Heziberri 2020: Hezkuntza Eredu Pedagogikoaren Markoa

Honako dokumentu hau gaur bertan aurkeztu du Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak. “Hezkuntza‐eredu  pedagogikoaren  markoa” izenpean, Eusko Jaurlaritzako  Hezkuntza,  Hizkuntza  Politika  eta  Kultura  Sailak  egindako  “Heziberri  2020” Planaren hiru proiektuetatik argitaratu den lehena da.

Nahi izanez gero, hemen duzue eskuragarri Heziberri 2020ren hasierako plangintza (pdf), Baikara-ren webgunean.

Heziberri 2020 Planaren lehen proiektu hau ardatz hartuta, bigarren proiektuari ekin eta Curriculum Dekretuak egiten hasiko da Eusko Jaurlaritza, eta bi horietan oinarriturik, Euskal Eskolaren Legea zehaztea da asmo nagusia.

 

[slideshare id=31685820&doc=dokumentua1254-140226145711-phpapp02&type=d]

 

Testua arin irakurrita, konpetentzietan oinarritzen dela esan daiteke (nik, aukeran, nahiago nuen “gaitasun” hitza, arrazoi askogatik…) eta konpetentzien zehaztapenean, esango nuke hezkuntza arautua unibertsitateko gaitasunen planteamenduarekin harmonizatu nahi izan dela, Europako markoen laguntzaz.

Hizkuntzen trataera bateratua euskaratik abiatuta planteatzen da, eta euskal kulturaren garrantzia azpimarratzen da, Euskal Curriculumaren ideia berreskuratuz, Euskal Herritik Europara eta mundura zabaldu nahian (partikularretik unibertsalera, errealitatea anitz eta kontraesankorra dela ulertuta).

IKTak ere aipatzen dira, ikaskuntza-tresna gisa, zehar-gaitasunak garatzen laguntzeko, informazioa ordenatu eta biltzeko… eta baita norberaren garapen kognitibo eta sozialerako ere.

Laburtuz,  gure  eredu  honek  hiru  berritasun  pedagogiko  ditu (2014:34):

a)  Aro  digitaleko ikaskuntzak  eta  irakaskuntzak  problema  eta  proiektu  errealak  aurkezten  dituzte,  eta ikasleak  laneko  planak  antolatu  eta  beharrezko  lanak  egin  behar  ditu,  ados  jarri  eta haiei behar bezala erantzuteko; 

b) banakako ikaskuntzaz haratago, egungo paradigmak elkarlanean ikasarazten du, bai ikasgelan bai Internetez; 

c) azkenik, ikasgela ireki eta zabaldu  horretan,  irakaslearen  lana  gehiago  da  jarduerak  antolatzea  eta  ikuskatzea, informazioaren igorle huts izan gabe.

Arretaz irakurtzeko dokumentua, eta datozenen zain. Garrantzi handia izango du EAEk eskuduntza nahikoak dituen LOMCEri muzin egin eta plan propioa garatzeko.

 

Ataza bidezko ikaskuntza eta proiektuetan oinarritutakoa alderatzen Altzaga Ikastolan

Altzaga Ikastolan formazio saioan 20140226

Irudiaren iturria: @begoit Twitterren

Honako aurkezpena Erandioko Altzaga Ikastolan egindako bi orduko formazio-saio magistrala (ordubeteko bi saiotan), ataza bidezko ikaskuntza eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL) metodologien berri emateko.

 

Bi metodologia hauen gakoak eman nahi izan dira aurkezpen honetan: ataza bidezko ikaskuntza mikro mailan lan egiteko, eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza modu globalean lan egiteko.

 

Aurkezpena deskargatu, moldatu eta erabiltzeko baimena duzue, noski, Creative Commons by-sa lizentziapean.

 

[slideshare id=31681158&doc=komunikaziogaitasunalantzenhhlhaltzagaikastolaosoa-140226125734-phpapp02]

Ikus-entzunezko materialaren erabilera egokirako konpromisoa #SID2014

#SID2014

#SID2014

Gaur interneten seguru nabigatzeko eguna dela eta (#SID2014), aprobetxatuko dut hemen argitaratzeko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasleei aurten sinarazitako konpromisoa.

Gure klaseetan argazkiak eta bideoak ateratzen ditugu, zuzenean klasetik txiokatzen dugu eta hezkuntzako elkarlan proiektuetan ekarpenak egiten ditugu (http://gaurmazedonia.blogspot.com.es blogean argitaratzen ditugu eta jatorrizko proiektuen webgunean).

Ikaslean lanean

Ikaslean lanean

Normalean, gure kezka da gure ikasleen irudiak argitaratzeko baimen legala izatea, baina iaz konturatu nintzen batzuek ez zutela baimenik ematen edo ez zutela bideoetan azaldu nahi ez horrenbeste guk ematen diogun erabileragatik, baizik eta gero bideo eta irudi horietan iruzkin onartezinak jaso izan dituztelako (ez zehazki gure bideoetan baina bai Bigarren Hezkuntzan zebiltzalarik), hortik euren irudia argitaratzeko beldurra.

Hori dela eta, aurten dokumentu hau erabili dugu eta horrela, irudiak erabiltzeko baimenaz gain, eskatu diegu konprometitzeko ikaskideen materialak errespetuz erabiltzeko.

Hau da erabilitako dokumentua, beharbada oinarri gisa erabiltzeko interesatuko zaizuena:

___________________________________________________________________

ESKOLETAN ETA IRAKASGAIRAKO LANETARAKO HARTUKO DEN IKUS-ENTZUNEZKO MATERIALA ERABILTZEKO BALDINTZAK:

Izen-deiturak: _______________________________

1. BAIMENA EMATEN DUT eskoletan zehar eta irakasgaiaren garapenean hartuko diren argazki eta bideoak erabiltzeko, irakaskuntzaren azterketa, ikerketa eta hedapenerako soilik.

2. ARDURA HARTZEN DUT hartzen dudan ikus-entzunezko materiala egoki erabiltzeko, agertzen diren pertsonen ohorea errespetatuz.

3. KONPROMISOA HARTZEN DUT bideo eta argazkietan agertzen diren pertsonek hala eskatuz gero, argitaratutako lekutik kentzeko.

4. KONPROMISOA HARTZEN DUT bestek argitaratutako argazki eta bideoen errespetuzko erabilera egiteko (puntu honek erreferentzia egiten die argitalpenen gainean egiten diren iruzkinei).

SINADURA:

1. punturako baimena ematen EZ baduzu, borobildu hemen EZ

________________________________________________

Honekin, ikasle guztiak behartuta daude konprometitzera besteen irudia errespetatuko dutela (ez soilik berea babestu). Horrela, ziurtatu nuke inork ez diola inori burlarik edo mespretxurik egingo argitalpenetan, ze gerta liteke bere irudiak argitaratzeko baimenik eman ez eta gero besteren irudietan ibiltzea kritikatzen.

Eta garrantzitsuena: sinadura hau aitzakia hartuta, gai gatazkatsu honen inguruan eztabaidatu, iritziak trukatu eta seriotasunez jorratzen dugu.

Hizkuntza gaitasuna eta eleaniztasuna #KZJaia

Ebaluazio eta kalifikazioen garai “bortitza” itxi berritan, kezka bat dabilkit buruan bueltaka. Kontua da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko Gaztelania Atalean ari naizela lanean eta konturatuta nago ikasle elebidunen gaztelania gaitasuna ez dudala ikusten nire lankide elebakarren moduan.

Adibide argi bat jartzearren, ez da arraroa gure ikasleek “es positibo” idaztea, edo “la ebaluación es importante” edo halako bestelako ortografia erroreak egitea. Irudikatuko duzuen bezala, gaztelaniadun elebakar batentzat errore horiek oso potoloak dira, areago maisu-maistra izan nahi duten ikasleek egiten badituzte; baina pentsatzen badugu ikasle hauek euskaraz ikasten ari direla eta egunean zehar 20 aldiz irakurtzen dutela “positibo” eta egunean behin “positivo“, ez da horren harrigarria ulertzea ikasle hauentzat “itsusi” geratzen dela “positivo” uvez idatzita.

Ortografia hizkuntzaren alderdi estetikoa denez, ikasle elebidunak testuen estetika desberdinak bereiztu behar ditu, eta ingurune elebidunetan hori ez da dirudien bezain erraza.

 

HIZTUN ELEANITZA EZ DA INOIZ IZANGO ELEBAKARRAREN PAREKO

Azken urteotan eleaniztasunaren inguruan garatzen ari diren ikerketen arabera (multicompetence perspective), hiztun elebidun edo eleanitzen hizkuntza gaitasuna ezin da elebakarren gaitasunekin alderatu, eta horregatik, ebaluazio-sistema propioak eraiki behar dira, natibo elebakarren gaitasunaren ebaluaziorako erabiltzen direnen desberdinak.

Hiztun elebidunek jakintza-sistema hibridoa eraikitzen dute, lehen eta bigarren hizkuntza modu kualitatiboki desberdinean konbinatzen duena eta jatorrizko hizkuntzatik haratago doana (Kobayashi & Rinnert, 2012).

Cook-en esanetan (2008:21), bigarren hizkuntza ikasten denean, gerta liteke hiztunak segitzea lehen hizkuntzaren estilo berean pentsatzen, oso errotuta duelako beren ama-hizkuntzaren pentsamendu-sistema. Baina beharbada, hizkuntza batetik bestera jauzi egiten du (switching), edo interkognizioa garatzen du, ez du zertan izan aukera bakar bat.

Hori dela eta, “hiztun natiboak” eta “H2 ikasleak” terminoak erabili ordez, “kulturarteko hiztunak” (House, 2008:19) edo “gaitasun anitzeko hizkuntza erabiltzaileak” (multicompetent language users) terminoen erabilera hobesten dute autore hauek, ulertuta hizkuntza sistemek ez dutela elkarren artean “transferitzen”, gainjarri egiten baitira (Cook, 2008:17).

Idatzizkoaren garapenean ere, hainbat ikerketak erakusten dute idazleek testuak eratzeko dituzten joerak eta esperientziak aldez aurretik bi hizkuntzetan izandako esperientzietan oinarritzen direla eta ez dagoela hizkuntzen artean bereizterik. Eleaniztunen idatzizkoaren gaitasunaren konplexutasuna ulertzeko, ezinbestekoa da hurbilpen holistikoa izatea (De Angelis & Jessner, 2012) eta hala, bai H1 eta bai H2 ekoizpenetan, bi sistema nagusi aztertu behar dira (Kobayashi & Rinnert, 2012):

  • Jakintzen bilduma: gaiaren inguruko jakintza, H1/H2an idaztearen gaineko jakintza eta diziplinaren inguruko jakintza.

  • Testuinguru soziala: idazlearen erabakiak, bi irizpide nagusitan oinarriturik: banakoaren faktoreak eta egoeraren faktoreak (irakurleak, testuingurua, generoa, zeregin-mota…).

Ikuspegi eleaniztun hau bereziki esanguratsua da gure unibertsitatearen testuinguruan, nahasturik baitaude H1 euskara eta gaztelania duten ikasleak, bi hizkuntzetan esperientzia akademiko, sozial eta pertsonal desberdinak izan dituztenak.

 

IKUSPEGI HONEN INPLIKAZIO DIDAKTIKOAK

Nolabait esatearren, pertsona eleanitzaren burua ezin da, inolaz ere, elebakarraren buruarekin alderatu. Hizkuntzen arteko konfigurazioa, erabakitzeko estrategiak, inplikazio estetikoak, kontzeptuen eratzea, garapen kognitiboa… Askoren esanetan, elebidun eta eleanitzek munduaz duten ikuspegia elebakarren oso desberdina da eta, era berean, dituzten hizkuntzen arteko konfigurazio hibridoa guztiz pertsonala da.

Ikuspegi honen ondorio didaktiko nagusia hauxe da:

Ikasle elebidun edo eleanitzak ez ditu testuak eraikitzen ikasle elebakar baten eran eta ondorioz, ebaluazio irizpideak ere ezin dira izan elebakarraren berberak.

Kontuan izan behar da erabakiak hartzeko prozesuan, hizkuntza desberdinetan duen eskarmentu anitza aplikatzen duela eta ondorioz, prozesu kognitibo desberdinak aktibatzen dituela. Idazle eleanitzak mundu kultural desberdinetako hitzak, egiturak, antolamenduak aztertu behar izan ditu, nahitaez, bere testua idazteko.

Ez du zentzurik eskoletan hizkuntza testu-liburu berberak erabiltzea ingurune elebakarretan eta elebidunetan. Hizkuntzaren garapenak ezin du trataera bera izan.

Oso interesgarria da ikustea Neurolinguistikan egiten ari diren aurkikuntzak oso bat datozela hizkuntzen didaktikan modu intuitiboan eta esperientzian oinarriturik egin diren proposamenekin. Hizkuntzen arloan, ikaskuntza alderdi psikologiko, soziologiko eta politikoekin nahasturik dagoenez, gertatu izan zaigu zientzia arloko aurkikuntzak ez direla oso aintzakotzat hartu, baina zientzia esperimentalak giza eta gizarte zientziekin konbinatuta, oso emaitza argigarriak eskuratzen ari gara.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK:

Cook, V. (2008). Multi-competence: Black hole or wormhole for second language acquisition research? In Z. Han (argit.), Understanding Second Language Processes, 16-26. Clevedon: Multilingual Matters.

De Angelis, G., Jessner, U. (2012). Writing across languages in a bilingual context: A Dynamic Systems Theory Approach. In R.M. Manchón (argit.), L2 Writing Development: Multiple Perspectives. 47-68. Berlin/Boston: De Gryter Mouton.

House, J. (2008). What is an ‘intercultural speaker’? In E. Alcón Soler, M.P. Safont Jordá (argit.), Intercultural Language Use and Language Learning, 7-21. New York: Springer.

Kobayashi, H., Rinnert, C. (2012). Understanding L2 writing development from a multicompetence perspective: Dynamic repertoires of knowledge and text construction. In R.M. Manchón (argit.), L2 Writing Development: Multiple Perspectives. 101-134. Berlin/Boston: De Gryter Mouton.

#KZJaia

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du

Ahozko komunikazioa, arnasketa eta gorputza lantzen

Komunikazio Gaitasunaren Garapena I  irakasgaia ematen dut Donostiako Irakasleen UEn (gaztelaniako atala), Lehen Hezkuntza Graduko lehen mailako ikasleekin. Irakasgai hau gaitasun akademikoa garatzeari lotuta dago eta espero da irakasgaian zehar ikasleek komunikazio gaitasun akademikoa garatzea.

Irakasgaia ematen hasi nintzenetik (2010-2011 ikasturtean), urtero alderdi berriren bat esperimentatu dut, eta horri esker oso kontu interesgarriak deskubritu ditut. Irakasgaia etengabeko ikerketa-prozesuan dago eta, besteak beste, amaitzear dudan tesirako informazio bilketa luzea egina naiz.

Ahozkotasunari lotuta, irakasgaian zehar urte hauetan hainbat proba egin ditugu ahozkotasun akademikoa garatzeko: saiakera-mota desberdinak, elkarren arteko feedbacka, bideoen grabaketa… baina, hala ere, gaitasun berezia zuten ikasleak alde batera utzita, ikusi genuen ikasle askok ez zituztela komunikazioaren alderdi paralinguistiko eta estralinguistikoak ondo erregulatzen: ahotsaren bolumena, erritmoa, ahoskera, gorputzaren posizioa, aurpegiaren adierazkortasuna…

 

MARGARI GOMENDIO IRAKASLEAK EMANDAKO IDEIAK

2013ko uztailean, ikaskuntza informalari buruzko jardunaldietan egin genituen Donostian, eta bertan saioetako batean gorputzaren zainketa eta bizitza aktiboa izan genuen hizpide, eta bertan, Margari Gomendio UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Fakultateko irakasleak oso azalpen argigarriak eta praktikoak eskaini zizkigun. Hona bere aurkezpena.

Elkarren arteko feedbacka. Margari Gomendio.

Elkarren arteko feedbacka. Margari Gomendio.

GURE BERTSIOA

Margari Gomendioren saioan “inspiratuta”, Donostiako Irakasleen UEko 1. mailako ikasleekin 2 orduko saioa egin dugu lauhileko honetan, psikomotrizitate gelan. Saio honen diseinuan, jardunaldietako saioan izandako hiru kidek hartu dugu parte: David Doblas Lehen Hezkuntzako graduatua, Amaia Txueka Lehen Hezkuntza graduko 1. mailako ikaslea eta ni neu. Aritz Olagoi kirol psikologoaren laguntza ere izan genuen.

Saioa osorik grabatu genuen, baina bi orduko iraupena izan zuenez, laburpena argitaratu dugu EHUTBn eta UPV/EHUko Youtube-ko kanalean:

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=qJl1SRhmvKg[/youtube]

http://ehutb.ehu.es/es/video/index/uuid/52d809e591121.html

Bideoa laburpena denez, saioaren progresioa soilik ikusten da, saioaren zati nagusiak.

  • Saioa eserita hasi genuen lasai eta arnastuz, arnasketaren kontzientzia hartzeko eta jarrera egokia lantzen hasteko. Ariketa honen bitartez, giro lasaia zabaldu zen gelan. ZEN musika erabili dugu girotzeko (musika ez da grabazioan entzuten).

    De Bono-ren 6 kapelak

  • Gero zutik, arnasketa eta kokapen ariketa xume batzuen ondoren (gorputz tonua hartzeko),  ahots-praktikak egin ditugu. Ahotsaren proiekzioa landu dugu, distantziak kalkulatu eta ahotsa behartu gabe nola proiektatu probatzeko.
  • Ondoren, talde-kohesioa lantzeko hiru jarduera egin ditugu:
    • Aurpegi eta gorputzezko adierazpen emozionala: musika gelditutakoan, eskatutako keinu eta imintzioak egitea.
    • De Bono-ren 6 kapelen bertsio laburtu bat, talde-lana berrikusteko eta gatazkak lasaitasunez eramaten eta konpontzen trebatzeko.
    • Psikomotrizitate gelan geundela baliatuta, eraikitzeko elementuak erabili dituzte talde-lanaz mintzatu bitartean, elkarrekin zerbait eraikitzeko.
  • Talde osoaren giroa hobetzeko eta elkarren arteko harremanak eta konfiantza sustatzeko, elkarrekin jolasean hasi gara, eraikitakoa botaz, elementuak lapurtuz eta abar. Ideia izan da giro ludikoa sustatzea eta normalean elkarrekin aritzen ez diren ikasleen arteko harremanak sustatzea jolasaren bitartez.
  • Amaieran, dena jaso eta erlaxazioa egin dugu. Tentsioak arintzeko teknika xumea erabili dugu, jolasaren aztoramendua baretzeko eta ikasleak lasaitasun sentimenduz amaitzeko klasea.

Azken batean, ikasleak maisu-maistrak izango dira eta ahotsa, aurpegiera eta gorputzaren adierazpena erregulatzeak asko lagunduko die.

Eskerrik asko 2013-2014 ikasturteko Lehen Hezkuntza Graduko 31 taldeko ikasleoi, oso atsegina izan da zuekin lan egitea!

 

Idatzi bai baina irakurri ezin zuen emakumearen kasu bitxia

Oso kasu bitxiaren berri izan nuen aurreko egunean Twitterren: Idatzi bai, idatz zezakeen baina irakurtzeko gaitasuna galdua zuen emakumearen kasua.

 

 

Artikulua ingelesez dagoenez, hona ekarri nahi izan dut laburpena. Jatorrizko ikerketa Neurology aldizkarian irakur dezakezue.

 

Goiz batean, M.P. Haur Hezkuntzako maistra klasera joateko prest zegoelarik, bat-batean konturatu zen ezin zuela irakurri eskutartean zuen orria.

Berak ez zekien orduan, baina M.P. irakasleak garuneko hodietako istripua izan zuen bere burmuinaren parte zehatz bati eragin ziona, hain harrigarriki, ezen ez baita antzeko kasu ezagunik.

Antza denez, hodi istripuak garuneko “hizkuntza gunearen” eta bere ikusmen-kortexaren arteko konexioa hautsi zuen, baina beste alderdi sentsorial batzuek hizkuntza gunera lotuta jarraitu zuten.  Ondorioz, emakumeak ezin zuen irakurri baina bai idatzi eta entzundakoa ulertu, “hitzekiko itsutasuna” (“word blindness”) izeneko sintoma; eta era berean, segitzen zuen hitzak ikusi eta emozioak sentitzen, nahiz eta ezin zituen hitz horiek identifikatu.

Dessert

Adibidez, ‘postre’ hitza erakusten zitzaionean (‘dessert‘) idatziz,  ‘Oooh, gustatzen zait!’ adierazten zuen (‘Oooh, I like that!‘), eta ‘zaintzuri’ hitzaren aurrean,  guztiz erantzun desberdina: ‘Ez dut egingo hitz hori!’ Hitz horrek atsekabetzen nau!’ (‘I’m not doing this word! Something’s upsetting me about this word!‘). Bi gutun emanda, gai zen esateko zein zen bere lagunaren gutuna eta zein bere amarena, baina ez zen gai izan esateko norenak ziren gutunak.

Asparagus

M.P. 2012an geratu zen egoera horretan. Esan ziotenean ezin izango zela irakasle izan, negarrari eman zion jakinda ezingo zuela haurrekin irakurri, bera irakurmen espezialista zen! Gaur egun, beste lan bat du eta bere irakurtzeko muga gainditzeko estrategiak probatzen ari da.

Adibidez, hitz baten aurrean, M.P.-k lehen hizkian jartzen du arreta, ezagutu ezin duena. Ondoren, hatza hizkian jarri eta hasten da alfabetoa arakatzen, bere hatzaren gainean dagoen letra identifikatu arte. ‘Hau M hizkia da’, dio, aurreko 12 letrak hatzaz berrikusi ondoren. Hiru hizki geroago, gai da ariketa amaitzeko hitz osoaren iragarpenaz: ‘Hitz hau ‘mother’ da’.

 

Kasu bitxi honek oso informazio interesgarria eman du hizkuntzaren eta emozioen arteko loturei buruz, benetan harrigarria da garuna!

 

Estrategien inguruan bi hitz

Estrategiak maiz aipatzen dira hizkuntzaren didaktikan, baina zenbaitetan, helburuekin gertatzen den bezala, nahastu egiten dira estrategia komunikatiboak eta estrategia didaktikoak.

Conversation

KOMUNIKAZIO ESTRATEGIAK

Komunikazio estrategiak dira hobeto komunikatzeko erabiltzen ditugun askotariko estrategiak (“hobeto” hori ulertu “nahi dugun eran”, ez zentzu normatiboan). Komunikazio gaitasunaren funtsezko elementutzat jotzen da, gaitasun estrategikoa deritzo eta gaitasun soziolinguistikoaren, gaitasun diskurtsiboaren eta gaitasun linguistikoaren parean xehetu zuten adibidez Canale & Swan-ek (1980) bere proposamen ezagunean:

Canale, M., Swain, M. (1980). «Theoretical bases of communicative approaches to second language teaching and testing»,  Applied Linguistics, 1, 1-47.

Gaitasun estrategikoa bigarren hizkuntzen irakaskuntzan “komunikazio hutsuneak betetzeko” gaitasun gisa hartu izan da, adibidez hitz bat ez dakizunean, nola lortzen duzun hala ere esan nahi duzuna esatea, gutxi gorabehera (keinuak erabiliz, itzulinguru bat emanez…).

Baina gaur egun komunikazio estrategiak modu zabalagoan ulertzen dira. Modu askotara sailkatu dira baina ni bereziki honela sailkatzearen aldekoa naiz:

  • Estrategia sozio-kulturalak: gure ingurunearen araberako estrategiak, adibidez hitz egiteko azkartasuna, txandak nola hartu eta eman, gai bati buruz hitz egin ala ez…
  • Estrategia metalinguistikoak: nork bere komunikazioaren gaineko kontrola, komunikazio erabakiak hartzeko hausnarketa maila.
  • Estrategia kognitiboak: pentsamenduari eta buru-prozesamenduari lotutakoak, adibidez testu bat irakurtzen ari garenean ideiak buruan gogoratzeko erabiltzen ditugun estrategiak, haria ez galtzeko.
  • Estrategia afektiboak: emozioekin egiten dugun jokoa, markatu nahi dugun distantzia emozionala, gure sentipenek komunikazioan izango duten lekuaren erabakia.
  • Estrategia diskurtsiboak: ideien antolaketari lotutakoak. Adibidez: ideiak antolatuta eta josita eskainiko ditugu ala nahasiago eta irekiago, irakurle/entzuleak bere kasa antola ditzan? Markatzaile gehiago ala gutxiago erabiliko ditut?
  • Estrategia linguistikoak: zein hitz erabiliko dut? Nola egituratuko dut ideia bakoitzak? Zein esaldi eraikiko dut?…

Egia esan, zoragarria da zein eraginkorra den gure burmuina, ze estrategia hauek denak aldi berean erabiltzen ditugu hizkuntza erabiltzen dugun aldiro, kontziente edo inkontzienteago.

ConversationKomunikazio gaitasuna garatzeko, estrategia horiek guztiak lantzen ditugu, hori ere kontzienteago edo inkontzienteago. Gerta liteke zure ama-hizkuntzan pentsatu gabe aplikatzen dituzun estrategiak kontziente egin behar izatea beste hizkuntza batean aritzeko, edo gerta liteke hizkuntza bat erraz ikastea oso estratega ona zarelako…

 

Nolanahi ere, badakigu estrategia hauetariko batzuk kontzienteki landu behar ditugula beste hizkuntza bat ikasten ari garenean, beste hizkuntza horrek beharbada desberdin funtzionatzen duelako (adibidez, sozio-kulturalki, edo testuen egituraketan, edo markatzaileen erabileran…).

 

ESTRATEGIA DIDAKTIKOAK

Estrategia didaktikoak dira komunikazio gaitasuna (edota bestelako gaitasunak) garatzeko egiten ditugun irakats-proposamenak. Esaterako, komunikazio gaitasunean taldekatze-mota estrategikoa da: binaka, talde txikitan, talde handian…

Beste estrategia didaktiko bat da gramatika azalpenak ematea (edo ez ematea), deskubrimenduz ala dedukzioz ikastea, ariketak egitea, testu-moten artean alderaketak egitea…Kids of conversation

Estrategia didaktikoak normalean hautatu dugun metodologiaren araberakoak dira, baina jakin badakigu, batez ere Lehen Hezkuntzako haurrekin lan egiten badugu, esanguratsuagoa dela praktikatik abiatzea eta hausnarketa metalinguistikoa sustatzea ondoren.

Hori bai, hausnarketa metalinguistikoa ere komunikazioan oinarritzen da eta hizkuntza horren arabera fokalizatzen da, inferentziak eginez. Haurrei (eta ez hain haurrei!) gramatika azalpen luzeak ematea denbora galtzea da kasu gehientsuenetan, oraindik ez baitira gai kognitiboki azalpen horiek ulertzeko, baina bai eginez ikasteko, ereduak alderatuz, ikaskideengandik ikasiz…
Conversation

Hanburgesa bionikoak: Lau proposamen didaktiko

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiaren hasiera aldera, ikuspegi metodologikoak aztertzen ari ginen, ondo dokumentatutako proposamen didaktikoak egiteko. Ondo oinarritutako proiektuak egiten trebatzea oso baliotsua iruditzen zait maisu-maistrentzat, baina aldi berean, gai izan behar dugu sortzen zaizkigun aukerak baliatzeko eta bat-bateko diseinu didaktikoa egiteko ariketa egin genuen.

 

HANBURGESA BIONIKOAREN BIDEOA

Kasualitatez, bideo hau iritsi zitzaidan (Twitter bidez, noski…) eta oso iradokitzailea iruditu zitzaidan:

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=mYyDXH1amic[/youtube]

Bideoari lotutako artikulu interesgarri bat: http://www.bibliotecapleyades.net/ciencia/ciencia_industryweapons128.htm

Bideoa ikusi eta taldeka, bideoa eskolan lantzeko proposamen bat prestatu dute. Eta, egia esan, oso proposamen desberdinak sortu dira, bai zientifikoak, bai artistikoak eta bai iritziari lotutakoak. Neroni bururatuko ez zitzaizkidan proposamenak ere egin dituzte.

 

LAU PROPOSAMEN DIDAKTIKO

Hauek dira argitaratzeko bidali dizkidaten lau proposamen didaktikoen laburpena (proposamenak dokumentatuta daude baina hemen soilik ideia nagusia jaso dut, espazio kontuengatik), bestelako proposamenak ere izan baziren ere:

 

Ikerketa proiektua (Odei Iruretagoyena, Arrate Bernaras, Iñigo Sevilla, Goizane Jaka):

Gure jardueraren helburua ikerketa proiektu bat egitea da.  Jardueraren atazaurrea edo girotzea argazkien bitartez landuko dugu, herriko produktuekin egindako hanburgesa  eta Mc Donalds-eko hanburgesak alderatuz.  Prestakuntzari dagokionez, bi hanburgesa horien adibidea eskolara eramatea izango da, eta atazari dagokionez bi hanburgesen asteroko jarraipena egitea izango da gure proposamena. Ikasleek astero hanburgesen aldaketen nondik norakoak idatzi beharko dituzte koaderno edo erregistro orri batean, hanburgesen deskribapena modu labur eta zehatz batean eginez. Ikerketaren amaieran, lortutako datuekin ondorioak aterako ditugu.

Museo bat asmatu eta egin (Iratxe Benito, Mari Bernal, Idoia Mazizior):

Hanburgesaren bideoa jarri. Ikusitakoaren inguruan hitz egin, ea zer iruditzen zaien hanburgesaren  “museoa” erakusketa bat egiteko gai bezala. Museo edo erakusketa bat ikusteko zein gai gustuko izango luketen galdetu eta honen inguruan hausnartu, bakoitzak aukeratutako gaia zergatik izango litzateke interesgarria, zeinentzako zuzendurik egongo litzateke eta abar.

Klaseko lana edo proiektua aurkeztu, museo edo erakusketa bat prestatu beharko dute.

Hanburgesa bati buruzko proiektu zientifikoa (Irlentz Quiñones, Iraitz Lizarralde, Unai Salinas, Iñigo Goikoetxea):

Guk aukeratutako proiektua matematika arloan jorratuko dugu.

Hanburgesa industrialak eta etxekoak konparatuko ditugu. Horretarako, hanburgesa mota bakoitzaren zenbait datu (osagai bakoitzaren kaloria kopurua gramo kopuru zehatz bakoitzeko) emango ditugu eta osagai ezberdinetako hanburgesak “egin” beharko ditu haurrak haien kaloria kopuru totala kalkulatuz beti ere.

Ondoren, gelakideek, atera dituzten ondorioak komentatuko dituzte denon aurrean; eta, amaitzeko, irakasleak janari industrialari buruzko zenbait aholku emango ditu.

McDonalds-era joan, bai ala ez? (Ane Olasagasti, Itsaso Pulido, Leire Santamaria, Arri Yeregui):

Proposamena da lehenik McDonals-era joatearen aldeko eta kontrako argudioak aztertzea, debate bat egiteko (adibidez, urtebetetzeak ospatzera). Debatearen ostean, bideo hau ikusiko dute, gaia beste ikuspegi batetik ikusteko eta nork bere iritzia idatziz jarriko du, debatearen eta bideoaren ideiak kontuan hartuta.

 

O Apostolo filmaren emanaldia Tribu 2.0 sareari esker!

ZINEMARAKO GONBITEA

Bihar, urriak 31, O Apostolo filma ikusteko gonbitea luzatu digu Tribu 2.0 zinema eta hezkuntza sareak, eta gu txoratzen halako ekimenari gure ekarpentxoa egitearren!

 

Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan izango da emanaldia, areto nagusian, eta ordutegiekin arazorik ez izateko, bi emanaldi antolatu ditugu: 9:30etan eta 17:45eanSarrera librea da eta nahi duena hurbil daiteke filma ikustera.

O Apostolo

O Apostolo hezkuntza-sareko bloga

Guk bi taldeekin parte hartuko dugu seguru: Gipuzkoako Campuseko Esperientzia Geletako lehen mailako ikasleekin (goizean) eta Lehen Hezkuntza Graduko Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikasleekin (arratsaldean).  Bi taldeek egingo dute ekarpena elkarlan proiektu ireki honetan.

 

ELKARLANA SAREAN: ESPERIENTZIEN PATCHWORK-A

Aste honetan Hizkuntzaren Didaktika irakasgaiko ikasle batek Patchwork proiektu bat proposatu du (aurrerago aurkeztuko dizuegu) eta analogia polita iruditu zait Zinema eta Hezkuntza sarean egiten ari garen lana adierazteko.

Patchwork - Flickr cc-by Net_Efekt

Tribu 2.0 sareak zinema ekoizleekin duen harremanaren ondorioz, urtero dugu filmen bat modu bereziak ikusteko aukera. Filma “legez” ikusteaz gain, ekoizleekin hitzarmen bat egiten da adibidez zinemako zuzendariak edo aktoreak eskoletara hurbiltzeko, zinema ekoizpen prozesuetara hurbiltzeko eta abar.

 

Aurten, aukera izan dugu O Apostolo filma ikusteko, eta ekoizleek besteak beste stop-motion teknikako tailer birtual bat zuzendu dute, eskola arteko laburmetraia leihaketa bat antolatu, bisitak egin… Horrek asko motibatzen ditu ikasleak, zuzenean profesionalengandik ikasten dutelako, irakasleen laguntzaz.

 

Baina sare honek duen alderdi bereziena da filmaren aitzakiaz, nork bere proposamena egiten duela, bere neurrira. O Apostolo filmaren hezkuntza blogean (irakasle arteko blogean) sartzen bazarete, ikusiko duzue ze aniztasuna dagoen proposamen eta ekoizpenetan:

http://animasoapostolo.blogspot.com.es/

 

Haur batzuen trailerrak ikusiko dituzue, filmeko soinu banda jotzen, filmean mitologia galiziarrari erreferentzia egiten zaionez, lan bikainak egin dira mitologia hori biltzen eta ilustratzen… Nork bere gustuz eta aukeren arabera egiten du sarean parte hartzeko hautua. Eta dena blogean nahasturik eta nork bere blogean lan eginez, karanbola polittak sortzen dira!

Huyan de la 8!!!!!!!!!!

Iturria: Flickr cc-by Christian Javan

 

GURE KARANBOLA

Inspirazioa Jose Antonio Fragak (@o_fragha) eta CPR Luis Vives-eko ikasleek eman ziguten, euren Diccionario Mitolóxico proposamenaz. Galiziako mitologia bilduma egin zuten haurrek eta gu horren segidan jarri ginen Gipuzkoako Campuseko Esperientzia Geletako lehen mailako ikasleekin, Lengua irakasgaian.

 

Euskal mitologiako kondaira batzuk hautatu nituen, Herio edo heriotzarekin zerikusia zutenak, eta istorioak kontatzeko testu-ezaugarriak erauzi ondoren, antzeko kondairak asmatzeko erronka bota nien taldeka. Hasieran ez zuten gogo handirik, irudimenik ez zutelakoan… baina lanean hasi eta ederki pasa zuten ipuinak asmatzen!

Hemen daude argitaratuak euren ipuinak:

 

Baina… testua, testua… zergatik ez bilatu gure istorioak nork marraztuko dituen? Eta eskaria jaurti nuen blogean:

BUSCAMOS ILUSTRADORES/AS PARA NUESTRAS HISTORIAS

Eta uneotan, lanean ari dira bai sareko irakasle batzuk eta bai eskolako haurrak asmatu ditugun euskal mitologiako pertsonaje berriak marrazten. Hementxe, inguruan, Arantzazuko Ama Ikastolako haur batzuek ere parte hartuko dute zinema emanaldian eta animatuko dira zerbait margotzera, baita CPR Luis Vives-eko haur galegoak ere! (bide batez, ikusi hemen ze gauza politak argitaratu dituzten filmeko blogean). Eta Iruña aldeko beste eskolaren batek ere parte hartuko omen… sorpresa…

 

OHITURA ZAHARRAK, ERAKARGARRI?

Beno, eta noski, ez dut oraindik aipatu baina funtsean, jarduera hauen azpian dagoen ideia da: Halloween-era makurtu gabe, egin daiteke proposamen erakargarri bat gure antzinako ohituretan oinarriturik, Herio, hildakoak eta heriotzak eragiten dituen izuak astintzeko?

 

Gure kasuan, egin dezakegu, Olentzerorekin egin zen bezala, erdi asmatuz erdi oinarrituz, proposamen dibertigarri erakargarri bat? Kontxo, euskaraz ipuin tradiziozko polit askoak ditugu benetan beldurgarriak, izango dugu ba hortik zer atera kontraproposamen bat egiteko… Azkenean, Arimen Gaua, Santu Guztien Eguna, Difuntuen Gaua… kulturalki beharrezkoak dira halako ospakizunak.

 

Polita eta azpimarratzekoa Sustatu gunean Arimen Gauaz egindako bildumatxoa. Halako zerbaitetan saiatu ginen geu ere Esperientzia Geletan, baina gehientsuenek gogoan dutena da Azaroaren Lehena berokia estreinatzeko eguna zela, egun pozgarria 🙂

sustatu_arimen gaua

http://sustatu.com/1288255187

Artikulu hori gaztelaniara pasako dut Arimas O Apostolo gure blogean argitaratzeko eta hartara, hemengo ohiturak beste leku batzuetako eskoletara iristeko, ea zer kontatzen diguten eurak beren kulturei buruz!

 

Ataza komunikatiboak (AOI) eta PBL metodologia alderatuz

Hizkuntzaren Didaktika irakasgaian ataza bidezko ikaskuntzatik abiatu ginen, hizkuntzak ikuspegi komunikatibotik nola landu aztertzeko, eta orain proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL) metodologian sakontzen ari gara, bi metodologia hauek probatzeko eta alderatzeko asmotan.

 

ATAZA KOMUNIKATIBOAK; HIZKUNTZA AURRE-AURREAN

Zoom

Zoom. Flickr – cc by CarlosfPardo

 

Atazetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI) batez ere bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan landu den metodologia da. Helburua da hizkuntza ikuspegi komunikatibotik lantzea eta ez egitura sintaktikoen lanketan edo ikuspegi nozio-funtzionalean.

Esan dezakegu AOI metodologia dela hizkuntzaren alderdi “mikroen” lanketa (zoom egitea hizkuntzaren erabileran), hizkuntzaren komunikazio ikuspegia galdu gabe. Hau da, ataza komunikatiboak garatzea da hizkuntzaren garapena bermatzeko unitate minimoa, nire ustez.

Metodologia proposamen honen egituraketa oso xumea da eta horregatik, oso praktikoa da hizkuntzaren alderdi formalak une jakin batean fokalizatzeko:

  • ATAZAURREA: ataza komunikatiboa girotzea, testuinguratzea, kokatzea da atazaurrearen funtzioa. Izan daiteke, halaber, ataza betetzeko behar diren oinarrizko hitz edo egiturak pizteko unea. Baina kontuz! Kontua ez da ataza betetzeko “behar den gramatika ematea”; atazaurrea girotzearekin eta aktibazioarekin lotuago dago betiko azalpen gramatikalekin baino.
  • PRESTAKUNTZA: fase hau ez da beti ezinbestekoa baina zenbaitetan, ataza komunikatiboa betetzeko aldez aurretik zerbait egin behar da: ideia batzuk bildu, adibideak ikusi, antolatu…
  • HIZKUNTZA FOKOA (EDO HAUSNARKETA METALINGUISTIKOA): komunikazio prozesuan aktibatutako hizkuntza egiturak, elementu diskurtsiboak, estrategiak, erregistroak… espresuki lantzen dira, hizkuntzaren erabileran sakontzeko eta hizkuntzaren kalitatea hobetzeko. Zuzenketak, bai, baina baita proposamenak, ekoizpen desberdinen arteko alderaketa eta abar.
  • ATAZA-OSTEA: egindako jarduera komunikatiboari itxitura emateko jarduera da. Izan daiteke azken errepaso gisa egiten den jarduera komunikatiboa edo proposamen komunikatiboaren azken fasea.

Adibidez, ataza komunikatiboan gutuna idazten diote eskolako zuzendaritza taldeari ikastetxean hainbat hobekuntza proposatzeko.

  • Atazaurrea izan daiteke eskolan dauden hutsuneak aztertzea bilera kolektiboaren bitartez eta hutsune horiek argazkiz dokumentatzea (adinaren arabera, bigarren hau “prestakuntza” izan daiteke).
  • Prestakuntzan, gutuna idazteko ideiak zehaztea eta antolatzea izan daiteke.
  • Atazan, gutuna idazten dute, erregistro egokia hautatuz, taldean lan eginez.
  • Hizkuntza-fokoan, gutuna denon artean birpasatzen da eta zalantzak argitzen dira erregistroaren inguruan eta hizkuntza egituraren bati lotuta.
  • Atazaostea izango da gutunaren erantzuna jasotzea zuzendaritzaren aldetik eta akordio batera iristea eztabaida baten bidez ea zein hobekuntza diren egingarriak, zergatik, noizko…

Zoom manual

Atazak oso interesgarriak dira jarduera laburrak direlako eta gainera, errazak dira sortzen eta kudeatzen. Gomendagarriak dira ikasgelan, une jakin batzuetan hizkuntzaren alderdi zehatzetan duten maila diagnostikatzeko eta ebaluatzeko.

 

Horrez gain, arreta guztia komunikazioan jartzen denez (beti kalitatearen ikuspegia ere zainduz), hizkuntzaren erabileran kontzentratzen dira ikasleak. Horregatik, hizkuntza jakin batean duten komunikazio maila oso sendoa ez duten ikasleentzat mesedegarria izan daiteke metodologia hau.

 

Metodologia hau hobeto ezagutzeko, bi liburu hauek EHUko liburutegian aurkituko dituzu:

Nunan, D. (1995). Hizkuntzak irakasteko metodologia : irakasleentzako testuliburua; itzultzailea, Ana Isabel Morales. Donostia : HABE, 1995

Nunan, David. (1996). El diseño de tareas para la clase comunicativa; traducción de María González Davies. Cambridge: Cambridge University Press.

PROIEKTUETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA (PBL) HIZKUNTZA GARATZEKO

PBL metodogiaren jatorria oso bestelakoa da. Berez ez dago lotuta hizkuntzaren garapenari zuzenean. PBL aspaldiko proposamena bada ere (Kilpatrick-en “The Project Method” 1918koa da, esaterako), duela urte gutxi hartu da eskola edo ikastetxe osoko planteamendu gisa. Bere ezaugarri argiena da produktu bat ekoizten dela proiektuaren bitartez, hau da, zerbait zehatza ekoizten da (testu bat izan daiteke edo jostailu bat, museo bat…). Horrez gain, prozesu osoa erabiltzen da espero diren gaitasunak lantzeko eta produktuaren azken emaitza hobetzeko.

 

PBL metodologiaren alde onena da modu integralean lantzen direla diziplinak, eta ondorioz, hizkuntza zehar-lerro gisa sartzen da bete-betean. Izan ere, proiektua garatzeko bidean, hizkuntza modu askotan erabili behar izaten da: talde-laneko eztabaidetan, lanaren amaierako ahozko aurkezpenean, prozesuaren dokumentazioan… Horrek esan nahi du komunikazioa modu naturalean txertatzen dela.

 

Metodologia honek ezaugarri hauek ditu diseinuan:

  • GALDERA ERAGILEA: galdera honek prozesua pizten du eta prozesu osoa gidatzen du. Galdera hau irekia da eta hobe ez izatea “googleagarria”. Adibidez: “Nola lortuko duzue ikastetxeko argindar faktura murriztea?”
  • AGERTOKIA EDO ESZENATOKIA: egiten den proposamenari testuinguru osoa eskaintzen zaio, ahalik eta sinesgarriena eta ahal denean, benetakoa. Adibidez, zuzendaritzak egiten die eskaria eta konpromisoa hartzen du fakturak emateko; fakturan murrizten dutena ikastetxeko jolasgunean hobekuntzak egiteko erabiliko da (adibidez, aurreko atazari segida emanez).
  • DAKIGUNA ETA JAKIN BEHARREKOA: ikasleek finkatzen dute irakaslearen laguntzaz zer den proiektua egiteko dagoeneko badakitena (edo uste dutena badakitela) eta ez dakitena. Hau poster formatuan egin ohi da eta prozesuan zehar aldaketak egiten dira, zutabe batetik bestera, aurkikuntzen arabera.
  • ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA: egutegia, taldeen eratzea, plangintza… finkatzen da edo finkatzeko moduak erabakitzen dira. Ikasleen lana antolatzen lagun dezake irakasleak edo berak finkatu prozesua, ikasleen autonomiaren garapenaren arabera edo denbora-mugen arabera. Talde-lanari lotutako prozesu sortzaileak eta kudeaketari lotutakoak abiatzen dira.
  • MUGARRIAK ETA EBALUAZIOA: produktu hori garatzeko prozesuko etapa nagusiak finkatzen dira eta etapa horiek dira ebaluazioa izango dutenak: berdinen arteko ebaluazioa, eskolaz kanpoko adituena, irakasleona… Ebaluazio horretan ikasleak autonomoak izateko errubrikak edo ebaluazio irizpide taulak prestatzen dira (edo konprobazio zerrendak, check list izenekoak) eta tresna horien bitartez, prozesuan zehar ikasleei laguntzen zaie bai produktua ahalik eta onena izan dadin eta bai ikas-prozesuak ahalik eta probetxuzkoenak izatea.
  • AZKEN PRODUKTUAREN AURKEZPENA ETA ONDORIOAK: ohitura da produktuen erakusketa publikoa egitea: gurasoen aurrean, eskolan, beste gela baten aurrean… eta azken produktu horren amaierako ondorioak ere jasotzen dituzte. Gure adibidean, ikusten da euren proposamenez nola jaitsi den faktura eta aurreztutako diruz egiten diren hobekuntzen inaugurazio ekitaldia egingo genuke.

Esango genuke zoom-aren analogian, hemen panoramika bat egiten dugula, ikaskuntzaren alderdi desberdinak behatzeko aukera izaten baitugu. Normalean komunikazioa askoz naturalago gauzatzen da eta aberatsago, eta zentzu horretan, oso metodologia ona da. Produktua muturreraino eramatean dago jolasa, eta ahal delarik, kanpoko eragileekin ere lan egitea (harremanetarako gutunak idaztea, kartelak diseinatzea, aurrekontuak egitea…).

Insect Convention [Classroom Pano]

Metodologia honek arrisku nagusi bat du: haurrak komunikaziora bultzatu eta euren komunikazio maila hori hobetzeko aukera eskaintzen ez badiegu, erroreak fosilizatzeko arriskua. Hori ondo ikusi genuen metodo komunikatibo hutsetan, eta horregatik, ondo baloratu behar da ikasleak gai izango ote diren testuinguru irekiagoetan kalitatezko hizkuntza garatzeko… edota, gai izango garen irakasleok testuinguru irekietan ikasleei hizkuntza sendotasunez garatzen laguntzeko.

 

AOI ALA PBL?

Honezkero erantzuna susmatuko zenuen… zergatik “ala” eta ez “edota”? Bi metodologia hauek ezagututa, konbinatu egin daitezke kasuaren arabera, beharren arabera, taldearen arabera…

Ez dira, noski, hizkuntzen didaktikako metodologia bakarrak, baina bi muturrak direla esan daiteke, micro eta macro.

Nolanahi ere, bada garaia ezertarako balio ez duten ariketa gramatikal mekanikoak zokoratu eta gure irakasle irudimena baliatuta eta ikasleen partehartze aktiboarekin gauza berriak asmatzeko! Aspaldi dakigu gramatika hutsezko planteamenduak ez garamatzala oso urrun eta atazak eta proiektuak asmatzea ez da horren zaila, hastean dago gakoa!

Eta ez ahaztu ikaskuntza esanguratsuagoa dela deskubrimenduz, indukzioz eta esplorazioz lortzen dena. Ez galdu denbora azalpen piloa ematen ikasleak ikasteko beharra sentitu aurretik; askoz eraginkorragoa da ikasleak lanean jartzea eta beharraren arabera asetzea. Konturatuko zara euren kasa ere gai direla gauza mordoa deskubritzeko!