu), beste pertsona batzuekin erlazionatu eta irudi publiko ona emateko, irakasleari laguntza eskatzen diote bere lana ahalik eta onena izan dadin. Ikuspegia aldatzen da eta komunikazioa da helburu.

 

Horretarako, komunikazio “sentsazioa” lortu behar dugu, ez soilik blog bat sortu eta argitaratu. Ikasleek konturatu behar dute beren ekoizpenak bisitatuak direla eta itzulera izan behar dute (iruzkinak, feedbacka…). Bestela EZ DU FUNTZIONATZEN.

 

Sarean garatzen diren elkarlan proiektuek oihartzuna sortzen dute eta ikasleek ikusten dute beste leku bateko pertsonek irakurtzen edo ikusten dituztela euren ekoizpenak. Horregatik da hain garrantzitsua elkarlan proiektuak biralizatzen, hedatzen jakitea. Ikasleek beraiek motibagarri ikusten dute euren blogak bisita asko jaso izana.

 

Hona Blogmaniacos proiektuko haurrek ikasturte hasieran diotena:

[youtube]http://youtu.be/m6_fxpj55Lc[/youtube]

 

NOLA EZAGUTU ELKARLAN PROIEKTUETARAKO BESTE IRAKASLE BATZUK?

Nola ezagutu beste irakasle batzuk elkarlan proiektuetan parte hartzeko? Ba sareetan, noski!

 

Sare sozialetan irakasle asko dabil lanean, hori baliatuta, errazagoa da proiektuak ezagutzea eta konektatzea. Gaztelaniaz egiten ditugun proiektuen kasuan, jardunaldi formalez gain, kedada informalak ere antolatzen ditugu, irakasleak aurrez aurre ikusi eta bazkaritan edo pasiatzen ari garen bitartean gure proiektuak komentatzeko. Hurrengo irakasle kedada Zaragozan izango da azaroaren 2an, animatzen bazara, bertan ikusiko dugu elkar 😉

Bilbon 2012an egindako irakasle kedadaren argazkia

Argazkiaren iturria: http://trestizas.files.wordpress.com/

 

Gure euskal komunitate txikian, zenbaitetan errazagoa da beste ikastetxe batean lanean diharduen norbait ezagutzea, eta “modu analogikoan” egitea kontaktuak. Txikiaren abantaila!

 

Haurren munstroak: The Monster Engine

Beste sarrera pare bat prestatzen ari nintzen blogerako, baina hau ikusi eta hemen partekatzeko gogo bizia etorri zait.

 

The Monster Engine

 

Ideia oso xumea da eta aldi berean oso indartsua: Haurren irudiak hartu eta modu errealistan pintatzea (nik ez nuke esango errealista, beharbada “errealistagoa”…). Ideia Dave Devries-ena da, eta The Monster Engine izeneko bilduma atera du liburu batean.

 

Monster Engine

Monster Engine

 

Hona aurkezpen bideoa eta bere autorearen hitzak:

[youtube]http://youtu.be/WXLaqaYGeK0[/youtube]

 

Nik @cartanautica-ren bidez irakurri dut albistea Amusing Planet aldizkari digitalean; albistea 2011koa da baina ez nuen ezagutzen.

 

IKTak eta alfabetatze digitala Gaur8n

Artikulu hau 2011-2012 ikasturtearen amaieran Gaur8ko kazetariek egindako elkarrizketaren emaitza da. Elkarrizketa luzean aritu ginen, ordubete inguru, gai askoren inguruan: IKTek ikasketa prozesuetan eragindako aldaketak (eta aldaketa ezak), maila kognitiboan duten eragina, irakasleen jarrera, gurasoen ikuspegia…

 

GAUR8n Alfabetatze digitalaz

GAUR8n Alfabetatze digitalaz

Hona azpimarratuko ditudan ideia batzuk:

  • IKTak eskoletan txertatzea ezinbestekoa da, gizartea aldatzen doan heinean, hezkuntza sistemak ere aldatu behar baitu. Ez “modei jarraitu” behar zaielako, baizik eta behar berriak sortu direlako.
  • Irakasleen formazioa eraldatu behar da, ikastaroak egitea alde batera utzi eta epe ertainerako plangintza, jarraipen eta orientazioa eginez. Ikastaroetan diru asko xahutzen da oso aplikazio maila eskasa lortzeko.
  • Haurrek uste dute badakitela IKTak erabiltzen han eta hemen klikatzen dakitelako, baina oso azalean aritzen dira oro har. Helduok uste dugu ez dakigula IKTak erabiltzen ez dakigulako hemen eta han klikatzen, baina pentsamendu kritikoa eta ikusmira dugu. Elkarren beharrean gaude eta elkarrekin lan egin behar dugu.
  • Helduok ‘Tuenti’ belaunaldia abandonatu genuen sareetan; hori ez dugu errepikatu behar. Ondorio garrantzitsuak izan ditu askorentzat, eta gaur egun 8 urtetik aurrera dabiltza haurrak sareetan bakarrik, oraindik kalean bakarrik ibiltzeko gai ez direnean.
  • Haur eta gazteek ez dute jakiten zer diren blogak, horiek beste sakontasun maila bat eskatzen dutelako; erredakzioa, hausnarketak egitea… Eskolak lagundu behar die zeregin sakon horietan gaitasunak garatzen.
  • Sare sozialak hiritartasunari lotuta daude eta ondorioz, hezkuntzak badu honetan zeresana. Haur eta gazteei lagundu behar diegu ingurune honetan ere komunikatzen, kideak errespetuz tratatzen (ingurune hauen portaera-kodeak kontuan hartuta) eta proaktiboak izaten.
  • IKTak ikuspegi pedagogiko egokiarekin txertatu behar dira ikasgeletan, bestela IKTen erabilera helburu bilakatzen baita, helburu akademikoak lortzeko tresna izan beharrean.
  • Ikuspegi aktiboagoa izan behar dute ikasleek gaur egun eskoletan, hau da, gauzak buruz ikastea ez da horren garrantzitsua –horrek ez du esan nahi garrantzitsua ez denik–, baina inportanteagoa izango da informazioa bilatzen, hautatzen, iragazten eta maneiatzen ikastea.
  • Eskoletan orain geldo goaz. Hori da nire sentsazioa. IKTak erabiltzen hasi gara, baina horri berrikuntza deitu zaion arren, benetan ez da berrikuntza; ikasteko eta irakasteko moduak aldatzea da berrikuntza. Eraldatze hori oso geldirik dago une honetan, eta jada egina beharko luke transformazioak.

 

Beno, eta zehaztasun handiagoz jakiteko elkarrizketan esandakoak, hobe jatorrizko artikulua irakurtzea:

http://www.gaur8.info/edukiak/20120707/350714/Irakasleek-alfabetizazio-digitala-behar-dute-haurrek-lanabesak-kudeatzen-jakin/

 

Zeregin komunikatibo errealak: Olentzerori gutuna

Bai, zertxobait aurreratu naiz… Udazkena hasi berria da eta oraindik Eguberrietarako luze joko du, baina Hizkuntzaren Didaktikako saioetan borrokatzen gabiltza zeregin komunikatiboak sortu nahian, eta hara non jaso nuen Twitterren gogoko honen berri:

leire alberdi erabiltzaileak gustuko du txioa

Otsailaren 24an Unai Aldasoro @_Soro_-k argitaratutako txioa, @txuriya-k bertxiotu eta neuk jaso ondoren, ahaztuta nuen, baina @lalberdi-k gogoko gisa markatu zuen bat-batean irailaren 9an… klasean sartu aurretik. Maite ditut Twitterren txiripa eta kasualitate hauek!!!

 

ZER DA ZEREGIN KOMUNIKATIBO BAT?

Eskoletan proposatzen ditugun idatzizko zeregin gehientsuenek ez dute komunikazio orientaziorik. Ikasleei “idatzi deskribapena” eta ikasleek deskribapena idazten dute, testuinguru komunikatiboa galdetu gabe. Ikaslearentzat, noski, testuinguru komunikatiboa ikasgela da eta bere irakurlea irakaslea. Horregatik, sortzen diren testu asko artifizialak dira eta transferentzia gutxirako aukera ematen dute.

Unairen adibide hau, aldiz, oso komunikatiboa da, behar komunikatibo bati erantzuten dio. Unaik artean 7 urte zituen (Iratik 4), eta kontu handiz idatzi zuen gutun hau, oso garbi baitzuen zer kontatu behar zion Olentzerori, eta zertarako (#txandalik ez! 🙂 ):

 

 

Gutuna arretaz aztertuta, ikusten da gutunaren alderdi formalei arretaz erreparatu diola: data, agurra, mezua eta amaierako sinadura. Horrez gain, kontzientzia linguistikoa nolabait garatu duela ikus daiteke, “naidezuna” horren lehenagoko bertsioa ezabatu baitzuen, garbi dago zalantza zuela nola idazten zen zuzen eta saiatu behintzat saiatu dela, asmatu ez badu ere.

 

Eskoletan planteatzen ditugun idatzizko zereginetan helburu komunikatiborik ez badago, ikasleek ezin dute erabaki zein erregistro erabili, zer edo nola komunikatu, eta geuk ere, ezin ditugu komunikazio alderdi horiek ebaluatu eta hobetzen lagundu.

 

“Zure jostailu kuttuna deskribatu” tankerako zereginen ordez, jostailu hori deskribatzeko testuinguru komunikatibo bat proposatu behar dugu, haurrak erabaki dezan zein modutara deskribatu nahi duen, eta horrela bere estrategiak garatu eta hobetu.

 

Mila esker, Unai, zure gutuna hemen zabaltzeko baimena emateagatik! Asko gustatu zaigu klasean!

 

 

Helburu didaktikoak eta helburu komunikatiboak

Aste honetan hasi gara Lehen Hezkuntzako Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian (3. mailakoa), eta teoriatik praktikarako hurrenkeraren ordez, zuzenean lanean hasi gara proposamen didaktiko bat diseinatzen.

 

Ikasleei planteatu diet sormena sustatzeko idazkuntzarako jarduera edo klaserako ideia bat asmatzeko, eta bost minututan bazuten lanean hasteko proposamen bat. Berez, klaserako ideiak izatea ez da zaila, beste kontu bat da ideia horrekin zer gertatu den, zer ikasi den.

 

Humphreys, Pyeongtaek students experience 'fun' at summer school

 

Hizkuntzen proposamen didaktikoetan bi helburu definitzen dira: helburu didaktikoa eta helburu komunikatiboa:

 

  • Helburu didaktikoa da zer espero dugun ikasleek ikastea proposamen horren bitartez. Helburu hau da ezagunena eta Lehen Hezkuntzako ikasleek azkar identifikatu dutena: narrazio-testuak eraikitzea, denbora adierazteko egiturak erabiltzea, emozioak adierazten dituzten testuak idaztea… Helburu hauek dokumentatzen errazak dira, helburu-zerrendak daude dekretuetan eta oinarrizko curriculum diseinuan, baita eskolako curriculum proiektuan ere.

 

  • Helburu komunikatiboa da zer komunikatzea espero den. Zer komunikatu nahi du haurrak egin diozun proposamen horretan? Norekin komunikatu behar du? Zertarako komunikatu nahi du pertsona horrekin edo horiekin? Eta galdera hauei erantzutea dezente zailagoa da, gure komunikazio testuingurua oso mugatua izaten delako.

 

IKASGELA ETA TESTUINGURU KOMUNIKATIBOA

Ikasgelak aukera mugatuak eskaintzen ditu komunikazio errealerako, eta areago, idatzizko komunikaziorako… beno, aukerak mugatuak dira ikasgela “ariketak egiteko ingurunea” baino ez bada.

Teacher In Classroom

Ikasgelan ikasleak etengabe ari dira komunikatzen, hitzez, keinuz, gorputzez… beraien artean eta irakaslearekin. Beste kontu bat da komunikazio gaitasun hori nolakoa den eta hizkuntzaren garapenaren dimentsio anitzak nola sustatu testuinguru horretan.

 

Haurrekin ohikoa da simulazioarekin eta fikzioarekin jolastea, euren irudimenari esker fantasiazko munduetan komunikatzeko gaitasuna baitute. Oro har, prestutasun handia erakusten dute simulazio horretan antzezteko. Ikasgela jolasgune gisa identifikatu badute, “beldurrezko ipuin bat idatzi” proposamenaren aurrean, ulertuko dute idazketa hori jostailu bat dela, jostagarriago ikaskideekin partekatzeko aukera baldin badute. Ikasgela “beren lagunekin topatzeko” gunea dela diote haur askok eta hori geure alde erabil dezakegu 😉

 

Corps talks harbor deepening at Gould Elementary

Baina ikasgela hori baino gehiago izan daiteke: laborategia, emozioak adierazteko konfiantzazko espazioa, kanpoko eragileak erakartzeko lekua… Gela eraldatuz eta irakasleez gain beste pertsona batzuk parte hartuz, belaunaldiak nahastuz, komunikazioaren dimentsio gehiago lantzeko eta garatzeko aukera izango dugu.
Insect Convention [Classroom Pano]

 

Gamifikazioa eta jolasaren aldarria

Modernidadea ingelesez datorkigu, antza, eta azken urtetxo hauetan jolasaren bidez ikasteari gamifikazioa (edo geimifikazioa) deitu behar omen zaio.

@ainhoaeus profila

Ez dut nik ukatuko jolasak ikasteko duen ahalmena, asko gozatzen dut esperimentatzen, putzu didaktikoetan sartzen eta ez-ohiko proposamenak ikasgelara eramaten.

Maite dut didaktikaren jolasa eta izugarri ikasi dut sare sozialetan ere jostari izateagatik (ez nuen alferrik hautatu lelo hori nire Twitter kontu aktibo-zoroan, @ainhoaeus kontuan, alegia). Eta bideojokozalea naiz, denborak ematen didan neurrian.

@ainhoaeus kontuko horma

BIDEOJOKOAK ESKOLAN?

Hemen hasten gara zalantzak urratzen… Bideojokoen bitartez asko ikas dezakegu, horretaz ikerketak egin dira eta zalantzagabeko onurak eragiten dituzte. 2009an hauxe idatzi nuen nire blog pertsonalean eta bere horretan utziko nuke: bideojokoak egungo kulturaren parte garrantzitsu dira eta sorkuntzarekin, artearekin, narratiba berriekin eta bestelako gaitasunekin zerikusi estua dute (beti jokoaren arabera).

 

Bideojoen artean, arreta berezia bereganatu dute sortze-prozesuak sustatzen dituztenek eta zenbait ari dira sartzen eskoletan (pixkanaka), adibidez:

  • Programatzen ikastekoak: Scratch, mobiletarako jokoak sortzeko programak (App Inventor kasu)
  • Unibertsoak edo agertokiak sortzeko bideojokoak: Minecraft, Spore edo Age of Empires, esaterako.

Egia da gustuko bideojokoak eskolaratzeak grazia pixka bat kentzen diela, “jolastera behartuta egoteak” badu paradoxatik zerbait, baina ikasgelan freskotasuna sartzeko modu polita da.

 

Starry Minecraft Night

Starry Minecraft Night

 

BAINA… NEGOZIOAK JANGO OTE GAITU?

Gamifikazioaz ari nintzen eta azken boladako etengabeko aipamenak susmoa piztu dit. Hiru argumentutan laburbilduko dut nire “baina” hori gamifikazioaren aurrean:

  • Jolasen bidezko ikaskuntzak transferibilitate mugatua du. Gazteak kalkulu konplexutan aritzen dira bideojokoetan baina gero ez dira gai jakintza hori bideojokotik kanpo aplikatzeko, besteak beste, ikaskuntza prozesu konduktistetan oinarritzen direlako. Orduak eman ditzakegu Age of Empire-ra jolasten kezkatu gabe erromatarrak edo egipziarrak diren edo horrek zer esan nahi duen. Eta ez, Minecraft-en bikainak izateak ez gaitu arkitekto egingo. Second Life-k ere ikaragarria ematen zuen baina oso ibilbide laburra izan du hezkuntzan azkenean.

 

  • Bizitza jostagarria delako irudia proiektatzea ez da oso errealista. Ez dut esan nahi egun osoan etsituta ibili behar dugunik, baina ikaskuntza prozesu konplexuak ba… hori, konplexu dira eta ahalegina eskatzen dute. Badirudi “bizitza polita da” eta halako flowerpower leloak nagusitzeko asmoa dagoela eta barka baina errealitatea nahiko gordina da. Jokoak azkenean fikziozko mundu batean murgiltzen gaitu, eta inguru gertukoaz urrundu.

 

  • Gamifikazioa e-ikaskuntzaren merkatu berria da. Marketing kanpaina handiei susmo txarra hartzen diet eta imaginatzen dut zenbat diru dagoen horren atzean. Joko “serio” batzuk probatu ditut eta gehienetan, ematen dutenerako eskatu duten inbertsioa dirua alferrik botatzea iruditzen zait. Azken boladan ikusi dudan proposamen absurdoenetako bat da Indra garatzen ari den hiru dimentsioko praktika simulagailua Lehen Hezkuntzako irakasleentzat… ejem, no comment. Gamifikazioa saltzeko etiketa bihurtu da eta dirua mugitzeko aitzakia, halako beste burbuila bat.

Bideojokoak maite ditut, baina kontxo, ez dezagun burua galdu!

 

Testuliburuak, ikaskuntza eta negozioa

Urtero legez, testuliburuak erosi behar izan ditut semearentzat, eta urtero legez, sututa irten naiz liburu-dendatik.

Iturria: Flickr - CC by Sergis Blog

“Arañas por todas partes” CC by Sergis Blog

 

Gaztelaniaz ezaguna egin da #librosdetesto etiketa, euskaraz #tEZtuliburuak proposatuko nuke nik. Testuliburuak familia askorentzat ahalegin ekonomiko handia da; Eusko Jaurlaritzaren testuliburuen kudeaketa solidarioko programan egonda ere (urtean 40 bat euro ordainduta), ariketa-liburuak erosi behar dira. DBHko 2. mailarako, 70 euro gastatu ditut ariketa-koadernoetan, hortaz, 110 euro soilik liburutan, seme bakarra izanik. Mileurismoa askoren ametsa den langabeziaren egunotan, ezin esan huskeria denik. Derrigorrezko hezkuntza doakoa omen…

 

TESTULIBURURIK EZ, ESKERRIK ASKO

Hala ere, kezkagarriena da kalte handia egiten diotela hezkuntzaren garapenari. Gai honetaz artikulu eta ikerketa asko egin dira ikuspegi askotatik (kulturartekotasuna, generoa, curriculuma…).  Zerrenda luzeagoa dut #tEZtuliburuak baztertzeko, baina hitz gutxitan esatearren hauek aipatuko ditut hemen:

  • Testuliburu batzuek errore kontzeptualak dituzte.

Esaterako, aurten erositako Lengua Castellana-ko liburu baten sarreraren arabera, “sintaxia ez dakienak zail du zuzentasunez eta argitasunez idaztea”, eta liburua analisi morfosintaktikoen ariketa bilduma da… Aspaldi gainditua izan behar zukeen ikuspegia da liburuaren hasieratik azpimarratu nahi izan dena.

Hori bezala, urtero topatzen ditugu ikuspegi teoriko gaindituak, ikerketen arabera ezertarako balio ez duten ariketak edo orientazio okerrak. Semearen ortografia lantzeko liburuak hotzikarak ematen ditu; inor ez da konturatu gaztelaniaren ortografia ariketa desberdinak behar dituela gazte euskaldun batek edo madrildar batek? (ortografiako hutsuneak betetzeko ehunka ariketa egitearen balioa ere… buff).

  • Testuliburuen ekoizpena negozioa da eta negozioaren kudeaketa da ardatz.
Los blogs en 2º de la ESO. Iturria: Flickr cc-by antonioxalonso

Zer dira blogak? cc by Antonioxalonso

Testuliburuen negozioak diru asko mugitzen du eta gutxi batzuen esku dago, gehienak erakunde erlijiosoak, gainera: marianistak (SM), salesianoak (Giltza-Edebé), maristak (Edelvives), lasalletarrak (Bruño). Erakunde erlijiosoengan uzten dugu gure seme-alaben hezkuntza laikoa… bitxi samarra. Eta erlijiosoak ez direnak ere, ez pentsa hobeak direnik, adibidez PRISA taldearena da Santillana, eta Hachette Livre erakundeak du Anaya, besteak beste. Datu hauek artikulu honetatik hartu ditut: El maloliente negocio de los libros de texto http://economiazero.com/el-maloliente-negocio-de-los-libros-de-texto/

Ikastetxeetako klaustroak erabakitzen du zein liburu erabili, eta gurasoek ordaindu. Ez dago “liburu askerik” (software askearen printzipioez dioguna), alegia, ez dago gurasoen esku erabakitzea zein enpresari eman dirua, gehienez ere zein liburu-dendatan eskatuko dituen.

Negozio eredua da IKTak eskolan integratzeko galga handiena, gainera. Argitaletxeek euren materialei dirua ateratzeko bidea erabaki arte, paperezko liburuak jarraituko du izaten jaun eta jabe. Adibidez, IkasElkar-ren EKI proiektu berrian, IKTak sartzen dira baina berdin erosi behar dira liburu nagusia eta ariketa liburuak (???) (http://www.ikaselkar.com/eki). Motel, oso motel doa sektore handi honen IKT negozioaren aurrerapena, eta susmoa dut argitaletxeek hezkuntzan rol berria bilatu ordez (adibidez, kalitate handiko multimedia ikaskuntza objektuen ekoizpena), ikaslearen klikak kontrolatuko dituen tableta-testuliburu itxiak proposatuko dituztela enpresa gehienek.

  • Irakasleen ahalmena eta aktibotasuna murrizten dute
No al libro de texto

No al libro de texto, CC by Rafael Robles

Beharbada testuliburuek egiten duten kalte handiena da irakaslearen lekua guztiz menderatzen dutela. Irakasle askok eta askok itsuan segitzen diote testuliburuari eta ondorioz, ez dute garatzen proposamen berriak, freskoak, irudimentsuak eta egokitutako taldearen araberakoak asmatzeko gaitasuna. Urteen poderioz, irakaskuntza testuliburua ematearen baliokidetzat jo da, eta gurasoek ere “exijitu” egiten dute testuliburua ematea, eta bestela, kexu.

Testuliburua bihurtu da urteroko programazioaren ildoa (programazio asko liburuaren fotokopia dira), nahiz eta egindako ikerketen arabera, oso gutxi dira hezkuntza dekretuak errespetatzen dituzten testuliburuak. Blog sarrera honek (gaztelaniaz) oso argi azaltzen du eskola askotan gertatzen den desastrea: “Hamabost gaien tiranokeria” http://familiaycole.com/2012/11/15/la-tirania-de-los-quince-temas/

 

EUSKAL KULTURAREN EUSKARRI ONA?

Honetaz Euskal Herrian eztabaidatzen dudanean, argumentu honek ematen du jauzi elkarrizketara: Testuliburuen salmentak euskarazko liburuen negozioa bideragarri egiten du. Euskal kulturaren ekoizpen defizitarioa salbatzen omen dute testuliburuek. Alegia, gurasook behartuta gaude sistema txar bat erabiltzera, derrigorrezko “crowdfunding” moduko zerbait, euskal kultura salbatzeko… 

Nire semea D ereduko institutu publikoko batera doa. Bere aurtengo liburu zerrendan honakoak topatu ditut: MacMillan, Edebé, Editex, Almadraba, SGEL, Vicens Vives, Santillana, Oxford… susmatzen dut ezer gutxi ekarriko diodala euskal kulturari nire 110 euro horien (eta Eusko Jaurlaritzak jarritako dirulaguntzaren) truke. Hortaz, argumentu ahula.

Baina liburu guztiak euskal argitaletxeenak izanik ere, testuliburuek ematen duten jakintzaren ikuspegi prefabrikatu, hotz eta enlatatuak ez dirudi euskal kulturarekiko zaletasuna sustatzeko biderik onena denik. Idazleak eta ikasleak hurbiltzea, euskal autoreen hurbiltasun geografikoa baliatzea, irakurzaletasunari eta euskarazko ekoizpenari lotutako proiektuak garatzea… segur aski esanguratsuagoa izango da, horretaz ikerketa zehatzik egin ez bada ere (nik dakidala behintzat…).

Familiak euskal argitaletxeak diruz laguntzera behartzea euskal kulturarentzat interesgarritzat edo estrategikotzat jotzen bada, logikoagoa da zuzenean autoreen ekoizpenak erostera behartzea, ezta? Literatura obrak, saiakerak, ipuinak, natura edo geografia liburuak, edo historikoak… baina jakintzaren iturrira jotzea, autoreak eta ikertzaileak. Askotan uste izaten da ikasleak ez direla gai izango ulertzeko… eta beren adimen gaitasuna gutxiesten da.

 

Errazenera jotzen da baina horrek kalte egiten die bai ikasleei, bai irakasleei eta bai euskal kulturaren ekoizpenari. Garestiegi.

Familiaren irakurzaletasuna eta emaitza akademikoak

Intuizioz, susmatzen dugu etxean irakurtzeko zaletasuna bada, haurrek emaitza hobeak izango dituztela eskolan. Irakurtzen duen familiak kulturarekiko kezka duela esan nahi duelako, irakurtzeak berak jakintza zabaltzen duelako edo, besterik gabe, irakurtzea maila intelektual jakin baten seinale izanik, genetikoki edo haurrek emaitza hobeak izango dituztelako, baina iruditzen zaigu halako harremanik badela etxean irakurtzearen eta eskolako emaitzen artean.

Iturria: Flickr - CC-by robtxgal

Family Reading time – CC-by robtxgal

 

Intuizio hori ikerketa bidez oinarritzea, baina,  korapilotsua da, faktore asko daudelako tartean eta ondorioz, zaila da faktore gakoak identifikatzea. Walter García-Fontes ikertzaileak modu berezi bat proposatu du faktore hauek aztertzeko: analisi ekonomikoak egiteko erabiltzen diren metodoak aplikatzea PIRLS 2011 nazioarteko irakurketa galdeketa analizatzeko.

 

ZER DA PIRLS?

PIRLS irakurle gazteen gaitasunaren eboluzioa ebaluatzeko nazioarteko galdeketa da,  IEA  elkarteak antolatzen duena. IAE hezkuntza lorpenak ebaluatzeko nazioarteko elkartea da, ikerketarako gobernu agentzia eta erakundeek osatzen dutena (International Association for the Evaluation of Educational Achievement). 48 herrialdetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasleek hartzen dute parte.

Euskal Autonomia Erkidegoan, ISEI-IVEI institutua arduratzen da proba honen itzulpenaz eta kudeaketaz. Esteka honetan ikus daitezke proba honen inguruko xehetasunak euskaraz: http://www.isei-ivei.net/eusk/timss/indextimsse.htm

 

ZER DIO EMAITZEN ANALISIAK FAMILIAREN IRAKURZALETASUNAREN ERAGINAZ?

Walter García-Fontes ikertzaileak familiaren irakurketa ohiturek haur-gazteen emaitza akademikoetan duten eragina aztertu nahi izan du,  PIRLS 2011 galdeketako emaitzetan jasotzen diren datuen analisi ekonomikoa eginez. Bi datu aztertu ditu arretaz: gurasoek haurrekin egiten dituzten irakurketa-jarduerak eta gurasoek beraiek duten irakurketa ohitura. Bi datu hauek hautatu ditu gurasoek bi modutara izan dezaketelako nagusiki eragina beren haurren garapenean: zuzenean eraginez edo eredu/modelaje bidez.

Iturria: Flickr - CC - by montereypubliclibrary

Read at Home! CC-by Monterey Public Library

Bere ondorioen arabera, eragin esanguratsu positiboa dago etxean irakurtzeko ohituraren eta emaitza akademikoen artean. Batezbeste, irakurketan inplikatzen diren gurasoak dituzten ikasleek portzentualki 10 puntu aurreratzen diete ohitura hori ez duten gurasoak dituzten ikasleei.

 

Baina emaitza interesgarriena da gurasoen irakurzaletasunak ez duela horrenbesteko eraginik eta bai haurrekin batera egiten diren irakurketa-jarduerek. Horregatik, gurasoak oso irakurzale izan gabe ere, haurrekin irakurketa momentuak partekatzeak garrantzi handia izan dezake haurraren garapen akademikoan.

 

Ikerketa osoa Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunetik deskarga daiteke (gaztelaniaz): http://www.mecd.gob.es/inee/Documentos-de-trabajo/PIRLS_TIMSS_5.html